Torturaren beste zazpi biktima aitortu ditu Nafarroako Gobernuak

  • Polentzi Goikoetxea Barandiaran, Jose María Alemán Zabaleta, Jon Patxi Arratibel, Leire Markina Rey, Luis Goñi Lara, Araitz Amatria Jiménez eta Ainara Bakedano Cuaresma izan dira aitortuak. Ebazpen hauekin dagoeneko 94 dira Foru Lege honen esparruan indarkeria politikoaren biktima bezala aitortutako pertsonak.

Artikulu hau CC BY-SA 3.0 lizentziari esker ekarri dugu.

2025eko azaroaren 21ean - 07:00
Zure babesik gabe independetzia ezinezkoa zaigu

Nafarroako Torturatuen Sareak jakinarazi duenez beste zazpi pertsona aitortu ditu ofizialki Nafarroako Gobernuak torturaren biktimatzat: Polentzi Goikoetxea Barandiaran, Jose María Alemán Zabaleta, Jon Patxi Arratibel, Leire Markina Rey, Luis Goñi Lara, Araitz Amatria Jiménez eta Ainara Bakedano Cuaresma.

16/2019 Foru Legearen babesean egin du exekutiboak aitortza. Errekonozimendu eta Erreparazio Batzordeak zazpi aitortza berri eman ditu azken astean, eta Nafarroako Torturatuen Sareak eta Egiari Zorrek positiboki baloratzen dute ebazpena, "estatu-indarkeriak gure lurraldean izan duen eragina azalarazteko baliogarriak diren heinean", azaldu dute. Berretsi dute Nafar Gobernuak azken bost urteetan hasitako bidea baliogarria izaten ari dela "elkarbizitza benetan demokratiko bat eraikitzeko, gizarte bezala aurrera egiteko eta memoria inklusibo batekin konprometituko diren politika publikoak garatu ahal izateko".

Gainera, Franco diktadorearen heriotzatik 50 urte betetzen direnean heldu da ebazpena, eta,  "argi geratzen ari da torturaren aplikazioak diktaduraren edo trantsizioaren testuingurua gainditzen duen giza eskubideen urraketa larria dela". Izan ere, kasu berri hauek adierazten dute "konstituzio aroan ere inpunitate osoz torturatu zela, eta estatuak mekanismo sistematiko oso bat martxan izan zuela Euskal Herritarren aurka, XXI. mendeko bigarren hamarkadara arte".

Hausnarketarako bidea ere zabaldu nahi izan dute: "zergatik bihurtu zen tortura poliziaren praktika sistematiko bat, diktaduratik hasita eta mende honetako bigarren hamarkadara arte". Antzeko gertaera eta indarkeriarik berriz ere ez gertatzeko "horiek posible egin dituzten mekanismoak etetea", dela bidea ohartarazi dute. 
Aitortutako tortura kasuak

  • Polentzi Goikoetxea Barandiaran, bi aldiz torturatua Guardia Zibila eta Brigada Politiko Sozialarengatik 1980an.
  • Jose María Alemán Zabaleta, Guardia Zibilak torturatua 1982an.
  • Jon Patxi Arratibel Garziandia, Guardia Zibilak torturatua 1997an eta 2011n.
  • Leire Markina Rey, Polizia Nazionalak jipoitua 1999an eta Guardia Zibilak torturatua 2001ean.
  • Luis Goñi Lara, Guardia Zibilak torturatua 2008an.
  • Araitz Amatria Jiménez, Espainiako Polizia Nazionalak torturatua 2008an.
  • Ainara Bakedano Cuaresma, Guardia Zibilak torturatua 2009.

Ebazpen hauekin dagoeneko 94 dira Foru Lege honen esparruan indarkeria politikoaren biktima bezala aitortutako pertsonak. Animatu dituzte gainera Nafarroan Estatuaren indarkeria politikoa jasan duten pertsona guztiak animatu nahi dituzte aitortza eskaerak aurkeztera. Epeak zabalik jarraitzen du 2027ko uztailera arte eta edozein laguntzarako eskura jarri dituzte info@egiarizor.eus edo nafarroakotorturatuensarea@gmail.com helbide elektronikoak eta 948307715 telefono zenbakia.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Tortura
Eguneraketa berriak daude