Garapena birpentsatu beharra erakusten digu Lesothoko monolaborantzaren porrotak

  • Lesotho Estatua gaur egun munduko elikagai-laguntzaren mende dago. Lursail handiko monolaborantzaren porrotaren adibide esanguratsua da, konponbide baten hasiera bertako sortzaile batek garatu zuen arren. Garapenaren kontzeptua birpentsatzeko balio digu: industrializazioaren eta urbanizazioaren sinonimo ote da, edo elikadura burujabetzari eta ezagupenen partekatzeari toki gehiago egin beharko genieke?

Machobaneren sistema landu duen laborari bat bere soroan 2015ean. Landare aniztasuna da sistema horren ardatzetariko bat. Chris Conz

Lesotho munduan gutien ezagutzen diren estatuetarikoa da. Hego Afrikaren barneko enklabea da, Maloti mendikatean kokatua. 30.000 km2 eta bi milioi biztanle ditu, horien %80ak lehen sektorean lan egiten duela. Herri menditsua da, hain zuzen bere lurralde osoa 1.400 metrotik gora zabaltzen da. Bitxiki, Lesothoko klimak eta bazterrek Euskal Herriko isurialde Atlantikoa oroitarazten dute: bazter menditsu eta berdeak, klima ozeanikoa (ozeanoa urrun izan arren, eremu tropikaletako altitude handiko zonaldeetan ematen da ere), soroetan artoa nagusi eta abelzaintzan behiak. Gurean bezala, Erdi Aroan artatxikia hazten zuten, eta Ameriketatik ekarritako artoa bertako laborantzan integratuz joan ziren. Aldiz, gurean ez bezala, artoak ez du gosete arriskua urrundu Lesothon, batez ere eurite ziklo aldakorrei ez baitzaie ongi egokitzen: behar duen euri maila izanez gero, artatxikia edo basartoa baino gehiago ematen du artoak –horregatik nagusitu zen gurean– aldiz lehortea pairatzean ekoizpena erortzen da, basartoarekin alderatuz.

Hain zuzen, egoera horretan egon da Lesotho azken urteetan hainbat aldiz, eta 2021-2022 udan eurite gogorrek dituzte uztak kaltetu. Horren ondorioz, Lesothoarren %22 elikadura segurtasun-eza larrian bizi da eta elikaduraren zati handi bat Nazio Batuen laguntza programetatik dator. Lehorteez gain, lurzoruen higadura arazo larria da. Gainera, populazioaren osasun egoera ez da ona, hiesa dutenen proportzioa %25 eta %30ren artean izanik munduko bigarren tasarik handiena dute.

Machobane, laborantzaren zaharberritzailea

Agronomian ikertu baino lehen James Machobane (1914-2007) idazle gisan ezaguna zen. Bere eleberri batean kontatu zuen haurtzaroan pairatu zuen gosea, eskolako zerriei jaurtiriko ogi zaharra ebastera bultzatu zuena. Bizipen horiek bultzatu zuten Mantsa Tlala (“Gosea Kanporatu”) izeneko laborantza eskola sortzera 1957an, ingelesen agintea ahultzen ari zen garaian. Hamahiru urtez garatu zuen sistemak hiru ardatz ditu: denbora eta espazioa hobeto erabiltzea, landare aniztasuna eta emankortasuna etxaldean bertan sortzea.

Ohartu zen artoaren monolaborantza urteko hilabete gutitan egiten zela eta gainontzeko hilabeteetan lurra baliatu gabe zegoela. Gainera, arto lerroen arteko hutsuneak hobeto baliatzeko moduak ikertu zituen, baita sistemaren emankortasuna era jasangarrian hobetzeko modua ere, simaur eta egur errautsean oinarrituz. Sistema horretan, tipikoki udazkenean garia eta ilarrak ereiten dira, gero udaberri hasieran patata, udan biltzeko. Udan elkarrekin hazten dira artoa, babarrunak, kuia, basartoa, aza edota zerba, eta kakahuetearen hurbileko landare bat. Horrez gain, etxe bakoitzean abere bat izatea aholkatzen zuen, haragiaz gain soberakinak baliatu eta simaurra ekoizteko.

Sistema hori bereziki laborari txiroenei bideratua zaie: lur saila ttikientzat egokia izateaz gain, ongarri sintetikorik edota makinarik erosi ezin dituztenentzat pentsatua da. Horrez gain, Machobanek eta formatzen zituen laborariak “letsema” –jakintza auzolanez zabaltzea– praktikatzera bultzatzen zituen, eta bere formakuntzan ahalegin berezi bat egiten zuen emakume eta haurrengana. Bere sistema probatu duten laborariek hiru abantaila nagusi ikusten dituzte: azalerako produktibitate handiagoa (bortz kideko familia baten elikadura seguritatea bermatzeko hektarea erdi bat nahikoa da, ohizko sisteman aldiz 1.2 hektarea behar dira); patatak saltzeko adina bildurik, irabazi bat lortu dezakete; eta urte lehorretan ere ekoizpen ona lortzen dute. Gainera, landare aniztasuna emendatuz etekinen gorabeherak leunagoak dira, nutrizio aldetik laborari horien egoera hobetzen da eta lurzoruen ezaugarri mikrobiologiko eta fisikoak ere bai –klima aldaketari aurre egiteko gaitasuna emendatuz–.
Letla Mosenene agro-oihangintza ingeniariak dioenez, orokorrean emakumezkoak gizonezkoak baino interesatuagoak dira sistema horretan, bere ustez elikadura segurtasuna senezkoagoa zaielako, gizonezkoek aldiz makineria gehiago balioesten dutelako.

Praktika zabaltzeko zailtasunak

Emaitza baikor horietan oinarrituz, irudika dezakegu herrialde osora zabaldu dela Machobane sistema. Zoritxarrez ez da hala izan, nagusiki arrazoi politikoengatik. Administrazio kolonialaren pean izan arren Machobanek egindako lana eta lortzen zuen fama begi txarrez ikusten zituen independentzia lortu ondorengo Moshoeshoe II erregearen inguruko lehen administrazioak. Horren ondorioz 1966tik 1986ra Machobane isilpean bizi behar izan zen eta bere eskola itxi zuen. 1986an izandako estatu kolpearen ondotik, bere sistemaren inguruan probak egiten berriz hasi zen laborantza ministeritza, eta laster formakuntzak ere abiatu zituzten.

Alta, gaur egun Lesothoko laborantzan erabakiak bideratzen dituen ereduak artoaren monolaborantza izaten jarraitzen du: 3.000 laborari inguruk praktikatzen dute Machobane sistema, eta beraz milioi bat baino gehiagok ez. Arte telebista kateari emandako elkarrizketa batean Lits’oane laborantza ministroak argi azaldu zuen zein den bere ustez Lesothoko laborantzaren behar nagusia: ongarri sintetikoak erosteko ahalmena sustatzea. Machobane sistema ezagutzen duela eta baratzeentzat egokia iduritzen zaiola zioen, baina berea bezalako azalera handiko etxaldeetan ezin dela ongarririk gabe egin.

Herri baten garapenaren adierazlea izan ohi da laborari portzentaje txikia izatea, laborantza industrializatu den seinale delako. Aldiz, argi dago paradigma horrek Lesothon garapena baino gosea eta dependentzia sustatzen dituela, gehiago ere higadura eta lehorteak larritzen dituen klima aldaketarekin. Lesotho ikurritza Khotso, Pula, Nala da (“Bakea, Euria, Oparotasuna”) eta hori betetzeko tresnak badaude, baldin eta ez badute eredu desegokiek bidean oztoporik ezartzen.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Agroekologia
2024-04-17 | ARGIA
Berangoko Otxantegiko nekazal lurren desalojoa gelditzen laguntzeko deia egin dute

Berangoko Otxantegiko nekazal lurrak modu kolektiboan lantzen bi urte eman ditu proiektu agroekologikoak, baina desalojo agindua dute apirilaren 18rako. Kanporatzea gelditzea lortu zuten iaz, eta berriro ere lortuko dutelakoan, gosari herrikoia deitu dute egun horretarako... [+]


2024-04-12 | Estitxu Eizagirre
Esti Besa, ardogintzaz
"Upategietan parakaidisten eredua nagusitu da"

Ardogintza borborka dago: mundu mailan gaineskaintza dagoela-eta, iaz milaka litro erosi zituen Jaurlaritzak destilatzeko. Espainiako Gobernuak diruz lagundu zuen mahats berdea lurrera botatzea. Aurten ere antzeko neurriak hasi dira agertzen. Baina nola iritsi gara egoera... [+]


2024-03-14 | Estitxu Eizagirre
"Amama harro legoke, nahiko luke landareetan izan genuen aberastasun horretara iristea egun gure lurra"

Onintza Enbeita bertsolaria da, kazetaria, parlamentari ohia... eta baratzezaina ere bada. Hiru ahizpek dituzte unibertsitateko ikasketak, eta duela dozena bat urte erabaki zuten etxean beti ezagutu duten baratzeari eta azokan saltzeari berriz ekitea. Mattin Jauregik Egonarria... [+]


2024-03-11 | Estitxu Eizagirre
Herritarren artean hiru hilabetean 70.000 euro lortzea du erronka Amillubi proiektuak

Amillubi proiektua iragan abenduan eman zuen ezagutzera Biolur laborantza ekologikoko elkarteak. Bere abiapuntuko helburua Gipuzkoan (Zestoako Iraeta auzoan) kokapen estrategikoa duten lur emankor batzuk ondasun kolektibo bihurtzea da, lur hauek babesteko eta bertan etorkizuneko... [+]


Eguneraketa berriak daude