Vueltako protestetan Larrabetzun isundutako herritarrak babesteko kanpaina abiatu dute

  • Espainiako Vuelta Larrabetzutik igarotzean protesta egin zuten bost lagunei 3.000 eurorainoko isunak iritsi zaizkie. Zigortuei elkartasuna adierazi eta dirua biltzeko Eman vuelta errepresioari kanpaina abiatu dute.

San Mameseko zabalgunean egin dute aurkezpena Ecuador Etxea

2025eko azaroaren 20an - 12:02
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

Espainiako Vuelta Euskal Herrira iritsi zenean protesta ugari eta lasterketa geldiarazteko ekintzak egin ziren. Irailaren 3an, Bizkaian barrena izan zen etapan Larrabetzun, Enekurin, eta Bilboko helmugan mobilizatu ziren. Larrabetzun, zigorrak jaso dituzte Palestinako genozidioa salatu eta Israel Premier Tech taldearen partaidetza gaitzetsi zutenek. Bertan, hemeretzi herritar identifikatu zituen Ertzaintzak, eta bosti iritsi zaizkie isunak, 3.000 eurorainokoak.

Zigortuei sostengua emateko kanpaina aurkeztu dute asteazkenean: Eman vuelta errepresioari. Kanpainaren helburua zigortuei elkartasuna adieraztea eta horiei diruz laguntzea da, Palestina jasaten ari den sarraskia salatzen jarraitzeaz gain. Horretarako, hainbat herritan ibiliko dira informazioa banatzen eta dirua biltzen. Kontu korronte bat zabaldu dute, prozesu horrek ekar ditzakeen gastuak eta isunak ordaintzeko. Nahi duten guztiek izango dute diru ekarpena egiteko aukera. Gainera, jakinarazi dute epaitegian isunei nola aurre egin aztertzen ari direla, eta helegiteak aurkeztu dituztela dagoeneko.

Bestalde, adierazi dute badakitela Larrabetzun identifikatutakoak ez direla isunak jaso dituzten bakarrak izan. Laguntza sarea handitzeko, eskua luzatu nahi diote "zigortutako orori", aurkeztu duten dinamikara batzeko eta “elkarrekin errepresioa salatu eta palestinar herriarekiko elkartasuna josten jarraitzeko”.

Agintari politikoen jarrera gaitzetsi dute

Protesten helburua garbia zen: “Kaleak aldarrikapenez eta mobilizazioz bete genituen, argi eta ozen esateko ez genuela onartuko Israel kirolaren bidez egiten ari den aurpegi zuriketa, eta adierazteko Israel estatu genozida bat dela”. Agintari politikoek protestekin izan duten jarrera gaitzetsi dute: “Mobilizatzen ari ziren herritarrengan jarri baitzuten arreta beste behin, Israel Premier Tech taldeak parte hartzearen arduragabekeria gaitzetsi beharrean”. Batez ere, Eusko Jaurlaritza eta Nafarroako Gobernua interpelatu dituzte, “Palestinarekiko elkartasuna kriminalizatzeari” utz diezaiotela exijitzeko eta “genozidioa gelditzeko euren esku dauden neurri guztiak” hartzeko.

Kanpainaren aurkezpena leku sinbolikoan egin dute: San Mames estadioko zabalguneko eskaileretan, joan den asteburuan Palestinaren aldeko aldarrien zentroa izan zen lekuan. Agintari politikoek eta erakundeek ere bat egin zuten egun horretako aldarriekin, baina Bilboko Udalak hurrengo egunean dagoeneko garbitu zuen eskailera horretan margotu zuten Palestinako bandera.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Errepresioa
Eguneraketa berriak daude