Estatu demokratiko bakarra palestinar eta juduentzat

  • “Betirako gatazka”, “gerra amaiezina”, “konponezina”... Hori da Israelgo Estatuaren eta palestinarren arteko gatazka historikoaz Mendebaldeko iruditeriak eraiki duen irteera gabeko labirinto interesatua. Eta, kasurik onenean, “bi estatuen irtenbidea dago”, Palestina batetik, eta Israel bestetik, 1948an NBEk finkatu zuen gisan. Baina irtenbide horren porrota gero eta agerikoagoa da, eta gero eta indar handiagoz ari da zabaltzen estatu demokratiko laiko bakarraren aterabidea.

Argazkia: Left Voice
Argazkia: Left Voice

Bi estatuen proposamena apurka ari da odolusten azken 75 urteetan, nagusiki Israelgo Estatuak ez duelako inoiz sinistu hartan eta NBEk ere ez duelako indarrik izan hura inposatzeko; besteak beste, AEBak buru, Mendebaldeak “Asiako barbaroen aurkako” harresi gisa erabili izan duelako estatu sionista. Sionismoaren sortzaile Theodor Herzl-ek estratega ikuspegi ona erakutsi zuen 1896an juduen nazio berria Europa Asiatik babesteko harresi moduan irudikatzean: “Zibilizazioaren postu aurreratu bat basakeriaren aurrean. Eta estatu neutral gisa, Europak gure existentzia bermatu beharko luke”.

Arabiarrentzat eta juduentzat estatu bakarra sortzea proposatu zuen NBEk 1947an, baina sionismoak uko egin zion horri, eta AEBek eta Sobietar Batasunak berehala inposatu zuten bi estatuen ideia, Josep Fontana historialariak Por el bien del imperio (Inperioaren onerako) liburuan azaltzen duen moduan. Juduak biztanleriaren %33 ziren eta lurraldearen %6 zuten orduan, baina lurraren %56arekin geratuko ziren eta ia milioi erdi palestinarrak lurraren %42arekin, eta gainera lurrik eskasenekin. Jordania eta Israelen artean kudeatuko zuten Jerusalem arantzatsua.

Palestinarrek ez zuten zatiketa onartu, eta sei hilabeteko gerra zibil oso desorekatuaren ondoren –besteak beste, Josif Stalinen SESBek Israeli saldutako armengatik–, Ben Gurionek Israelgo Estatua aldarrikatu zuen 1948ko maiatzaren 14an. Bost estatu arabiarrek gerra deklaratu zioten Israeli, baina horiek ere aise gaindituta, arabiar eta juduentzat izan behar zen lurralde osoa bere burujabetzapean jarri zuen Israelek. Porrot hori izan zen palestinarrek Nakba gisa ezagutzen duten “hondamena”, eta haren ondorioz, Israelek 750.000 palestinar kanporatu zituen beren lurretatik. Horra arabiar eta juduentzako estatu bakarraren lehen lurperatzea, eta NBEren bi estatuen proposamenaren hastapeneko urratsak.

Arabiarrentzat eta juduentzat estatu bakarra sortzea proposatu zuen NBEk 1947an, baina sionismoak uko egin zion horri, eta AEBek eta Sobietar Batasunak berehala inposatu zuten bi estatuen ideia

 

Israelgo Estatuaren sorrera ekitaldia eta Ben Gurion aldarrikapena irakurtzen.
Israel sortu zutenean, 700.000 palestinar kanporatu zituzten haien lurretatik, Nabka ezagunean.

Israelek gupidarik gabe jarraitu zuen palestinarren lurren kolonizazioarekin eta 1967ko Sei Egunetako Gerran, teorian palestinarren lurrak ziren Gaza eta Zisjordania bereganatu zituen, Egiptoko Sinai eta Siriako Golaneko gainekin betera. Harrezkero, haietatik erretiratzeko behin eta berriz eskatu dio NBEk hainbat ebazpenen bidez, baina Israelek –salbu eta 1980an, Sinaiko basamortua Egiptori itzuli zionean– beti egin dio muzin eskaerari.

Gada Kharmi Londresen bizi den idazle palestinarraren esanetan –Estatu bat. Etorkizun demokratiko bakarra Palestina-Israelentzat liburuaren egilea da–, estatu laiko bakarraren ideia Palestinaren Askatasunerako Fronte Demokratikoak luzatu zuen 1969an. Palestinaren Askatasunerako Erakundekoa (PAE) zen talde hura eta Palestinako Kontseilu Nazionalak proposamena bere egin zuen urte hartako kongresuan. Idazlearen esanetan, aldiz, inoiz ez zuen izan arrakastarik, ez israeldarren ez palestinarren artean, eta apurka ezerezean gelditu zen. 1974tik aurrera, deskolonizazioaren eta herrien autodeterminazio eskubidearen testuinguru indartsuan, palestinarren artean ere bi estatuen ideiak indarra hartu zuen. Hari horretatik tiraka iritsi ziren Osloko Bake Akordioak bi hamarkada geroago.

Osloko Bake akordioetatik Hamasera
Israelek eta PAEk 1993an sinatu zituzten Osloko Akordioak eta haiek ekarri zuten Palestinako Aginte Nazionala. Autonomia maila batekin, hark kudeatuko zituen Gaza eta Zisjordaniako lurraldeak. Etorkizuneko estatu palestinarraren ernamuina zen. Akordioak, baina, kanpo uzten zituen palestinarrentzat giltzarri diren bi gai: batetik, ehunka mila errefuxiatu palestinarrek ez zuten eskubiderik izango euren lurraldeetara itzultzeko; eta bestetik, Israelgo kolonoek jarraitu ahal izango zuten 1948tik aurrera etengabekoa zen kolonia juduen eratzearekin, NBEren arabera horiek legez kanpokoak izan arren.

Palestinarrek halabeharrez heldu zioten Osloko aukerari. Errefuxiatuen eta kolonoen gabeziez gain, Israelek Palestina historikoaren lurraldearen %22 bakarrik utzi zien: Gaza eta Zisjordania, biak Israelek guztiz kontrolatutako errepide batez lotuak. Ez dugu sakonduko hemen Osloko Akordioen porrotean, baina Israelek ez du behin ere errespetatu sinatutakoa. Laborista israeldarrek bultzatu zuten Osloko bidea, eta 1993an Likudeko Benjamin Netanyahu lehen ministro izendatu zutenean, ozen adierazi zuen eginahalak egingo zituela Osloko Akordioak ezerezean uzteko.

Aipatu behar da, halaber, AEBetako eta Europar Batasuneko estatu nagusienen konplizitatea eta laguntza funtsezkoak izan direla Israelek horrelako inpunitatez jokatu ahal izateko. Osloren ondoren ere kolonizazioak aurrera jarraitu du etengabe, eta horrek behin eta berriro sumindu ditu palestinarrak. Umiliazioa borobiltzeko, Israelek bere meneko bihurtu du Palestinako Aginte Nazionala, eta instituzioaren zilegitasuna hutsala da gaur egun palestinar gehienen begietara. Eta zilegitasun demokratikoa ere bai, 2006tik ez baita egin palestinarren hauteskunderik. Oslo ondorengo lokatz horietan sortu eta garatu da Hamas, gaur egun erresistentzia palestinarraren irudi bilakatu dena.

Oztoporik handiena: 600.000 kolono
Israelek defentsa eskubidea du, eta egoera baretzen denean, berriro serio heldu behar zaio bi estatuen irtenbideari. Hori da egunotan, haien jarduna zuritzeko balizko konponbideei buruz Mendebaldeko potentzien artean nagusitzen den diskurtsoa. Bi lurralde, bi herri, bi estatu. Logikoa dirudi  eta urte luzez ondo ikusia izan da mundu zabalean –oraindik Zisjordaniako palestinarren herenak sostengua ematen dio, irailean egindako inkesten arabera–, baita palestinarren aldeko herrialde eta mugimendu askotan ere. Orain arteko lorratzak, ostera, argi erakusten du proposamenak etengabe egiten duela okupazioaren alde eta palestinarren aurka. 2012tik Palestina NBEko kide-behatzailea ere bada, 139 herrialdek estatu gisa onartzen dute, baina horrek ez dio ezertarako balio.

Egiazki, borondaterik onenarekin ere, gaur egun ez da posible bi estatuen irtenbidea: zer egingo litzateke Zisjordanian diren 600.000 kolono israeldarrekin?

Egiazki, borondaterik onenarekin ere, gaur egun ez da posible bi estatuen irtenbidea: zer egingo litzateke Zisjordanian diren 600.000 kolono israeldarrekin? Posible izan zen Gazako kolonoen asentamenduak desegitea, baina han 8.000 bat kolono besterik ez ziren, eta 2005ean haietako azken kokalekua desegin zenean, Israelgo eskuinak eta eskuin muturrak munduaren amaiera irudikatu zuten. Pentsa zer litzatekeen Zisjordaniako kasuan.

Halako 200dik gora kokagune eraiki dituzte juduek Zisjordanian, NBEren aginduen aurka.

Apartheida ezkutatzen denean
 Gero eta palestinar gehiagorentzat, beraz, bi estatuen aterabidea haiek bizi duten apartheida ezkutatzeko eta egungo egoera koloniala egonkortzeko formula bilakatu da. Nazioarteko legediak gogor gaitzesten duen bazterketa sistema da apartheida, baina azken hamarkadetan Israelek hura zorroztu besterik ez du egin. Gero eta gehiago alderatzen da palestinarrek lurralde okupatuetan bizi duten egoera, eta beltzek Hegoafrikan bizi izan zutena.

Nazioartean gero eta zabalduago dago ikuspegi hori, eta hala ziurtatzen duten txostenak ere ugaritzen ari dira. Amnesty Internationalek, Human Rights Watchek, edo bestelako erakundeek hainbat argitaratu dituzte azken urteetan. Horien artean sendoenetakoa da Mendebaleko Asiako Talde Ekonomiko eta Sozialak –NBEren menpekoa da berau– 2017an argitara emandakoa: 75 orrialdeko txostenean, Richard Falk eta Virgini Tilley unibertsitateko irakasle eta ikertzaile estatubatuarrek Israelgo apartheida sakon deskribatu zuten. Haien esanetan, “Israel apartheid krimenaren errudun dela esateko froga oso sendoak daude... baina horrek ondorioak izateko, autoritatea duen nazioarteko auzitegi batek esan beharko luke hori. Edozein atzerapenek palestinarren mendekotasuna luzatzen du eta horrek krimena areagotzen du (...) Beraz, humanitatearen aurkako krimen hori amaitzeko, ezinbestekoa da azkar aritzea”.

Gero eta palestinar gehiagorentzat, beraz,
bi estatuen aterabidea haiek bizi duten apartheida
ezkutatzeko eta egungo egoera koloniala egonkortzeko formula bilakatu da

Mendebaldeko estatu handiek, ordea, ez dute inongo apartheidik ikusten, eta eskubide urraketak salatzen direnean, gerra testuinguruak egoera horiek dakartzala esanda zuritzen dute; alde bietan daudela eskubide urraketak. Donald Trump AEBetako lehendakari ohiaren 2020ko bake plana izan zen palestinarren bazterketaren azken kapitulu diplomatikoa. Ez dugu hilda jaio zen plana lerrootan xeheko, baina hura aurkezteko Trumpek eta Netanyahuk Etxe Zurian –palestinarrik gabe– egindako aurkezpenean azken horrek esandakoa aski izan daiteke planaren nondik norakoez jabetzeko: Netanyahuk Jordan bailarako eta Zisjordaniako kokagune juduak bere egingo zituen berehala, eta konpromisoa hartzen zuen akordioak palestinarrei ematen zizkien lurretan ez zuela kolonia berririk baimenduko, gutxienez ondorengo lau urteetan.

Zertan da apartheida?
Nahi duenarentzat oso ezagunak dira Israelgo palestinarrek bizi dituzten eskubide urraketak, urtez urte jarraitu daitezke hainbat hedabidetan. Handienetan, ordea, eskubide zapaltze horiek gerraren ondorioak dira, eta beraz, ez apartheidak ekarritakoak. Amnesty Internationaleko webgunean hala deskribatzen dute apartheid kasu bat: “2021eko maiatzean Ekialdeko Jerusalemeko Sheik Jarrah auzoko hainbat familia protestan hasi ziren Israelek handik kanporatu nahi zituelako, auzoan kolono juduei leku egiteko. 1948an beren lurretatik kanporatutako palestinar asko bizi dira han, baina Israelek 1967an lurralde horiek okupatu zituenetik, bertako herritarrek behin eta berriz bizi behar dituzte halako egoerak”. Lurralde okupatuetan eta Jerusalem ekialdean bizi diren palestinarrek ez dute lurrerako edo etxebizitzak eraikitzeko eskubiderik, edo Israelek nahieran erabiltzen ditu horiek. Ondorioz, kolonoak baldin badatoz kokaleku bat eratzera, palestinarrak kanporatzen dituzte, edo gobernuak palestinarren milaka etxe eraisten ditu baimen gabe eraiki zirela argudiatuta.

Israel legez da estatu judua, eta juduek eta palestinarrek eskubide desberdinak dituzte. Horrez gain, Israelek biztanleria palestinarra hainbat eremutan zatitzen du eta horietan ere multzo bakoitzak eskubide desberdinak ditu: Israelgo lurraldean bizi direnak, lurralde okupatuetakoak eta Jerusalem Ekialdekoak. Azken horretan, palestinarrak bertan hamarkadetan bizi arren, Israelek egoiliar gisa hartzen ditu, eta ondorioz, nahi duenean kanpora ditzake.

Ekainean ezagun egin zen Nora Ghaith eta Mustafa Sub Laban adineko bikotearen kasua: 1953tik Jerusalem ekialdean alokairuan bizi ziren etxetik kanporatu zituen Israelek. Beste 150 familiek arrisku bera dute. NBEk aditu taldea bidali zuen kasuok aztertzera eta haien txostenak ez du zalantzarako izpirik uzten: “Hainbatetan esan dugun moduan, Jerusalem Ekialdeko palestinarren kanporatzeak Israelgo apartheidaren makineriaren parte dira, eta hiriaren jabego judua sendotzeko eta bertako herritarrak arrazakeriaz menperatzeko helburua dute. Israelek praktika horiek bazterreratu behar ditu”.

Jarrai dezagun bazterketarekin: uneren batean beren lurretatik kanporatuak izan diren palestinarrek ez dute itzultzeko eskubiderik. Jatorri judua duten mundu osoko herritarrei, aldiz, Israelera bizitzera joateko eskubidea aitortzen die estatu juduak. Eta ehunka mila kolonori palestinarrei ebatsitako lurrak ematen dizkie. Herritarren mugimenduaren kontrol itogarria, eskubide zibil eta politikoen murrizketa itzela, adierazpen askatasunaren debekua, kolonoen erasoak, atxiloketak, hilketak eta tortura... ohikoak dira lurralde okupatuetan. Gaza eta Zisjordania Israeletik banatzen dituzten harresiak dira bazterketaren ikur nagusiak. Neurri batean, Israelgo herritar juduek gozatzen duten sistema liberal demokratikoak estaltzen du apartheid itogarri hori, baina gero eta gutxiago.

Uneren batean beren lurretatik kanporatuak izan diren palestinarrek ez dute itzultzeko eskubiderik. Jatorri judua duten mundu osoko herritarrei, aldiz, Israelera bizitzera joateko eskubidea aitortzen die estatu juduak
Apartheidaren sinbolo den harresiaren zati bat Zisjordanian.

Bi estatuen aukerak indarra galdu du
Azken hilabeteetan Israelen eta Zisjordanian egindako hainbat inkesten arabera, bi estatuen irtenbideak herritarren gero eta sostengu txikiagoa du bi eremuetan. AEBetako Pwe Ikerketa Zentroak irailean argitaratutako inkestaren erranetan, israeldarren %35ak sinesten du bi estatuen arteko elkarbizitza baketsuan.

Politikaren eta Inkesten Palestinako Ikerketa Zentroak sasoi berean argitaratutako inkestak zioenez, palestinarren %67k uko egiten dio bi estatuen irtenbideari, batez ere kolonoen kokalekuek ez dutelako halakorik ahalbidetzen. BBCk egindako elkarrizketa batean zera erantzuten du 17 urteko Janna Tamimi gazteak: “Eta non jarriko dira mugak?”. Mugen harira, esanguratsua da Israelek oraindik bere estatuko mugak finkatu barik dituela. Azken hogei urteetan 18 eta 19 urte artekoen iritziak aztertu ditu egoitza Zisjordanian duen zentroak, eta argi ondorioztatu du bi estatuen irtenbideak gero eta sostengu gutxiago duela gazteen artean, eta aldiz, borroka armatuaren aldeko jarrerak gero eta sendoagoak direla. Eta Hamasen aldekoak ere bai.

Israelgo Estatuaren sorrera aldarrikapenean horrela zioen David Ben Gurion lehen gobernu buruak: “Israelgo Estatuak erabateko berdintasun politiko eta soziala bermatuko ditu, erlijio, arraza edo sexu bereizkeriarik gabe”. Estatuaren sorrera bidean talde sionista-terroristek egindako sarraskiak edota ordutik gaur artekoak kontuan hartuta, berba horiek hutsalak dira, baina egon hor dago gatazkaren irteeraren muina: eskubide berberekin, juduak eta palestinarrak hartuko dituen estatu laiko bakarra, zeinak izan dezakeen hainbat forma, legebiltzar bakarrarekin, edo egitura federal zein konfederatuarekin.

Infografian ikus daitekeenez, palestinarrei gero eta lur gutxiago utzi diete XX. mende hasieratik. Horrek, besteak beste, guztiz bideraezina egiten du bi estatuen irtenbidea.

Hegoafrikako bidea
Apartheida dela eta 1974ko azaroaren 13an NBEtik kanporatu zuten Hegoafrika. Ordutik aurrera, herrialdea gero eta isolatuago geratu zen, besteak beste nazioarteko boikot kanpaina gogorra tartean, ekonomian eragin handia izan zuena. Azkenean, bake prozesu konplexuaren ondoren, 1994ko apirilaren 27an egin ziren lehenbiziko hauteskunde demokratikoak herrialdean. Hegoafrikak ere 1948an finkatu zuen legez apartheida, aurreko zapalkuntzari estalpe juridikoa emanda.

Ia mende erdi behar izan zen apartheidaren erregimena lurperatzeko, eta nazioarteko presioa funtsezkoa izan zen horretan. Horregatik, gero eta aktore gehiagoren arabera, bada ordua Ekialde Hurbilean ere bide berari ekiteko, baina horretarako bi estatuen proposamena baztertu behar da, soilik horrela ikusiko baita argi lurralde bakarra, estatu bakarra, non Israelgo Estatuak apartheidaren bidez palestinarrak baztertu eta zapaltzen dituen.

Ezin da ukatu gatazka luze honetan ia saihetsezina dela tunelean irtenbiderik ez ikustea. Kontua, ordea, zera da: etorkizunari begira irtenbide gisa zer elikatzen den, edo apartheida ezkutatzen duen bi estatuen irtenbidea, edo palestinarrak eta juduak bilduko dituen estatu laiko demokratiko bakarra, edozein formulaziopean egituratuta. Lehenak 75 urte ditu, eta ondorioak bistan dira, ez da posible izango israeldarrak bakean bizitzea, horretarako palestinarrak zapaldu behar badituzte. Bigarrena irudikatzea ia ezinezkoa da gaur egun, baina bi herriei bake justua eskaintzen dien ate bakarra da.


ASTEKARIA
2023ko azaroaren 26a
Irakurrienak
Matomo erabiliz
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Palestina
2024-04-28 | Axier Lopez
Zazana, zerutik dena dakusan begi itsua

Hainbestekoa da Gazan droneek eguneroko bizitzan eta iruditegi kolektiboan daukaten eragina ezen hitz propio bat asmatu dutela droneentzat: Zazana. Hitz onomatopeikoa da, gazako dialektoan.

The Drone Eats With Me: A Gaza Diary  liburuan (Droneak nirekin jaten du: Gazako... [+]


Askatasunaren Ontzidiak Israeli leporatu dio irteera gelditu izana

Gazara doan Adkeniz itsasontziaren irteera eragozteko Israelen ahaleginek beste traba bat jarri dute. Gazako itsas-blokeoa hautsi nahi duen misioaren paturako behin betikoa izan liteke.


Gernikan sirenak beste urte batez deiadarka, palestinako herritarren eta Bakearen Artisauen eskutik

87 urte bete dira ostiral honetan, 1937ko apirilaren 26an abiazio faxistak Gernika bonbardatu eta sarraskitu zuenetik. Urtero legez ekitaldi andana antolatu dute erakunde eta eragile sozialek. Tartean, pasealekuan eta Astra fabrikan dauden sirenak martxan jartzea.


2024-04-25 | ARGIA
Gazan lanean ari zen belgikar bat eta haren semea hil ditu Israelek, eta gatazka diplomatikoa indartu da

34.000 palestinar baino gehiago hil ditu Israelek urriaren 7az geroztik Palestinan, eta beste milaka dira desagerturik edota larri kolpaturik. Jarraipena egiten ari gara.


EHUk harremanak hautsiko ditu Palestinako sarraskia gaitzesten ez duten Israelgo unibertsitateekin

EHUko Gobernu Kontseiluak adierazpena onartu du, Palestinaren alde eta Gazako sarraskiaren aurrean. Hainbat konpromiso hartu ditu, besteak beste, boluntariotza programa bat martxan jartzea, errefuxiatuen arreta zabaltzea eta giza eskubideen inguruko gogoeta sustatzea. Harreman... [+]


Eguneraketa berriak daude