Larunbata goiz batez oihalezko poltsa hartuta herriko azokara joan zara, eta baratzezainari zuzenean erosi diozu, superrarekin alderatuta “garesti”. Etxera itzuli zara ingurumenaren eta Euskal Herriaren elikadura burujabetzaren aldeko zure ekintzatxoaz harro. Bazkaria prestatzen ari zarela eztabaidatu duzu bizikideekin, ea ez ote den eskuraezina herritar prekarioentzat bertako, garaiko eta modu osasungarrian landutako barazkiak jatea. Lapikoratu berri dituzun barazkien hondarrak konpostera bidean daramatzazula, barazkien azal, pipita eta ertzek itzuli dizute galdera: zer dakizu azokan “garesti” saldu omen dizun baratzezainaren prekarietateaz? Ba al duzu aliatu hoberik baratzezain hori baino, mundu mailako espekulazioen eta gerren aurrean eguneroko elikadura bermatzeko?
Biolur elkarteak eta Euskal Herriko Unibertsitateak (EHU) "Duina" ikerketa burutu dute (hemen aurkezpenaren kronika), besteak beste, baratzegintza ekologikoko lan orduak zehatz zenbatzeko eta barazkien kostu prezioak kalkulatzeko. Horretarako, baratzegintza ekologikoko 11 proiektuk 2021. urtean zehar lan bakoitzari eskainitako orduak erregistratu dituzte: honela neurtu dute zenbat ordu eskaini dizkion baratzezain bakoitzak baratzeko lanari, salmentari, gestio lanei, proiektua kolektibizatzeari (bisitak hartzeari eta bere esperientzia azaltzeari, esaterako) eta zaintza lanei (formazioa jasotzeari, proiektuen balorazioari, esaterako). Horrekin batera, proiektu bakoitzaren sarrerak, gastuak, amortizazioak eta maileguak ere aztertu dituzte. Baita barazki bakoitzak baratzean okupatu duen azalera, jasotako uzta eta saldutako kopuruak ere. Ikerketan parte hartu duten hamaika proiektuen arteko elkarlana eta konfiantza handia izan da, bakoitzaren sukaldeko datu ekonomiko guztiak partekatu baitituzte besteekin gardentasun osoz. Datu hauek jaso eta interpretatzeko Biolurreko teknikarien eta EHUko ikerlarien (Mirene Begiristain eta Aintzira Oñederra) laguntza eta gidaritza izan dute eta trukean, ikerketa kolektibo honi esker datutara eraman dute urteetako esperientziatik ezagun zaien eguneroko errealitatea: bakoitzak proiektuari zenbat ordu eskaintzen dizkion, urtean ateratzen duten marjin garbia zenbatekoa den, merkaturatze bide bakoitzak zenbat lan eta nolako irabaziak ematen dizkion bakoitzari eta lantzen duten barazki bakoitzaren ekoizpen kostua zenbatekoa den. Ikerketan parte hartu duen proiektu bakoitzak bere bideragarritasuna hobetzeko txosten teknikoa jaso du prozesuaren amaieran. Eta guztien datuekin ondorioen txosten bateratua ere garatu dute. Jarraian azalduko dugu ikerketa honen datuek erakusten duten baratzegintza ekologikoaren panorama:
Ikerketak atera duen lehen ondorioa da, Eusko Jaurlaritzak urteko 1.800 orduan neurtua duen Nekazaritza Lan Unitatea (NELU) oso motz geratzen dela errealitatearekin: bataz beste, baratzezain ekologikoek 1.953 ordu sartzen dituzte urtean, hau da, Jaurlaritzak NELUko kalkulatutakoa baino %10 lanordu gehiago, eta hauen artean bada %53 gehiago sartzen dituen proiekturik ere.
Urtean 251 laneguneko egutegia kontuan hartzen bada, hau da, aisialdirako asteburuak eta jai egunak soilik gorriz markatuta (opor egunik gabe), baratzean soilik egunero 7,24 ordu sartzen ditu baratzezain bakoitzak bataz beste, "Duina" ikerketaren datuen arabera. Baina proiektu horri eskaini beharreko gainerako lanak ere kontuan hartuz gero, lanegun bakoitzean 8,05 ordu sartzen du bataz beste bakoitzak. Eguneko sartutako lan orduek gora egiten dute urteko lan egutegia 229 lanegunekoa aurreikusiz gero, hau da, asteburuak, jai egunak eta 22 opor egun gorriz markatuta: kasu horretan, lanegun bakoitzeko baratzean 7,94 ordu sartuko lituzke bataz beste baratzezain bakoitzak, eta proiektuari lotutako lan guztiak egiteko lanegun bakoitzean 8,91 lanordu sartuko lituzke. Ikerketak azpimarratu du lanordu horiek gutxien-gutxienekoak direla, ikerketa aurrera eramaterakoan oso lan zehatzak neurtu dituztelako, eta ez dituztelako atseden momentuak zenbatu, eta aurreikusi gabeko beste hamaika lan ateratzen direlako egunerokoan. Beraz, nabarmena da baratzezain ekologikoek lankarga handia dutela.
Lan egindako ordu horiek guztiak kobratuko balituzte, proiektu hauen urteko emaitza ekonomikoa negatiboa izango litzateke. Eskubide Sozialen Kartak duintzat izendatzen duen soldataren arabera (16.800 euro urtean) kobratuko balituzte lan ordu horiek guztiak baratzezainek, proiektuek bataz beste -2.440,69 euroko zorra egingo lukete urtean. Espainiako Nekazaritza Ministerioaren Erreferentziazko Errenta (30.662,23 euro urtean) kontuan hartuta kobratuko balituzte baratzezainek ordu guztiak, proiektuek bataz beste -13.943.06 euroko zuloa egingo lukete urtean. Kontuan hartu behar da, gainera, ikerketan parte hartu duten proiektu ia denetan baratzezainak direla lurren jabeak. Bideragarritasunari begira, lurrak jabetzan izatea ezinbestekoa da, eta hala ere ordaindu gabe egindako lanordu pilari esker eusten diote proiektuek bizirik. Errealitatean, baratzezain ekologikoen bataz besteko urteko soldata 14.990 eurokoa da.
Ikerketak agerian jarri du baratzezainek lanarekiko duten konstantzia eta lotura: baratzeko lan orduak ezin dira egin "nahi" direnean, aroek, eguraldiak eta eguzki orduek agintzen dute. Horri gehitu behar zaio proiektuek ez dutela marjinarik ematen ordezko langile bat kontratatzeko eta beraz, baratzezainek zailtasun handiak dituzte oporrak eta atseden egunak hartu ahal izateko.
Barazki bakoitzaren kostu prezioak zehatz kalkulatu ditu Duina ikerketak. Horretarako, kontuan hartu ditu barazki bakoitzari urtean zehar eskaini zaizkion lanorduak (Karta Sozialaren soldata duina oinarri hartuta) eta barazki bakoitzaren salmenta kopuruak. Emaitza larria da: orokorrean kostu prezioa baino merkeago saltzen dituzte barazkiak baratzezain ekologikoek, 27. orriko koadroan ikus daitekeenez. Edozein azokatara joanda aurkitzen ditugun prezioak zehazteko, bi erreferentzia ematen ditu ikerketak: bata, ikerketan parte hartu duten baratzezainek aurrez aurreko salmentan erabiltzen dituzten gutxieneko eta gehieneko prezioak dira. Eta bestetik, Biolur elkarteak 2021erako erreferentzia gisa eman zituen prezioak, baratzezaintza ekologikoan hasten direnek oso kontuan hartzen dituztenak, beren prezioak zehazterakoan.
Txukun xamar ordaintzen diren barazkiak kalabaza, letxua eta piper italiarra dira: hauen ekoizpen kostuak Biolurrek ezarritako erreferentziazko prezioetatik hurbil daude eta baratzezainek azoketan erabiltzen dituzten gutxieneko eta gehieneko prezioen artean. Ilarra eta tomatearen kasuan, kostu prezioa azoketako salmenta prezio minimo eta maximoen artean dago, baina Biolurrek proposatutako prezioa baino handiagoa da. Eta azenario, brokoli, leka, Gernikako piper, porru eta tipularen kasuan, kostu prezioak handiagoak dira bai Biolurrek proposatutako prezioak baino, baita orokorrean azoketan ekoizleek erabiltzen dituztenak baino.
Ikerketan parte hartu duten hamaika proiektuek erosleengana iristeko merkaturatze bide laburrak eta anitzak erabiltzen dituzte. Proiektuen %40ak bi merkaturatze bide ditu, %50ak 3 merkaturatze kanal eta %30ak 4. Honek, noski, menpekotasunetik libratzen ditu eta prezioak negoziatu ahal izateko aukera ematen die.
Kontsumo taldeak edo otarren salmenta dira, bataz beste, baratzezain ekologikoentzako bide emankorrena: salmenten erdia eskuratzen dute bide honetatik, bataz beste. Honen ondoren, herrietako denda txikiak dira bide esanguratsuenak: proiektuen %80ak saltzen du denda txikietan eta salmenten %22 lortzen dute hauetatik. Azoketan saltzen dute proiektuen erdiek eta salmenten %11 eskuratzen dute hauetan.
Ikerketak nabarmentzen du ortugintza ekologikoak eragin oso positiboak dituela gizartean eta Lurrean, egungo klima larrialdiari begira garrantzitsuak direnak: tokiko barietateen erabilera, tratamendu naturalak erabiltzea, paisaia eta lurzorua zaintzea, ongarriketa ekologikoari esker hondakinak murrizteko estrategiak (plastikoa, adibidez)... Horri gehitu behar zaizkio, merkaturatze bide laburrak erabiltzeak gizarteari eta Lurrari ekartzen dizkion onurak: garraioan murrizketa, tokiko ekonomian eragina... "Duina" ikerketaren arabera, "eragin positibo hauek ez dira islatzen ortugintzak jasotzen dituen laguntza publikoetan, ez zuzenekoetan (diru-laguntzak) ezta zeharkakoetan ere (adibidez, erosketa publikoan merkaturatze bide zuzenak lehenetsiz edota elikadura osasungarrirako irizpideetan kontuan hartuz). Ez dugu esan nahi ortugintza diru laguntzen menpeko eredua izan behar denik, baina ortugintza ekologikoak sortutako eragin positiboak konpentsatu behar dira, ikusirik ekarpenak duen garrantzia eta hileko soldata duin batera iristeko dagoen zailtasuna". Izan ere, baratzegintza ekologikoko proiektuek, batez beste, beren diru sarreren %5,42 soilik jasotzen dute diru-laguntzetatik.
Nola erakarri ditzake baratzezaintza ekologikoak gazteak bertan hastera, ordainik gabeko lan zama horrekin? Nola lortuko dituzte Euskal Herriko administrazioek laborantza ekologikoaren kopuruetan 2030erako ezarri dituzten helburuak, sektorearen prekarietate maila hau bada? –hidroponikoak eta erregai fosiletan zein kimikoetan oinarritutako ekoizpenak "ekologiko" izendatuta?–. Elikagaien prezioen igoerak larritu gaituen honetan, eta elikagai eskasia ate-joka dugula ikusita, nekazal lurrak energia parke bihurtzeko bezain gutxi baloratzen al dugu herri gisa eguneroko janaria bertan ekoizteko ahalmena izatea? Munduko deforestazioen %90 elikadura industriak eragindakoa bada (hauetatik bi heren sojaren eta palma olioaren ekoizpenak), eta negutegi gasen %44-%57 artean agroindustriak eragindakoa badira, klima larrialdiari begira zerk du tokiko laborantza ekologikoa eta salmenta bide laburrak bultzatzeak bezainbesteko urgentzia? Gobernuek herritarrek erositako gasoilaren prezioaren zati bat zuzenean ordaindu duten bezala, ezin al dituzte antzeko neurriak hartu herritar denek bertako elikagai ekologikoak erosteko ahalmena izan dezaten? Nola hartu dezakegu elkar laborari ekologikoek eta herritarrek, sistema kapitalistak prekarietatera bultzatu dituen gure bizitzak beste era batera antolatzeko, elikadura osasuntsua guztiontzat bermatuta egon dadin, eta lan baldintza duinetan ekoiztuta?
Baratzezain ekologikoen aldarria zeure egin nahi? Euskal Herriko agroekologia mugimenduak eta ARGIAk elkarlanean atera dute Lurra Herriari Deika kamiseta. Eskuratu hemen.
Hau idazten ari naizela, kanpaina bukatzear dugu. Datorren astelehenean jetzaldi batera pasako gara. Horrek esan nahi du hiru egunetik behin egingo dugula gazta, eta gaztek izango dituztela bospasei kilo. Uztailaren bigarren astean edo utzi egingo diogu gazta egiteari.
Ekoizleen eta kontsumitzaileen arteko zuzeneko harremanak sustatzeko asmoz azoka berria jarri du martxan Iruñeko Udalak, INTIA-Reyno Gourmetekin, Nafarroako Nekazal Produkzio Ekologikoaren Kontseiluarekin (NNPEK), Elikagai Artisauen Elkartearekin eta Bizilurrekin... [+]
Maiatzaren 10ean Zestoako iraeta auzoan kokatuta dagoen amillubi proiektuan elkartu ziren elikadura burujabetzaren aldeko herritarrak eta laborariak. Udaberriko Festaren bigarren edizio honetan, goizean bi mahai-inguru antolatu zituzten eta entzulez bete zen amilibia baserri... [+]
Uda da sasoirik oparoena baratzean. bai, behintzat, udaberrian ereintza eta landaketa lanak egin badira. iazko uda ez dadila errepikatu desio dute elikagaiak lurrean eta zeruari begira lantzen dituzten laborariek. Izan ere, batez beste %45 uzta txikiagoa jaso zuten. Datu hori... [+]
Gaur, maiatzak 15, San Ixidro da, Baserritarren Eguna. Egurra Ta Kandela baserritar ekintzak salatu du ekologikoan lan egiten duten laborariak landutako azalera handitzeko diru-laguntzatik kanpo utzi dituela Gipuzkoako Foru Aldundiak. Horregatik, 12:00etan Aldundiaren aurrean... [+]
Aurten ez dut aparteko ilusiorik San Ixidro egunerako. Ez dut girorik aurkitzen. Ingurura begiratu eta giro ospela. Burua lanean jarri behar izan dut epeltasun bila, eta hara non, azaldu zaizkit gure gazten zain hilabeteak daramatzaten lagunen irribarreak. Bihotza epelxeago dago... [+]
Izenak, berez, ez du izana gordetzen. Papera ez da nahikoa, nahiz eta paperak denari eusten dion. Busti arte. Halaxe gertatu da Gipuzkoako Foru Aldundiko Lurralde Oreka Berdeko Departamenduarekin. Izan ere, izenak gorde beharko lukeen izanari uko egin dio; besteak beste, 2023ko... [+]
Maiatzaren 10ean egun osoko festa berezia antolatu dute Zestoako Amilibia baserrian. Agroekologiaren eta elikadura burujabetzaren alde, Gipuzkoako Biolur elkarteak abiatutako proiektua da Amillubi, eta udaberriko hitzordua aitzakia paregabea izanen da tarte eder bat partekatu... [+]
Gasteizko Basaldea etxaldean dago kokatuta Soilik nekazaritza birsortzaileko proiektua, Abetxuko auzoan, eta Jaime Garcia, Joseba Vigalondo eta Javier Chaves dira bultzatzaileak. “Lehen sektorean, eredu agroekologikoan inkorporazio berriak bultzatzea da gure helburua,... [+]
2020. urteko udaberrian lorategigintzak eta ortugintzak hartutako balioa gogoan, aisialdi aktibitate eta ingurune naturalarekin lotura gisa. Terraza eta etxeko loreontzietan hasitako ekintzak hiriko ortuen nekazaritzan jarraitu du, behin itxialdia bareturik. Historian zehar... [+]
Gaur abiatu da Bizi Baratzea Orrian kide egiteko kanpaina. Urtaro bakoitzean kaleratuko den aldizkari berezi honek Lurrari buruzko jakintza praktikoa eta gaurkotasuneko gaiak jorratuko ditu, formato oso berezian: poster handi bat izango du ardatz eta tolestu ahala beste... [+]
Iruñean bizi ziren Iñaki Zoko Lamarka eta Andoni Arizkuren Eseberri gazteak, baina familiaren herriarekin, Otsagabiarekin, lotura estua zuten biek betidanik. “Lehen, asteburuetan eta udan etortzen ginen eta duela urte batzuk bizitzera etorri ginen”, dio... [+]
Euskal Herri mailan txikitik handira agroekologia sustatzen duten zenbait elkarte eta kooperatiba ataka larrian daude, finantziazio iturriak bertan behera geratu ostean. Erakunde publikoetatik, berriz, elikadura negozio gisa ikusten duten proiektuen aldeko apustu irmoa nabari... [+]
Gipuzkoako hamaika txokotatik gerturatutako hamarka lagun elkartu ziren otsailaren 23an Amillubiko lehen auzo(p)lanera. Biolur elkarteak bultzatutako proiektu kolektiboa da Amillubi, agroekologian sakontzeko eta Gipuzkoako etorkizuneko elikadura erronkei heltzeko asmoz Zestoako... [+]
Emakume bakoitzaren errelatotik abiatuta, lurrari eta elikadurari buruzko jakituria kolektibizatu eta sukaldeko iruditegia irauli nahi ditu Ziminttere proiektuak, mahai baten bueltan, sukaldean bertan eta elikagaiak eskutan darabiltzaten bitartean.