Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

Dotore jantzita zegoen, autobus geltokian eserita, eskuak makuluan jarrita, ile urdina bilduta, hutsari begira. Han zegoen iritsi nintzenean. Ez zion ordulariari behin ere begiratu. Emeki altxatu zen, ordubete geroago (lehen ordu erdi litzateke), autobusa iritsi zenean, eta gainerakoon ezinegonetik urrun, presarik gabe eman zituen pausoak eskailerarantz, eserlekurantz. Tira, asteburua zen, buelta trenez egin behar genuen, hainbesteko suspenserik gabeko ordutegidun batean.

Hurrengo batean, etxera itzuli behar genuela, hango geltokian pilatu ginen herriko zenbait pertsona. “Noiz pasako da autobusa?”. Interneten laurden gutxitan dio, markesinako paperak puntuan, baina gure begiz ikusi dugu hogei gutxitan bat nola pasa den. Tira, asteburua da oraingoan ere. Beste behin, ordea, ilunduta harrapatu gintuen jolasak, ordubete generaman erdibideko geltoki batean, eta ez zuen handik ezer pasako zen itxurarik, markesinako paperak kontrakoa esan arren. Goazen oinez behatzak moretzen hasi aurretik, ezin dut umea hemen Sanitas aurrean izozten utzi. Tira, berriro, asteburua da, eta umearentzat abentura bat izan da errepide ertzetik ilunpean ibiltzea.

Ezin dugu edonora oinez iritsi. Ezin dugu denok bizikletaz ibili. Distantzia batzuk ezin dira patinetez egin. Mugikortasunerako eskubidea mugiarazten gaituztenek greba egiten dutenean baino ez da arazo, dirudienez. Autobusetako murrizketek egiten diren momentuan sortzen dute zuzendariari gutunen bat, tokiko egunkari batean, hitz ozenen bat udaleko plenoan. Ziur, defizitario hitza entzungo den batean. Defizitarioago murrizketaz murrizketa.

“Kotxea behar dugu” izan zen bidelagun nuenaren ondorioa umeari eskutik helduta. “Bai”, erantzun nion nik. Ez da elektrikoa izango. Emakume dotorea ez da herritik irtengo, markesinan geratuko da, defizitario.

Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora

ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.


Eguneraketa berriak daude