Teoria batzuen arabera kolapsoa gertatuko denean onddoak izango dira biziraungo duten eta lurrean bizitza berpiztuko duten izaki bizidun bakarrenetakoak. Bai, onddoak; organismo txiki eta misteriotsu horiek, eta ez beste ezer. Horrela, gure hiriaren kolapsoaren aurrean, baita kolapso kulturalaren aurrean ere, onddoak bezala agertu diren ekimenetan jarri dugu esperantza. Zerbait pizten ari da Bilbon eta hainbat txokotan ekimen ugari loratzen ari dira, hiri honek pairatzen duen apatia kulturalari aurre egiten saiatzen ari direnak, beste zerbait proposatzen dutenak, bestelako sormenari lekua eman nahi diotenak.
Ez da Bilbon eskaintza kulturalik ez dagoenik, baizik eta eskaintza oso instituzionalizatuta dagoela, goitik behera egina. Badira kontzertuak eta disko sesioak, badira aukerak eta tokiak. Jaialdiek hiria hartu eta soinuz betetzen dute, baina musika kontsumitzeko modua azkarra da eta garrantzia aisialdiko esperientzian kokatzen da, gutxitan sorkuntzan. Horrela, askotan, hiria horma-paper erraldoi bat besterik ez da eta ikusleak figurante soil bilakatu gara. Kontsumitzaile, besterik ez.
Bilbo kulturalki kolonizatuta dagoen hiria da. Porlanezko monolito bat bailitzan, hiriko ekimen pribatu batek dirulaguntza mardulak jasota monopolizatu du hiriaren eskaintza musikal osoa. Osoa? Ez, badira porlanean zirrikituak sortu nahian dabiltzan ekimenak, material hotz eta grisean arnasgune berriak sortzea bilatu dutenak. Batzuek denbora daramate lanean, beste asko pandemia ostean jaiotakoak dira. Badira, beraz, kulturaz gozatzeko bestelako moduak eskaintzen dituztenak, udalak jarritako trabei, Poliziaren isunei eta auzokide zelatariei aurre egiten dietenak.
Hiriko erdigunea kolonizazio horren muina da, errealismo kapitalistaren gorpuztea, alternatibarik uzten ez duen gunea. Horregatik, ekimen berri horiek guztiak periferian kokatu dira. Horrela, hiria inguratuz, Errekalde, Atxuri edo Irala bezalako auzoetan lanean dihardute, albo batera utzitako eremu hauek kultur eskaintzaren erdigunean jartzen saiatzen ari dira. Testu honetan esperientzia, gune eta ekimen horietako batzuen kartografia burutzen saiatu naiz, eskaintza bakoitzaren berezitasun zein parekotasunean arreta ipiniz. Badira, noski, mapa honetatik at dauden ekimenak, gure radarretik kanpo geratu direnak. Haiei barkamena eskatzea eta beraien lana eskertzea besterik ez da geratzen.
Espora: banakakotik kolektibora
Pandemiak Bilboko espazio mitiko baten bukaera ekarri zuen: Larraskito. Urtetan musika esperimental emanaldi eta entzunaldi ugari egin ziren Errekaldeko txoko hartan, bazterreko soinuei eta formatu txikiko eskaintzei lekua emanda. Askorentzat gau gogoangarriak sortu ziren han, eta askotariko musika ezagutzeko eta partekatzeko lekua izan zen. Lekuak, berez, bere horretan dirau, baina funtzionamendua eta erabilera erabat aldatu ziren, eta horrek jende asko umezurtz utzi zuen. Galdera asko airean: non batuko zen jendea proposamen haietaz gozatzeko? Non entzun ahal izango ziren bazterreko soinu horiek? Zer gertatuko zen urteetan zehar jositako sarearekin?
Galdera haiei erantzuna bilatu dio hilabete luzeetan Larraskitoren inguruan sortu zen lagun talde batek: “Biran zegoen norbaitek idatzi eta non sartu ez genekiela, hor hasi ginen espazio bat izatearen beharraz jabetzen”. Hasieran harremana mantentzeko eta denbora pasatzeko ziren topaketa horiek proiektu berri bat erein dute: Espora espazioa. Onddo batzuetan dauden ugalgorputz oso txikietatik hartu dute izena. Egoera ez hain aproposetan bizirauteko gaitasuna dute gorputz horiek, eta hori bera da espazio berriak bilatzen duena, txikitasunetik eta kolektibotasunetik zerbait sendoa eratzea. Horretarako elkarte bat sortu dute, zeinetan sormenaren eta esperimentazioaren inguruan interesa duen edonork lekua duen. Talde finko nuklear askotarikoa osatu dute, baita bazkidearen figura desberdinak sortu ere: “Horrela, bakoitzak erabakiko du zer motako inplikazioa izango duen. Egun bakarreko bazkide izateko ere aukera egongo da, emanaldi jakin batean soilik parte hartu nahi duenarentzat”.
Espora: "Militantzia kultural bezala uler daiteke? Ez dakigu. Argi dugu ez dela distentsiorako gune"
Espora zer den eta zer ez den luze eztabaidatu dute. Proiektua ibiliaz definitzen joango bada ere, argi dute ez dela jaiak egiteko ezta kultura modu azkarrean kontsumitzeko toki bat izango ere: “Ez da aisialdirako gune bat izango, ez behintzat kontsumo gizarteak aisialdia ulertzen duen era berean”. Gune berri honetan argi dute entzunaldia egongo dela erdigunean. Ez da denbora-pasa hutsa izango, lokal honetan egiten den ekimen orok zentzu bat izan behar du: “Oinarrian, antolatu dugun ekimenak garrantzia osoa du eta horren bueltan antolatuko gara, seriotasunez eta merezi duen garrantziaz”.
Militantzia kultural bezala ulertu daiteke? “Ez dakigu hori den definiziorik onena. Argi dugu ez dela distentsiorako gune bat izango. Hemen proposatuko duguna elikagaia izango da”. Beste era bateko enkontruak izango dira Espora espazioak bultzatuko dituenak, hirian aurkitzeko zailak direnak. Musika motari dagokionez irizpideak zabalak dira, beti ere ezaugarri batzuk betetzen badira: beste inon entzun ezin izango den musika izan beharko du. Zuzeneko musika ez da eskaintza bakarra izango, disko entzunaldiak eta tailerrak ere egin behar dituzte: “Esan bezala, entzunaldia egongo da zentroan. Musika kalitate onarekin eta merezi duen arretarekin entzun nahi dugu, ez dadila parranda egiteko soinu banda izan”. Orain arte hainbat zuzeneko, disko entzunaldi eta Deep Listening tailerra antolatu dituzte ibaiertzeko txoko honetan.
Kantauri: ekoizpen bitartekoak hartu
“Zer behar dugu? Hori hartuko dugu”. Argi du milaka batailatan ibilitako Ando ipurterreak. Horregatik, Pantx kolektiboak Iturribide kalean zuen lokala utzi behar izan zuenean beste baten bila jarri ziren, baita lortu ere. “Orain lau urte Priscilla taldeak kontzertua eskaini zuen Aste Nagusian eta lortutako diruarekin Ametzola auzoko Aita Larramendi kalean zegoen lokal bat alokatu eta atondu zuten”. Artista guztientzat dago lekua, baina lehentasuna du grabaketa estudio izaerak eta zuzeneko emanaldiak eskaintzeak.
Kantauri: "Gune totala da. Entseatu daiteke, diskoak grabatu, zuzenean jo eta 'pintxadak' antolatu"
Baina Priscilla taldea desegin zen eta, lokala mantendu bazuten ere, honen funtzionamenduak behera egin zuen. Pantx-eko lagunak lokal bila ari zirela jakin zuten gune hau erabili gabe zegoela. “Nola? Hau geldirik duzuela? Ez genuen inolako zalantzarik izan, han sartu eta lanean hasi ginen”. Urtebete baino gutxiago daramate Pantx-ekoek bertan, modu asanblearioan lanean. Kantauri izena ipini diote eta bertan publikoari irekitako pintxada eta kontzertuak eskaintzen dituzte, eta beharrezkoa dutenean estudioa erabiltzen dute disko edo abesti solteen grabaketak egiteko. “Pagasarri All Stars-en grabaketak hemen egin dira, baita beste hainbat talderenak ere. Oso pozik gaude emaitzarekin”. Horrela, lokalak neguko faktoria gisa ere funtzionatu dezake, lanak erein eta uztak jasotzeko: “Gune totala da. Entseatu daiteke, diskoak grabatu, zuzenean jo eta pintxadak antolatu”.
Donations Project: kultura eta gizarte-ardura
Aspaldi abiatu zuen Joanak Donations Project ekimena Bartzelonako Raval auzoan bizi zela. 2016an ekin zion antolatzen zituen tekno jaiei beste zentzu bat ematen: “Antolatzen genituen guztien artean, hilabetero saio bat karitate helburuetara bideratzea erabaki nuen”. Modu horretan, jai horietan lortutako etekinak gizarte ekintza batzuen artean banatzen zituen: auzoko jantoki sozial eta dutxa publikoak finantzatu, edota urruneko lekuetara janaria eta baliabideak bidaltzen zituen. 2020an Bilbora mugitu zen eta proiektuarekin jarraitzea erabaki zuen: “Hirian ez nuen inor ezagutzen eta harremanak zein sare bat sortzeko bidea ere izan zen”. Baina pandemiak bere asmoak oztopatu zituen. Lehenengo ekitaldiak Iralako Andres Isasi kaleko lokal batean antolatu zituen, soilik 25 lagunentzat eta ezarritako arau guztiak errespetatuz.
Baina salbuespenezko osasun egoera ez zen oztopo bakarra izan, ordea. Proiektuak lehen pausuak eman eta gutxira Bilbok pairatzen duen beste gaitz bati egin behar izan zion aurre: higiezinen espekulazioari. “Bizi nintzen eta jaialdiak antolatzen nituen eraikina erosi zuen funts putre batek eta bertan bizi ginenoi izugarrizkoak egin zizkiguten gure espazioak uztera bultzatzeko. Argia moztu eta jarrera oldarkordun segurtasun pribatua jarri ziguten eraikinaren sarreran, besteak beste”. Saiatu zen arren, azkenean amore eman behar izan zuen.
Donations Project: "Txikiak izatea nahi dut, esperientzia pertsonala izateko garrantzitsuena"
Laster hasi zen, baina, lokal berri baten bila. Baita aurkitu ere. Donations Project-en egoitza berria Larraskitu auzoan dago, periferian hau ere. Bere helburua gizarte ekintzari lotutako ekimenak antolatzen jarraitzea da eta horretan dihardu. Zuzeneko musika emanaldiak, soinuaren ikerketarekin lotutako entzunaldiak, argazki erakusketak, tarot tailerrak eta beste hainbat ekimen antolatu ditu orain arte. “Soilik 50 pertsonarentzako ekimenak dira. Txikiak izatea nahi dut, esperientzia pertsonala izan dadin garrantzitsuena. Hau ez da jai bat, ez sozializatzeko leku bat ere, ez behintzat ohikoa dugun moduan”. Orain arte ekitaldi guztiak sold out izan dira eta lortutako dirua beharra dutenei banatu die: Barakaldon zubi baten azpian bizi diren gazte batzuei edo ospitaletarako materiala batzen duen senegaldarren elkarte bati, adibidez.
Sortu dira besteak
Aurretik aipatutako espazioak ez dira bakarrak; lurrazpiko Bilboren mapan badira beste gune interesgarri batzuk. Onddoek jarraitzen dute Bilboko porlanean hedatzen. Horietako bat Sarean Gunea dugu, azken aldian birsortze bidean dagoen proiektu beteranoa. San Frantzisko auzoan, Mariaren Bihotza plazan kokatutako espazio honek berriz ekin dio kontzertuak, hitzaldiak, tailerrak eta abarrak eskaintzeari, hilabete batzuez barne eztabaida prozesu batean murgilduta egon ondoren. Beraien asmoa auzoaren errealitatea ezagutarazi eta premiei alternatiba kultural bat eskaintzea da, auzotarrekin eta auzoarentzat.
Okupazio eta punk mugimendutik datorren lagun talde batek Lakobra Kolektiboa osatu du, Bilbon musikari lotutako proiektu autogestionatu bat martxan jartzearen beharra ikusi eta gero. Aurretik izandako esperientzietatik jasotako irakaspenen ondorioz modu asanblearioan funtzionatzea erabaki dute, modu honetan kontsumismo basatiari aurre egin eta hirian lurrazpiko proposamenak antolatzeko. Luzera begirakoa izateko asmoa duen proiektua enbrioi-fasean dago: lokal bila ari dira oso arrakastatsua izan den diru-bilketa kanpaina aurrera eraman ondoren.
Argia ikusi duen azkenetariko proiektu bat dugu Espacio de Creación Errática. Deustun kokatutako espazio honek ikus-entzunezko munduarekin lotura handia du. Hori dela eta, argazki eta zinema munduarekin lotutako erakusketa, tailer eta kurtsoei emango diete lehentasuna.
Donostia, 1960. Fermin Leizaola 16 urteko gazteak San Telmo Museoan zegoen Aranzadi Zientzia Elkarteko idazkaritzara jo zuen, bertako Espeleologia Sailean aritzeko prest.
Ez zen San Telmora egiten zuen lehen bisita izan; 1975eko ekainean Zeruko Argia-rekin... [+]
Beethovenen 'Missa Solemnis'
Artxibo biluzia
Nor: Intza Alkain eta Javi Barandiaran (Metrokoadroka).
Non: Lemoako Kotxepin aretoan.
Noiz: ekainaren 2an.
-------------------------------------------------------
Lemoan independentzia eguna ospatzen ari dira. Kotxepin kultur etxearen alboan,... [+]
Bretainiako adierazpide musikal zein literarioen sustatzaile eta banatzaile nagusia izan da Breizh kooperatiba. Ia zazpi hamarkadetako ibilbidean ehunka egile bretainiarren lanak editatu eta ekoitzi ditu, horietako hainbat bretoieraz.
Norabide bakarrean
721-Gogor Gabiltza
Autoekoizpena, 2025
---------------------------------------------------------
Askotan, guraso garenon kezka bat da ea seme-alabek gure aholku edo "txapak" aintzat hartuko dituzten, jakitun izanda, era berean, guri kontra... [+]
Lur jota Parisen eta Londresen
George Orwell
Igela, 2025
George Orwell Abereen etxaldea (Animal farm, 1945) eta 1984 (1949) eleberriengatik ezagutzen dugu, euskarara itzuliak biak. Baina horien aurretik Down... [+]
Lehengoan batera elkarrizketatu gintuzten Gonzalo Hermo poeta galiziarra eta neu. Kontatzen nion niri ere gustatuko litzaidakeela esatea nire aurrekoak marinelak izan zirela, baina nire familian denak dira galdatzaileak. Gainera, eremu industrial batean bizi naiz, itsasotik... [+]
Lau urtero hiru txapelketa jokatzen ari da Oihana Bartra Arenas azken hogei urteetan. Bertsolaritza lehia baino gehiago dela jakitun da, baina lehia uzteak ekar lezakeen amildegiak beldurra ematen dio.
Reggaetonarekin eta antzekoekin, musika estilo bat ez ezik, Puerto Ricok beste ideia bat zabaldu du mundu osora: turistifikazioaren eta iragan kolonialaren artean dagoen lotura estua. Milioika jarraitzaile dituen Bad Bunny artista da mezu horren bozgorailu. Azken diskoan Jorell... [+]
HIL FABOREZ FEST
Lekua: Ibaola Harriak, Eskuernaga.
Taldeak: Lukiek, Las Sexpeares, Seggs Tape, GAL, Chuleria Joder!, Aposapo, Bayou la Batre, Borla, Türbot, Malakias MX3
Data: 2025eko ekainaren 14a.
--------------------------------------------------------
Frantziako gobernamentüak ekonomiak egin nahian, leküko kolektibitateer eta eskülder sos pübliko gütigo banatü dü. Horrek ondorioak badütü, ekonomia handiena kültüran egin beita. Intermitenteek nekeziak ezagütze... [+]
Ez dute itxiko, baina orain arte eskaini duten programazioari ezin izango diote eutsi. "Bira txikiago bat" izango dela zabaldu dute sare sozialetan.
El Salto hedabideak argitaratu zuen Espainiako dozenaka musika jaialdiren Superstruct sustatzailea Israelen aldeko funts batek erosi zuela. Geroztik, musika talde eta bakarlari ugari batu dira KKR-ren aurkako boikot kanpainan, eta Israel Palestinan egiten ari den genozidioaren... [+]
Fermin Muguruza afixan nagusi, Olaia Inziarte, Naxker, Xiberoots, Errobi, Kaskezur, Zetkin, Tapia eta Leturia eta beste hainbat musikari igoko dira oholtzara ekainaren 27, 28 eta 29an. Horrez gain, antolatu diren hitzaldietan, hala nola lurraren defentsaz, diskurtso eta... [+]