Gaur ekarri nahi dudan liburua 230 orrialde inguruko komikia da, Usue Egiak egindako material autobiografikoa hain zuzen ere. Durangoko Sor(tzaileen)-leku bekarekin bihurtu zuen hasierako Ustekabean krak proiektua Ura leporaino eleberri grafikoan.
Liburua hiru ataletan banatuta dago: lehenengoa da orri gehien hartuko dituena, luzeena. Eguneroko forma duela hasieratik jakingo dugu, izan ere, "2020ko martxoaren 15a, igandea" lerroburuarekin irekiko du orrialdea. Data osoa ekarri dut, alde batetik, atzera begiratuz gero gehienok gogoratuko dugulako egun zehatz hartan zer egin genuen. Baina bereziki, liburuaren testuinguruan kokatzen gaituelako: COVID-19a zela-eta hasieran bi aste iraun behar zuen itxialdia inposatu zen eguna baita. Autoreak azaltzen duenez itxialdi horri ordena eman eta errutina bat sortzeko ahaleginean egunero bost orduz marrazteko erronka jarri zion bere buruari. Lehenengo pertsonan idatzia dago (bere buruari hitz egiten dion pasarteetan salbu), eta oso errekonozibleak diren anekdotak jasotzen ditu (etxean kirola egiteko ohitura adibidez); erabiltzen genituen hitzak ere agertzen dira hausnarketak egiteko ("erresilientzia" edo "normaltasun berria") eta horrez gain, protagonistak egun haietan izandako desirak, gauetako ametsak eta entzundako musikak zein irakurritako liburuek leku dezente izango dute.
Bigarren zatia nahiko motza da eta hilabeteko denbora-elipsia dago aurreko ataletik. Konfinamendua (1. atala) eta deskonfinamendu osoaren (3. atala) bitarteko lau egunen kontakizuna da, momentu bi horien arteko zubia. Ordura arte marraztutakoa hartu eta egindako lana berrirakurtzen erakusten digu autoreak bere burua. Lehenengo atalean erabili duen umore tonua erabiltzen jarraitzen du hemen ere, eta irribarre batekin irakurtzen ari naizela topatu dut nire burua behin baino gehiagotan.
Hirugarren atalean pandemiak lekua izaten jarraitzen du (kutsadura, gaixotasuna, musukoa... ) eta deskonfinamendu garaian autoreak bizi izandako esperientzia jasotzen du. Bukaera azkar samar gertatu dela iruditu zait, agian, hasierako zatiarekin deskonpentsatu samar.
Kolore urdinean egindako marrazkiek josten dute liburua eta binetarik gabeko orri konposizioak arnasa ematen dio irakurketari, Egiak berak dioen bezala. Aipatzekoa da marrazkiak moldatu gabekoak direla. Hau da, egun haietan sortu bezala daude liburuan.
Arnas faltan izan ginen gutako asko, eta ura leporaino genuela sentitu. Imajinatzen dut laster hasiko garela izurrite garaiko beste materialak irakurtzen. Baina eskertzekoa da Egiak egunerokoa erregistratu eta publikatu izana. Guk ere oroitu eta gure burueri perspektibadun errelatua egiteko baliagarria izan daitekeena.
Maskara baten aitortza
Yukio Mishima
Itzulpena: Iker Alvarez
Igela, 2023
-------------------------------------------------------------------
Kochan protagonistaren desira homoerotikoaren kontzientzia hartzea eta esperimentazioa kontatzen zaigu Maskara baten aitortza-n... [+]
BASERRIA (H)UZ(S)TEN
Oskar Gaztelu
Erein, 2023
--------------------------------------------------------
Hitz gutxi batzuekin kontaezina kontatzeko aukera ematen omen dio poesiak Oskar Gazteluri (Larrabetzu, 1964). Orain arte saiakeragintzan aritua izan arren, berriki... [+]
Desberdinen kluba
Gidoia: Catia Baur
Ilustrazioak: Christophe Bouchard
itzulpena: Miren Agur Meabe
Ttarttalo, 2021
---------------------------------------------------------
Ikasturtea amaitu eta udarako irakurketak aukeratu nituenean ez nuen liburu hau hartu. Josune... [+]
Anker
Gidoia: Gregorio muro harriet
Ilustrazioak: Alex Macho
Kolorea: Garluk Aguirre
Harriet, 2023
2019ko urtarrilean dago kokatuta Anker komikia. Errusiako lurraldeetan, Txina eta Ipar Koreako mugetatik gertu. Bertan, Siberiako basoak soiltzen ari diren mafiak... [+]