"Gongorako zabortegiaren aurkako borrokak Aranguren ibarra lotu zuen betiko"

  • Aranguren, Irulegiko Eskua agertu den bailara, zortzi herrik osatutako Iruñerriko haran irekia da. 1990eko hamarkadaren hasieran Gongora herrian egin zuten zabortegiaren aurka tinko bildu ziren orduko 1.200 bizilagunak. Borroka hartatik sortu zen haien herriak defendatzeko eta kudeatzeko grina. Eta hala jarraitzen dute egun 13.300 biztanle eta Nafarroako zerbitzu onenetakoak dituen udalerrian. Orkestra zuzendaria Manolo Romero da, hautagaitza independenteko burua eta orain bere zortzigarren legegintzaldirako berriz alkategai aurkeztuko dena.

Argazkia: Dani Blango / ARGIA CC BY-SA
Argazkia: Dani Blango / ARGIA CC BY-SA
Manolo Romero Pardo. Oliva de la Frontera, Badajoz, 1961

Iruñerriko Aranguren Ibarreko alkatea da duela 28 urtetik. 1972an etorri zen Mutiloara aita-ama eta arreba gazteenarekin. Ordurako hiru anaia-arreba nagusiak etorriak ziren Badajozetik lan egitera. 1992an zabaldu zuten Gongorako zabortegiaren aurka bildu ziren tinko, garai hartako ibarreko biztanle gehienak bezala. Romerok ere parte hartu zuen herri mobilizazio handi hartan, auzokide eta Mutiloako kontzejuko presidente gisa. 1995etik Aranguren ibarreko alkatea da Talde Independentearen izenean, 1987tik zegoen aurreko alkate independenteari lekukoa hartuta.

Zergatik du hainbesteko indarra hautagaitza independenteak Arangurenen?
1989an Mankomunitateak proiektu bat onartu zuen Gongora herrirako, baina herritarrek ikusi zutenean zabortegi huts bat besterik ez zela izanen, izugarri haserretu ziren. Garai hartan 1.200 bizilagun inguru geunden bailaran, harreman handia genuen eta honek elkartasun giro trinkoa sortu zuen. Mugarri bat izan zen. Partekatu genuen Gongorako zabortegiaren aurkako borrokak Aranguren ibarra lotu zuen betiko.

Nola aldatu da Aranguren hiru hamarkada hauetan?
Mutiloa, hiriburua, izugarri aldatu da eta jakin du bere potentziala aprobetxatzen. Bailaran 30 urtean pasa gara 13.500 bizilagun izatera, Nafarroako bataz besteko per capita errenta handienetakoa dugu, 30.000 eurotik gorakoa, langabezia-tasa baxuena eta populazio oso gaztea: 2.500 haur eta gazte ditugu 15 urtetik beheiti eta 15 eta 20 urte bitartean beste 1.500. Hemen enpresa txikiak, nekazari eta abeltzainak dira nagusi. Honetaz gain, gure lurretan industria gune bat dugu, Taxoareko kirol instalazioak eta Nafarroako Unibertsitate Publikoa.

Oso une garrantzitsua izan zen 90eko hamarkada, Nafarroako Gobernuak tokiko administrazioaren lege berria atera zuenean. Horrek aukera ematen zien 1.000 biztanle baino gehiago zuten kontzejuei udal konposatuetatik ateratzeko. Berriozar, Antsoain, Zizur, Lekunberri eta beste herri askok bide hori hartu zuten, gure ustez gehiegi pentsatu gabe nola gelditzen ziren udalerri haietako beste herri txikiagoak. Arangurenen kontrako hausnarketa egin genuen: zabortegiaren bataila honetan elkarrekin egon bagara, zergatik ez dugu beste formula bat bilatzen geurea kudeatzeko? Ikuspuntu honetatik abiatuta Mutiloako kontzejua deuseztatu eta Aranguren Ibarreko Udala eratu genuen, Mutiloa hiriburu eta beste zazpi herri txikiak haien nekazari eta abeltzain izaera gordeta. Neurriko hazkundea eta ordenatua egitea zen gure helburua. Lanean hasi ginen herri guztiei azpiegitura egokiak emateko eta etxebizitzekin batera, zerbitzuak ere garatzeko. Gure etekin guztiak beti zerbitzuetan inbertitu izan ditugu eta jendeak hori izugarri baloratzen du. Hau dena auzo-erronka gisa planteatu genuen. Asanbladetan sortu zen funtzionatzeko modu hori eta horrekin jarraitzen dugu.

Gure helburua beti izan da etxebizitzak egitea lehenbizi bertako auzo-lagunentzat. Hori dela eta, urte hauetan gure herri hautagaitza hazten joan da etengabe. Batzuek uste zuten populazioa zenbat eta gehiago hazi, orduan eta sostengu txikiagoa izanen genuela, baina kontrakoa gertatu da. Alderdi handiak bailaran agertu zirenetik, jendeak desberdintzen du bere bozka hemen eta parlamentuan. Gure politikak aurrerakoiak dira eta bozka ematen digun zentro-eskuineko jendeak ez digu trabarik jartzen politika horiek egiteko.

IRULEGIKO ESKUA
"Zur eta lur gelditu ginen eta harrigarria izan zen azaroaren 14an publiko egin arte zeinen ongi gorde zen informazioa, inori ezer exijitu gabe"

Nola hasi zen Irulegiko aztarnategiaren proiektua?
2005-2006. urteetan, oinarrizko zerbitzu guztiak martxan jarrita genituela, bestelako inbertsioak egiten hastea planteatu genuen. Horrela, 2008an Aranzadirekin harremanetan jarri ginen Irulegiko gazteluaren indusketa lanak egiteko eta ordutik 30.000-40.000 euro horretara bideratu ditugu urtero.

Nafarroako Gobernuan hasieran uzkur ibili ziren, baina denborarekin gugan konfiantza hartzen joan dira. Hala ere, udalak 550.000 euro baino gehiago inbertitu ditu, eta gobernutik sos bat ere ez dugu jaso. 2018an gazteluarekin bukatu genuenean Aranzaditik esan ziguten magalean herrixka baten aztarna garrantzitsuak bazirela eta erabaki genuen indusketa horietan ere inbertitzen jarraitzea. Orduan Nafarroako Gobernuak berotasun gehiagoz hartu zuen gaia eta 7.000 euro inguru eman zizkiguten. 2021ean eskua agertu zenean danbateko arkeologiko eta linguistikoa erabatekoa izan zen. Zur eta lur gelditu ginen eta harrigarria izan zen azaroaren 14an publiko egin arte zeinen ongi gorde zen informazioa, inori ezer exijitu gabe.

Argazkia: Dani Blanco / ARGIA CC BY-SA
"Guri turismo hitzak beldur ikaragarria ematen digu. Balioan jarri nahi dugu Arangurenen duguna, baina hona datozen bisitariei argi utziz hemen abeltzaintza eta nekazaritza nagusi direla eta hori errespetatu behar dela"

Eskuarekin nola aldatu da orain egoera?
Eskua ardatza da eta jendea ekarriko du Arangurenera, baina gauzak ongi egin behar dira. Hori dela eta guk erakundeei esaten diegu dirua eman nahi badute, ongi, baina ez dezatela zehaztu zertan gastatu behar dugun. Nafarroako Gobernuak 250.000 euro emanen zuela esan zuen, Iruñerriko Mankomunitateak 200.000, Madrildik 300.000 etorriko dira EH Bilduren aurrekontuen zuzenketa bati esker… baina guk esan behar dugu zertan inbertitu hori dena.

Indusketekin jarraitu behar dugu, baina azpiegitura batzuk ere sortu behar ditugu jendeari harrera egokia emateko, hauek nekazarien eta abeltzainen herriak direla ahaztu gabe. Gongorako jauregian harrera gune nagusia jarri nahi dugu bisitariei informazio eta zerbitzu guztiak emateko. Duela zenbait urte Aranzadi Zientzia Elkarteak jauregia hartu zuen bere Nafarroako egoitza han jartzeko asmoz, baina krisiarekin diru ekarpen gutxiago jaso dutenez, udalak erosi zuen haiekin partekatzeko asmoarekin. 2,5 milioi euro baino gehiago inbertitu dugu orain arte eta oraindik ez dago bukatuta. Kultura eta ingurumenaren erreferentzia izanen den gune bat egin nahi dugu. Guri turismo hitzak beldur ikaragarria ematen digu. Nahi duguna da balioan jarri Arangurenen duguna, baina hona datozen bisitariei argi utziz hemen abeltzaintza eta nekazaritza nagusi direla eta hori errespetatu behar dela inor zapalduta sentitu ez dadin.

Oso garbi dugu, era berean, aurkikuntza hau zeinen garrantzitsua den euskararentzako. Horregatik Nafarroako Gobernuari esaten diogu honek hausnarketa sakon bat eragin behar duela eta hurrengo legealdian pentsatu behar dela eremu mistoarekin zer egin, aurkikuntza honek erakusten duelako Iruñerrian hizkuntza aspalditik dagoela finkatuta eta ez behin osoko bilkura batean hatzak altxatu zirelako. Nafarroa osoan adostasunaren bidea landu dezala eskatzen diogu gobernuari.

Duela 12 urte D eredua zabaldu zenuten, “eremu ez euskaldunean” egon arren. Zergatik?
Beti oso udal aldarrikatzailea izan gara. D ereduko gela bat zabaldu genuen eskola publikoan eskaera aski zegoelako. Gobernuak onartu zuen, baina exijitu zigun eremuz aldatzeko eskaera osoko bilkuran onartu behar genuela. Aho batez onartu zen eta 2010etik eremu horretan gaude. Gaur egun 450 ikasle baino gehiago ditugu D ereduan eta, gainera, ikastetxe bat egin berri dugu, propio eredu honetarako, uste dugulako hizkuntzan murgiltzea ezinbestekoa dela. Nafarroan askok uste dute onena dela denok toki berean egotea elkarbizitzarako, baina hori oso zaila da defendatzeko. Ikustea besterik ez dago, ingelesa ikasi nahi baduzu Irlanda edo Ingalaterrara joaten zara eta ez Caparrosoko akademiarik onenera, ezta? Hau, agian, D eredu hutseko azken ikastetxetako bat izanen da, gaur egun politika moldeak ez doazelako bide honetatik.

Itunpeko ikastetxe bat dugu bailaran eta haiekin batera lan egiten dugu zerbitzu onak izan ditzan, baina udal bezala irakaskuntza publikoaren alde egin behar dugu, hezkuntza unibertsalaren bermea eta eskola familien elkargune soziala delako, herria eta bailara egiten laguntzen duelako.

"Jendeak desberdintzen du bere bozka hemen eta parlamentuan. Gure politikak aurrerakoiak dira eta bozka ematen digun zentro-eskuineko jendeak ez digu trabarik jartzen politika hauek egiteko"

Euskara zerbitzua ere eremu mistora pasa baino lehenago zabaldu zenuten.
Bai, ulertzen dugulako koordinazioa eta euskararen ordenantza egokiak ezinbestekoak direla. Iruñerrian ordenantza asko daude onartuta, baina askotan Administrazio Epaitegiak zapuzten ditu udalen erabakiak. Zergatik egon behar du epaitegi horrek udal baten gainetik bere plantillaren osaketari dagokionez? Eta zergatik ez dute errekurritzen lehenago, prozesuak amaitu baino lehen? Ematen du azkenera arte esperoan daudela, kalte handiagoa sorrarazteko.

Urtetan euskararen aurkako jarrera eta ekintza gogorrak ere pairatu ditugu. Pirritx eta Porrotxen aurka, adibidez, 1.000 sinadura bildu zituzten. Terrorismo gogorra zegoenean ere, beti elkarrizketaren alde egin dugu eta gatazka latzak izan ditugu UPNrekin. Oso une zailak bizi izan arren, gure hautagaitzak lortu du bizirik irautea herritarrengandik oso gertu gaudelako.

Udalerri aberatsa zarete?
Udal honek ez du inoiz mailegurik eskatu eta inoiz ez dugu zorrik izan inoiz ez dugulako gastatu ez genuen dirua. Errenta altua dugu langabeziarik ia ez dagoelako.

Eta hori nola lortzen da?
Neurri batean enpleguari laguntzeko 400.000 euro dugulako urtero gure aurrekontuan. Auto-enplegurako laguntzak ematen ditugu, eta kanpoko enpresa batek Arangurengo langabetu bat kontratatzen duenean, hari ere diru-laguntza ematen diogu.

Zerga asko jasotzen duzue industria gunearengatik?
Udala da garbiketa, argia, konponketak... ordaintzen dituena eta zergen %20a baino ez dugu jasotzen. Nafarroako Gobernuak, aldiz, BEZa eta PFEZa eramaten ditu eta Estatuak Segurantza sozialari dagokiona.

Argazkia: Dani Blanco / ARGIA CC BY-SA
"Iruñerako, adibidez, ongi ikusiko nuke akordio bat: Elma Saiz sozialista urte bat eta Joseba Asiron hiru urtez”

Nolakoa da etorkinen populazioa hemen?
Paradoxikoki hemen lan handia egin dugu beti etxebizitza sozialen alde eta gazteei etxe baterako sarbidea errazteko, baina gaur egun gurea oso toki garestia da bizitzeko. Hori dela eta hemen bizi den etorkinen populazioa ez da oso handia. Babes ofizialeko pisuez gain, 80 etxebizitza sozial egin ditugu gobernuarekin elkarlanean. Hona etortzen diren familiei lanerako eta formakuntzarako laguntza berezia ematen die udalak.

Noraino iristen dira udalen eskumenak?
Gai batzuk oso zehaztuta daude, baina beste asko, aldiz, zuk hartzen ahal dituzun eskumenak dira. Horietan udal bakoitzak jartzen du nahi duen sabaia. Guk, adibidez, oso harreman ona dugu Nafarroako Unibertsitate Publikoarekin, bere garaian irakasleentzako etxebizitzak egin genituelako, eta ordutik elkarlan handia izan dugu. Haiek egin ziguten egun bailara osorako dugun telekomunikazio sare publikoa eta orain lanean ari gara energia komunitateak abian jartzeko.

Hemen udaltzaingorik ez dago…
Batzuek tema handia dute segurtasunarekin. Oso seguru sentitzen dira udaltzain, foruzain eta guardia zibilak gertu izanda, baina nik guardia zibilarekin esperientzia txarrak izan nituenez, ez naiz haiekin seguru sentitzen. Zazpi albiente ditugu udaltzainen funtzioak betetzen dituztenak, baina ez dute armarik. Gainera, hemendik gutxira Foruzaingoaren polizia-etxe berria hemen zabalduko da eta Foruzainen presentzia nabarmenagoa izanen dugu inguruotan.

Alkate moduan denbora luze daramazu. Ez zara nekatzen?
Guk lau urtez behin kargu guztiak jartzen ditugu mahai gainean. Talde Independentean gaudenok baditugu gure lanak eta kudeaketan inplikatzen gara hala egin behar dela uste dugulako. Ez du zerikusik politika profesionalizatuarekin. Niri politika gustatzen zait eta niretzat ez da sakrifizioa herriaren alde lan egitea. Hemen egonen naiz jendeak nahi duen bitartean.

Zer gertatuko da, zure ustez, hauteskundeetan?
Hamazazpi zinegotzietatik hamaika ditugu orain, lau ditu Navarra Sumak, eta bana dituzte EH Bilduk eta PSNk. Hori mantentzea zaila izanen da eta ez dakigu zer gertatuko den eskuinaren zatiketarekin. Ematen du EH Bilduk jo duela bere sabaia. Oso militante fidelak dira eta gu haiekin oso ongi moldatzen gara, haiek eginen lituzketen politika asko egiten ari garelako. Sozialistak ez daude hemen errotuta eta Ahal Dugu, Ezker Batua edo Geroa Bai taldeen ingurukoak ez dira aurkezten herri hautagaitzari kalterik ez egitearren.

Nafarroako Parlamentuan aldaketa gutxi izanen da, nire ustez. Nafarroan EH Bildu asko igoko da eta gerta daiteke eskuinak alkatetza batzuk galtzea. Iruñerako, adibidez, ongi ikusiko nuke akordio bat: Elma Saiz sozialista urte bat eta Joseba Asiron hiru urtez. asko.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Udal eta foru hauteskundeak 2023
Udal hauteskundeetan "iruzur saiakera zantzuak" salatu ditu Donostiako EH Bilduk

Ekialdeko Barrutiko batzarraren eraketan antzeman du irregulartasuna, lau hautesmahai kontaketatik kanpo utzi baitira.


Analisia
Etsaien artean, lagunena

EH Bildu lehen indarra izan den herrietan, eta PPk edo PSNk alkatetza kentzeko aukerarik zuten kasuetan, alderdi espainolistek haien bitartekoak jarri dituzte hori egiteko. PSNk erraztu egin du UPNren alkatetza, esaterako Iruñean, boto zuria emanda. PPk, berriz, EAJ... [+]


2023-06-18 | David Bou
Erreakzioa

Udal hauteskundeak pasa eta astebetera, badirudi prest gaudela aztertzeko hauteskunde berri hauek utzi dituzten emaitzak, datozen lau urteetan udalerrien politika instituzionala markatuko dutenak. Azterketa posible guztietatik kezkagarriena, zalantzarik gabe, Herrialde... [+]


Udal osaketen analisia
Turismotik babesteko aldaketa politikoa dator euskal kostalde osoan zehar

Sopela, Bermeo, Mundaka, Lekeitio, Pasaia edo Hondarribia bezalako kostako herrietan EAJ alkatetzatik kanpo geratu da, turismo masifikatuaren aurkako programekin aurkeztu diren ezkerreko alderdi eta herri plataformen emaitzei esker.


Eguneraketa berriak daude