"Jende gehienarentzat zaila da onartzea gizakiok gauean doan auto bat bezalakoak garela, faroek argiztaturiko espazioaz harago ikusteko ezgai". Esaldiak helarazten du zer garen eta gure ezagutza-ahalmen mugatuaren irudi fina ere. Suposatu behar dugu guztioi gutxi gorabehera berdintsu aplikatzen zaigula. Baina hasieratik esanda "jende gehienarentzat onartzea zaila dela", hitzok ahoskatu dituena kanpoan gelditzen da. Bera ez da jende gehienaren multzokoa.
Aipua psikologo italiar ospetsu baten Emozioak, jarraibideak izeneko liburuan topatu dut. Historikoki, emozioak jorratu dituen eremua literatura izan da, Grezia klasikoko tragediatik, poesia liriko eta eleberri unibertsalera. Filosofoek ere zertxobait esan behar izan dute. Azkenaldian, zientziak hartu du zeregina bere gain, neurozientzia eremuan, modan dagoena azken urteetan. Ez dakit zehazki non kokatu psikologia, denboran zehar kokalekuz aldatu baita. Baina onartzeko zaila egiten zait egia ukaezin gisa ustez auto-aurkeztutako teoria zientifikoak gaitzestea eta, segituan, balorazio hori berori egia ukaezin gisa aurkeztea, Giorgio Nardonek –aipaturiko liburuaren autoreak– egiten duen eran.
Ez dugu zalantzan jartzen biologia edo fisika zientziak direnik, are gutxiago egiten dute biologoek eta fisikariek, beren lanean murgilduta, kezka horretaz jabetu gabe. Psikologian ez da arraroa galderari heltzea: psikologia zientzia bat al da? Erantzuteko orduan psikologoen artean ikuspegi, ñabardura eta estilo askotarikoak topatuko ditugu. Diziplinaren hasiera-hasieratik psikologo batzuk ahalegindu dira frogatzen beren zeregina zientziaren barruan kokatzen dela. Beste batzuek nahiago izan dute zientifikotasunaren kategoria gutxietsi, ezagutzaren bikaintasun gorena delako ustea zalantzan ipinita. Erlatibismoan jausi gabe (baina eztabaidan sartu gabe ere) uste dut bi ideien alde argudiatu daitekeela modu sinesgarrian.
Zientifikotzat hartuak izan nahi dutenak zientzia madarikatzen duten berberak izaten dira. Deigarria zait zientziarekiko maitasun-gorroto harreman hori
Zailagoa dirudi, ordea, zientzia deitoratzea (ezagutza-kalitatearen ohorezko taulan ez dagokion leku batean modu iruzurtian egoteagatik) eta, aldi berean, teoria propioak zientifiko gisa erreibindikatzea. Kontraesankorrak izan gaitezke gure gurarietan, baina gauza bat eta kontrakoa aldarrikatzea, ez dakit nik ba. Ezin duzu esan lehenengo kapituluan objektibotasun zientifikoa ustezkoa baino ez dela, harrokeria hutsa balitz bezala aurkeztu, arrazionaltasun zientifikoaren aurkako klixe guztiak atera (fedearen aldeko batzuk barne, hala nola zientziak ez bezala fedeak ez duela eskatzen pasioetatik urruntzea) eta, bigarrenean, zure ikuspegia defendatu zientifikoa eta ez-ideologikoa delako. Bada, ez. Baldarregi, esango didazue. Nik ere horixe uste dut.
Baina, bitxia bada ere, ez da gutxitan gertatzen zientziaren prestigio-lekua salatzea –zilegi ez delakoan– iruzurrezko leku hori botereak eman omen diolako. Bitxia, diot, sarri nortzuk eta "zientzia politikoko" bezalako izenak dituzten fakultateetako kritiko sozialek egiten dutelako. Zientifikotzat hartuak izan nahi dutenak zientzia madarikatzen duten berberak izaten dira. Deigarria zait zientziarekiko maitasun-gorroto harreman hori.
Bide batez esanda, behin-betiko egia aurkitu duela aldarrikatzen duen arloa ez da zientzia, zientzia etengabeko eraikuntzan baitago, ebidentzia berriak agertu ahala teoriak iraunkorki birformulatuz edo zuzenduz. Ohorea dogma erlijiosoari dagokio.
Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora
ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.