HIL FABOREZ FEST
Lekua: Ibaola Harriak, Eskuernaga.
Taldeak: Lukiek, Las Sexpeares, Seggs Tape, GAL, Chuleria Joder!, Aposapo, Bayou la Batre, Borla, Türbot, Malakias MX3
Data: 2025eko ekainaren 14a.
--------------------------------------------------------
Musika-jaialdiek zeresan handia eman dute azken aldian; polemikak gora egin du, eta esan liteke aurten goia jo duela Palestinarren genozidioa finantzatzen duen KKR inbertsio funtsak espainiar estatuko hainbat makrojaialdi erosi dituela jakin dugunetik. Pentsa zitekeen lez, hainbatek egin die boikota; izan musika talde, izan langile, izan ikusle. Hala ere, uda hasierakoek inoizko jende gehien bildu dute. Gainera, genozidioa eta sionismoa finantzatzea ez da boikoterako arrazoi bakarra, zoritxarrez. Izan ere, langileen lan-baldintza penagarriak, sustatzen den turismo eredua eta ingurumenean zein tokiko ekonomian duten eragina ere kontuan hartu beharko genituzke.
Euskal Herrian ondo dakigu jaialdiak egiteko beste eredu batzuk badaudela, autogestioan, auzolanean, militantzian eta elkartasunean oinarrituak. Denoi bururatzen zaizkigun handienez harago, txikiak ere sortu dira han-hemenka. Pasa den urtean izan genuen Arabar Errioxako herri txiki batean antolatuko zuten jaialdi baten berri. Hainbat talderen izenen artean DIY siglak ere jasotzen zituen afixak. Tamalez, eguna ekaitz batek zapuztu zuen, eta artista askok ezin izan zuten jo ere egin. Hala ere, bertan egon zen jendeak oso ondo hitz egin du jaialdiari buruz, eta aurten bigarren ediziora bertaratzea erabaki dugu. Jaialdiaren bitxitasunen artean lehena, non egiten den.
Ibaola Harriak
Arabako Errioxan dago Eskuernaga, Bastidatik hamar minutu pasatxora, kotxez. Bada, herrigunetik zazpi bihurgunera daude Ibaola Harriak. Behinola mahasti izan zena hilerri paganoa da egun. Bai, hilerri eta paganoa. Joseba Ibañez nekazari eta eskultorearen ametsa, egia bihurtua. Mahasti bat lehor zedin utzi, eta bake eta meditazio espazio bat sortzen hasi zen 2012an; ohiko hilerri erlijiosoak maite ez dituen jendearentzat betirako pausalekua. Ideiak arrakasta izan duela dirudi, eta pixkanaka hilarri erraldoiz betetzen doa ingurua. Gainera, beste askok lekua erreserbatuta dute jada; ez da harritzekoa, lekua paregabea baita. Nago lanik ez zaiola faltako Ibañezi.
Txanponek ifrentzua ere izan ohi dute, ordea, eta edertasun horrek zailtasun teknikoak ere eragiten ditu. Jaialdi bat antolatzea nahiko erokeria bada berez, pentsa landa eremuan eta baliabide handirik gabe zer nolako buruhaustea izan daitekeen. Dena den, halako ereduek erakusten digute zerbait antolatu nahi denean, auzolan, gogo eta material apur batekin antola daitekeela. Ez da ez dakit zenbat mila euroko ekiporik eta ez dakit zenbat metro karratuko eszenatokirik behar. Sinplea eta egingarria. Hil Faborez. Ibaola harrietan, estalki pare bat, elektrizitate-sorgailu pare bat eta musika ekipo txiki bat behar izan dituzte kontzertuok egiteko. Eta ez pentsa, ez dugu beste ezer faltan izan.
Mahatsondoak dolmen, musika uzta
Hara heldu, aparkaleku xelebrean leku bat egin – ez baita izan aurkitu –, eta ardi-kaskezurrez apaindu oholtzaren ondora iritsi garenean hasi da Borla. Berrehunen bat lagun izango ginen begira, eta aho batez abestu ditugu kanta guztiak; punkienek ere bai, eta baziren batzuk. Ezer izatekotan, itsaskorra da iruindarren popa. Hain itsaskorra ezen sinestarazi baitigu berorik ez zela hogeita hamar gradutan, eta denok zoriontsu izango ginela, egunen batean... Gaur, menturaz.
Eguneko hirugarren taldea – gure bigarrena – Chuleria, Joder! izan da. Kanten tonua aldatu egin da eta apur bat haserreago jarri gara, nahiz eta gutxi neurtutako hitzezko umorea ere egon den tartean. Ez aspertzeko moduko zuzenekoa dute bizkaitarrek, bizia oso. Ikusleen gorputzak mugiarazi dituzte, eta eguneko lehen garagardoak erori dira lurrera.
Türbot taldea izan da hurrena, Euskal Herritik kanpoko taldeen artean lehena. Lau gizon nahiko itsusi inork entzun nahi ez duen musika egiten. Hala dio haien bandcampeko deskribapenak. Punk rocka jotzen dute, erritmo biziak eta gitarra riff ezinezkoak. Ez nituen ezagutzen, eta opari ederra iruditu zait haien kontzertua. Dibertigarria izan da, nahiz ni ez naizen estilo horretako taldeen oso zale. Aukera baduzue, joan ikustera, ez dira hain itsusiak.
Musika kontzertuz beteta zegoen eta musikari buruzko elkarrizketaz bete dugu arratsaldearen bigarren zatia. Giroa eta eguna ilundu direnean, Gasteizko hardcorea oholtzara: Bayou la Batre hasi da. Gitarra gordinez eta erritmo gogorrez gain, frontman ikusgarria dauka talde honek, zentzu guztietan. Geldirik egoten ez delako, batik bat; baina bere ahotsari sekulako zukua ateratzen diolako ere bai.
Kontzertua bikaina iruditu zaidan arren, dena ez da izan txalogarria: lehen lerroetan egon den gizon zisgenero zenbaiten egoteko eta mugitzeko modu bortitza aldatuko nukeen. Pogoak denok ditugu gustuko. Kontzertuetako lehen lerroak denontzako espazio seguru eta atsegin izatea ere nahi dugu, haatik. Hargatik da denon ardura hori bermatzen saiatzea. Gizonona, batez ere. Bedi ikasgai geuk erabakitzen dugula zer nolako eszena eta jarrerak sustatu nahi ditugun.
Eguneko talderik bitxiena heldu da ondotik: Seggs Tape. Madrildar hauek abestiak bider bian jotzen dituztela dirudi. Egg-, rave- eta synth-punk gordina. Tenpoaren markagailua sutan. Agidanez, letra batzuek umorera jotzen dute, baina gogaikarri izatea da haien kanta gehienen egiteko nagusia. Asko gustatu zaidan arren, eskertu egin dut kontzertua motza izatea. Ez da erraza erritmo horretan denboran irautea.
Lotara artekoa Malakias MX3k alaitu digu, eta dantza gailendu da dolmen artean. Hala ere, egon da elkarrizketa filosofikoentzako tarterik. Heriotzari buruz hausnartzen aritu gara gu, inguruak hala bultzatuta: ondorioztatu dugu gure beldurren artean behinena dela; eta pentsatu, beharbada, halako leku batean lurperatzeak arinduko lukeela gure kezka. Urtean behin, bederen, jakiteko gure eszenak bizirik dirauela. Bizi dadin opa diogu, beraz, jaialdiari. Gutxien-gutxienez, gu hiltzen garen arte.
Kursaal Eszena
Non: Donostiako Kursaal Jauregian
Noiz: 2025eko urri eta abendu artean
----------------------------------------------------------------------------------
Uda azkar pasatu zaigu, oraindik buruan ditugu Musika Hamabostaldian gozatu ditugun kontzertu zoragarrien... [+]
EMPTY FILES + MOXAL & MIREN NARBAIZA
Non: Bilboko Kafe Antzokian
Noiz: irailaren 12an.
-------------------------------------------------------
Aitortu behar dut nahi baino gutxiagotan joaten naizela Bilbora. Beti sortzen dit horrelako tristura moduko bat, orduko... [+]
Aldundiak aurtengo Gipuzkoako Urrezko Domina emango dio abenduan Lourdes Iriondo Mujikari (Donostia, 1937-Urnieta, 2005) bere heriotzaren 20. urteurrenean. Aintzatespen horrekin, euskaren biziberritzean eta euskal kulturaren suspertzean Iriondok egindako “lan mamitsu eta... [+]
Etxea
Nhil
Autoekoizpena, 2025
------------------------------------------------------------
Etxea du izena Nhil taldearen hirugarren diskoak. Taldekideek azaldu dutenez, “etxea” baita taldea haientzat, eta entzulearentzat ere hala izatea nahi dute. Zazpi... [+]
'GUREA KULTURA' JAIALDIA
Taldea: Sal del Coche
Non: Zestoan
Noiz: Irailaren 7an
--------------------------------------------------------
Kronika hau egitera Donostiara joan behar nuen, baina sarrerak garestiegiak iruditu zitzaizkidan behinola zezenketak... [+]
RTVE irrati-telebista kate espainiarreko Administrazio Kontseiluak astearte honetan onartu du erabakia. Jaialdiaren antolaketan pisu handia duen “Big Five” deituriko herrialdeen artean, Espainia da lehena iragarri duena Eurovision utziko duela Israelek parte hartuz... [+]
Badut lagun bat pop-aren bueltan Euskal Herrian emakume eta gazteek martxan jartzen dituzten proiektu berriei erreparatzen diona. Hark ezagutarazi dit onomatopeiadun talde bizkaitar hau. Hiruzpalau kantu sarean, eta uda ostean lan luzeago bat kaleratzeko asmoa.
KAK! taldea... [+]
Guztiok entzun nahi dugu musika: asko, merke, euskaraz eta gaizki sentitu gabe. Baina Spotify utziko badugu Israelen konplize izateagatik, agian beste enpresa eta tresnen inguruan ere hausnartu beharko dugu. Edo gure morala kontratatzen ditugun zerbitzuen arabera neurtzen hasiko... [+]
Xak eta Ekiza
Non: Ondargain txiringitoan (Deba)
Noiz: abuztuaren 27an.
-------------------------------------------------------
Euri langarraren eta lanbro-lainoen artean pasatu dugu Gipuzkoako muga, kostaldean zehar doan errepidetik itsaso zakarrari beha. Bandera... [+]
Les Concert des nations, La Capella nacional de Catalunya orkestra sinfonikoa
Zuzendaria: Jordi Savall
Abesbatzen prestaketa: Lluís vilamajó
Egitaraua: Mendelssohnen lanak
Non: Kursaal auditorioan (Donostiako Musika Hamabostaldia)
Noiz: abuztuaren... [+]
Fitxa: Musika Hamabostaldia. Kursaal Zikloa. Gewandhausorchester Leipzig.
Zuzendaria: Andris Nelsons. Donostiako Orfeoia.
Koru zuzendaria: Esteban Urzelai.
Bakarlariak: Julia Kleiter (sopranoa), Christian Gerhaher (baritonoa).
Egitaraua: Mendelssohn eta Brahmsen lanak.
Fitxa: Musika Hamabostaldia. Gewandhausorchester Leipzig.
Zuzendaria: Andris Nelsons.
Bakarlaria: Isabelle Faust (biolina).
Egitaraua: Pärt, Dvorak eta Sibeliusen lanak.
Lekua: Kursaal Auditorioa.
Data: abuztuaren... [+]
Bilboko Udalak ostegunean adierazi du Abandoibarrako kontzertua bertan behera geratu eta gero, Plaza Biribileko agertokia eskaini ziela hiru artistei, baina ezezkoa eman zutela. Abeslariek bertsio hori ukatu eta zehaztu dute: bakarrik Kai Nakari eskaini zioten.