Walter Benjaminen azken orduak

  • “Inork ezagutzen ez nauen Pirinioetako herri txiki batean bukatuko da nire bizitza”. Hitz horiexek izan ziren Walter Benjaminek idatzi zituen azkenak, 1940ko irailaren 25eko gauean, orain dela 80 urte, beraz, bere buruaz beste egin aurretik. Hiltzeko erabakia hartzera zerk eraman zuen jakiteko, bizirik eman zituen hondar orduak berregin ditugu.

Zure babesik gabe independetzia ezinezkoa zaigu

Balirudike Walter Benjamin (Berlin, 1892 - Portbou, 1940) derrigorrezko erreferentzia bilakatu dela mundu intelektual eta, batez ere, sasi-intelektualean. Ez dago testurik haren zita batek edertuko ez duenik –beteko balitz bezala Miguel Sánchez-Ostizen sententzia hura: “Hobe da tira egitea prestigiozko zita-bildumari (faltsuak tartean), nork bere kabuz pentsatzea baino”–. Benjamin irakurtzea, ulertzea eta asimilatzea jada beste gauza bat da –hasteko, ez baita batere erraza hiru horiek egoki egitea, hain zen bereizi, askotariko, berezia haren obra–. Eta zita batek edertzen badu edozein testu, pentsa zer eragin izan dezakeen Benjamini buruzko artikulu oso bat idazteak artikulu hori idatzi duenarengan. Prest nago ondorioak, direnak direla, nire gain hartzeko.

Hainbeste idatzi zuen, hainbeste idatzi da hari buruz, zeozer ulertzen saiatzeko, osotasuna ezin eta zatia hartzea izan daitekeela onena, otu zaigu, pasadizo bat aukeratzea, pertsonaiaren osotasuna intuitzen saiatzeko. Zatia, hain zuzen, Frantziatik Espainiara, Ipar Kataluniatik Hego Kataluniara, Banyulsetik Portboura egin zuen ibilbidea izango da, egin zuen azkena, ustez heriotzatik bizitzara izan behar, baina azkenerako bizitzatik heriotzara izan zena: oinez, paperik gabe, ihesean osatu zituen Banyulsetik Portboura dauden 15 kilometro luze eta malkartsuak. Ona omen ariketa fisikoa egitea, ez zaigu besterik bururatu: 80 urteren buruan, hain justu 2020ko irailaren 25ean, Benjaminek egin zuen bidea berregitea.

Zer izango zuen Benjaminek gogoan, mendian gora zihoala? Arriskuaz kontziente, egingo zion bere bizitzari errepasoa?

Trenez iritsi gara Banyuls de la Marenda udalerrira, irailean oraindik udatiar, bertako upategietan egiten den ardoagatik ezagun. Baina Portbouko geltokian jada, Europar Batasuneko bi estaturen arteko muga pasa aitzin, ikusi dugu lehen irudi kolpagarria: Erdialdeko Asiakoak diruditen pertsona batzuk, agian afganiarrak, trenbidetik, zaku astunak bizkarrean, tunelean barna muga pasa nahian. Eta, noski, bestaldean, Cerveran, polizia frantsesa dagoeneko mobilizatuta, haien esperoan. Benjaminek ibili zuen bidea, garaiaren arabera, iparretik hegora egin izan baita, baina baita hegotik iparrera ere. Kontrabandisten pasabide zena, 36ko gerrako iheslariek Espainiatik Frantziara ihes egiteko erabili zuten; II. Mundu Gerra lehertu zelarik hasi ziren iheslariak kontrako norabidea hartzen. Eta hor garrantzia berezia dauka izen batek, Lisa Fittkorenak, 1940ko irailetik 1941eko apirilera 100 lagun inguru lagundu baitzituen mugaz bestaldera, astean bizpahiru irteera. Walter Benjamin izan zen pasatzen lagundu zuen lehena. Eta, zoritxarrez, helburua erabat lortu ez zuen bakarra.

1933tik zeuden Frantzian Benjamin, Fittko, beste alemaniar asko eta asko bezala. Judutarra lehena, nazien kontrako borrokan engaiatua bigarrena, motiboak soberan zituzten biek ere Alemaniatik kanpo egoteko. II. Mundu Gerra hastearekin, ordea, arazoak areagotu zitzaizkien Frantzian, kontzentrazio-esparruetan sartu zituzten, Euskal Herri ondoan zegoen Gursekoan Fittko, Hanna Arendetekin batera, Fittkoren senarrarekin batera Benjamin, beste kontzentrazio-esparru batean. Lortu zuten horietatik ateratzea, baina kanpoan egoera ez zen askoz samurragoa. 1940ko irailean, gainera, Alemaniarako deportazioak hasiak ziren jada. Frantziatik alde egitea erabaki zuen Benjaminek, ez zuen beste aukerarik ikusten, bizitza salbatu nahi bazuen. Lisboako portua helburu eta Estatu Batuetara eramango zuen barkua hartzea, Espainia eta Portugal zapaltzeko baimena lortu zuen, ez Frantziatik ateratzekoa. Ilegalki egin behar, beraz. Eta mendiz. Hori zen irtenbiderik seguruena. Aurretiko abisurik gabe agertu zen Benjamin irailaren 24an Fittkoren etxean. “Barka molestatzea, anderea, zure senarrak esan dit Espainiako muga pasatzen lagunduko didazula”.

80 urte geroago, iparretik hegora ordez, hegotik iparrera joan nahi duten pertsonen irudi kolpagarria Portbouko tren geltokian (argazkia: Núria Juan Serrahima).

Banyuls

Herriko azken etxeak utzita, bidea hasten da mahasti artean gora. Auskalo aldaketa klimatikoagatik, mahats-bilketa egina dago jada, ezin izan gara ezkutatu mahats-biltzaileen artean, gure iheslariek egin bezala. Kurioski, hasiera-hasieran ikusi ditugu bide guztian zehar gurutzatuko ditugun pertsona bakarrak, noski mahasti batean, bikote gazte bat, Pariseko jantziz, jabe denaren ibileraz. Eta agian, gutaz gain, beste inork ez zuen egin Benjaminen bidea 80. urtemugan –badugu bilobei kontatzeko istorio bat–. Efemeridea aski esanguratsua izaki, espero genuen pertsonaiaren inguruko masa-pelegrinazio bat. Bada azkenerako gu izango gara pelegrinazio hori egiten bakarrak, gu sinesgabeok, fedea behar den arren aurrean ditugun aldapei ekiteko.

Hasiera partean bidea ez da jarraitzen erraza. Pixka bat intuizioz, asko bat GPSaren laguntzaz, egiten dugu aurrera. Ugariak dira bideak, bidexkak, tupustean bukatzen direnak, sarri inora ez daramatenak –Sánchez-Ostizek kargu hartuko liguke berriz: “Ez dago inora ez doan biderik; zuk ez badakizu bide bat nora doan, hori zure arazoa da”–. Benjamin parafraseatuz, ordea, ez dago mendi-xendarik basakeriaren lekuko ez denik; beraz, unean egokiena iruditzen zaiguna hartuta jarraitzen dugu gora. Ez zaigu erraz egiten, halaber, Benjamin bide aldapatsu hauetan irudikatzea: 48 urteko, baina bihotzeko arazoekin, nekez egingo zuen aurrera. Maleta pisutsu bat zeraman, gainera, Portbouko maleta gisa bataiatua izan dena, harrigarriro inork inoiz gehiago ikusi ez duena. “Nire azken eskuizkribua daukat bertan”.

“Inork ezagutzen ez nauen Pirinioetako herri txiki batean bukatuko da nire bizitza” idatzi zuen Benjaminek bere buruaz beste egin aurretik

Halako batean bukatzen dira mahastiak, eta hasten da mendikoago izenda genezakeen ibilbidea. Mugako guardiek zaintzen zuten gandorraren azpitik egiten da denbora guztiz, gehiegi igotzen ari zarela irudi gabe, baina izterrak galanki nekatzen direla. Eta espero dut Benjaminek zorte hobea izatea, ze guri tokatu zaigu tramontana, Brassensek aipatzen zuen haizeetako bat, segur aski bortitzena. Ez dago atzera bueltarik, ordea. “Egiazko arriskua pasatzen ez saiatzea litzateke”. Igoeraren une honetan, galdera: Fittkok bere memorietan egozten dizkion lauzpabost esaldietatik aparte, zer izango zuen Benjaminek gogoan, mendian gora zihoala? Arriskuaz kontziente, egingo zion bere bizitzari errepasoa? Berlingo haurtzaroa oroituko zuen, hainbat testutan egin bezala? Agian soilik gauza praktikoetan zeukan burua, arnas hartu, taupadak apaldu, zigarro bat erreko nuke gustura. Aldapa betean zaila da pentsamendu pisuagoak edukitzea, nahiko lan izango zuen oinaren atzetik jartzeko oina. Pentsatuko al zuen gehiegi zaindu ez zuen semearengan? Malkarretan, Walter Benjamin filosofoa baino, errazago irudika daiteke hezur-haragizko pertsona, bere hauskortasunean.

Malkarretan, Walter Benjamin filosofoa baino, errazago irudika daiteke hezur-haragizko pertsona, bere hauskortasunean (argazkia: Núria Juan Serrahima).

Eta, konturatzerako, iritsi gara lepora, Frantzia eta Espainia bereizten diren lekura –kartografiak hala dioelako, bestelako arrastorik egun ez baitago–. Muga, ikusezin, existitzen da, mugikorrean sartuko zaizu zure konpainia espainiarra. Auskalo haizeteagatik, auskalo Gestapokoek gu harrapatzeko beldurrik ez daukagulako, baina ez dugu gehiegi disfrutatu ikuspegia. Ez Lisa Fittkok bezain: “Bestaldean, parez pare, kristal turkesazko xafla baten gainera bortizki erortzen diren harkaitzak”. 14:00ak inguru ziren iheslariak lepora iritsi zirenean. Kontuan hartuta goizeko 7:00etan abiatu zela Benjamin, zazpi orduan egin zuen goranzkoa, bidearen erdia. Gaur eguneko baldintzekin, Gore-Tex eta abarrekoekin –gugan bego, Robert Gore jauna–, Benjamin baino urte batzuk gutxiagorekin eta, ustez, osasun hobearekin, pare bat ordutan egin daiteke. Baita, gu bezala, lehen solairurako eskailerak igotzera soilik ohituta dagoenak ere.

Beheranzko bidea Fittko gabe egin zuen Benjaminek, baina galbiderik ez da, begien bistan izan dugu uneoro Portbouko badia. Baita, luzamendutan ibili aurretik, oinen azpian herria bera ere. Desertua. Gezurra dirudi Benjamin bertan hil zela gaur 80 urte. Ostiral arratsaldea da, ados, udazken giroko lehena, baina haren zitak zenbat jendek erabiltzen dituen ikusita, uste genuen fansen bat behintzat bilduko zela. Keba. Hotel de Francia zena atzean utzita –”Etxe honetan bizi eta hil zen Walter Benjamin”; “bizi”, egia esan, ordu gutxi batzuez bakarrik, baina tira–, Comodoro izenekoan hartu dugu ostatu; erosotik gutxi duen arren, gaua pasatzeko nahikoa. “Irteerarik gabeko egoera batean, amaitzea beste erremediorik ez dut. Inork ezagutzen ez nauen Pirinioetako herri txiki batean bukatuko da nire bizitza. Goraintziak eman Adorno lagunari, eta esan, otoi, zein egoeratan nagoen. Ez dut aski denbora nahiko nituzkeen eskutitz guztiak idazteko”. Horiexek izan ziren Benjaminek idatzi zituen azken hitz guztiak. Frantziara itzuliko zutela esan baitzion Espainiako poliziak. Hala erabaki zuen bere buruaz beste egitea. Suizidioa ez nuke esango dela etsipenezkoa, baizik protesta. Bere heriotzak ahalbidetu zuen gainera beste askoren askatasuna.

Portbou

Biharamunean, satisfazioa, lortu dugu Benjamin baino urrunago iristea: esnatu gara. Eta Portbou herriari egin diogu bisita. Hasteko, nazioarteko tren estazioari, bertara joan baitzen Benjamin poliziari paperak erakustera, bertan hartu nahi baitzuen Madrilera eramango zuen trena, Madrilen Lisboarakoa. Lehen kolpean, eta bertatik bertara, desproportzioa, herriaren eta estazioaren artekoa, gorputzari atal bat izugarri handitu, hanpatu balitzaio bezala, munstrokeria. Bezperako afganiarrik ez, baina gazte arabiar batzuk ikusi ditugu gaur, ezker-eskuin, artega, Perpinya ze norabidetan dagoen galdezka. Egon gara esatekotan Walter Benjaminek duela 80 urte egindako bidea desegitea daukatela, seguru izango zaiela seguruagoa. Ezer esan gabe, ordea, jo dugu hilerrira.

Hannah Arendtek Benjamin hil eta denbora gutxira hilerria bisitatu zuenean, iruditu zitzaion "inoiz ikusi dudan lekurik eder eta miragarrienetako bat" (argazkia: Núria Juan Serrahima).

Hannah Arendtek, ihesean bera ere, Benjamin hil eta denbora gutxira hilerria bisitatu zuenean, iruditu zitzaion “inoiz ikusi dudan lekurik eder eta miragarrienetako bat”. Esaten dute heriotzak denok berdintzen gaituela, baina bista hauek ez dituzte hildako guztiek izango. Bertan dago Benjamini eskainitako memoriala ere, eskuarki artelan publikoekin gertatzen denaren kontra, aski erakargarria: itsaso harrora jaisten diren burdin herdoilduzko laurogei bat eskailera. Eta behean bidaia honi beste dimentsio bat ematen dion idatzia: “Zeregin nekezagoa da jende anonimoaren memoria ohoratzea pertsona ospetsuena baino. Eraikuntza historikoa izenik ez dutenen izenean egiten da”. Benjamin ez da anonimo, ordea, nahiz ezagutu jende gutxik ezagutzen duen –zitatzen duen jendearekin alderatuta bederen–. Eta Portboun hildako ilustre bat daukate, baina fardela dirudi, ez dakite oso ondo zer egin harekin. Ikerketa zentro bat iragartzen dute, auskalo noiztik. Asteburu honetan, hain zuzen, jardunaldi batzuk egiten ari dira, hizlariak beren motoa saltzera etortzen diren horietakoa, omenduarekin harreman eskasa izan ohi duten mintzaldi, performance ikuskizun, irakurraldi poetiko eta halakoak. Noski ez gara gerturatu ere egin. Bien bitartean, Pirinioetako herri txiki honek mota guztietako zintzilikatuak erakartzen ditu, beren irudimena askatzeko bezain espezial direla sinesten dutenak, kaleetan ikusgarri denez. Benjamini buruzko escape room bat eskaintzen hasi, baina bertan behera utzi zuten behintzat.

“Ez nuen hain tristea irudikatzen Portbou”, idatzi zuen zutabe batean Iñigo Aranbarrik. Tristea da Portbou, baiki, areago, deprimentea erabat, txantxa makabroa onartzen badidazue, suizidatzeko leku ezin hobea. Sekula ezer gertatu eta gertatuko ez dela dirudien lekua. Munduaren bukaera. Irun-Hendaia mugaren beste muturrean, Hondarribiaren beste puntan, Biriaturekin senidetuta, leku horien guztien ifrentzua dirudi. Baina Historiak leku bat gorde dio, igarobide, pasaleku gisa, nahiz Benjaminen kasuan izan bizitzatik heriotzarakoa. Mediterraneoa ere parez pare du, gaurko egunean milaka eta milaka iheslariren hiltoki. 1940, 2020, egoera ez da hain diferentea: “Zapalduen tradizioak erakusten digu egun bizi dugun ‘salbuespen egoera’ arautzat jo dezakegula”. Hartara, pentsa daiteke Portbou bilakatzen zaigula pasaleku guztien sinbolo. Eta Walter Benjamin, berriz, iheslari guztiena.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Literatura
Gorputzak dio

Kontra

Ane Zubeldia Mangriñá

Susa, 2025

----------------------------------------------------------------------------------

Hatz-mamiekin jarraituta irakurtzeko azalerak bildu ditu Ane Zubeldia Magriñák bere lehen poema bilduman: ur gainak, zuhaitz... [+]


Kaixo berriro, karis

Beste zerbait

Danele Sarriugarte

Consonni, 2025

------------------------------------------------------------------------------------------

Zazpi urte pasatu dira bigarren eleberria argitaratu zuenetik eta hamaika lehenengo liburutik. Bitarte honetan, baina, letrei... [+]


1977-80ko kritiken bilduma
Sarrionandia: "Gauza asko behar genituen garai hartan, eta zineak eman zigun leiho hori"

Zeruko Argian eta Anaitasuna-n idatzi zituen zinema kritikak Joseba Sarrionandiak 1977 eta 1980 urteen artean, 20 urte inguru zituela. Horien bilduma eginda, Pamiela argitaletxeak argitaratu du liburua, Joseba Sarrionandiaren zinema paperak (1977-1980). Josu Martinezek egin ditu... [+]


Irakurketa

TikTok-en parafernaliatik urrun bizi naizenez, aurreko egunera arte ez nuen jakin Maria Pombo horren berri. Sare sozialek orduero aurkitzen dute kalapitarako gairen bat eta, honakoan, kristorena sortu zuten influencerrak irakurtzearen gainean egindako adierazpenek. "Esango... [+]


2025-09-25 | Jon Torner Zabala
Irailak 29, izendatzen zaitugu Euskal Komiki Eguna

Euskarazko komikigintza ikusgarri egitea helburu, hainbat komikizale eta komikigilek Euskal Komiki Eguna sortu dute. Lehen edizioa eta ondoren etorriko direnak irailaren 29an izango dira, Olariagak Zakilixut pertsonaiaren lehen zinta argitaratu zuen urteurrenarekin bat.


2025-09-23 | Jon Torner Zabala
Joe Saccoren trilogia itzela, euskaraz

Palestina, Gerra Gazan eta Gazako oin-oharrak
Joe Sacco
Itzulpena: Julen Gabiria
Astiberri, 2023-2025

---------------------------------------------------

Duela bi urte Palestina erreferentziazko kazetaritza-komikia euskaraz plazaratu zuen Astiberrik, Gerra Gaza-n 32... [+]


Sally Rooneyri orain egin diogu kasu

Sally Rooney bezalaxe, Ken Loach. Atxilotuak izan beharko lukete biek. “Behar”, ez premiatik ulertuta, baizik eta desobedientzia zibila zigortzeko maneretan, demokrazian, paradoxikoa badirudi ere. Baina ez dituzte atxilotu. Eta itxuraz, ez dituzte atxilotuko. Rooney... [+]


Aberria eta hil

Eresia. Hil-kanta aitari
Goiatz Labandibar
Elkar, 2025

------------------------------------------------------------------

Goiatz Labandibarrek azken urteotan Amez (2022), Bekatua (2023) eta Zoo (2024) idatzi ondoren, Eresia. Hil-kanta aitari (2025) argitaratu berri du... [+]


Juan Luis Larraza
"Lizarraga kapitaina gure herriaren askatzailea izan zen, eta dagokion lekua behar du gure memorian"

Idatzi duen eleberriko pertsonaia mirestera heldu da Juan Luis Larraza Lakuntza (Etxarri Aranatz, 1950), eta, beharbada, mitifikatu ere egin du. Han eta hemen, eta, oroz gain, Nafarroako Artxibategiko agirietan Luis L(e)izarraga kapitainari buruzko datu bakanak bildu, Pello... [+]


Ezberdinak eta antzekoak

Umea hemen, Umea han
Chuck Groenink. Itzulpena: Nagore Perez
Ibaizabal, 2025

---------------------------------------------------------------------

Historiaurreko istant bat du azpi izenburu liburu honek, eta horixe da, hain zuzen, egileak kontatu nahi diguna, istant... [+]


Saioa Alkaizak uko egin dio Igartza literatur bekari, CAF diru-emaile delako

"Israelen kontrako boikot kanpainak martxan dauden honetan, kulturgileoi lerratzea dagokigu", adierazi du Saioa Alkaizak komunikabideetara igorritako oharrean. BDZk txalotu egin du Alkaizaren erabakia, eta Elkar argitaletxeari gonbita luzatu dio, "erabaki ausartak... [+]


Irati Zubia. Jakintzari begirunez
"Laguntasuna iruditzen zait sekulako potentzialitatea daukan harreman mota, Akaso horizontalagoa delako"

Amonarena zen etxean bizi da Irati Zubia duela urte batzuk, lagunekin. Donostiako atari zaharren usaina dauka atariak. Zaintza existitzen ez den mundu batean izan nahiko luke zaintzaile eta eskarmenturik ez zaio falta: irribarre zabalaz hartu nau etxean Aste Nagusi betean, sofa... [+]


‘Esnatu ala hil’, kaleko euskaltzaleentzako liburua ondu dute Goikoetxeak eta Iurrebasok

Esnatu ala hil. Euskararen oraina eta geroa, diagnostiko baten argitan (Elkar) liburua argitaratu dute Garikoitz Goikoetxeak eta Iñaki Iurrebasok. Egileen helburua da gaur egun euskarak bizi duen egoera ulertzeko tresna bat eskaintzea, “ezinbestekoa delako aurrera... [+]


Eguneraketa berriak daude