“Prezioa handia da, baina ez zegoen beste modurik, kausa palestinarra ahazten ari zelako”

  • Jaldia Abubakraren (Gaza, 1967) historia munduan barrena errefuxiatuta dauden zortzi milioi palestinarrena da. 1948an sionistek Palestina hegoaldeko lurraldeetatik kanporatu zuten familia batean jaio zen. Gazan errefuxiatu ziren, ondoren Egiptora joan eta handik gaur egungo bizilekura: Madrilera. Alkarama erakunde feminista eta antikolonialistaren sortzaileetako bat da, baita Masar Badil (Ibilbide Iraultzaile Alternatiboa) mugimenduarena ere. Ezkerretik eta laizismotik, Palestinako diaspora elkartzeko lanean ari dira mugimendu horiek. Abubakra Euskal Herrian izan da berriki Zumaiako Emakumeen Etxearen eskutik.

    Elkarrizketa hau egin eta hamar egunera, Gazan bizi diren Abubakraren ahizpa eta loba zauritu eta bi iloba eta bi lehengusu hil dituzte Israelgo soldaduek.

Argazkia: Axier Lopez
Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara, jarrai dezagun txikitik eragiten.

Zure hitzaldiaren bezperan, lagun batek esan zidan ez zuela ondo ulertzen Palestinan gertatzen dena, gai geopolitikoak oso zailak baitira.
Geopolitikak apur bat beldurtzen du bai, baina Palestinan herri palestinarra eta gure lurrak okupatzen dituzten kolono atzerritarrak bizi dira. Okupatzaileen gobernua nazioarteko potentzia nagusiek laguntzen dute, Ekialde Hurbilean dituzten interes ekonomiko eta politikoengatik. Herri okupatu bat dago, inoiz makurtu ez dena eta 100 urtez borrokan ari dena. Ez dute lortu gu ezabatzea, ezta txikitzea ere, gero eta gehiago garelako. Hortik dator Israelek demografiari dion beldurra. Golda Meirrek –Israelgo Estatuaren sorrera sinatu zuen lehen ministro sionistak– 1948an esan zuen [palestinar] “edadetuak hil egingo dira eta gazteek ahaztu egingo dute”. Baina, egun, gazteek gehiago eusten diote borrokari gurasoek edo amona-aitonek baino.

Zumaiako Emakumeen Etxea beteta, Abubakraren hitzaldia entzuteko azaroaren 9an. Argazkia: Axier Lopez

Palestinarrez ari garenean, begirada, jakina, Palestinara joaten zaigu. Baina palestinar herriaren gehiengoa diasporan bizi da, zu zeu horren testigu.
Nakban, 1948an, palestinarren bi heren beren herrietatik kanporatu zituzten. Oraintxe bertan, palestinarren erdia baino gehiago diasporan bizi gara.

Mundu guztiak bi agintaritzei begiratzen die. Batetik, Hamas Gazan, inork ez du haiekin hitz egin. Bestetik, Mahmoud Abbasen Aginte Palestinarra, Zisjordanian nazioarteko komunitateak solaskide duena, haren eskaera oro onartzen duelako. Hori da munduak Palestina gisa aitortzen duena. Ekuazio horretan, kanpoan gaudenok ez gara existitzen. Ez dugu ahotsik, eta horren jatorria Osloko akordioetan dago. Hor diasporako palestinarrak baztertzea erabaki zuten. Akordio horiek hautsi egin zituzten Palestinako herriak atzerrian eratutako erakundeak: Palestinaren Askapenerako Erakundean (PAE) zeuden langileen sindikatua, ikasleena, emakumeena...  estatu baten tankerako antolakuntza zen, palestinar guztien arazoez arduratzen zena, Palestina historikoan zein atzerrian bizi zirenenak. Hori guztia suntsitua izan da.

Horregatik ari zarete antolatzen?
Bai, Massar Badil mugimendua sortu dugu, Ibilbide Iraultzaile Alternatiboa. Gure ahotsa berreskuratu nahi dugu. Palestinako diaspora berriz antolatzen ari da, batez ere gazteria. Palestinatik kanpo jaiotako gazteria, Palestina ezagutzen ez duena, arabieraz hitz egiten ez duena, bakoitzak du bere hizkuntza, baina Palestina defendatzeko antolatuta dago, batez ere “piztiaren bihotzean”, Mendebaldean. Hemen bertan, Espainiako Estatuan, Palestinako gazteriaren mugimendu bat dago: Al yuddur.

Israelgo Lehen ministro Yitzhak Rabin, AEBetako presidente Bill Clinton eta Jassir Arafat Osloko Akordioak sinatzeko ekitaldi publikoan Washingtonen, 1993ko irailaren 13an. Argazkia: AEBetako Etxe Zuria

Osloko Akordioez ari zara, Jassir Arafat buru zela. Erresistentzia palestinarraren munduko ikurra izan zen, baina gaur egun asko dira esaten dutenak bere alderdia, Al-Fatah, “Israelen zaindaria dela Zisjordanian”.
Guretzat ere ikonoa zen, herri palestinarraren borrokaren ordezkaria. Oso karismatikoa zen, jendearekin konektatzen zuen eta oso mediatikoa zen. Baina palestinar askoren ustez Arafatek traizionatu egin gintuen Israelekin negoziatzen hasi zenean, noiz eta palestinarren egoera ahula zenean. Eta horrela, Lehen Intifada geldiarazi, jendea engainatu eta trukean apurrak eman zizkioten. Osloko Akordioak irakurriz gero, segituan jabetuko zara ez dagoela ezer ere palestinarren alde. Akordioen ostean esan zuten “aurrerago puntuak negoziatzen joango gara”, baina paperaren gainean ez zegoen ezer jasota, ezta kolonien amaiera ere. Are gehiago, akordio horiek diote lurraren %20 palestinarrentzat dela eta gainerako guztia sionistei eman behar zaiela. Jakina, gehiengoa ez dago ados. Ez dugu ahaztu errefuxiatuak itzultzeko eskubidea, ez 1948ko lurretan bizi diren palestinarrak, ez Jerusalem...

Askorentzat Arafatek oker jokatu zuen, egoa burura igo zitzaion. Ez zien gainerako kideei entzuten. Geroago, Zisjordaniara itzuli eta ados agertu zenean erresistentziak berriz borrokari ekitearekin, Israelek bere egoitzan giltzapetu zuen, setiatu egin zuten, eta handik gutxira hil zen edo hil egin zuten. Oraindik ez da frogatu, baina badira hilketaren zantzuak.

Beharbada, gutxi hitz egiten da Palestinako klase borrokaz.
Horixe. Arafati buruz esandakoaz harago, munduko leku orotan bezala, Palestinan ere eliteak eta burgesia daude. Kapitalismoaren eragile horiek lasaitasuna besterik ez dute nahi, negozioak egin eta dirua irabazten jarraitzeko. Eredu hori urrunetik dator. Palestinako buruzagiek 1936ko matxinada geldiarazi zuten –sei hilabeteko greba orokorra–, elite palestinarrak herrialde arabiarretako agintariekin akordio batera iritsi zirelako, dirua galtzen hasi zirelako. Eta mende erdi geroago, Osloko Akordioak sinatzean, berdin. Ordutik, eredu hori indarrean da.

Kasu, oraindik bada “bake ekonomikoaz” hitz egiten duen agintaririk. Jendea ghettoetan bizi den bitartean, Zisjordaniako enpresa batzuek saltzen, erosten, irabazten jarraitzen dute... gainera, horietako askok norekin eta okupatzailearekin egiten dute negozioa. Abbasen gobernuko kideetako bat Husein Al-Sheikh da. Gizon hori Tel Avivera joan ohi da, israeldarrekin negoziatzera Zisjordaniako palestinarrek kolonietan lan egin ahal izateko lan-baimenak. Diruaren truke egiten du, baimen horiek behar handia duten langileen familiei saltzen baitizkie.

Abbasen gobernuak "lasaitasuna" inposatzen du Zisjordanian. Unibertsitateetan politikoki antolatzen eta manifestatzen ari diren gazteak atxilotzen eta zigortzen ditu. Palestinako Aginte Nazionalaren (PAN) ustelkeriari buruz hitz egiten duten kazetariak ere espetxeratu, torturatu eta batzuk hil egin dituzte. Gogora dezagun Nizar Banaten kasua. Youtuberra zen, PANeko ustelkeriaren sareaz mintzo zen. Behin baino gehiagotan espetxeratu zuten, eta azkenean bere etxean bertan hil zuten. PANeko 25 segurtasun-agentek jipoitu eta hil egin zuten.

Protesta Ramalan, Nizar Banat, Palestinako Aginte Nazionalaren zaintzapean zela, hil arte jipoitu zuten egun berean, 2021eko ekainaren 24an. Argazkia: AP

Batzuen ustez hobe da norberaren miseriez eta kontraesanez ez hitz egitea, batasunaren izenean, “helburu nagusia” Palestinaren askapena baita. Hau da, palestinarren artean gertatzen denaz hitz egiteak mesede egiten al dio kausari?
Bai, noski! Hori ez egin izanak eraman gaitu orain gauden egoera makurrera. PANek erresistentziaren ahotsak isiltzen ditu, palestinarrak zapaltzen ditu. Berbarako, Basel Al-Araj Zisjordaniako aktibistaren kasua. Berak idazten, hitzaldiak ematen eta bere hirian ibilbideak egiten zituen Palestinaren historia hedatu asmoz. Lehenik, PANek atxilotu zuen eta denbora luzez eduki zuten kartzelan. Ondoren, armada sionista jarraika izan zuen, eta azkenean, Zisjordanian hil zuten israeldarrek. Herrialde batzuek diote Palestinako Estatua aitortzen dutela. Zer estatu, baina? Israelgo armada Zisjordaniara sartu eta irteten da, palestinarrak espetxeratu, hil eta torturatzen ditu. Nahi duena egiten du, nahi duen bezala.

Osloko Akordioak, ustelkeria eta kolaborazionismoa. Hamasek egun duen hegemonia ulertzeko gakoak al dira?
Jendeak zer egingo du ikusten duenean ezker palestinarra desagertuta dagoela, ez duela eraginik, eta Fatah-ko Aginte Palestinarra, eskuindarra eta liberala, ustela dela, bereak zapaltzen dituela eta etsai sionistarekin kolaboratzen duela. Askorentzat Hamas erresistentziaren sinonimoa da, gure eskubideak defendatzen dituztenak dira. Horregatik du hainbeste jenderen babesa. Gazteak Hamas eta Jihad Islamikora batzen dira, Palestinaren askapenaren alde borrokatu nahi dutelako. Izan ere, beste aldean daudenek ezer ez egiteaz gain, kausa palestinarra kaltetzen dute.

Hitz egin dezagun Palestinako ezkerrez.
Ezker internazionalistak 1970eko hamarkadan harreman handia zuen Palestinako ezkerrarekin, baina, urteekin, behera egin du, ezkerraren indarra nazioartean jaitsi den hein berean. Nahiko nuke ezkerra izatea nire herriaren borrokaren buru, baina ez da horrela. Palestinar herriaren borroka nazio askapenerako borroka da, eta ez da inoren eredurik inposatzen saiatu behar. Palestina libre denean, nik Palestina sozialista nahi dut. Baina orain borrokan ari direnak, hobekien antolatuta daudenak, dena ematen ari direnak eta jendearen babesa lortzen ari direnak alderdi islamistak dira. Eta ez datoz Martetik. Palestinar herriaren parte dira. Ni ezin naiz haien aurka egon. Al-Fatahk, 70eko hamarkadan borrokan ari zenean, herriaren babes osoa zuen, borrokan ere ari zen ezker palestinarrak baino babes handiagoa. Ezkerreko alderdien lidergoa dekadentea da, eta horrek eragozten du beren militante gazteen emantzipazioa.

Abubakra Usurbilen, Jose Luis Zumetaren mural ezagunaren aurrean. Argazkia: Axier Lopez

Islamaren goraldia nabaria da eskualde osoan.
Inguruan gertatzen den guztiak eragiten digu, eta islamaren gorakadak ere bai, jakina. Alderdi islamistak babesa eta boterea lortzen joan dira, inguruko herrialdeetako alderdi islamisten laguntzarekin. Ezkerrak ez du inoren babesik, eta areago, ezer ez bada egiten ari. Hezbolak eta Iranek erresistentzia palestinarra babesten dute, desberdintasun erlijiosoetatik haratago –haiek xiitak dira, eta palestinarrak sunitak–. Herri Frontea (PAHF, edo PFLP ingelesez) ere babesten dute, baina PAHF ez dago antolatuta borrokara batuko den oinarri zabal bat edukitzeko.

Nolanahi ere, Abu Ali Mustafa brigadek, Herri Frontearen beso armatuak, Gazan borrokan parte hartzen dute, sionistekiko konfrontazio guztietan beti egin ohi dutenez. Fatah-ren elementu batzuek ere hartzen dute parte. Borroka egin nahi duen jendea da.

“Diktadura islamiarra” dela, emakumeak erreprimitzen dituztela, Isis bezalakoak direla... Eta hortik dator Mendebaldeak genozidioa justifikatzeko darabilen marko nagusia: Israelen eta Hamasen arteko gerra.
Noski. Hori ez da berria. Makineria difamatzaile horren ondorioz, islamofobia hazten joan da urtez urte, batez ere Mendebaldean. Eta horrela, islamarekin zerikusia duen guztia arriskutsu agertzen da eta irailaren 11a, martxoaren 11... gogorarazten baitizkigu.

Hamaseko edo Jihad Islamikoko jendea, jada ez dira hasieran zirenak. Askoz irekiagoak dira. Gazan egon nintzen duela bi urte azken aldiz, eta jada ez dituzu emakume guztiak beloarekin ikusten. Neska-mutilak elkarrekin esertzen dira kafetegietan, hitz egiten dute, elkarrekin ibiltzen dira... Mendebaldetik jendeak uste baino askatasun handiagoa du alderdi islamista baten gobernuak.

Alde batetik, Hamas, islamistak eta deabruak imajinario publikoan sartzea lortzen baduzu, eta bestaldean, Europako estiloko irudia eraiki duen Israel baduzu, Mendebaldetik ikusten da batzuk "gureak", eta besteak gure gizartearen antitesia direla. Norekin enpatizatuko du Mendebaldeko jendeak? Hori da genozidioa justifikatzeko oinarrietako bat. Horregatik diote hedabideek palestinarrak hil egiten direla eta israeldarrak erail. Antza denez, palestinarrak ez ditu inork hiltzen, eta Israelen ez dago hortzetaraino armatutako kolonorik.

Izugarrikerien zerrenda handia da. Adibidez, herri oso bat erre zuten: Huwara, Zisjordanian, Nablusetik gertu. Edo Duma herriko Dawabsha familiaren etxea erre zutenean, guztiak barruan zeudela –ume bakarra salbatu zen–. Edo Al Halilen, lurrean zauritutako gazte bat tiroz errematatu zuten... Horrelako kasuak ez dira honaino iristen, biktima ez bada israeldarra behintzat. Baina gero esaten digute kolono horiek “zibilak” direla.

Batzuek europarren antza dute, eta besteak, azal ilunagokoak, terrorista islamiarrak dira. Ezkerreko norbait izan arren, berdin dio, ezker laikokook ere terroristatzat jotzen gaituzte. Dena zaku berean sartzen da.

Desadostasunetatik haratago, beraz, erresistentzia osatzen duten fakzioen arteko koordinazioa dago.
Gazan blokeoa hasi zenetik eta Hamasek gobernatzen duenetik, urteekin antolakuntza kabinete bat osatu dute. Gazan ordezkaritza duten hamaika alderdiak biltzen dira hilero gai politiko eta administratiboez hitz egiteko. Jakina, Hamasek pisu handiagoa du, gehiengoa baitu. Baina Jihad Islamikoa ere ari da parte hartzen, Herri Frontea, Askapenerako Frontea... Eta eraso militarrak daudenean, beso armatuak elkartzen dira erresistentzia antolatzeko. Alderdi politikoetatik, bospasei dira beso armatua dutenak, eta gainera, Hamasekin zerikusirik ez duten milizia batzuek ere hartzen dute parte.

Urriaren 7an, Gazako palestinarrak Israelgo armadari lapurtutako tanke baten gainean, sionistek ezarritako muga gainditu ostean. Yousef Masoud-AP

Behin baino gehiagotan galdetuko zizuten urriaren 7ko erasoari buruz eta ea gaitzesten duzun. Beste era batera planteatuko dizut: helburuak justifikatzen al ditu bitartekoak?
Milaka tona bonba botatzen dituzte ospitaleetara, ikastetxeetara, 17 urtez setiatutako aire zabaleko kartzela batera, sarraskitu egiten gaituzte... Zer helburuk justifikatzen ditu bitarteko horiek? “Hamaseko miliziekin amaitzeak”?

6.000 pertsona baino gehiago ditugu Israelgo kartzeletan, horietako asko gaixo. Adibidez, Walid Daqqah, Palestinako ezkerreko buruzagi bat, minbizi terminala du eta arreta mediko espezializatua behar du. Zigorra beteta izan arren ukatu egiten diote. Haurrak dituzte espetxeetan sartuta, tortura sistematikoa da, koloniak sortzen jarraitzen dute, Al-Aqsako meskitako erasoaldiak, Jerusalemgo kristauen aurkakoak... Erresistentziak aspaldi ohartarazi zuen egoera jasanezina zela eta ondorioak izango zituela. Emaitza urriaren 7an Gazatik gertuko kolonia batzuei egindako erasoa da. Eta ez dezagun ahaztu, Gazako hesiaren beste aldeko lur horietan orain koloniak daude, baina Gazako Zerrendan bizirik dirauten errefuxiatuen lurrak dira. Kolono horiek axolagabe bizi dira, parez pare edukita bi milioi eta erdi pertsona giltzapean, baldintza penagarrietan.

Ustekabea izan zen guztientzat.
Eraso horretan erresistentziaren helburua zen ustekabean sartu eta militar eta kolono batzuk bahitzea, ondoren trukerako txanpon gisa erabili eta preso palestinarrak askatzeko. Baina militar israeldarren erreakzioa uste baino askoz ere motelagoa izan zen, eta jende asko eraman zuten. Azpimarratu behar da, halaber, kolonietako ekintza armatu horretan hil zirenetako asko Israelgo armadak berak hil zituela, zerutik tiro eginez mugitzen zen guztiari.

Baina kasu zehatz horretatik harago, Nazio Batuen ebazpen ezagun batek dio okupaziopean dauden herriek defentsarako eskubidea dutela, indarkeria armatua barne. Okupatzaileen erasoen aurrean defendatzeko aukera baino harago doa eskubide hori: okupaturiko herriek iniziatiba har dezakete eta okupatzaileari eraso egin. Horixe egiten du erresistentzia palestinarrak.

Netanyahu aurtengo iraileko Nazio Batuen Asanblada Nagusian, Palestina erabat ezabatuta dagoen mapa bat eskuan duela. Argazkia: UN

Palestinaz gain, Israelek mugakide dituen lau herrialdeetatik hiru inbaditu ditu: Siria, Libano eta Egipto. Genozidioaren aurrean, non daude herrialde eta arabiarrak eta ingurukoak?
Europak Mediterraneo ekialdeko eta Afrika iparraldeko eskualde arabiar-musulmana kolonizatu zuen. Deskolonizazioaren ondoren, Erresuma Batuak eta Frantziak leialtasuna zor zieten agintariak inposatu zituzten elkarren interesak defendatzeko. Jordaniako eta Saudi Arabiako errege-familiak adibide onak dira. Oso jende aberatsa da, Mendebaldean negozioak dituena, eta seme-alabak Erresuma Batuko barnetegietara bidaltzen dituena, txikitatik, etorkizuneko erregealdia prestatzeko. Mendebaldeak gogoz kontra deskolonizatu zuen ingurua, baina ez zuten hanka egin. Suezko kanala, petrolioa, gasa... Interes horiek dira Ekialde Ertainaren bihotzean Israelgo Estatua sortzeko arrazoia.

Gure eskualdeko herriek ezin izan dute autodeterminazio-eskubidea baliatu. Errepublika direnak eta hauteskundeak dituztenak ere ez dira ez gardenak, ez fidagarriak, ez demokratikoak, eta are gehiago oposizioa espetxeratua edukita. Egipton, Al-Sisi presidenteak 60.000 egiptoar ditu preso arrazoi politikoengatik.

Jordaniako agintariak gai horren beldur dira, herritarren %70 palestinarrak baitira. Oso neurrian jokatzen dute beti, "politikoki zuzenak" diren adierazpenekin.

Herrialde horiek duten aitzakia Osloko Akordioak eta PANek Israelekin egin dituen harremanen "normalizazioa" dira. Hau da, "palestinarrek beraiek egin badute, zergatik ez guk?", diote. Txinak ez zuen Israel 1991ra arte onartu, Madrilen bake-konferentzia egin arte. Osloko Akordioen ondorioak onurak izan dira Israelentzat. Haientzat akordio bikaina izan da. Palestinarrentzat, aldiz, emaitza agerikoa da. Ezer onik ez.

Palestinarrak beren lurretara joateko aukeraren aurrean, Jordaniak eta Egiptok diote "ezin zarete sartu".
Bai, haien interesengatik. Ez dute palestinarrak sartzea nahi, horrek arriskuan jarriko bailuke beren biztanleriaren gainean duten kontrola. Palestinarrak sartzeak eragingo lukeen asalduraren beldur dira, Gazako jendea oso errebeldea baita, eta herria altxatu eta gobernu hauek eror litezke. Bigarren Nakba bat baimentzea arriskutsua da beren herrien iritziaren aurrean. Galdera deseroso batzuk ere sor litezke. Adibidez, 1.300 laguneko talde armatu txiki batek Israelgo armada eta inteligentzia-zerbitzu ahalguztidunei hain kolpe handia eman badie, zergatik ezin dute ezer egin gure armadek, erresistentzia palestinarra baino askoz armatuago eta prestatuago egonda?

Erresistentzia palestinarrak urriaren 7ko erasoa egiteko arrazoietako bat izan liteke azken urteetan hainbat herrialde arabiarrekin – Bahrain, Egipto, Maroko, Saudi Arabia... – Israelek sustatutako normalizazio-prozesua geldiaraztea.
Kalkulatutako data izan da. Lehenik eta behin, okupaturiko Palestinako egoerak okerrera egin du esponentzialki azken urteotan eta erresistentziak ohartarazia zuen erantzun egingo zuela Israel gelditzen ez bazen. Hala gertatu da. Bigarrenik, Gazako blokeoa mahai gainean jarri nahi zuten. Blokeoak 17 urte daramatza eta inork ez zuen horretaz hitz egiten. Eta, hirugarrenik, diozun bezala, Saudi Arabia Israelekin sinatzear zegoen normalizazio prozesua gelditzea lortu dute. Saudi Arabiak garrantzi handia du, ez bakarrik eskualde arabiar osoan, baita mundu musulmanean ere.

Begira nolako erreakzioa izan duen Turkiako Gobernuak. Erakunde sionistarekin harreman diplomatiko eta ekonomikoak erabat normalizatuta dituen herrialdea da, maniobra militar bateratuak ere egiten dituzte. Kalkulu eta interes politiko hutsa da, Erdoganek badaki bere biztanleriaren gehiengoa Gazako sarraskiaren aurka dagoela erabat. Bahrain-ek Israelekin normalizazio akordioak sinatu ditu, baina orain enbaxadorea erretiratu du. Marokon ere manifestazio masiboak daude. Israelekin zuzenean kolaboratzen jarraitzen duen bakarra –eta AEBekin, jakina– Arabiar Emirerriak dira. Negozioak lehentasun dira han.

Erresistentziaren erasoak eta Israelen ondorengo sarraskiak hankaz gora jarri dute akordio horien prozesua.

Israelen eraso eta mehatxuak direla eta, milaka palestinar Gaza hegoaldera ihesean joan dira. Argazkia: M. Hams - AFP

AEB, Frantzia, Alemania, Britainia Handia... Israelgo genozidioaren sustatzaile eta justifikatzaile nagusiak bi estatuen irtenbidea behin eta berriz proposatzen duten berberak dira. Euskal Herriko alderdi politikoen artean ere bide hori da nagusi.
Hori baita posturarik errazena. Erantzukizuna gainetik kentzeko modu bat da: “Hitz egin dezatela palestinarrek eta israeldarrek, eta konpon daitezela”. Ni irtenbide horren aurka nengoen eta nago.

Beraiek badakite ez dela bideragarria. 30 urte daramatzagu bi estatu horien zain. Ez diote Israel lurralde palestinarrean egoteari uko egin nahi, Israel Mendebaldearen parte delako eta beren interesak defendatzen jarraituko duelako. Ez dute deskolonizazioaz entzun ere egin nahi.

Palestinaren kolonizazioa Mendebaldetik programatu eta antolatu zen. Juduen aurkako genozidioaz ez ziren arduratu, ez zieten beren jatorrizko lekuetara itzultzeko (Alemania, Frantzia, Ingalaterra, Ukraina, Polonia...) eskubiderik, babesik eta erraztasunik eman. "Arazoa" Palestinara eraman zuten, pertsona juduak Europatik kanporatu zituzten, Palestinara, eta Nazio Batuetan lurraldea zatitzea eta juduentzako estatu baten sorrera erraztea erabaki zuten. Hori guztia Mendebaldearen ardura da. Erantzukizuna ukatu eta beren burua nolabait zuritzeko, Israelgo Estatuaz eta estatu palestinarraz hitz egiten dute. Nazioarteko zuzenbidea eta Nazio Batuen ebazpenak – palestinarrentzat historikoki bidegabeak izan direnak, banaketatik hasita– betetzearekin egiazki engaiatuta baleude, lehenik eta behin 194. artikulua aplikatu beharko lukete: itzultzeko eskubidea. Orduan errefuxiatu palestinar guztiak beren jatorrizko herrietara itzuli beharko lirateke, baina badakite hori Israelgo Estatuaren amaiera litzatekeela. Era berean, pertsona orori eskubide berberak emanda, apartheida eta Israelgo Estatua, orain ezagutzen dugun moldean, bukatuko lirateke. Baina ez. Bi estatu proposatzen dituzte. Batentzat lapurtutako lurraldearen %80, eta besteentzat, palestinarrentzat, %20.

Bi estatuen irtenbidea da palestinarrei "molda zaitezte nolabait " esatea. Baina, hala ere, hori bada benetan nahi dutena, utz diezaiotela Israel armatzeari, finantzatzeari eta laguntzeari. Ez daitezela partzialak izan. Eta hori egiten dutenean, orduan, lasai, gu geu moldatuko gara eta.

Egoera makur honen aurrean, palestinar herriarekiko elkartasun abstraktutik harago, zer egin dezakegu hemen eta orain?
Genozidioa ez bada gelditzen, desobedientzia zibilera jo beharko genuke. Ildo horretan, Espainiako Estatuan Mozal Legeak indarrean jarraitzen du, eta horregatik eskatu behar zaio gobernu berriari behingoz indargabetzeko.

Gobernuek “aski da!” dioen jendeari entzun gabe jarraitzen badute, haiek dauden lekura joan beharko dugu: autonomia erkidegoetako gobernuen egoitzetara, aldundietara, alderdi politikoen egoitzetara, udaletxeetara... Beren atea jo behar dugu neurri zehatzak har ditzaten eskatzeko, berehala.

Espainiako Estatuaren kasuan, gainera, badirudi pozik egon behar dugula manifestatzen uzten digutelako, Europako beste herrialde batzuetan gertatzen dena ikusita.

Eta Israelekin harremanak etetea? Armak emateari uztea?
Armamenturik ez ematea gutxienekoa da, eta Espainiako Estatuak arma-merkataritza handia du Israelekin.

Erresistentzia palestinarrarekin elkartasunez, Bilbon urriaren 28an manifestazio jendetsua egin zen. Argazkia: Ecuador Etxea

Antisemitismoa Europaren eta Israelen komodina da, erakunde sionistari egindako kritika guztien aurrean defendatzeko.
Inor ez da diskriminatu behar bere sinesmenengatik, kulturagatik, ideologiagatik... baina Mendebaldeko herrialde askotan antisemitismoa erabiltzen da kausa palestinarra defendatzen duten ahotsak isilarazteko. Ez dezagun ahaztu judufobia Europan sortu zela, ez Palestinan. Palestinan bizilagunak izan dira beti.

Zuk zeuk egiten duzu lan juduekin.
Judu antisionisten mugimenduko kideekin eskuz esku egiten dugu lan. Haiek ere Israelgo Estatuaren aurka daude, eta Palestina askatzearen alde. Borroka berean gaude.

Ba al dago ezkerrik Israelen?
Etiketak jartzea oso erraza da. Ezkerrekoa izatea herrien eskubideak eta autodeterminazio eskubidea defendatzea da, ala ezkerrekoa izatea beste herri bat kolonizatzea da, zure estatua sortzeko? Ez, ez dago Israelgo ezkerrik. Ezkerrak ezin du sarraskietan oinarritutako estatu bat defendatu. Ezkerreko pertsona batek ezin du herri baten inbasioa justifikatu, erlijioan oinarrituta. Israelgo Estatua sortu zen juduen erlijioak eta bere jarraitzaileek Palestinan estatu bat izateko eskubidea dutela argudiatuta. Ezin da ezkerrekoa izan eta estatu batek juduentzat bakarrik izan behar duela defendatu. Israelgo ezkerrak demokrazia eta eskubideak defendatzen ditu, baina israeldarrentzat bakarrik.

Beste era batera esanda, ba al dago kolono antikolonialistarik?
Hori da. Eta ez dezagun ahaztu, adibidez, Sabra eta Shatilaren sarraskiak gertatu zirenean, Israelen agintzen zuena “ezkerreko” gobernu bat zela.

Jerusalemgo emakume bat okupazio indarren aurrean. Argazkia: AP - B. Armange

Palestinako erakunde politikoei eta haien beso armatuen ordezkariei begiratzen badiegu, gizon gorbatadunak, gizon armatuak, gizon diplomatikoak... ikusiko ditugu.
Emakumea beti izan da erresistentzia palestinarraren partaide. Harrigarria egin daiteke, baina Hamasek berak Palestinako ezkerreko beste alderdi batzuek baino emakume militante gehiago dauka. Diputatuak dituzte, talde armatuetan daude, Hamasen Polizian...

Hamaseko emakume askorekin izan dut harremana, eta esan dezaket ahaldundutako eta prestatutako emakumeak direla. Jihad Islamikoko preso politiko Jader Adnan maiatzean hil zen gose greban eta bere kasuaren defentsarik handiena bere emazteak eraman du: kalean manifestatu da, hedabideetan hitz egin du... eta erabat estalita dagoen emakumea da. Guk geuk elkarrizketatu dugu. Mendebaldeko munduak ikusi nahi ez duen emakume mota bat da. Ez du estalitako emakumea ikusi nahi, are gutxiago ahaldunduta badago. Irudiak emakume otzanarena behar du izan.

Baina argi dago gizonak direla herritarrak ordezkatzen eta publikoki hitz egiten ateratzen diren gehienak. Inor ez dago patriarkatutik salbu. Hori aldatzeko borrokan ari gara Palestinako emakume feministak eta ezkerreko emakumeak. Guk, diasporatik, Masar Badil mugimenduaren sorrerako gutunean bertan esan dugu mugimendua emakumeek gidatu behar dutela. Ez gara kuotez edo emakumeen partaidetza handitzeko neurriez ari. Ez. Lidergoak emakumeena izan behar duela diogu, baita gazteena ere. Izan ere, Palestinaren izenean hitz egiten duten gehienak 70 urtetik gorako gizonak dira. Non dago Palestinako gazteria, biztanleriaren ia %70?

Mendebaldeko hedabideek ez dute erresistentzia palestinarreko ordezkariekin hitz egiten, Mahmoud Abbas eta bere lobbya elkarrizketatzen dituzte, baina erresistentziarekin inork ez du hitz egiten. Bitxia bada ere, erresistentzian askoz ere gazte gehiagok hartzen du parte Fatah, Herri Frontea edo Fronte Demokratikoa moduko alderdi politikoetan baino.

Desberdintasun politikoez harago, gaur egun palestinar gehienak batzen ditu erresistentziaren aldeko jarrerak. Baina Mendebaldean Palestinari elkartasuna adierazteko egiten diren manifestazioen aldarrikapenak lausoagoak dira eta askok erresistentzia ez du aipatu ere egiten.
Hori supremazismo zuri eurozentrista da. Mendebaldetik “gure” eredua inposatu nahi dugu. Ezkertiarrok herrien borondatea eta haien askapen mugimenduak errespetatu behar genituzke. Erresistentzia palestinarra askapen mugimendua da, gehiago ala gutxiago gustatu dakiguke, baina herriak aukeratu duena da eta erresistentzia horrek gehiengoaren babesa du. Vietnamgo erresistentzian segur aski ezkerreko mugimenduak ziren nagusi, baina eskuineko jendea ere bazegoen. Eta, jakina, lagundu egin behar zitzaien. Afrikako askapen nazionaleko mugimenduak ezkerrekoak izan al dira? Ez, baina lagundu egin behar zaie.

Ezkerreko jendeak Palestinako ezkerrari laguntza eman diezaiokegu, hazi eta eragin handiagoa izan dezan, baina ezin dugu ezer inposatu. "Islamistak eta eskuindarrak direnez, eta gu ezkerrekoak, ezin diegu babesik eman" esatea, gainerakoak baino hobeak garela pentsatzea da.

2014an Israelgo hiru kolonok jipoitu eta bizirik erre zuten 16 urteko Mohammed Abu Khdeirren omenezko kartela.

Indarkeriak eta borroka armatuak beti sortzen dute eztabaida.
Munduko herri guztiak, gustatu ala ez, borroka armatuaren bidez askatu dira. Ez dago herri bat askatua izan dena kolonizatzailea egun batean esnatu, eta konturatu delako etika duela eta zapalduak bakean bizitzen uztea erabaki duela.

Nahiago nuke borroka egin behar ez bagenu, jende asko hiltzen ari baita. Egia da prezioa handia dela, baina ez zegoen beste modurik, kausa palestinarra ahazten ari zelako, sionistek beren irudia garbitzen eta normalizatzen zuten bitartean. Israelek egiten duena egiten du zigorgabetasunaz jabe delako eta Mendebaldeko botere politiko, mediatiko eta ekonomikoaren baldintzarik gabeko babesa duelako. Baina herrien isiltasunak ere bermatu izan du. Palestinar herriaren sarraskia etengabea eta su motelean egindakoa da. Egunez egun eta urtez urte. Kolonoek Jerusalemen 16 urteko mutil bat erre zutenean, Mohammed Abu Khdeir, gasolina edanarazi eta ondoren su eman ziotenean, jendea ez zen mugitu. Kasu hori Israelen ohikoa da, palestinarra zelako ez da ezer gertatzen. Baina, nazioartean? Ez zen ezer esan.

Ez da onargarria palestinarrei eskatzea borroka armaturik ez egitea, hil egiten gaituztelako.


ASTEKARIA
2023ko azaroaren 26a
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Gazaren aurkako sarraskia
Hamabost urte beharko dira Gazako genozidioan Israelek sortutako 40 milioi tona hondakin jasotzeko

NBEren ikerketa baten arabera, lehertu gabeko artilleria, substantzia kaltegarriak eta palestinarren gorpuak daude hondakin artean. 50.000 bonba baino gehiago bota ditu Israelek urritik, eta 40 milioi tona hondakin sortu dituzte.


1.200 soldadu israeldarrek baino gehiagok egin dute beren buruaz beste azken 50 urteetan

Genozidioarekin lotutako suizidio ugari identifikatu dira, armada sionistak datuak ezkutatzen baditu ere.


Kontzientzia eragozle bat aske utzi du Israelek, sei hilabetez preso izan ostean

Tal Mitnick Hemezortzi urteko gaztea izan da azken hamarkadan kontzientzia eragozpenagatik denbora gehienez espetxeratu dutena.


Urriaren 7ko gertakariak ikertzeari uko egin dio Israelgo parlamentuak

Oposizioko taldeek proposatutako ikerketa batzorde ofiziala ez da aurrera atera, boz gutxiren aldearekin. Arrazoi ugari daude gobernuko kideek gertaerak ikertu nahi ez izateko.


Israelek zortzi zibil hil ditu Libanon azken bi egunetan

Horietatik hiru haur siriarrak ziren, eta haien etxearen kanpoaldean jolasean zeudela hil dituzte, NBEak gaitzetsi duenez. Hezbollahk mehatxu egin du Israelgo zonalde berriei eraso egingo diela, Israelek azken egunetan Libanon egindako hilketen ondoren.


Palestinarrez betetako NBEren beste eskola bat bonbardatu du Israelek asteartean, astebetean bosgarrena

Gutxienez 23 palestinar hil dituzte Nuseirat errefuxiatu kanpalekuko eskola batean. Genozidioa hasi zenetik “aste odoltsuenetakoa” izan da azken hau, UNRWAren arabera.


Gutxienez 141 palestinar hil ditu Israelek asteburuan, desplazatuen gune eta UNRWAren eskola bana bonbardatuta

Bonbardaketarik tragikoena larunbatean burutu zuen Israelgo Armadak, desplazatuen ehunka dendaren aurka, Al Mawasin, Gazako hegoaldean. Israelgo Armadak "eremu humanitario seguru" izendatu zuen eremu hori. Gutxienez 90 pertsona hil eta 300 zauritu zituen bost misil eta... [+]


Meta multinazionalak “sionista” hitza gorroto diskurtso gisa hartu du

Sionista hitza daukaten argitalpenak ezabatuko ditu, juduei edo israeldarrei erreferentzia egiten dieten kasuetan. Orain arte baino modu zabalagoan hartuko dute erreferentziak aztertzeko irizpidea, eta sionisten aurkako mugimenduei eragin diezaieke.


“Asperdurari aurre egiteko ere", zibil palestinarrei tiro egin izan dietela aitortu dute soldadu israeldarrek

Gazatik itzulitako soldaduek aitortu dute bertan ez dagoela tiro egiteko irizpiderik. Armada sionistak nahieran egiten du tiro, etxeak erre eta gorpuak lurrean botata utzi, guztia komandanteen onespenarekin.


‘The Lancet’ aldizkariak Gazan Israelek hildakoak zenbat izan daitezkeen kalkulatu du: ia 200.000 pertsona

"Zaila da, baina beharrezkoa". Hala azaldu du The Lancet zientzia aldizkariak Gazako hildakoak kontatzeko hartu duen lanaren berri. Hildakoen kopurua, gaixotasunak eta bestelako zeharkako faktoreak kontuan hartuta, gutxienez 186.000 pertsona hil dituztela kalkulatu... [+]


Su-eten negoziaketak martxan dira berriz, Netanyahuk oztopo berriak jarrita

Netanyahuk baldintza bezala jarri du Israelek ofentsiba berrabiarazi ahal izatea “gerraren helburuak bete arte”. Iturri batzuen arabera, Hamasek onartu du su-eten iraunkorra negoziaketen lehen fasean adostea, aurrebaldintza izan beharrean.


Hezbollahk 200 suziritik gora jaurti ditu Israelera, sionistek komandante bat hil ondoren

Hezbollahren goi mailako bi agintari militar hil ditu Israelek hilabete batean. Tentsioak gora jarraitzen du, erabateko gerra pizteko kezka artean.


Suntsitutakoa berriz bonbardatzen ari da Israel, norabide argirik gabe

Hamarnaka mila pertsonak ihes egin behar izan dute Khan Younis eta Gaza hirietatik azken egunetan, nora joan izan gabe. Israelgo armadaren eta Netanyahuren arteko talkak azaleratuz doaz, eta Hezbollahren aurkako gerra geroz eta gertuago dago. Su-eten proposamena mahai gainean... [+]


2024-07-04 | Gedar
Sionistek gutxienez 21.000 palestinar dituzte preso

Kartzela sionistetako pilaketaz ohartarazi du Shin Bet segurtasun- eta inteligentzia-zerbitzuak berak. Hainbat iturrik sarri eman dute palestinarrek espetxe horietan jasaten dituzten tratu txarren berri, eta espetxeak handitzen jarraitzen dute sionistek.


Irunberriko Udalak ez du eraso sexisten aurkako kartela jarriko herrian, “ez delako beharrezkoa”

Irunberriko Talde Feministaren eskaerari uko egin eta eraso sexisten aurkako kartela ez dutela herri sarreran jarriko erabaki du Rocío Monclús buru duen udal gobernuak, ez dela beharrezkoa argudiatuta, "beste eraso batzuk ere gertatzen direlako". Udalaren... [+]


Eguneraketa berriak daude