Atzoko krimenak ahaztuta, gaurko gerrak nola saihestu?

  • Gernikako bonbardaketatik harago, Alemanian apenas daukate Kondor Legioak 1936ko Gerran herritarrak sarraskitzen izandako parte hartzearen berri. Carmela Negrete kazetariak kontatu du oroimen falta hori Contexto aldizkarian. Halako zorrak kitatu gabe, nola saihestuko dugu gaur egungo Europaren joera belizista?

Alemaniako Luftwafferen konpainia bereziko soldaduak Berlingo Brandeburgoko atean 1939ko ekainean Hitlerren aurrean egindako desfilea.  Argazkia: Alemaniako historia museoa
Alemaniako Luftwafferen konpainia bereziko soldaduak Berlingo Brandeburgoko atean 1939ko ekainean Hitlerren aurrean egindako desfilea. Argazkia: Alemaniako historia museoa

1937ko apirilaren 26a. Alemaniako Kondor Legioko eta Italiako Aviazione Legionariako hegazkinek Gernika garretan jarri eta herriko eraikinen %85 suntsitu zuten. Hildakoak 2.000 baino gehiago izan zirela uste dute gaia ikertu duten historialariek. Halako hondamendia Pablo Picassoren begietan iltzatuta geratu zen eta bere margolanak Gernika sinbolo bihurrarazi zuen mundu osoan.

Beste urte batez, bonbardaketaren sarraskia eta suntsiketa gogoratu dituzte aurten ere Gernikan. Ohi bezala garrasi egin du Astrako sirenak 15:45ean, duela zortzi hamarkada baino gehiago hegazkin faxistak hurbiltzen hasi zirenean egin zuen moduan. Eta kandelen ibilbidea osatu dute herritarrek iluntzean.

Baina lehen aldiz Espainiako Estatuko goi ordezkari bat izan da lore eskaintza ekitaldian: “Ohore bat da hemen egotea, bonbardaketarekin eraso zuten Errepublikako Gobernu legitimoa ordezkatzeko”, bota zuen Espainiako Gobernuko Presidentetzarako ministro Felix Bolañosek, esku bat bihotz parean jarrita. Askorentzat bihotzean aiztokada sartzea bezala izan da ordea. Eta giroa ez du lasaitu espainiar agintariek Bizkaiko Batzar Etxea “oroimen leku” izendatzeak.

Berriz ere errelatoaren borroka. Zeinen oinordeko da egungo Espainiako Gobernua? Errepublika demokratikoarena? Edo dena ondo loturik utzi zuen Francoren erregimenarena? Trantsizio garaian gauzak nola egin ziren ikustea besterik ez dago galdera horri erantzuteko. Guernica Gernikara ekimenak Argia.eus-eko eragileen plazan idatzi duen gisan, “jakina da frankismoaren iraupen sinboliko eta instituzionalaren jarraipenaren aurrean ez-ikusiarena egitea” izan zela trantsizio politiko horren oinarrietako bat.

Espainiako Presidentetzarako ministro Felix Bolaños Gernikako biktimen aldeko lore eskaintza ekitaldian. Argazkia: Irekia

Haatik, 1937an gertatutakoaren memoria eta aitortza falta ez dira soilik Espainiako Gobernuaren kontu bat. Gernikako sarraskia zuzenean eta odol hotzean exekutatu zuen Luftwaffe Alemaniako abiazioak, baina alemaniarren artean Gernika apenas da margolan baten izenburua.

Hala dio Carmela Negrete Ctxt aldizkariko Berlingo korrespontsalak El ‘Guernica’ o la punta de icerberg ("Guernica hala izebergaren punta") izeneko erreportaje zabalean. Kondor Legioak 1936ko Gerran izandako parte hartzeaz Alemanian duten ikuspegia aztertu du, eta dioenez, Picassoren Guernica “Francoren estatu kolpean Hitlerren Alemaniak izandako parte hartzearen irudi bakarra izatera igaro da”. Bere ustez, Alemania sarritan oroimen historikoa lantzeko eredu gisa hartu izan den arren, kasu honetan oso urrun dago baieztapen horretatik.

Mendebaldeko Alemanian gerraostean goi karguetan jarraitu zuten nazien portzentajea oso altua izan zen. Adibidez, Saxonia Beherea bezalako estatuetan ez zen kasik ezer aldatu: juristen %95ak iragan nazia zuen

Desagertutako artxiboekin, nola landu historia?

Herrialde hartako hedabide eta museoek albo batera utzi dituzte abiazio naziak Spanienkrieg edo “Espainiako Gerran” egindako beste sarraskiak. Adibidez, LeMO Online Museo Biziaren proiektuan, ez da zipitzik esaten alemaniarren interbentzioak suposatu zuenari buruz, eta Franco diktadorea “politikari eta militar” gisa deskribatzen da soilik, Negretek salatu duenez. Kondor Legioaren artxiboak desagertu egin dira, eta bere ekintzen inguruko informazioa eskatu izan denean, Asturiasko Gobernuak egin bezala, ikerketarik ez dagoela erantzun dute Alemaniako administrazioetatik.

Baina jakin badakigu 1936ko abuztuan gerra hasi eta berehala, Adolf Hitlerrek gerrarako materiala eta “boluntarioak” bidali zituela militarren altxamendua babestera, eta Kondor Legioak gutxienez 5.000 lagun izan zituela gerra frontean… 600 hegazkin aparaturekin batera. Hugh Thomas historialari ospetsuarena da kontaketa hori.

Xabier Irujo Renoko Unibertsitateko ikerlariaren arabera, Luftwaffek gutxienez 650 bonbardaketa egin zituen Euskal Herrian, eta lurraldea esperimentatzeko toki bezala erabili zuen. Gernika baino hilabete lehenago hegazkin alemaniarrek Durango txikitu zuten, eta gero Eibar, eta beste hainbat herri ere bai. Gernika arratsaldez bonbardatu zuten egun berean, ordu batzuk lehenago, Kondor Legioko Junker 52 bonbardaketariek eta Heinkel 51 ehiza hegazkinek erasoa jo zuten Munitibarren: “Deskargatzen zian ta atza buelta. Eta etorten zian ‘kazaku’ esaten geuntzen guk, ametralladorakin ta… akabo!”. Juana Bollar munitibartarraren hitzak dira, Ahaztuen Oroimenak berriki argitaraturiko Munitibar 1937/04/26. Aire-eraso baten kronika liburuan irakur daitezke. Hortaz, “beste Gernika” asko ere izan ziren Kondor Legioaren jomugan.

1937an faxistek bonbardaketak areagotu zituzten Bizkaiko frontean izua zabaltzeko eta herritar xeheak izan ziren Alemaniako eta Italiako abiazioaren biktima nagusienak. Irudian, Dima inguruan ihesean. Argazkia: Espainiako Liburutegi Nazionala

Alemaniako Parlamentuak 1997an eskatu zion barkamena ofizialki Gernikako herriari. Baina, Bartzelonako Unibertsitate Autonomoko historia irakasle David Alegrek Ctxt-ko kazetariari azaldu dionez: “Picassoren eraginagatik interes politikoa Gernikan fokalizatu izana ez da kasualitatea, eztabaida publikoa blokeatu nahi duen kezko lehergailu bat da, Alemaniak [Espainiako Estatuko] errepublika demokratikoaren deuseztapenean izan zuen erantzukizuna estaltzeko”.

Are gehiago, Alegrek dio alemaniar jendarteak bere herrialdearen izenean egin ziren krimenekiko “indiferente” izateko joera duela azkenaldian, eta arreta gehiago jartzen zaiola hango herritarrek Bigarren Mundu Gerran jasandako sufrimenduari,  Hirugarren Reichak eragindakoari baino. Hala, askok Kondor Legioaren historia bere protagonistek azaldu moduan ikusten dute: “Abentura sinpatiko bat bezala”.

Alemanian askok Kondor Legioaren historia
bere protagonistek azaldu izan duten moduan ikusten dute:
“Abentura sinpatiko bat balitz bezala”

Agian horrela uler liteke Berlingo etorbide oso batek, Spanische Alle (Espainiar etorbidea) delakoak izen hori mantentzea. 1939ko ekainean Kondor Legioko milaka soldaduk desfilatu zuten Brandeburgoko Atean Adolf Hitlerren aurrean, eta haiek omentzeko jarri zioten izen hori etorbideari. “Ondoko plaza txiki batek, berriz, Gernika izena darama”, azaldu du Negretek.

Naziek goi karguetan jarraitu zuten

1945ean Alemaniak kapitulatu ostean “desnazifikazio” prozesu sakon bat hasi zela uste duenak, irakurri dezake Die Benjamins. Eine deustche Familie (Bejamindarrak. Alemaniar familia bat) liburua, 2020 urtetik Trotta argitaletxeak kaleratutako gaztelaniazko bertsioa ere badu horretarako. Uwe-Karsten Heye kazetari eta diplomatikoak idatzia, gerraosteko bi Alemaniatan, mendebaldekoan zein ekialdekoan, jazotakoa ederki islatzen du Walter Benjamin filosofoaren eta bere familiaren bidez, batez ere Justizia ministro izan zen bere koinata Hilde Benjaminen bidez.

Mendebaldeko Alemanian –Alemaniako Errepublika Federalean– Estatuko eta gizarteko goi karguetan jarraitu zuten nazien portzentajea oso altua izan zen. Nazionalsozialismoaren “jarraitzaile” bezala agertzen ziren epaileek, adibidez, euren postuak mantendu zituzten; Saxonia Beherea bezalako estatuetan ez zen kasik ezer aldatu eta juristen %95ak iragan nazia zuen: “Jurisprudentzia ez zen oinarritzen balioen sistema batean, baizik eta botere sistema batean”, dio Heyek. 1951n egindako inkesta baten arabera, mendebaldeko alemanen ia erdiak uste zuen erregimen naziak “bere gauza onak ere izan zituela”.  

Oso bestelakoa zen egoera ekialdean, Alemaniako Errepublika Demokratikoan, zeinean kriminal nazien espediente eta zerrendak argitaratzen zituzten politikoki egoki iruditzen zitzaienean. Hilde Benjaminek gidatu zuen prozesu hori. Baina mendebaldeko nazi zaharrentzat aitzaki ezin hobea bihurtu zen “ministro odoltsuaren” pertsekuzio hori, euren iragana ahaztu arazteko. Heyek dio 1950eko hamarkadako Der Spiegel edo Die Zeit-en orrialdeak hartzen dituenak, sobiertar eremuari edo ekialdeko Alemaniari buruzko artikuluak irakurtzean aurre egin beharko diola benetako propaganda nazi bati: “Gerra Hotzak Alemaniako Errepublika Federalari baimendu zion oroimen historikoa galtzea”, ondorioztatu du kazetariak. “Horrela, mendebaldeko Alemaniak bere iraganari eta nazien krimenei kritikoki aurre egiteko gogo eskasa, azkenean bilakatu zen Ekialdearen eta Mendebaldearen arteko gerra propagandaren instrumentu bat”.

Leopard tankeak Ukrainara bidaltzen lehenengotakoa Poloniako Gobernua izan da (ezkerreko irudian), baina beste herrialde askok gauza bera egin dute edo egingo dute, tanke mota hori ekoizten duen Alemaniak baimena eman ondoren.

Okerrena da memoria falta horrek bi Alemaniak bateratu zirenean ere iraun zuela, Heyeren esanetan: “Harresiaren ondorengo urteetan, berriz ere eskuin muturreko ideiak eta eguneroko arrazakeria gogor bat azaleratu ziren errepresio kolektiboaren estratu sakonenetatik”.

Eta orain, Leopard tankeak Ukrainara bidaltzeko erabakiak zatiketa itzela sortu du alemaniar gizartean, baita ezkerreko jendeen artean ere –hala kontatu digu Carmela Negretek ere Ctxt-en–. Bitartean, Bruselak proposatu du artilleriako armak produzitzeko 500 milioi euro gehiago jartzea, urtean milioi bat jaurtigai egitera iristeko, horiek ere Ukrainara bidali asmoz noski. Stockholmeko Bakearen Ikerketarako Nazioarteko Institutuaren azken txostenak dio Europa mendebaldeko eta erdialdeko herrialdeen aurrekontu militarra Gerra Hotzaren garaiko mailan jarri dela berriz ere.

Beraz, Alemaniaren eta Europaren egungo joera belizista testuinguruan jartzeko, ezin esan oroimen historikoarekin dugun zor hori osagai garrantzitsua ez denik...


ASTEKARIA
2023ko maiatzaren 14a
Irakurrienak
Matomo erabiliz
#2
#3
Olaia Salazar Urrutia
#4
#5
Barbara Miller
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Oroimen historikoa
2024-04-26 | Xuban Zubiria
Memoria berreskuratzeko usurbildarrak lehen lerrora

Andatza mendia memoria leku bihurtu zuen Usurbil 1936 elkarteak apirilaren 13ko birsortze historikoan. Herritarren lan boluntarioarekin berreskuraturiko lubakiak antzezleku bihurtu ziren egun batez. Gerraren eraginez Usurbilen jazotakoak elkarbanatzeko enegarren ekimena izan da.


Gernikan sirenak beste urte batez deiadarka, palestinako herritarren eta Bakearen Artisauen eskutik

87 urte bete dira ostiral honetan, 1937ko apirilaren 26an abiazio faxistak Gernika bonbardatu eta sarraskitu zuenetik. Urtero legez ekitaldi andana antolatu dute erakunde eta eragile sozialek. Tartean, pasealekuan eta Astra fabrikan dauden sirenak martxan jartzea.


Erorien monumentua eraistearen aurkako pintaketa faxistak egin dituzte Iruñeko Alde Zaharrean

Joseba Asiron alkatearen aurkako irainak margotu dituzte EH Bilduren egoitza batean.


Eguneraketa berriak daude