Ertzaintzak foam pilotaz zauritu zuen Xuhar Pazosek epailearen aurrean deklaratu du

  • Ertzaintzaren pilotakadak bizi osorako ikusmen urritasuna eragin zionetik 21 hilabetera deklaratu ahal izan du lehen aldiz Xuhar Pazosek. Epaiketa publiko bat izatea nahi du bere defentsak, eta Ertzaintzarena ez den bertsioa defendatu ahal izatea. Xuhar Herri Plataformak elkarretaratzea egin du epaitegi kanpoan, “egia, aitortza eta justizia” eskatzeko.


2025eko azaroaren 18an - 11:07
Azken eguneraketa: 13:01
Tolosaldeko ataria
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

Astelehenean deklaratu ahal izan du lehen aldiz Xuhar Pazosek Tolosako 1. Instrukzio Epaitegian. 2024ko Tolosako inauterietan larriki zauritu zuen Ertzaintzak foam jaurtigailua erabilita: begian jo eta bizi osorako ikusmen urritasuna eragin zion. Ertzaintzaren aurka salaketa aurkeztu zuen, baina Tolosako epaitegiko magistratuak auzia artxibatu zuen iazko azaroan. Aurten, baina, Gipuzkoako Probintzia Auzitegiak kasua berriro irekitzeko agindua eman dio Tolosako 1. Instrukzio Epaitegiari. Horregatik, astelehenean, pilotakada jaso eta 21 hilabetera, deklaratu ahal izan du gazte villabonatarrak.

Aiert Larrarte Xuharren abokatuak, epaitegiko atean, adierazi du "eredu polizialaren inguruan" eztabaida politiko bat egon beharko balitz ere, beraiek eztabaida juridikora mugatuko direla: “Ea uzten diguten epaiketa batean Ertzaintzarena ez den beste bertsio bat defendatzen”. Abokatuak azaldu du argitu behar dela ea  poliziak istiluen aurkako materiala erabili zuenean behar bezala erabili ote zuen, eta ez beste ezer. "Hemen ez da eztabaidatu behar zer egiten zuen gazteak inauterietan kalean”. Eztabaida juridikoa epaiketa publiko batean eman beharko litzatekeela gehitu du, “herritarren eta prentsaren aurrean”. 

Beste epaile baten esku dago auzia orain, eta horren jarrera “ona” dela adierazi du Larrartek: hain zuzen ere, epaileak Ertzaintzaren abokatuen galderak moztu behar izan ditu, gogoraraziz Xuhar biktima dela. Bestalde, Larrartek adierazi du froga berriak aurkeztuko dizkiotela epaileari: “Poliziak pilota nola jaurtitzen duen ikusten den irudi batzuk; uste dugu ez duela altuera egokian botatzen”. Gaineratu du lekuko berri batzuk ere deklaratu beharko luketela.

Egia, aitortza eta justiziaren zain

Bitartean, epaitegi kanpoan, elkarretaratzea egin dute  Xuhar Plataformak deituta, “Egia, aitortza, justizia, #badagaraiagauzakaldatzeko” lelopean. Senide eta lagunez gain, Amaia Zabarte ere hurbildu da elkartasuna adieraztera. Zabarte ere Ertzaintzaren pilotakada batek larriki zauritu zuen Realaren eta PSGren arteko partidaren atarian Anoeta inguruan. Haren auzia ere hasiera batean artxibatu zuten, baina Donostiako Epaitegian ikertzen ari dira orain. 

Xuhar Pazosen aitak hitza hartu du Herri plataformaren izenean. Batez ere “ardura hartzeko” eskatu dio Ertzaintzari: “Ertzain bat epaitu behar bada, epaitu beharko da beste pertsona bat epaitzen den bezala. Gaizki egiten denean onartu egin behar da pertsona horrek gaizki jokatu duela eta ardurak hartu behar dira”. Gaineratu du polizia gehiegikerien biktimei “aitortza eta justizia” eman behar zaiela.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Polizia gehiegikeriak
Eguneraketa berriak daude