Nakba 1948: historia errepikatuko da Gazan?

  • Palestinarrak Gazatik kanporatzeko ideiak gero eta sostengu handiagoa du Israelgo gizartean. 2000tik aurrera ahaltsua den eskuin muturra gero eta indar handiagoz ari da hori bultzatzen. 1948an Nakba ezaguna gertatu zen Palestinan. Gaur egun, Israelgo Estatua serio ari da aztertzen garbiketa etnikoa errepikatzeko duen aukera.

Palestinar familiak ihesi Gazako hirian Israelgo
Armadak egindako erasoetatik. (Argazkia: Abed Rahim Khatib)
Palestinar familiak ihesi Gazako hirian Israelgo Armadak egindako erasoetatik. (Argazkia: Abed Rahim Khatib)
Zure babesik gabe independetzia ezinezkoa zaigu

Britania Handiko Agintaldian (1920-1948) zeuden palestinarrak 1936-1939ko errebolta handia bideratu zutenean. Egoera baretu guran, ingelesak Peel Batzordearen zatiketa proposamenarekin heldu ziren Palestinara 1937an: lurralde historikoaren %17 eskaini zieten sionistei, eta horrek ekarriko zuen lur horretan bizi ziren 200.000 palestinarren erbesteratzea. Planak ez zuen palestinarren errebolta gelditu eta ez zen kanporatzea gauzatu, baina lehenbiziz hitz egiten zen ofizialki palestinarren kanporatze masiboaz.

Hamarkada bat geroago, 1947ko amaieran eta 1948an, sionisten presioa eraginkorra izan zen NBEn eta azken horren zatiketa planak Palestinaren %56 eskaini zien juduei –hamarkada bat lehenago %17 “bakarrik”–. Israelgo Estatua sortu zenean, sionistek 700.000 palestinar egotzi zituzten euren lurretatik inguruko herrialde arabiarretara, Nakba ezagunean. Israelek beste 300.000 mila palestinar kanporatuko zituen euren bizilekuetatik 1967ko gerran, horietatik 145.000 1948ko gerran egotzitakoak ziren. Inoiz ez zuten euren herrietara itzultzeko eskubiderik izango.

Iragan urriaren 7ko Hamasen erasoaren ondoren, Israelgo gizartean ostera ari da indarra hartzen Gazako palestinarrak egoztearena. Gaiaren azterketa egin dute Jewish Current Israelgo ezkerreko aldizkarian, eta bertan Jonathan Shamirrek dioenez, gaiak oraindik ez du zentralitate politikoa, eta publikoki bederen ez armadak ez gobernuak ez dute horren aldeko jarrera ofizialik erakusten. Israelgo gizartean, alabaina, gaur egun indar handia duten eskuin muturreko taldeak ari dira gaia astintzen eta israeldarren artean gero eta sostengu zabalagoa du. Areago, proposamenari estalpe humanitarioa ere ematen ari zaio.

Eskuin muturra bultzaka
Azaroaren 13an, berbarako, Likud alderdiko Danni Danon eta Ram Ben-Barak oposizioko Yesh Atid alderdi liberaleko parlamentariak artikulua idatzi zuten Wall Street Journal egunkarian: “Nazioarteko estatuek betebehar morala dute –eta aukera bat– errukia erakusteko”; eta dei egiten zieten “mundu osoko herrialdeei, birkokatzeko asmoa erakusten duten Gazako familiak jasotzeko”.

1984an Israelgo inkestek zioten bertako juduen %15aren ustez lurralde okupatuetako palestinarrak inguruko herrialdeetara deportatu behar zirela eta Israelgo arabiarrak migratzera behartu. AEBetako Pew inkesta baten arabera, 2016an judu israeldarren %48 “arabiarrak Israeldik kanporatzearen alde” zegoen; eta %79aren arabera, juduak ez direnak baino eskubide gehiago izan behar dituzte juduek.

2000ko Bigarren Intifadaren ondoren, Israelgo gizartea biziki lerratu da ikuspegi ultrajudu eta eskuin muturreko posizioetara

2000. urtean hasitako Bigarren Intifadaren ondoren, Israelgo gizartea biziki lerratu da ikuspegi ultrajudu eta eskuin muturreko posizioetara, eta hori oso argi agertzen da alor ugaritan, bereziki palestinarrekiko gatazkan, edo barne mailako bizitzaren autoritarismo saiakeretan; horren adibide da Israelgo gizarte judua bitan zatitu duen Auzitegi Gorenaren eskumenak ahultzeko Likudeko gobernuak proposatu duen erreforma, joan den astean auzitegiak berak atzera bota duena.

Testuinguru horretan Nakba berbak gero eta indar handiago hartu du. Azken hamarkadan Israelgo hedabideak josita daude hari erreferentzia egiten dioten aipamenekin. 2022ko ekainean, adibidez, Garraio ministroa izandako Yisrael Katz-en mehatxuak argiak ziren: “Gogoratu 1948, gogoratu Independentzia Gerra eta Nakba. Galde iezaiezue zuen arteko nagusiei, aiton-amonei, eta azalduko dizuete nola halako batean juduak iratzartuko diren eta jakingo duten euren buruak eta Estatu Juduaren ideia babesten”.

Hilabete batzuk lehenago, Uzi Dayan jeneral erretiratua eta Israelgo Legebiltzarreko Likudeko parlamentario ohia ere bide beretik abiatu zen eskuin muturreko 14 Katea hedabideari egindako adierazpenetan: “Arabiar komunitateari esan behar diogu adi ibiltzeko, baita erasoetan parte hartzen ez dutenei ere. Gerra zibileko egoera batera iristen bagara, egoera jadanik ezagutzen duzuen hitz batean bukatuko da: Nakba”.

1948ko gerran sionistek 700.000  bat palestinar kanporatu zituzten beren herrietatik, Nakba ezagunean.

Kanporatze “boluntarioa”
Molde batera edo bestera, Nakbaren ideiaren errepikapena sarritan ematen da Israelgo gizartean, izan akademian edo politikan. Azken finean, proiektu sionistaren sustraietan dago “Jainkoak eman” zien lurraldean juduak estatua sortu eta bizi ahal izateko, ezinbestekoa zela aurretik han bizi zirenak, palestinarrak, kanporatzea. Milioika palestinar errefuxiatu sortu ditu Israelek bere sorreratik, besteak beste, Gazako biztanleen %81 errefuxiatuak edo haien ondorengoak dira; hamarkadak dira beren etxeetatik kanporatu zituztela, baina haien buruetan ez dira Gazakoak, ezpada haiek edo haien arbasoak kanporatu zituzten herrietakoak.

Baina 1948ko kanporaketa eragin izana ez zen sionistek lotsaz bizi behar zuten zerbait. Londresen erbestean bizi den Illan Pappé historialari israeldarrak The Idea of Israel. A History of Power and Knowledge (Israel ideia gisa. Botere eta jakintza historia bat) liburu ezagunean azaltzen duen moduan, ezker eta eskuineko sionismoak hainbat hamarkadatan saldu zuen 1948ko palestinarren “irteera”, toki gutxi batzuetan izan ezik, “boluntarioa” izan zela. Mito sionista horren arabera, palestinarrek euren etxe eta herrialdeetatik alde egin zuten estatu arabiarretako agintariek hala agindu zietelako. Eta hori erakusten da eskoletan.

1990eko hamarkadan Israelgo historiaren berrazterketa egin zuen historialari talde esanguratsu batek, postsionismo moduan ezagutu den korronte historiko eta ideologikoaren baitan. Korronte honek kritika gogorra egin zion ohiko sionismoari eta historialariek zalantzan jarri zituzten sionismo klasikoaren mitoak. Pappé ere “historialari berrien” talde horretakoa zen. Zeuden datu ofizialetan oinarrituta 1948ko gerraren azterketa historiko ugari egin ziren, baina 1998an Israelgo Armadaren eta Haganaren –Israel sortu aurreko laboristen milizia sionista– dokumentu ugari desklasifikatu zituzten eta horietan historialariek argi ikusi ahal izan zuten 1948an egindako garbiketa etnikoa.

Pappék azaltzen duenez, datuei dagokienez jadanik ez zen sarraskiaren zalantzarik, argi zegoen gertatutakoa, baita geroxeago azalduko ziren historialari neosionistentzat ere –2000tik aurrera indartzen doan ideologia, judu eskuin muturrari lotutakoa–; hau da, indarra giltzarri izan zen palestinarren 1948ko kanporatzean. Datuak berdintsu ikusten zituzten batzuek zein besteek, aldatzen zena haien interpretazioa zen. Hebrear Unibertsitateko Historia Departamenduko dekano neosionista Alon Kadish-en esanetan, 1948koa “bigarren holokaustoa saihestu zuen gudua izan zen, justuek irabazi zieten ez-justuei”.  90eko urteetako historialari berrientzat palestinarren aurkako giza eskubideen urraketa zena, ankerkeria eta gerra krimena, ikerlari neosionistentzat gerrako gertaera ohikoak ziren, eta agian ezinbestekoak, Israel orduan arabiarrez setiatuta zegoelako, hil ala biziko guduan.

Kanporatze “humanitarioa”
Gertaera bateko datuak ezkuta ezinak direnean jarraitzaileei ematen zaie ikuspegi moralizatzailea, eta horrela, Israelgo Armadak egindako sarraskiak ezinbestekoak izan ziren Davidek (Israel) Goliati (palestinarrak, arabiarrak) aurre egin ahal izateko. Hori da gertaerei ematen zaien ikuspegi  historikoa. 1948an palestinarren ihesa boluntarioa izan bazen, gaur egun Gazatik haiek ateratzea “humanitarioa” izango da.

Erakunde kontserbadore garrantzitsuak, hala nola Misgav Institutua edo Tikvah Funtsa ideia horiek ari dira sustatzen, eta Haaretz Israelgo egunkari liberaleko Nettanel Slyomovics-ek dioen gisan biztanleriaren kanporatze hori “ekintza ‘moral’ gisa birdefinitzen dute”. Hala dio kazetari honek azaroaren 17an idatzitako artikuluaren sarrerak: “Bere garaian, arabiarrak kanporatzearen ideia Meir Kahane eta eskuin muturreko beste batzuena zen, eta israeldar gehienentzat anatema. Orain, eskuindarren pozerako, gerrari irtenbide ‘morala’ eman diezaiokeen ideia da gero eta herritar gehiagorentzat”.

Amir Weitmann Likudeko aktibista eta enpresariak Misgav Institutuarentzat egin berri duen txostenean zera irakur daiteke: “Israelek Gazako arabiar guztiak birkokatu eta errehabilitatu beharko lituzke Egipton, trukean herrialde horri milioika milioi dolar emanda”. Azken asteotan pertsona esanguratsu asko agertu da publikoki kanporatzearen ideietara. Azaroaren 19an Gila Gamliel Inteligentzia ministroak argi eskatu zuen “Gazako palestinarren birkokatzea arrazoi humanitarioengatik, Zerrendatik kanpo” Jerusalem Post egunkarian idatzitako artikuluan. Joan den astean berriz mintzatu zen argi legebiltzarrean: "Gerraren amaieran Hamasen gobernua eroriko da, ez da agintaririk izango, eta populazio zibila laguntza humanitarioaren menpe egongo da erabat. Ez da lanik egongo eta nekazari lurren %60 segurtasun eremu bihurtuko dira (...) Gazako arazoa ez da gurea bakarrik, munduak sostengua eman behar lioke migrazio humanitarioari, ezagutzen dudan irtenbide bakarra da eta". Zman Yisrael hedabidearen arabera, Israelgo funtzionarioak izan dira Congon –eta beste leku batzuetan–, herrialde honek migratzaileak har ditzan.

"Gaza eta Judea
eta Samariako bizilagunak lekualdatu
beharko lirateke...
euren onerako"

NISSIM VATURI,
Israelgo Legebiltzarreko lehendakariordea

Legebiltzarreko lehendakariorde Nissim Vaturi-ren (Likud) esanetan ere, “Gaza eta Judea eta Samariako [Zisjordaniaren izen biblikoa] bizilagunak lekualdatu beharko lirateke... euren onerako”. Bezalel Smtrich eskuin muturreko Finantza ministroa ere aspaldi da ados kanporatzearekin, eta ez du inoiz ezkutatu, baina orain arrazoi “humanitarioak” ere argudiatzen ditu. Gisakoak errepikatzen dituztenen zerrenda luzea da gaur egungo Israelen.

Ez-lekuak sortu, itzulera ezinezkoa egiteko
Ideia sakon landuta dago Israelgo Gobernuan, oso aspalditik gainera, eta hainbat azterketetan ageri da. Iragan abenduko gaztelaniazko Le Monde Diplomatique-k zabal azaldu zuen urrian Israelgo Inteligentzia Ministerioak egindako txostena Palestina, el fantasma de la expulsión (Palestina, kanporatzearen mamua) artikuluan, non hiru aukera aztertzen ziren Gazako biztanleentzat: bat, gazatarrak bertan geratzen dira eta Palestinar Aginteak gobernatzen ditu; bi, gazatarrak geratzen dira, baina Israelek jarritako gobernu baten pean; hiru, Egiptoko Sinaiko basamortura kanporatzen dituzte. Txostenaren arabera, hirugarrena da gauzagarriena, beti ere “hierarkia politikoak” gogor eusten badie nazioarteko presioei, eta AEBen eta beste herrialde lagun batzuen sostengua irabazten badu. Agirian zehazten denez, gaur egun nazioarteko iritzi publikoa prestatuago dago halakoetara, besteak beste dagoeneko Afganistan, Irak eta  Siriako gerrek eragindako populazio mugimendu handiak ikusita dituelako. Jonathan Samirrek Jewish Current-en azaltzen duenez, iragan azaroaren 30ean Benjamin Netanyahu lehen ministroak palestinarrak beste herrialde batzuetan birkokatzeko  proposamena landu zezala agindu zion Gerra Kabineteko Ron Dermer-i.

Funtsean, aspaldiko mamua berriz ari da dantzan Israelgo gizartean eta mandatarien artean, eta urriaren 7an Hamasek bideratutako erasoa, Israel Handiaren ametsa errealitate egiteko aukera moduan ikusten dute askok. Israelgo Armadak dagoeneko lortu du Gaza barruan diren 2,3 milioi palestinarretik ehunka mila iparretik hegora mugitzea; oro har, bonbak akuilu hartuta, palestinarrak atzera-aurrera ibili dituzte nahieran.

Argazkia: Majdi Fhati / Corbis

Milaka tona bonbekin Israelek suntsitu du jada Gazako hiri osoa, eta baita Zerrenda osoko eraikinen erdia baino gehiago ere. Hezkuntza, osasun eta bestelako azpiegitura ugari ere birrinduta daude. Israelgo Armadak berriz kanporatu du Gazako palestinarren gehiengoa beren etxeetatik, eta suntsipenak ez-lekuak bihurtu ditu haien herriak. Gaza guztia bizitzeko ez-leku bihurtuta, Israelgo agintariak iheserako korridore “humanitarioa” egon daitezke prestatzen, behingoz Gaza “leku seguru” bihurtzeko eta Israel Handirantz beste urrats esanguratsu bat emateko.

Ez dirudi samurra gaur egun horrelakorik irudikatzea, teorian AEBak eta Europar Batasuna horren aurka daude eta. Alabaina, horrek ez dirudi oztopo handia Israelek bere asmoak aurrera eraman ditzan, arrazoi askorengatik jadanik handiegia bihurtu da Ekialde Erdian. Nork irudika zezakeen Israelek Gazan gauzatu dituen sarraskiak eta suntsipena horren eroso eta erraz egin zitzakeenik –urtarrilaren 2an Gazan 22.000tik gora hildako jada–, nazioarteko potentzien konplizitate isilaren aurrean? AEBetako Estatu Departamenduak kritikatu egin du Israelgo hainbat ministrok Gaza palestinarrez husteko eta kolonoak itzultzeko egindako deia, baina Israelgo Segurtasun Nazionalerako eskuin muturreko Itamar Ben-Gvir ministroak argi erantzun dio X sare sozialean: “Begirune osoarekin, gu ez gara AEBetako beste izar bat. AEBak dira gure lagunik onenak, baina edozeren gainetik, guk egin behar dugu Israelgo Estatuarentzat onena dena”.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Palestinarren aurkako genozidioa
2025-10-02 | ARGIA
Israelgo Armada Global Sumud Flotillako ontziak asaltoz hartzen ari da, nazioarteko uretan

Israelek "arrisku eremu" gisa izendatu duen lekuan dira asteazken goizetik. Iluntzean, 20:30ak pasatxoan heldu dira ontzi militar israeldarrak. Gazako kostaldetik 70 itsas miliara daude. Protestak deitu dituzte Euskal Herrian ostegun arratsalderako.


2025-10-01 | ARGIA
Hainbat itsasontzi israeldar gerturatzen ari zaizkio Global Sumud ontzidiari

19:30ak aurretik, ontzidi humanitarioaren antolakuntzak jakinarazi du, GPSaren arabera, hogei itsasontzi baino gehiago gerturatzen ari zaizkiela pare-paretik. 


Greba orokorra Italian ostiralean, Palestinarekin elkartasunez

Flotillari Israelek eraso eginez gero, greba orokorra antolatzeko prest zeudela adierazia zuen Italiako sindikatu handiena den CGIL-eko buruak, Il Messaggero egunkariak jaso duenez. Asteazken gauean, deialdia jada publiko egin dute: ostiralean greba orokorra.


Palestinarainoko olatua

Ikasturte berriarekin batera, EHU Palestina plataformako kideok berriro batzen hasi gara, ikasgela, ikerketa eta gainerako unibertsitate-jardueretan Palestinan Israel egiten ari den genozidioa eta horren konplizeak salatu eta baztertzeko. Abiatu ginenean oso bakarti sentitu... [+]


Francesca Albanese, NBEko errelatorea: “Israelek flotilla geldiaraziko balu, nazioarteko legea urratuko luke berriro”

Nazioarteko ontzidiak larrialdiko prentsaurrekoa deitu du asteazken goizean, “arrisku eremuan” sartu berritan. Itsasontzietan dauden kideek “intimidazioa” eta “gerra psikologikoa” salatu dituzte Israelen eskutik. Albanese NBEko errelatore... [+]


ZUZENEAN | Jarraitu flotillaren kokapena eta zein ontzi ez duten atzeman

Hilabetetik gora darama itsasoan Gaza helburu duen Global Sumud flotillak. Mundu osoko ekintzaileak doaz dozenaka ontzik osatutako elkartasun ekimenean, Gazako setioa hautsi eta laguntza humanitarioa eraman asmoz. Tartean dira lau euskaldun. Egun gutxi geratzen zaizkie helmugara... [+]


"Israelgo komunikabideetan diote gaur atxilotuko gaituztela, eta hemen gauden 500 pertsonak buke militar erraldoi batean sartu"

Goizeko 2:30ean eta 5:10ean alarma piztu dute Gazara bidean doan Global Sumud Flotillak ontzietan, Israelgo armada hurbiltzen ari zela eta. Asteartetik asteazkenerako gauean "arrisku eremuan" sartu da Global Sumud Flotilla, Gazako kostaldetik hurbil, eta edozein unetan... [+]


Trumpen plana babestuta, Hamas presionatu eta palestinarrak baztertu dituzte Mendebaldeko eta herrialde musulmanetako hainbat gobernuk

PAN, Europar Batasuna, Erresuma Batua, Turkia, Qatar, Egipto, Jordania... denek goraipatu dute AEBen eta Israelen Gazarako plana, eta “bi estatuen irtenbidea” ahalbidetzen duela ziurtatu. Baina, batetik, hogei puntuko planak ez du Palestinako Estatuaren sorrera... [+]


2025-09-30 | Jon Torner Zabala
Hauek dira Trumpek proposatu dituen 20 puntuak Gazarako

Gazako gerra amaitzea helburu, Etxe Zuriak 20 puntuko proposamena aurkeztu du. Besteak beste, Trump bera buru duen batzorde batek ikuskatuko lukeen trantsiziozko gobernua aipatzen da. "Beste kide eta estatuburu batzuek osatuko lukete batzorde hori, Erresuma Batuko lehen... [+]


2025-09-29 | ARGIA
Europako portuetako zamaketariak material militarra Israelera bidaltzea boikotatzeko antolatzen hasi dira

Europako eta AEBetako hainbat sindikatuk bat egin eta aldarria egin dute: “Zamaketariek ez dute gerrarentzat lan egiten”. Irailaren 27an Genovan (Italia) bildu dira Europako portuetatik Israelera eramaten den material militarra gelditzeko metodoak elkarrekin... [+]


2025-09-29 | Ahotsa.info
Urriaren 15ean greba eta lanuzte orokorra Palestinaren alde Hego Euskal Herrian

LAB, CCOO, STEILAS, Solidari, ETXALDE eta HIRU sindikatuek datorren urriaren 15erako Hego Euskal Herrian egingo den Lanuzte Orokorra iragarri dute.


Irailak 3 Bilbo

Gauza garrantzitsu asko gertatzen ari dira Palestinan, Euskal Herrian eta munduan. Espantu israeldarraren aurrean Euskal Herrian inteligentzia kolektiboa martxan dago, inoiz baino indartsuago. Jende ezberdin asko, toki ezberdin askotan, gauza ezberdin asko egiten ari da... [+]


Eguneraketa berriak daude
Barraskilo bat Amanita Muscaria baten gainean
Kalean da Bizi Baratzea Orriaren udazkeneko zenbakia
Izara formatuko aldizkari berezia da
Izara formatu berritzailean, landareak lantzeko jakintza praktikoa, lurraren eta bizidunen osasunarekin lotutako gaiak eta poster eder bat deskubrituko dituzu urtaro bakoitzean. Batu mundua bizigarri eta eguneroko bizitza gozagarri egiten dutenen komunitatera!