"Sekulako poza hartu nuen Irulegiko eskua aurkitu zutenean"

  • 1960ko hamarkadaren amaiera aldera, egoera irauli nahi izan zuten hainbat gaztek. Iruñean, Euzko Basterra osatu zuten. EGIko kide ziren. Propaganda egiten zuten batzuek eta, beste batzuek, aldiz, pintadak egiten eta lehergaiak erabiltzen hasi ziren. Hildakoak gertatu ziren, errepresioa, deserriratzea... Mugimendu hartako kide izan zen Maria Luisa Mangado, borrokalari ordudanik.

Argazkia: Dani Blanco / ARGIA CC BY-SA
Argazkia: Dani Blanco / ARGIA CC BY-SA
María Luisa Mangado Cortes. Iruñea, 1947

Militantea gaztetatik, 60ko hamarkadako Iruñeko politika giroan sartuta jardun zuen, Euzko Basterran, oroz gain. [Jokin] Artajo eta [Alberto] Asurmendiren heriotzak markatutako belaunaldikoa da, bateko EGI eta besteko ETA. Erbestaldia ezagutu zuen, militante batzuk eta besteak. Iruñera itzulirik, euskara irakasle izan zen urte askoan, Iruñean eta Baztanen, batik bat. Parlamentari ere izan zen Nafarroan, eta esperientzia gazi-gozoz beteta dago, nahiz eta irribarrez ageri den beti edo gehienean, karrikan manifestatzen beti.

Pandemia aurretik hasi ginen esaten elkarrizketa egin behar genuela. Pandemia igaro zen, baina larri ibili zinen iaz, bihotzeko ebakuntza tarteko...
Balbula mitrala aldatu behar izan zidaten. Hasteko, nekea sentitzen nuen, batean arnasestua, bestean takikardiak. Halako batean, ekokardiografia egin zidaten, eta, egin ordukoxe, zirujia kardiobaskularrera bidali ninduten, lehentasunez. Balbula mitrala kasik deseginik nuen. Oroitzen naiz ebakuntza egin behar zidatela esan zidatenean galdetu nuela ea guztiz beharrezkoa zen, eta medikuak esan zidala: “Operatu, ala hil”. Kar, kar… Maiatzaren amaieran izan zen hori, eta, azkenean, uztailaren 4an operatu ninduten.

Bazenuen kezka, kirofanoan hilez gero, agindua zenuen hileta egiteko modua.
Bai, kirofanora sartzea beti da arriskua, eta bihotzeko kontuak direnean, orduan eta arrisku handiagoa. Egun batetik bestera operatu behar nindutela esan zidatenean, larritu nintzen. Seme-alabei esan nien ebakuntzatik bizirik ateratzen ez banintzen, familiaren panteoian ehorztea nahi nuela, hilkutxaren gainean ikurrina paratuta, eta Eusko gudariak kantatzea ere nahi nuela. Horixe zela nire azken nahia, ez nuela mezarik ez apaizik nahi nire hiletan. Kezka handiz sartu nintzen kirofanora, egia da, eta operaziotik esnatu nintzenean, horixe esan nuen lehenengoa: “Bizirik nago!”. Kar, kar…

“Bizirik nago!”, kar, kar...
Baina terriblea izan zen. Ebakuntza ikaragarria da. Gero, berriz, defentsak baxu nituela gelditu nintzen, hainbat egun egin nituen zaintza intentsiboetan. Sendagaiak hartu, eta bateko eta besteko ondoezak, eta hau eta hura. Luze jo zuen, baina orain oso ongi nago, elkarrizketa egiteko moduan! Kar, kar… Hala ere, ez naiz lehengoa. Lehen, hainbat dantza xinple egiten nituen, zazpi jauzi-eta, adibidez, baina orain ja ezin dut. Nekatu egiten naiz.

Bazen garaia! Euskal musika jaialdiak, Korrika, Aberri Eguna, [Jokin] Artajo eta [Alberto] Asurmendiren urteroko omenaldia, bateko eta besteko manifa-k… ez duzu bat huts egiten!
Horixe da nire bizitza. Abertzalea naiz, betidanik. Gure aitona Napartarrakoa izan zen, hemengo lehen abertzalea-edo. Nicolás Mangado Erze. Seme-alabak EAJkoak ziren, haien artean gure aita, EAJkoa eta euskaltzale amorratua. Ez zekien euskaraz, hitz batzuk besterik ez, baina euskararen aldekoa. Ama Leringoa genuen, ez zuen askorik esaten, baina badakigu beti gure alde eman izan zuela botoa. Senarrak esaten zuena, eta seme-alaba guztiok –sei neska eta mutil bat– esaten genuena.

Argazkia: Dani Blanco / ARGIA CC BY-SA
"Seme-alabei esan nien ebakuntzatik bizirik atera ezean, familiaren panteoian ehorztea nahi nuela, hilkutxaren gainean ikurrina paratuta, eta ‘Eusko gudariak’ kantatzea”

Eta zer giro zegoen Iruñeko karrikan garai hartan. 1947an jaio zinen...
Politika giroaz ari bazara, isiltasuna esango nuke. 1960ko hamarkada arte, gehienbat isiltasuna. Gogoan dut atzerriko irratiek esaten zutena entzuteko biltzen ginela etxean. Radio Pirenaica, BBC, Radio Euskadi... Gauez, beti. Eta lagun batzuk ere etortzen ziren haiek entzutera. Jendea etortzen zen gure etxera, bilerak egiten zituzten gure aitarekin. 14-15 urte izango genituen, baina etxean mugimendua ikusten genuen. Juanito Olaetxea-eta. Aitak esaten zigun inork galdetuz gero, kristau ikastaroak zirela esan behar genuela. Politikaz ari ziren, baina etxe barruan.

Karrikan, isiltasuna, esan duzu.
Bai, 1960ko hamarkada arte, esango nuke. Euskalerriko Adiskideen Elkartea bazen, eta euskarazko eskolak ere bai, eta ni Pozoblanco karrikan hasi nintzen. Kantu batzuk ikasi genituen, Haurrak ikas zazue euskaraz mintzatzen... eta hitz batzuk: egun on, gabon, ardoa... Elena Gueresague izan genuen irakasle. Euskaldunak ginen, eta euskaraz jakin nahi genuen. Euskalerriko Adiskideen Elkarteak bazuen beste atal bat, gazteena-edo, Euzko Basterra izenekoa, eta han sartu nintzen 1967 aldera. Kultur ekintzak egiten genituen, mendi irteerak... eta, horrekin batera, propaganda banatzen genuen.

Zer propaganda?
EGIkoa. Jose Antonio Urbiola zenak-eta –tartean ziren Urbiolaren emazte Mirentxu Loiarte, eta Bixente Serrano Izko zena–, ziklostil bat zuten, eta buletin bat inprimatzen zuten. Euzkadi aldizkaria ere banatzen genuen, eta deialdiren bat baldin bazen, hura inprimatu eta posta jasotzeko etxeko buzoietan sartzen genuen. Sakanako jendea ere etortzen zen Iruñera, hartzen zuen propaganda eta banatzen zuen Etxarri Aranatzen eta inguruko herrietan. Garai hartan, pertsona berezi bat ezagutu nuen, etxean ezkutatuta eduki genuena. Itsaso zuen ezizena, Arantxa Arruti zen, militante fina, ideologikoki ongi jantzia, aurrerakoia... Beste emakume bat, aurrerakoia, Mirentxu Loiarte zen.

1967an sartu zinen Euzko Basterran, eta urte horretan Iruñean egin zen Aberri Eguna, aipu eta sona handikoa.
Baina ez dakit gauza askorik, batek eta besteak –aitak, anaiak, lagunek...–, kontatutakoa besterik. Loradenda batean ari nintzen lanean, eta egunero irekita egoten zen denda hura. Aberri Egun haren bezperan, loreak banatzen ni, eta ikusi nuen karlisten manifa bat, Aberri Egunaren kontrakoa! Hantxe, beren txapel gorriak jantzita! Etxera heldu nintzenean, sekulako jende pila zegoen han, 40 lagun-edo, bezperatik Iruñera sartu zirenak, bazekiten-eta kontrolak gero eta estuago izango zirela eta ezin izango zutela sartu.

1968an Aberri Eguna Donostian, gogorra hura ere, eta gogorragoa ondoko urteko gertakaria, zuen taldeko bi lagun hil ziren, lehergaia eskuetan lehertuta.
Apirilaren 6an, 1969ko Aberri Egunaren bezperan. Terriblea! Jokin Artajo eta Alberto Asurmendi hil ziren. Euzko Basterrakoak ziren, gure taldekoak eta gure lagunak, EGIkoak. Esan dut, ni propaganda banatzen ibiltzen nintzen, eta etxean jendea ezkutatzen genuen. Bestela, ez genekien nor ibiltzen ahal zen han eta hemen ikurrinak paratzen, edo lehergaiak. Artajo eta Asurmendi hil zirenean, pentsatu genuen gure taldekoak ibiltzen zirela lan haiek egiten, baina ziurtasunik ez genuen. Artajo eta Asurmendi hil, eta Adiskideen Elkarteak kanporatu egin gintuen.

Kanporatu?
Bai, Euzko Basterra han barruan zegoen-eta. Estornes Lasa, Carlos Clavería, Jorge Sarasa, José Luis García Falces ziren zuzendaritzakoak-edo. Esaten zuten Euzko Basterrako bazkideen zerrenda eman behar izan ziotela Poliziari. Ez nintzen askorik harrituko, haiek ezagututa. Taldeko asko atxilotu zituzten, Santi Sadaba, Aparicio, Xabier Armendariz... epaiketa militarra egin zieten eta hainbat urtez eduki zituzten kartzelan. Kontua da Euzko Basterra biltzeko tokirik gabe gelditu zela, zenbait batzar egin genituen Olite tabernan, baina ez genuen lehenago bezala lan egiteko modurik izan. Gainera, gure taldeko batzuk kartzelara sartuta, orduan eta okerrago. Batzuk Artajo eta Asurmendi hil eta gero harrapatu zituzten, eta beste batzuk, berriz, lehenago, Urbasan ikurrina jarri zutelako.

EGIkoak zinetela esan duzu, eta Artajo eta Asurmendi ere EGIkoak, baina lehergaiak zeuzkaten...
Bai. Batzuk EGIkoak ginen, beste batzuk ETAkoak, eta baziren bi taldeek bat egitearen aldekoak ere, EGI-Batasunakoak. Esaten dute, gauzak normal, Artajo eta Asurmendi ETAra igaroko zirela, beste asko igaro ziren moduan, baina nik “gero gerokoak” esaten dut. EGIkoak ziren, gu bezalaxe, baina egia da bazitekeela denok ere ETAra jotzea, zeren EAJ ez zen mugitzen. [Juan] Ajuriagerrak bultzatu zuen EGI, eta pertsona osoa zen Ajuriagerra, indartsua, bizitasun handikoa, EAJko asko ez ziren bera bezalakoak. Ajuriagerrak gurekin segitu izan balu, beharbada EGIk iraungo zuen, baina giroa zen ezer ez egitekoa, hegalak moztu zizkiguten. Eta, gainera, gu Poliziak gero eta zainduagoak, biltzeko tokirik ez, lagunak kartzelan...

Azkenean, 1970ean, zuk ere alde egin behar izan zenuen, orduko senar Juan Mari Feliurekin batera.
Poliziagandik ihesi beti. Propaganda aurkitu zuten gure etxean, Juan Mariren [Feliu] atzetik ere bazebiltzan, lehenago ere atxilotuta eduki zuten, eta egun batean, etxera gentozela, Poliziaren autoa ikusi genuen, auto kamuflatua, baina guk bagenekien Polizia zela, matrikulak ezagutzen genituen-eta. Etxera deitu genuen karrikatik, eta Pellok, anaiak, baietz, hantxe zela Polizia, eta ezkutatu egin ginen. Lehenik, HOACekoek gorde gintuzten, Ekintza Katolikokoek, Iturraman eta Atarrabian. Gero, EAJk lagunduta, Donostian egon ginen, Idoia Estornesen eta Jose Antonio Aiestaranen etxean, zenbait egunetan. Etxea utzi ziguten. Ondoren, Juan Mari [Feliu] beste aldera igaro zen, eta ni Gerardo Bujandak ezkutatu ninduen, beren etxean.

Ez zinen Ipar Euskal Herrira heldu?
Bai, baina geroago. Abenduan, Burgosko epaiketaren garaia heldu zen, eta [Eugene] Bëihl kontsul alemanaren bahiketa. Eta salbuespen egoera! Eta nola Polizia beti Gerardo Bujandaren bila joaten zen, handik irten, eta han eta hemen ezkutatuta egon ondoren, urtarrilaren 6an beste aldera eraman ninduten Ziga ahizpek –Lolo, Nati eta Gurutze–, Dantxarinetik. Ez ginen aduanatik igaro, jakina, aduanaren atzeko zeharbide batetik baizik. Nati elbarria zen, eta behar izanez gero guardia zibilak despistatzeko asmotan eraman zuten. Lolo eta Nati autoan geratu ziren, eta Gurutze eta biok beste aldera igaro ginen, oinez. Baina igaro baino lehen ere “Gora Euskadi askatuta!”, egin zuen oihu Gurutzek, eta esan nion: “Itxaron, bada, muga igaro arte!”. Kar, kar... Beste aldean, itxaroten neukan Juan Mari [Feliu], etxekoak..., eta Donibane Lohizunera eraman ninduten, eta hantxe bizi izan ginen, hainbat errefuxiaturekin batera Txori-kanta etxean.

"Gogoan dut, bosgarren mailako ikasle euskaldun-euskaldun batek esan zidala: 'Euskara, zertarako!?'. Euskaldun peto-petoa zen! 'Barru-barruraino sartu dute euskarafobia!', pentsatu nuen"

Zer oroitza dituzu erbestaldiaz?
Denetatik. Harreman onak egin nituen. Juan Marik EAJn segitu zuen, nik ez. Alderdiko hainbat jende ezagututa, ez nentorren haiekin bat. Hendaian harreman handia egin nuen Txillardegi eta Jone Forcadarekin, ondoan bizi baitziren. Hantxe egin nuen euskarazko lehen ikastaroa. Hantxe ari ziren ETAko hainbat kide ere. Argala, Txikia, Fangio, Perez Arenaza... Asko, hil zituzten! Baina Juan Mari EAJkoa zen, eta horrek ere ez zuen laguntzen. 1974an, gose greba egin genuen Baionako katedralean, Frantziako Gobernuaren kontra, ETAko kideak kanporatu nahi baitzituen. Nik ere parte hartu nuen gose greban, hemeretzi egunez. Han ETAkoak ziren denak, ni izan ezik, eta, behin, Bakioko neska batek esan zidan Enrike batek esan zuela ni EAJko salataria nintzela.

Hori ere bai?
Bai, hori ere bai. Kontua da jende asko ibiltzen zela han, eta tartean Joseba Elosegi ere etorri zitzaigula, animoak ematera, nirekin hitz egin zuen, eta zurrumurrua, EAJko salataria nintzela. Gau hartako batzarrean, halako gauzak esaten ari zirela, eta azalpenak eskatu nituen: “Urtebeteko alaba dut, eta hura etxean utzita ari naiz gose greban. Zer ari zarete?”. Inork ez zidan erantzun. Nik, orduan, banindoala esan nuen. Jendeak ezetz, ez joateko, Monzón-eta, geratzeko eta geratzeko. Nik ezetz, ezin nuela han gelditu, negarretan, dudatu egin zutela. Eta alde egin nuen gose grebatik. Baina, adibidez, hantxe zegoen Cocoliso [Jesús Arrondo Martin], benetako polizia infiltratua! Hark eraman zituen heriotzara, Hondarribiko segadan, Poeta [Xabier Roque Mendez] eta Moriko [Jose Luis Mondragón]. Bateko gezurrak, besteko omenak, mesfidantza giroa...

Garai latzak!
Zaila eta latza. Batzuek eta besteek bat egiteko saioak-edo egin ziren. Gogoan dut egun batean Jesús Maria Leizola lehendakariak halako mitin edo saio bat egin zuela Donibane Lohizunen, baina erabateko porrota izan zen, ez zen gauza, traketsa zen... Ez zegoen bat egiteko modurik. Gero ETA bera ere zatitu zen... Zaila.

Itzuli eta irakasle bizimodua egin zenuen Iruñean eta Nafarroan...
1977an etorri ginen, Amnistia legea eta gero. Euskarazko eskolak ematen hasi nintzen Iruñean, batzokian. Ez nekien askorik, baina irakatsiz batera ikasi nuen. Eta nire gisa, Oñatibiaren metodoarekin. Gero, Elizondon ere irakatsi nuen, udako ikastaro trinko batean, eta bertako eskolan, euskara ikasgai jarri zuten lehenbiziko urtean. Gogoan dut, bosgarren mailako ikasle euskaldun-euskaldun batek esan zidala: “Euskara, zertarako!?”. Euskaldun peto-petoa zen! “Barru-barruraino sartu dute euskarafobia!”, pentsatu nuen.

Irakaskuntzan jardun zenuen urte askoan, baina parlamentari ere izan zinen 2007an, Nafarroa Bairen aldetik.
Eta pozik, eta ohore handiz. Ez nintzen Nafarroako Parlamentuaren zalea, baina hango lehenbiziko egunean, Nafarroako ereserkia jotzen ari zirenean-eta, hunkigarria iruditu zitzaidan. Bestela, oso lan zaila da parlamentukoa –hiru aldiz egon nintzen ospitalean–, eta, bestalde, gure “iraultzaileek” emakumeoi agintzen zizkiguten lanik handienak eta zailenak. Ni, esate baterako, Hezkuntza, Osasuna eta Gizarte zerbitzuetan ari nintzen, eta ez genuen deskantsurik, tailerrak, komisioak, ikastaroak... ordu guztiak okupatuak.

Pozik izan zinela esan duzu, hala ere, ohore handia izan zenuela...
Lege proposamenen bat, edo testuren bat aurrera ateraz gero, poza!, baina oso gutxitan gertatzen zen. Edo nahi zenuena esaten zenuenean, gustura zinen! Baina etsairik handienak barruan izan ditut, koalizio barruan. Kide batzuek oso jator jokatzen zuten, baina beste batzuek, aldiz... Behin, eskua jaso zidan kide batek, mehatxuzko keinua, eta esan nion: “Halakorik egiten badidazu, zure kontrako salaketa jarriko dut!”.

Amaitzeko, noiz dugu hurrengo manifa? Ez duzu bat galtzen...
Kar, kar... Manifestari hutsa naiz, bai, baina batzuetan gauzak apropos gaizki egiten ditugula ematen du. Maiatzaren erdialdera, euskara Nafarroa osoan ofiziala izateko manifa egin zuen EHEk Iruñean. Ehunka lagun bildu ginen. Ni pozik, baina ekainaren 10ean, beste bat dago deituta! Hobe da manifa handi bat egin, bi txiki baino! Jendea ez da lehen bezala manifestatzen. Hala ere, ni bi manifetan ikusiko nauzu, maiatzekoan, eta ekainekoan. Manifestari handia naiz.

Barruraino sartu zaizu mutiko haren “Euskara zertarako!?” hura...
“Habla cristiano” ere entzunda nago ni. Elizondoko mutiko haren “Euskara zertarako!?” hori ere bai... Eskerrak orain Irulegiko eskuari. Sekulako poza hartu nuen eskua aurkitu zutenean. María Chivitek berak pozgarria zela esan behar izan zuen, ohorea zela. Baina, gero, hauteskunde kanpainan, euskararik ez PSNk. Horixe da euskarafobia, ez dira esatera ausartzen, baina hortxe dute sartuta. Ahalko balute, edozer gauza esango lukete!

JAVIER ESCALADA

“Euzko Basterrako eta EGIkoekin batera, jende gehiago ere mugitzen zen diktaduraren kontra. Unibertsitate giroan, esate baterako, Javier Escalada, Mirentxu Purroy... Haiek ere mugitzen ziren. Gurekin batera parte hartzen zuten Santa Ageda eskean, eta ordukoa da lehenbiziko Olentzero ere. Escalada, gero, [1966] Francoren erreferendumaren kontrako panfletoak banatzen harrapatu zuten, beste batzuekin batera. Eta suizidatu zen, edo suizidatu zuten, ez dakit”.

JUBILATUEN L'ESTACA

“Jubilatuen asteleheneko kontzentrazioetara joaten nintzen, Iruñeko Udaletxe plazara. Behin, kantu bat kantatzen hasi ziren, L’estaca-ren doinuan! Nosotros los jubilados… hasi ziren kantatzen, L’estaca-ren doinuan. Ez zitzaidan gustatu, eta L’estaca-ren esanahia azaldu nien, eta esan nien hura ez zela ongi egina, ez nintzela kontzentrazioetara joango. Gero, kendu egin zutela esan zidaten, eta berriz joan nintzen. Eta berriz L’estaca, jubilatuen hitz horiekin! ‘L’estaca errespetatu’ paratu nuen Facebook-en ere. Kasurik ez. Harrezkero ez naiz jubilatuen kontzentrazioetara joaten”.

AZKEN HITZA

ENTZIKLOPEDIA

Juan Mari Feliu, Gotzon Bergerandi, Xabier Armendariz, Javier Escalada, Carlos Claveria, José Luís García Falces, Estornes Lasa, José Antonio Urbiola, Mirentxu Loiarte, Mirentxu Oiartzabal, Miguel Angel Erdozain, Jokin Artajo, Alberto Asurmendi, Elías Antón, Iñaki Mujika, Txillardegi, Jone Forcada, Telesforo Monzón, Argala, Txikia, Patxi Zabaleta, Txentxo Jimenez… arbola osatzeko adina izen-hosto ditu María Luisa Mangadok.

 

 

 

 


ASTEKARIA
2023ko ekainaren 11
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Politika
Heriotzaren merkatarien harrokeria

Moncloa jauregia, martxoak 18: industria militarreko elitea Espainiako presidente Pedro Sánchez eta Defentsa ministro Margarita Roblesekin bilduta. Azken lerroan, euskal ordezkaritza: Juan Ignacio López Gandasegui (Aernnova); Jokin Aperribay (SAPA); Carlos Azola... [+]


Materialismo histerikoa
Erabakimena

Balirudike dena kontrolpean dagoela, badakitela guri nola sinetsarazi edozer, ez dugula inoiz, berez, guk nahi duguna egiten. Iragarki konstante batean bizi bagina bezala, esaten dugu “aukera berdintasuna”, eta pentsatzen dugu esaten ari garela “aukera... [+]


Forestaliaren lau goi-tentsioko lineari helegitea jarri die Nafarroako Gobernuak

Asteazkeneko gobernu bileran hartu zen erabakia eta horren ondorioz, Espainiako Gobernuko Trantsizio Ekologikorako Ministerioak Forestalia konpainiari emandako baimenen aurkako helegitea jarriko du foru gobernuak.


Eguneraketa berriak daude