Euskararen, katalanaren eta galizieraren lege aitortza indartzeko lege proposamena aurkeztu dute Espainiako Kongresuan

  • 22 parlamentarik izenpetu dute testua, eta taldeei dagokionez, ondokoek bat egin dute: EH Bildu, EAJ, ERC, BNG, Compromis, Mes per Mallorca eta En Comu.

Azaroaren 19an aurkeztu dute lege proposamena EH Bildu

2025eko azaroaren 20an - 17:39
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

Euskararen, katalanaren eta galizieraren ofizialtasuna indartzeko helburua duen lege proposamena aurkeztu dute asteazkenean Espainiako Kongresuan. 22 parlamentarik izenpetu dute testua eta zehazki, EH Bildu, EAJ, ERC, BNG, Compromis, Mes per Mallorca eta En Comu taldeetakoak dira bat egin dutenak. "Hizkuntza politika ausarta eta aterpe juridiko sendoa behar ditu euskarak oldarraldi judizialari aurre egiteko. Nazioaniztasuna ezin daiteke sinbolikoa izan. Bada garaia euskal hiztunon hizkuntza eskubideak errespetatzeko", adierazi du EH Bilduko bozeramaile Mertxe Aizpuruak.

Botere judizialarekin eta Espainiako Estatuko administrazio orokorrarekin dituzten harremanetan norberak bere hizkuntza propioan jardun ahal izateko bidea bermatzea du helburutzat lege proposamenak. Demagun, Espainiako Estatuko instituzioen jardunbide ohikoan gaztelania lehen lerroan jartzen dela kontuan hartuta, "desoreka" hori zuzendu nahi izan dute, argi utziz euskaraz, katalanez edota galizieraz aritzeak "erabateko baliozkotasun juridikoa" duela. Hortik tiraka, hainbat lege erreforma proposatzen ditu testuak. Besteak beste, horietako batean jaso dute justizia administrazioan jarduteko aintzat hartu beharko dela euskaraz, katalanez edo galizieraz jakitea, baita justizia prozeduretan ontzat jo beharko direla hizkuntza horietan idatzitako dokumentuak.

Hezkuntza arloa ere jorratzen dute lege proposamenean. Gaur egun, araudi autonomikoek diote derrigorrezko hezkuntza bukatzean ikasle guztiek gaztelania ez ezik autonomia erkidegoko hizkuntza ere jakin beharra dutela. Lege proposamenarekin, ordea, urrunago joan nahi dute, estatu mailako lege organiko batean bermatuta betebeharra.

Junts per Catalunya alderdiak ez du bat egin oraingoz lege proposamenarekin eta testua aurkeztu dutenek zehaztera eman dute PSOErekin ere hartu-emanetan direla.


Hizkuntza eskubideak kanalean gehiago
2026ko ekainaren 25
Enplegu Publikoaren Legea Eusko Legebiltzarrean
EHE: "Legea ez da euskalgintzak aldarrikatutakora hurbildu ere egiten"

Eguneraketa berriak daude
Badator udako 'Gakoak' zenbaki berezia
Euskal drag mugimendua
Euskal drag mugimenduari buruzko argazki-erreportajea, espetxean 30 urte egin zituen preso politiko kurdu batekin elkarrizketa, Elena Uriz eta Itziar Aizpuru aktore beteranoak elkartuta solasaldia, Atxarteko harrobiaren aurkako borroka ekologistaz erreportajea, kultur gomendioak, izarrak ikusteko ibilaldiak...