Euskararen langileak sindikatzeko

  • Euskararen Langile Profesionalen elkartea da Lanartea. Izaeraz elkartea den arren bokazio sindikala du, argi azpimarratzen dute hori. Pixkanaka ari dira bidea egiten, euskarazko kultur sorkuntzan aritzen direnen egoeraz gogoeta egin eta haien baldintzak hobetzeko lanean.

Argazkia: Dani Blanco

2022ko uztailaren 31n

Lanartea Euskararen Langile Profesionalen elkarteko kideek azaltzen dutenez, euskara bera lan tresnatzat daukatenak dira euskararen langileak: bertsolariak, idazleak, kantariak, irudigileak, itzultzaileak, kontalariak, antzerkigileak... Izan ere, jende asko dago lana euskaraz egiten duena euskara bera langai izan gabe. Hizkuntza lantzen eta han eta hemen era batera edo bestera hedatzen dutenak dira, beraz, euskararen langileak, sortzea lanbide dutenak. Horietako gehienak autonomoak dira ezinbestean, hau da, haien zerbitzuak enplegatzaileei eskainiz lan egiten dutenak.

Lan erregimen horrek sortzen dituen berezitasunen eta ezintasunen aurrean batzea erabaki zuten, eta duela hiruzpalau urte egin zituen lehen txinpartak Lanarteak: “Ilunpetan, argi bila hasi ginen, gure egoera nola oinarrizko duintasun batera eraman. Laster ikusi genuen antzeko genbiltzala guztiz gehienak. Gure arteko batek esaten du meatzariak bezala ari garela elkarren bila”. Bilera txiki mordoxka egin zuten, denbora eman zuten haien ohiko sorkuntza lanarekin batera haien egoeraren diagnostikoak egiten, batarekin eta bestearekin hitz egiten, irtenbide bila eta duintasuna aldarrikatzen. Duela hiru urte batzar ireki bat egin zuten Donostian, eta aurten, berriz, bigarren batzarra Azpeitian. Geroztik hainbat ekimen egin dute, guztiak ere euskarazko kultur sorkuntzaren eta haren baldintzen bueltakoak.

Urtebete pasatxo da koordinatzaile bat duela Lanarteak, liberatua, eta intentsitate handiagoa hartu du haien jardunak, kultrugileen arazoen mapa handia osatzen ez ezik hainbat lagun eta elkarterekin harremanetan ari dira lanean. Harreman horietan ideiak trukatzen dituzte batez ere, eta bat egiten ahalegintzen dira, erakundeei haien eskariak aurkezteko. Oraingoz Lanartearen egiteko nagusia autonomoen beharrei erantzutea bada ere, kultur sistema kontuan hartuz, profesionaltzat jotzen dituzte dedikazio osoz zein aldian behin, autonomo erregimenean nahiz tarteka lanak fakturatuz kultur arloan sortzen edota interpretatzen duten langileak. Euskararen langile profesional guztiei irekia da Lanartea, autonomoa izan edo ez. Haien asmoa, baina, ez da lobby bilakatzea, sindikatu bilakatzea baizik. Bide horretan oztopoak dituzte, ordea, eta elkartea eratu behar izan dute egitura legal gisa.

Ilunpetik ateratzeko

Behin eta berriz azpimarratzen dutena da haiek langileak direla. Euskararen langile profesionalak direla eta interes partekatuak dituztela. Lanartea, beraz, langile horiek guztiak batzen dituen erakundea izatea nahi dute. Egoera ilun eta prekarioa dela diote, eta ilunpetik ateratzeko egitekoa du Lanarteak, sortzaileen eta interpreteen lan eta bizi baldintzak aldatzekoa. Horrela diote: “Gure hizkuntzan sortzen eta interpretatzen lan egin dutenek 50 urte ere egin dituzte ilunpean. Gu prekario bizi ginen prekario hitza modako egin baino lehen, askoz lehenago ere”.

Haietako batzuk beti izan dira horretaz kontziente, beste batzuk, berriz, egoeraz hitz egiterakoan jabetu dira beren egoeraz: “Artista ginelakoan, izendapenak berak kalte egin digu, kalte egiten digu oraindik. Lan-erreformaren kontrako azken mobilizazioetan parte hartu genuen, eta, besteak beste, horixe egin genuen aldarri, langileak garela. Gure lanak mozkin ekonomiko bat sortzen du, uste duguna baino askoz handiagoa. Hitz-jokoa eginez, mozkin hori oso mizkin portatzen da gurekin, sortzaileekin, kultur langileekin". Kate horretan katebegi galdua litzateke beraiena.

Egoera horren aurrean bat egin dute, “ezer ez zegoen lekuan” elkartzea lortu dute. Kontratuak eta kontratazioak landu dituzte lehenik. Praktika egokien dekalogoa osatzen ari dira, baina bestelako bide batzuetatik ere heldu diote auziari, aldundietako euskara eta kultura sailekin biltzen ari dira, eta hainbat ekimenetan baldintza duinak bermatzea lortu dute, (H)ilbeltza bekan eta Lizardi sarian, adibidez. Mahaian aurrenekoz elkarrizketa soziala jarri dutela diote, subjektu aktibo bihurtu direla. Argi dute asmoa: “Kulturaren sistema dardararazi behar dugu”.

Lehenik eta behin, errespetuz tratatuak izateko eskubidea da aldarrikatzen dutena, sarritan hori ere ez baita gertatzen. Legezkoa ez den ohitura mordoa ere badagoela salatzen dute. Mundu osorako balioa duten kontratua aipatu dute, adibide gisa: “Ba ote? Mundu osorakoa? Eta gure lana mundu osorakoa izan dadin egiten dute lan kontratu horiek sinarazten dizkigutenek? Eta gure lana mundu osorako izan dadin eskubideen lagapena egiten dugunean, neurriko ordaina eskaintzen digute? Eta ordaina halako zenbateko bat dela nork erabaki ohi du, etxera datorkigun iturginak, ala guk, etxekook?”.

Funtsean, legearen eta eskubideen gainetik jartzen diren ohitura asko dagoela diote, abusuari atea zabaltzen diotenak. Baina hori posible bada bakarturik lan egiten dutelako dela, eta haien eskubideen aldarri nola egin ere ez dakitelako. Hori buelta ematen ari dira, elkartuz eta tresnak eskura jarriz.

Lege eta araudien katramilak

Horretarako, besteak beste, formakuntza saioak antolatzen dituzte. Euskararen langileek hainbat oztopori egin behar baitiote aurre. Batetik, administrazio desberdinen menpe egin behar dute lan, eta administrazio bakoitzak bere irizpidea darabil. Bestetik, legeak eta araudiak berak “katramilaz” beteta daude, eta korapiloa non dagoen asmatzea ez da beti erraza: “Badakigu zein diren, ez beti, hala ere. Batzuetan, ez ditugu ezagutzen, baina goiz osoa emanak gaude halako diputazioko ogasunean, eta sartu bezain esku-hutsik irten ere bai, bertako teknikariek ere, oraingo legeen argi-ilunetan, ez dutelako gure egoera ulertzen. Euskararen langile autonomoa izatea etenik gabeko ikastaroa da. Ez sinestekoa”.

Lanarteako kideek diotenez, artisten lanak balio etikoa eta estetikoa dauka eta argitaratuz gero balio ekonomikoa hartzen du: “Katearen lehen maila gara sorkuntzan, baina katearen azken maila gara guk geuk sortzen dugunaz bizitzen”. Beste hizkuntzetan ere hainbat alorretan egoera antzekoa dela diote, baina hizkuntza gutxitua izateak okertzen du panorama: “Datuek eta azterketek argi uzten dute hizkuntza hegemoniko baten -edo biren- indar zentripetoaren eta merkatuaren legeen menpe utziz gero, hizkuntza gutxitua eta bere kultur adierazpideak desagertu egiten direla”. Hain zuzen ere, diotenez, estatu batzuek babestu egiten dituzte beren hizkuntzaren langileak. Halakoetan, gutxi edo asko, espezie babestua da, beraz, kulturgilea. Hemen ere hitzez sortzaileei garrantzia aitortzen bazaie ere tamalez babesa hitz hutsetan geratzen dela diote, eta gaztelaniak eta frantsesak hitzaren zirkuitu ekonomikotik kanpo uzten dutela euskara.: “Tratua oso da injustua, milioika hartzaile eta gurearen aldean babes aparatu erraldoiak dituzten kultur sistemen bultzada bera bagenitu bezala tratatzen gaituztelako”.

Merkromina baino gehiago

Lanarteako kideek diotenez, interesgarria izan daiteke Frantziako Estatuan indarrean dagoen intermitentziaren figura, baina ez da idealizatu behar: “Frantziako Estatuan intermitentzia, Espainiako Estatuan artisten estatutua... Eta uste duzu bertsolari autonomoak ere hor sartu dituztela? Inork uste du Madrilen ari denak gure berri baduela?”.

Espainiako Estatuan osatzen ari diren artisten estatutuak fiskalitate egokitu bat ekarriko die kulturgileei EAEn eta Nafarroan, baina hori egoera iraunarazteko bidea baino ez dela diote; “Gu geure estatutua lantzen ari gara 2020az geroztik. Eta horixe aldarrikatuko dugu dagokion tokian". Egoera hobetuko luketen lege eta politikez galdetuta horrela mintzo dira: “Gaur egungo egoera apur bat hobetzen duten legeak, politika publikoak… Benetan? Gure etxeko botikinean ere baditugu benda batzuk. Nola dago euskara une honetan? Merkromina baino gehiago behar dugu”. Legeak eta politika publikoek egoera makurra iraunarazi baizik ez dute egiten, beraien ustez, eta orainaz bezala arduratzen dira etorkizunaz ere: “Ez dezagun ahaztu geroa, euskarazko kulturaren etorkizuna mamituko duten sortzaile belaunaldi berriak. Ba al da hezurdurarik horien lanari eusteko? Guk ez dugu inon ikusten”.

Loreak belaunetan

38 minutuko dokumentala ondu du Lanarteak, zazpi artistaren bizipenak eta ametsak biltzen dituena. Oihana Arana poeta eta bertsolaria; Amets Aranguren musikaria; Kattalin Barcena artista plastiko eta musikaria; Dom Campistron irudigilea; Ekain Ibarguren aktore, pailazo eta malabarista; Iker Maguregi zinemagile eta musikaria; eta Maddi Ane Txoperena kazetari, idazle eta bertsolaria dira protagonistak.
Denak murgildu dira kultur munduan azken urteotan: batzuek ogibide bihurtu dute kultur jarduna, beste batzuek ez. Orainaldiak opa dienaz eta etorkizunari eskatzen diotenaz mintzo dira den-denak. Ametsak, ekinak eta ezinak aletzen dituzte dokumentalean, gure kultur munduaren nolakoaren eskema zirriborratuz; baita etorkizuneko erronkena ere.
Euskal Herriko hainbat txokotan aurkeztu dute dagoeneko dokumentala.

 

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Politika kulturalak
Bizkaiko Diputazioak abiatu du Urdaibaiko Guggenheimarentzat lursailak erosteko prozesua

Muruetan 32.000 metro karratu erosteko asmo dauka Bizkaiko Diputazioak, besteak beste Urdaibain Guggenheim museoa eraikitzeko.


2024-02-28 | ARGIA
Urdaibaiko Guggenheim proiektuaren aurkako ekimenak ez dira eten

Urdaibaiko Guggenheimen proiektua bi urtez etengo dutela iragarri zuten urtarrilean Lakuak eta Bizkaiko Aldundiak, baina museoa eraiki ez dadin borrokan jarraitzen dute ekintzaileek. Futuro Vegetal aktibista klimatikoen azken ekintza eta Guernica Gernikara taldeak antolatu duen... [+]


Ogi-apurrak Afrika espoliatuarentzat

Ghana, 1823. Ashanti Inperioaren eta britainiarren arteko lehen gerra hasi zen. Guztira lau gerra izan ziren bien artean, eta gatazka 1901 arte luzatu zen. Lehenago, europarrek herrialdeko Urrezko Kosta kontrolatzen zuten. Baina 1807ko esklabotzaren abolizioaren ondorioz,... [+]


Donostiaren Kontenedora
Sorkuntzari trabak, kultur hirian

Donostiako Amara auzoan dagoen Kontenedora sorkuntza espazioak ez du estreinako urterik onena izan: bederatzi hilabetez itxita egon da, burokraziaren katramiletan harrapatuta. Udalak ezarritako trabak azaldu dituzte. Abokatu eta arkitekto artean aritu ostean, baina, badirudi... [+]


Eguneraketa berriak daude