"Zientzia baino kreatiboagoa den gauza gutxi imajina dezaket"

  • Aitzol Garcia-Etxarri zientzialaria da. Baina beste mila saltsatan ere badabil. Harentzat, ikertzea bezain garrantzitsua da ikerketaren emaitzak gizartera zabaltzea. Beraz, ez zaiteztela kezkatu nanopartikulak zer diren ez baldin badakizue: argi asko azaldu dizkigu, kontzeptu horixe eta beste hamaika kontu interesgarri elkarrizketa honetan.

Argazkia: Dani Blanco
Argazkia: Dani Blanco
Aitzol Garcia-Etxarri. Pasai-San pedro, 1981

Fisikan doktorea eta ikertzailea Donostia International Physics Center-en (DIPC). Gaur egun, ikerketa-talde baten burua da: argiaren eta materiaren arteko elkarrekintza aztertzen dute. Zientzia-dibulgazioko hainbat proiektutan dihardu, hala nola DIPCren Zinema eta zientzia zikloan, eta irrati-kolaborazio bat egiten du hilero Euskadi Irratian. Gizon zis homosexual gisa identifikatzen da, eta nabarmen konprometituta dago LGTBIQ+ kausarekin, zientziaren arloan nahiz hortik kanpo.

Donostia International Physics Center-en (DIPC) gaude. Zer da?
Ikerketa-zentro bat da, 2001ean sortua, eta berezia da. Ikertzeaz aparte, baditu beste helburu batzuk. Adibidez, dibulgazioarekin konpromiso handia daukagu, eta ekitaldi pila bat antolatzen dugu arlo horretan. Bestalde, niretzat oso garrantzitsua dena, Euskal Herriko zientzia katalizatzeko sortu zen. Horretarako, bisitari-programa bikain bat daukagu, urtean ehundik gora bisitari jasotzen dugu, eta horrek sekulako eragina izan du bai gure emaitzetan, bai gure kulturan: azken finean, oso zentro bizia da.

Bertako ikertzaile guztiak zarete fisikariak?
Fisikaren arloa lantzen dugu denok, hori egia da. Hala eta guztiz ere, gaur egun ikerketa nahiko kontu multidiziplinarra da arlo guztietan, eta orain egiten dugun ikerketarako ez litzateke nahikoa izango fisikariekin bakarrik; beraz, denetatik dago hemen gure inguruan. Ni, adibidez, telekomunikazioetan ingeniaria naiz –gero doktoretza fisikan egin nuen– eta ni bezala biologoak daude, kimikari pila bat… Orain, esaterako, ingeniaritza biomedikoa ikasitako doktoretza-ikasle bat, Teresa Celaya, dago nire ikerketa-taldean.

Noiz iritsi zinen zu zentro honetara, eta zergatik?
2005ean AEBetara joan nintzen karrera amaierako proiektua egitera, Colorado estatuko unibertsitatera. Printzipioz doktoretza ere han egin behar nuen, baina azkenean erabaki nuen ezetz.

Nolatan?
Argi ikusi nuen etxera itzuli behar nuela. Tripek esan zidaten. Amona gaixo jarri zen, ni armairutik ateratzen ari nintzen garai hartan… Erabaki pertsonala izan zen guztiz. Hemen hainbat aukera aztertu nituen doktoretza egiteko. Nafarroako Unibertsitatean ikasi nuenez, han pare bat aukera nituen, baina lagun baten bitartez Javier Aizpurua ezagutu nuen, eta aukera sortu zitzaidan, bera eta Pedro Miguel Etxenike zuzendari nituela, doktoretza DIPCn egiteko. Bide horri heldu nion azkenean.

Zein zen zure tesiaren gaia?
Egin dudan ikerketa guztiaren atzean beti egon da gai nagusi bat dena biltzen duena: materiaren eta argiaren arteko elkarrekintzaren ikerketa. Azaltzen saiatuko naiz. Adibide erraz-erraz bat jartzearren, gu oraintxe bertan mahai batean eserita gaude, eta zuk zure parean mahai hau ikusten duzu eta marroia dela ere ikusten duzu. Hori zergatik gertatzen da? Ba eguzkiaren argi-izpiak gugana etortzen direlako marra-lerrotan, mahaiaren aurka talka egin, eta zure begietara iristen direlako. Talka egitean kolore batzuk xurgatu egiten dira, eta beste batzuk islatu eta zure begietara iristen dira. Argi-izpien eta mahaiaren arteko talka da materiaren eta argiaren arteko elkarrekintza, eta hortik datoz, adibidez, gure bizitzan ikusten ditugun koloreak, baita formak eta itzalak ere, eta beste hainbeste adibide. Gure arloan ikertzen duguna hau da: zer gertatzen den elkarrekintza horrekin objektuak mahai baten tamainakoak izan beharrean txiki-txikiak direnean. Objektuak txikiagotu heinean, fisikaren arauak aldatzen doaz pixkanaka, mundu kuantikora iritsi arte, eta atomoetara iristen garenean gauzak guztiz ezberdinak dira.

Argazkia: Dani Blanco
"Heterosexual gisa identifikatzen ez diren ikasleen artean, %50ak egunero jasaten du bullinga; egunero. Azkar esaten da”

Mundu kuantikoa ikertzen duzue?
Ez guztiz. Fenomeno kuantikoak bete-betean agertzen dira materiak atomo gutxi batzuen tamaina daukanean –sinplifikatzen ari naiz, baina gutxi gorabehera hori esan genezake–. Materia hori baino pixka bat handiagoa ikertzen dugu guk: nanopartikulen erantzun optikoa.

Nanopartikula baten tamaina zein izango litzateke?
Nanometro bat da 0,0000000001 metro. Zerbait errazagoa edo esanguratsuagoa esatearren, ile bat hartuko bagenu, horren diametroa baino 10.000 aldiz txikiagoa da nanometroa.

Honi buruz hitz egin ahala irribarrez ari zara. Zerk erakarri zintuen zientziatik?
Txikitatik asko aspertu izan naiz. Oso kuriosoa izan naiz, baina behin jakin-mina asetuta, berriro aspertzen nintzen, eta beste zerbait egin nahi izaten nuen. Bestalde, zientziak asko erakarri ninduen eskolako garai batetik aurrera, eta argi neukan zientziarekin lotutako zerbait ikasiko nuela. Hasieran matematikak egin nahi nituen, gero fisika. Azkenean, kontatu zidaten ingeniaritzarekin dirua ere irabaz nezakeela [barreak] eta hortik jo nuen. Baina ingeniaritzan berdina pasatzen hasi zitzaidan; hasieran, topera nengoen, baina laugarren edo bosgarren mailara iristerako aspertu egin nintzen; dena zen berdina: protokoloak, zenbakiak… Garai hartan bi irakasle izan nituen, Pedro Crespo eta Hector Mancini, biak zientzialariak, eta haien bidez konturatu nintzen ikerketan behintzat galderak infinituak zirela.

Jakin-mina ase arren beti egongo ziren jakin-min berriak.
Bai. Eta badago beste faktore bat, orain argiago ikusten dudan zerbait, garaian konturatzen ez banintzen ere: ez nuen nire burua ingeniari bezala ikusten. Begiratzen nien beste ingeniariei, eta esaten nuen: ni ez naiz horiek bezalakoa, eta ez dut horiek bezalakoa izan nahi.

Nolakoak ziren, ba?
Zer esango dizut: gizonak, zuriak, heterosexualak, serioak, trajedunak, eta abar. Erreferenteen kontua askori gertatzen zaigu, emakumezkoei ere bai jakina. Nire kasuan, gizonezkoa izanik, ingeniari ondo, baina homosexuala izanik beste arazo bat neukan. Gainera, Nafarroako Unibertsitatean nengoen, eta hor ere bazeuden tirabira batzuk. Edonola ere, doktoretza egiten hasi nintzenean, ikusi nuen beste geruza bat. Ingeniaritzaren helburua gauzak sortzea da: gauza horiek aplikatzeko modukoak izan behar dute, eta salgarriak. Teknologia garatzen irakatsi ziguten karreran, eta doktoretza egiten hasi nintzenean deskubritu nuen zer zen, ez teknologia garatzea, baizik eta ezagutza garatzea, eta hor guztiz liluratu nintzen. Agian ez nintzen guztiz kontziente ezagutza ere sortu behar dela. Eta hor, misterioaren parean zaudenean, ez zara sekula aspertzen.

Doktoretzaren ostean, doktoretza-ondokoa AEBetan egin zenuen, Stanford unibertsitatean. San Frantziskon bizi izan zinen lau urtez. Zer moduz?
Egia esan, San Frantziskoko lehenengo urtea zoragarria izan zen. Askatasun osoa sentitu nuen, lagun pila bat egin nituen. Behar nuen guztia neukan. Baina emigratzea ez da erraza. Gauza bat da toki berri batera joatea eta oso ondo ibiltzea, parrandan eta lanean, baina urteek aurrera egin ahala errutina batean sartzen zara, eta estatubatuarrak bestela bizitzen hasi behar izan nuen, ez zegoelako beste aukerarik.

Eta ez zitzaizun gustatzen?
Azken batean, beste kultura bat da, eta beste kultura batera adaptatzea oso gogorra da; familia hain urruti edukitzea ere bai. Horregatik, gaur egun etorkinekin hitz egiten dudanean, hemen lagun asko ditut etorkinak, biziki miresten ditut, eta ez dut ulertzen nola jendeak ez duen ikusten zer mailatako sakrifizioak egiten ari diren hemen egoteko eta gu zer komodo bizi garen. Eta, harira itzulita, AEBetako kultura oso gogorra da, zoragarria gauza batzuetan, gurea baino dibertigarriagoa, baina lehia oso bortitza da, exigentzia-maila brutala da, eta mundu akademikoan ere bai.

Aitzol, zu ez zara laborategian itxita bizi den zientzialari bat.
Utzidazu estereotipo hori puskatzen. Askotan uste izaten dugu zientzialariak oso karratuak direla, gauza oso zehatzak egiten dituztela, kreatibitaterik gabeko jendea direla, eta ideia hori guztiz okerra da. Azken finean, zientzia baino kreatiboagoa den gauza gutxi imajina dezaket. Esplikatuko dizut zergatik. Lehen hitz egin dugu ezagutzaren inguruan; ba oinarrizko zientziaren helburua da ezagutzen ez diren gauzak ezagutaraztea, edo deskubritzea. Hori egiteko erreminta batzuk dauzkagu: matematika, fisika… Baina ezagutzen ez duzun hori deskubritzeko garaian, kreatibitaterik ez baldin badaukazu, ezin duzu deus ere egin. Hortaz, zientzia egitasmo oso sortzailea da, eta kulturaren funtsezko partea. Askotan ikusten ditugu kultura eta zientzia gauza bereiziak balira bezala, baina –eta kultura asko gustatzen zaidan arren– oso argi daukat zientzia goi-mailako kultura dela. Esango nuke zientzian gabiltzanok nahiko presente daukagula hau guztia, eta oso arraroa da kultura gustatzen ez zaion zientzialaririk aurkitzea.

Zer erantzungo zenidake zientziaren objektibotasunaz galdetuko banizu?
Ez dakit zientzia guztiz objektiboa den edo ez, hori filosofo bati galdetu beharko zenioke, arraroa badirudi ere. Denborarekin ikasi dut horrelako kontzeptuak errespetatzen. Gai horri buruz hitz egiteko, egia existitzen ote den eztabaidatu beharko genuke. Edonola ere, badira gauza objektibagarriak, eta zientziak horiek ikertzen ditu. Egiak aurkitu ditzakezu, egia partzialak, inoiz ez dira egia borobilak. Zientzia etengabe ari da eraikitzen. Ez dut uste inoiz iritsiko garenik egia absolutu batera. Baina dena behin eta berriz konprobatzen da zientzian. Azkenean, zientzia oso sinplea da: guztiok egiten dugu egunero. Nik boligrafo hori hartu nahi baldin badut eta gerturatzen baldin badut eskua eta ikusten badut ez dudala hartzen, zerbait gaizki dabilela ikusiko dut, edo behin eta berriz eskua luzatuta boligrafoa hartzen baldin badut, berriz, hortik objektibatu dezaket boligrafoa hor dagoela, eta nire eskuak har dezakeela. Zientziak egiten duena hori da, azkenean. Hipotesi bat dago airean, ideia bat; guztiok ditugu hipotesiak gauza guztien inguruan. Zientziak egiten duen gauza bakarra da hipotesi hori hartu, frogan jarri, eta ikusi funtzionatzen duen edo ez. Eta, ez hori bakarrik, behin eta berriz frogatzen du ea hipotesi hori egia den ala ez.

LGTBIQ+ komunitatearen ikusgaitasunaren alde diharduzu hainbat egitasmotan. Zergatik da garrantzitsua ikusgaitasuna?
Lehenengo eta behin, eskoletan bullyingaren eta homofobiaren asuntoa tratatzen dugunean, askotan pentsatzen dugu gaindituta dagoela, gauzak hobera doazela, inpresio horrekin bizi gara. Ba gauzak ez dira horrela. Zenbakiak ez dakizkit buruz, baina Espainiako COGAM elkarteak [Madrilgo LGTB+ kolektiboa] ikerketa bat egin zuen 15 eta 25 urte arteko gazteen artean homofobiaren inguruan. Emaitzak izugarriak dira. Heterosexual gisa identifikatzen ez diren ikasleen artean, %50ak egunero jasaten du bullyinga; egunero. Azkar esaten da. Nik ere ez nuen jasan egunero halakorik, baina gaur egun, dirudienez, horrela da. Horietatik %42ak ez zuen inongo laguntzarik jaso eskolen aldetik. %5ak ikasketak utzi zituen. Suizidio-kopuruak ikaragarriak dira. Hortik hasi beharko ginateke: eskoletan asko sufritzen dugu. Eta gero, arazo horiek, bullyinga eta homofobia, helduarora eramaten ditugu. Horrek guztiak ondorioak ditu gure bizitzan.

Argazki oina
"Zuk zure parean mahai hau ikusten duzu eta marroia dela ere ikusten duzu. Hori zergatik gertatzen da? Ba eguzkiaren argi-izpiak gugana etortzen direlako marra-lerrotan, mahaiaren aurka talka egin, eta zure begietara iristen direlako"

Eta zientzialarien komunitateari erreparatuta?
Emakume zientzialarien kasuan, feminismoak egindako lanari esker, askoz ikerketa sakonagoak egin dira, eta oso-oso argi ikusten da karreraren progresioan non erortzen diren, non alde egiten duten zientziatik. Ba gurekin berdin-berdina pasatzen da: ez bakarrik LGTBIQ+ komunitatearekin, baita arrazializatuekin eta beste komunitate minorizatu batzuekin ere. Eta arazo handi bat daukagu: ez dago erreferenterik.

LGTBIQ+ komunitatearen kasuan, Alan Turingetaz aparte ez daukagu beste erreferenterik. Eta sinestezina da: zientzietan ez al dago marikarik, bollerarik eta transik? Noski baietz, baina ez diegu inongo kasurik egiten; ez diegu inongo garrantzirik ematen. Emakumeei ere ez zaie ematen. Ez dut ulertzen nola izan daitekeen, baina horixe da errealitatea.

Horri aurre egiteko antolatzen duzue Harrotasuna Zientzian ekitaldia 2018az geroztik.
Bai, lehendabizikoa DIPCk eta Materialen Fisika Zentroak antolatu genuen elkarlanean, Idoia Mujikak eta biok gehienbat. Hitzaldi batzuk antolatu genituen. Sekulako arrakasta izan zuten, eta jendeak eskerrak eman zizkigun. Ekitaldi batera jende asko gerturatzea gauza bat da, baina norbaitek eskerrak ematen dizkizunean zerbait antolatzeagatik, hor aldaketa bat dago. Behar bat sortzen da. Ordutik aurrera urtero antolatu ditugu gauzak, eta aurten bi ekitaldi prestatu ditugu, bata ekainaren 29an da, Bilbon, Kultura Zientifikoaren katedrarekin batera, eta bigarrena azaroan egingo dugu –oraindik ez dugu data zehaztu–. Eskoletan egin nahi dugu. Hortxe ari gara borrokan, funtsean erreferente berriak sustatzeko eta errealitate berriak erakusteko hurrengo belaunaldiei.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Zientzia
2024-04-21 | Diana Franco
Teknologia
Indarkeriatik deskonektatu

Eremu digitalak, gizakion dinamiketatik edaten duen heinean, gizarte eredu ezberdinetan aurkitu ditzakegun antzeko arazoak ditu. Pertsonen arteko arazo asko botere kontua izan ohi da; botere arazoek indarkeria dakarte zenbaitetan. Esate baterako, indarkeria matxista.

Eremu... [+]


2024-04-21 | Reyes Ilintxeta
Elisabeth Pérez. Sorkuntzaren defendatzailea
"Adimen Artifiziala etorkizuneko tresna ei da, baina bere funtsa iraganeko sormen lanak lapurtzea da"

Martxoan Iruñean egin zen liburu denden kongresuan ezagutu nuen Elisabeth sortzaileen lana pasioz defendatzen Adimen Artifizial sortzailearen aurrean. Handik gutxira elkarrizketa egiteko gelditu ginen Bolognako Liburu Azokara eta Kolonbiara joan aurretik. Aitortzen dut... [+]


Psikologo gutxiago indarkeria matxisten biktimak artatzeko

Bizkaiko Foru Aldundiko Emakumeak Babesteko eta Familiei Laguntzeko zerbitzuan, lau psikologotik hiru kendu dituzte. Are gehiago, langileek salatu dute indarkeria matxistaren biktimak artatzeko plan berriak emakume ugari uzten dituela kanpoan.


Software librearen aldeko apustua Alemaniako Schleswig-Holstein estatu federalean

Software jabeduna utzi eta librera jauzia emateko helburua du Alemaniako Schleswig-Holstein estatu federalak. Hasteko, proba pilotu arrakastatsu baten ondoren, Microsoft Office baztertu eta LibreOffice erabiltzen hasiko dira administrazioan. Aurrera begira aldaketarekin jarraitu... [+]


Helena Agirre (filosofoa): “Incel komunitatea gizon heterosexual zuri misoginoen gordeleku bihurtu da”

Incel, involuntarily celibate hitzetatik hartutako terminoa da. Euren nahien kontra harreman sexualak izateko gai ez direla dioten pertsonez osatutako komunitate birtuala da. Batez ere, gizon heterosexual zuriek osatzen dute ‘azpikultura’ hau. Metropoli Forala... [+]


Eguneraketa berriak daude