Duin bizitzeko eskubidea

  • Bizkaian, Gipuzkoan edo Araban urtebetetik gora bizi bazara eta 18 urtetik gora badituzu, hilero 900 euro jasotzeko eskubidea izango duzu, beste inongo baldintza barik. 450 euro jasoko dute 4 eta 18 urte arteko herritarrek eta 4 urtetik beherakoek 270 euro. Ados egongo zinateke? Printzipioz gaitza dirudi halako eskaintza bati ezezkoa ematea, baina erreala da edo ipuin bati buruz ari gara?

    Iragan maiatzaren 5ean, proposamen hori egin zuen Baldintzarik Gabeko Oinarrizko Errentaren (BGOE) Herri ekinaldi legegilea Eusko Legebiltzarrera eraman zuen gizarte ekimenak, horretarako 20.075 sinadura bildu ondoren. EAJk, PSEk, PPk eta Voxek atzera bota zuten gaiaz eztabaidatzeko aukera, eta EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek alde egin zuten.
    Proposamenaren helburua zen pobreziaren aurkako egungo politikekin amaitzea eta BGOE finkatzea, herritar guztiak duintasunez bizi ahal izateko. EAJk eta PSOEk adierazi zuten nahiago zutela pobreziaren aurkako egungo erreminten erreformaren bidetik jotzea. Gaia indarrez dator, ertz ugari ditu, eta horiei helduko diegu datozen orrialdeetan.

Arg.: @RentaBasikaEUS
Arg.: @RentaBasikaEUS

Ez da oraintsuko kontua Baldintzarik Gabeko Oinarrizko Errenta –oinarrizko errenta unibertsala ere deitzen dute, besteak beste–, aldarrikapenak hamarkadak daramatza plazan kuku eginez, baina sarri giro akademikoetan eta herritarren artean ideia barreiatzea lortu gabe. Orain, ostera, inoiz baino gehiago ari da berba egiten gaiaz. Aipatu dugun proposamenaz gain, 2013an ere egin zen kanpaina zabala Europa mailan eta oraintxe bertan milioi bat sinadura biltzen aritu dira Europako Legebiltzarrak lege gisa jorra dezan eskatzeko. Korsikako Asanbleak ere maiatzaren 9an uhartean ezartzea proposatu zuen. 2014an, halaber, Podemosek Europako Legebiltzarreko hauteskunde programan sartu zuen; ez, ordea, gobernurako bidea ireki dien azken hauteskundeetan. Orain arte bederen, gobernu aukeretatik zenbat eta urrunago, are eta samurrago bultzatzen da oinarrizko errenta hori, baina sarri atzera egiten da gobernu aukeretara hurbiltzean. 2017ko Frantziako Estatuko lehendakaritzarako PSko hautagai Benoît Hamon-ek 760 euroko errenta unibertsala proposatu zuen herritar guztientzat. Helduko diogu geroxeago atal horri.Aurrerantzean kontzeptua oinarrizko errenta izendatuko dugu (OE).

Hamaika lekutan ari dira esperientzia pilotuak egiten, bai Europan bai munduan barrena, besteak beste Katalunian. Eta agian Suitza da gaiak hartu duen tamainaren adierazle esanguratsuenetakoa, 2016an lehenbizikoz munduan estatu batek erreferendumera eraman baitzuen herrialde osoan 2.400 euroko oinarrizko errenta izatea ala ez erabakitzea: herritarren %76k uko egin zion. Hemen ez dugu emaitzaren azterketan sakonduko, baina sustatzaileak pozik ziren, inongo alderdi politiko handik ekimena sostengatu barik, herritarren %24 alde agertu zelako.

Suitzan oinarrizko errenta ezartzea babesten zutenen artean ziren, adibidez, Yanis Varoufakis Greziako Finantza ministro ohia edo Salvoj Zizek filosofo esloveniarra, baina baita Klaus Schwab Davoseko Munduko Foro Ekonomikoaren presidentea ere. Ohikoan ezkerreko posizioetatik bultzatu da oinarrizko errenta, baina ez da guztiz harritzekoa aberatsenen foro horretako lehendakariaren aldekotasuna, kontuan hartuta oinarrizko errentaren defentsak hastapenetik duela adar liberala eta azken urteetako neoliberal ezagun asko haren alde agertzen ari direla.

Sarean barra-barra aurki daiteke gaiari buruzko informazioa, eta han ere arrantzatu dugu, baina batez ere hiru liburu erabili ditugu Larrun hau janzteko. Gorka Morenoren Crisis y reconstrucción del Estado de Bienestar. Las posiblidades de la Renta Básica de Ciudadanía. [Ongizate Estatuaren krisia eta berreraikuntza. Herritartasunaren Oinarrizko Errentaren aukerak] (Eusko Jaurlaritza, 2008). Daniel Raventósen La Renta Básica. ¿Por qué y para qué? [Oinarrizko errenta. Zergatik eta zertarako?] (Catarata, 2021). Eta Julen Bollainen Renta básica: una herramienta de futuro [Oinarrizko errenta: etorkizuneko erreminta] (Milenio, 2021). Azken hori, Bollainek iaz EHUn defenditutako doktoretza-tesiaren emaitza da.

Argazki oina: Ecuador Etxea

Herritar guztien eskubide
Baina zer da edo zertaz ari gara zehatz mehatz oinarrizko errenta (OE) aipatzean? Eskubide gisa eta legez araututa, herritar guztiei ohikotasunez eta baldintzarik gabe bideratutako diru kopuru zehatza litzateke oinarrizko errenta, urte osorako eman litekeena edo hilero banatuta, normalean soldatarekin egiten den moduan. Haren helburua pobrezia ezabatzea da eta horretarako, gutxienez herrialdearen pobreziaren marra finkatuta dagoen diru kopuruaren adinakoa beharko luke izan. Txiro edo aberats, herritar guzti-guztiek jasoko lukete, inongo baldintzarik gabe, edo baldintzarik izatekotan, dagokion herrialdearen herritartasuna frogatzea litzateke. Bereizi egin beharko litzateke zein dagoen pasoan herrialde batean eta zeinek erabaki duen bertan geratzea, eta horretarako hainbat baldintza egon liteke, adibidez urtebeteko egonaldia frogatu beharko lukeela OE jaso nahi duen herritarrak. Esperientzia txiki asko egin da munduan, baina oraindik ez da inoiz lortu aipatutako OEren gisakoa inongo herrialdetan aurrera ateratzea.

 LARRUN honetan, Oinarrizko Errentaren Munduko Sarea (BIEN, ingeleseko sigletan) osatzen dutenen ikuspegia azalduko da nagusiki, haiek baitira munduan barrena oinarrizko errentaren akuilatze landuena egiten ari direnak. Euskal Herrian, aipatu dugun Eusko Legebiltzarrerako antolatu den ekimen herritarrak, Espainiako Estatuan Red Renta Básica elkarteak edo Frantziakoan Mouvement Français Pour un Revenu de Base-k bat egiten dute BIENen ikuspegiarekin.

"Eskubide gisa eta legez araututa, herritar guztiei ohikotasunez eta baldintzarik gabe bideratutako diru kopuru zehatza litzateke oinarrizko errenta, urte osorako eman litekeena edo hilero banatuta"

Molde askotako OE sistemak ezar daitezke, baina denetan ezaugarri batzuk amankomunak dira. Bat, dirutan egingo da eta ez bestelako ondasun edo zerbitzutan (janaria, ura, elektrizitatea...). Honek askatasun handiagoa emango dio pertsonari, diru hori nola gastatu erabakitzeko. Bi, baldintzarik gabekoa da, eta gaur egungo pobreziaren errenta sistemetan ez bezala, ez da ezer frogatu behar administrazioaren aurrean hura jasotzeko; demostratua dago errenta horiek baldintzekin jasotzen direnean, haien beharrean diren herritarren ehuneko handi batek ez dituela jasotzen (geroxeago ukituko dugu zehatzago alor hori).

Hirugarren arrazoia: unibertsala da, hau da, herritar guztiek jasoko dute, ume, gazte edo adinekoa izan, ohikoan adingabeek gutxiago eta helduek gehiago. Lau, norbanakoari dagokio, eta hori oso garrantzitsua da, segurtatu nahi baita pertsona bakoitzak jasotzea eta ez familia buruak –ohikoan gizonezkoa–, horrek gainerako familiakideentzat dakarren menpekotasun arriskuarekin. Eta bost: zerga bidez finantzatuko da, horretarako zerga erreforma sakona gauzatuz. Funtsean, OEk ahalbidetu beharko luke edozein pertsonak askatasunez bizitzeko behar diren gutxieneko ondasun materialak izatea. Aurrerago ikusiko ditugu munduan egin diren hainbat esperientzia.

Zergatik orain?
Oinarrizko errentak zuztar luzeak ditu denboran, baina gaiak bereziki hartu du indarra 2007-2008ko krisi handiaren atzaparkaden ondoren. Harrezkero txiro eta aberatsen arteko arrakala handitu egin da mundu osoan, eta etengabe hazten jarraitzen duen lan prekaritateak duintasunez bizitzeko estalpeak birrindu ditu. COVID-19ko garaiak ere bultzakada eman dio, ahulenen zaurgarritasuna berriz jarri duelako oso agerian, eta gutxitan legez egin delako berba pertsona eta gizarteen ongizateari buruz. Testuinguru kezkagarri horietan, OEren olatuak indarra hartu du.

"Lanik gabe geratuko diren herritarrek beharko dute zerbait pobrezian ez erortzeko, eta robotizazioak ekarriko duen aberastasuna banatzeko modu gisa ikusten da oinarrizko errenta"

Horrez gain, teknologiaren garapenak eta automatizazio prozesuek gero eta lan indar gutxiago eskatzen dute eta datozen urteetan enpleguak nabarmen behera egingo duela aurreikusten da. Lanik gabe geratuko diren herritarrek beharko dute zerbait pobrezian ez erortzeko, eta robotizazioak ekarriko duen aberastasuna banatzeko modu gisa ikusten da OE. Azken finean, 70eko eta 80ko hamarraldietan indarra hartutako neoliberalismoak ongizate gizartearen –hura eraiki zen lekuetan behintzat– oinarrizko zutoinak higatzen jarraitzen du, eta aberatsenen eraso horretatik babesteko ezkutu bat litzateke OE.

Edozein kasutan, honek ez luke ekarri behar egungo ongizate estatuaren inongo galerarik, askok iragartzen dioten moduan; aitzitik, OE defenditzen dutenen iritziz, ongizate estatuaren beste zutoin handi bat litzateke, pertsonen gutxieneko biziraupena eta duintasuna bermatzeko. Egun ongizateari eusten dioten aurrekontuetatik euro bakarra ere ez litzateke ukitu behar oinarrizko errenta unibertsalera bideratzeko.

Pobrezia gora
Mundu mailan aberastasuna gero eta esku gutxiagotan ari da pilatzen, eta herrialde garatuetan klase ertainek kolpe handia jaso dute azken hamarkadetan. Hala ere, muturreko pobrezia asko jaitsi da mundu mailan: 1990 eta 2015 artean 1.900 milioi pertsonatik 730 milioi pertsonara (Our world in Data publikazio digitalaren datuetan). Egoeraren hobetze hori bereziki eman da Asia mendebaldean eta Itsas Bareko eskualdeetan. Aitzitik, Afrikan, Saharaz beheragoko eremuetan muturreko pobreziak okertzen jarraitu du urte horietan.

Behin hori esanda, argi dago txiro eta aberatsen arteko arrakala gero eta handiagoa dela, bereziki azken horiek gero eta gehiago metatzen dutelako. Mundu guztiko hamaika ikergunek hala adierazten du. Oxfamek 2020an argitaratutako txostenaren arabera, planetako biztanleriaren %1ek 6.900 milioi pertsonak baino aberastasun gehiago pilatzen du. 2019an, 2.153 milioidunek 4.600 milioi pertsonak baino gehiago zuten. Munduko 22 aberatsenek, Afrikako emakumezko guztiek baino diru gehiago dute. Edota Espainiako Estatuan biztanleriaren %10 aberatsenak, gainerako %90ak baino aberastasun gehiago du.

Aberastasuna batzuen eskuetan pilatzeko baldintzak gaur egun egokiagoak dira duela mende erdi baino. Horretan ere eztabaida gutxi dago, debatea egoerari aurre egiteko proposamenetan dator, bai ezker-eskuin klasikoan bai ezkerrean. Honek guztiak erakusten du aberastasuna egon badagoela, baita oinarrizko errenta bat jartzeko ere, baina horretarako bideak eta, batez ere, adostasunak falta direla.

Bestelako pobrezia politiken alde
Pobrezia ezabatzea da Mendebaldeko gizarte gehienetan ezarrita dauden pobreziaren aurkako politiken helburua. Espainiako Estatuan EAEn ezarri zen lehenbiziz gisa horretako dirulaguntza bat 1989an. Ondorioz, gaur egun, hainbat baldintza betetzen dituen herritarrak EAEn 727 euro jasotzen ditu hileko, bi pertsona badira familia edo elkarbizitza unitatean 934 euro, eta 1.033 euro hiru kidetik gorako unitateetan. Nafarroan pertsona bakarrak 658 euro etxeratzen du, 888 euro bi pertsonako eta hortik gora 1.053 euro. Kasuistiken arabera, badira kopuru gehiago ere, baina oinarrizko dirulaguntzak horiek dira. OE gaietan aditu eta sustatzaile ezaguna den Daniel Raventós unibertsitateko irakasle katalanaren esanetan, estatuko errentarik oparoenak eta Europako duinenetakoak dira Hegoaldeko bi horiek. Eta hala ere, dioenez, ez dira gai izan sorreran zuten helburuei aurre egiteko, hau da, pobrezia ezabatu edo modu nabarmenean arintzeko, eta horregatik bada ordua politika horiek aldatzeko.

2020ko Euroestateko datuetan –eta hauek baino datu okerragoak badira beste neurketa batzuetan– Espainiako biztanleriaren %20,7 pobrezia arriskuan zegoen (Frantzian %13,6), eta 16 urtetik beherakoen artean txiro gehien duen hirugarren herrialdea da Espainia, Errumania eta Bulgariaren ondoren. Guztira, EBn pobrezia handiena duen bosgarren herrialdea da. 2019ko datuetan Hego Euskal Herrian herritarren %13 zegoen pobrezian, estatuko daturik txikiena. 2010ean Espainiako langabetuen %80k diru estaldura mailaren bat zuen, baina 2017rako %56ra jaitsi zen babes maila hori.

Daniel Raventósek oinarrizko desberdintasuna ikusten du baldintzapeko errentak eta oinarrizko errenta defendatzen dutenen artean: askatasun liberala eta askatasun errepublikanoaren artean dagoen desberdintasuna. Baldintzapeko laguntzen logika zera da, haren esanetan: bai lanik gabe gelditu delako bai lan egin arren ez duelako pobreziaren langa gainditzen (egungo datuekin, Espainiako langileen %15), porrot egin duenari lagundu egin behar zaio. Laguntza baldintzatu honek askatasunaren galera dakar, laguntza horiek eskuratzeko hamaika baldintza bete behar delako.

Kontrara, oinarrizko errentaren logika –azaltzen du Raventósek– eskubidearena da, eta herritarrari hasieratik bermatuko dio bizitzeko gutxieneko errenta, herritar izate hutsagatik; hau da, munduko aberastasuna modu sozialean ekoitzi da eta, beraz, komeni da hura inongo bazterketa barik banatzea: "Baldintzarik eza, giza eskubideen eta herritartasunaren hizkuntza da; baldintzapekoa, aldiz, erreguarena eta mendekotasunarena". Azken finean, bere ustez, askatasunak eraso asko jasaten ditu bizitza sozialean, eta mehatxu horien indarra, bizitzeko ditugun baldintza materialen araberakoa da.

Oinarrizko errentari buruzko legea bideratzeko sinadurak eramaten Eusko Legebiltzarrera. (Argazkia: @RedRentaEUS)

Egungo ereduaren agorpenaz
Maiatzaren amaieran Eusko Legebiltzarrean herri ekimeneko proposamena aurkeztu zenean, argi ikusi zen badirela hainbat ikuspegi pobreziaren aurkako egungo politiketan: EAJrentzat eta PSErentzat, adibidez, lantzen ari diren erreforma nahikoa izango da orain arte bete ez diren helburuei egokiago erantzuteko. Oinarrizko errentaren ekimenaren sustatzaileentzat, EH Bildu eta Elkarrekin Podemosentzat ez da nahikoa. Azken horiek agian ez datoz guztiz bat egin beharrekoetan, baina gutxienez argi dute egungo politiken mugak gainditu behar direla, eta nola egin jakiteko ezinbestekoa dela gaiaz eztabaidatzea eta OE mahaiaren gainean jartzea.

Bollainek eta Raventósek, oro har, bost muga handi ikusten dizkiete egun banatzen diren gutxieneko errentei: aurrekontuen murrizketak, dirulaguntza horiek jasotzen dituztenek pairatzen duten estigmatizazioa, estaldura akatsak, kontrolak dakarren administrazio kostu handia, eta pobreziaren tranpa, hau da, politika horiekin herritar askok ez duela egoera horretatik ateratzeko aukerarik.

EAEko egoerari begira jarri da ESK sindikatuko kide eta aspaldian pobreziaren politiken behatzaile den Iñaki Uribarri. OEren Euskal Herriko bozgorailu aktiboenetakoa ere bada: "Ez da kudeaketan akatsak egin direla, ereduak berak egin du porrot". EAEko instituzioen baitan, pobreziaren aurkako politikak hiru zutabe nagusi ditu: Diru Sarrerak Bermatzeko Errenta, Etxebizitzarako Prestazio Osagarria, eta Larrialdi Sozialeko Laguntzak. Uribarriren esanetan sistema honek pobrezia arriskuan daudenen %30 kanpoan uzten ditu, hamaika arrazoi tartean ez dituztelako eskatutako baldintzak betetzen; eta prestazio horietara iristen ez direnetatik %52 inguru enplegua duen jendea da, "jakina, enplegu oso prekarioa". Dirulaguntza horiek eskuratzen dituztenen artean, erdiak lortzen du pobrezia gainditzea eta beste erdiak ez.

Azken urteetan Sin Permiso aldizkarian argitaratutako hainbat artikulutan irakurri ahal zaizkio gisa honetako azterketa eta balorazioak, eta horietan azaltzen du, halaber, bere aburuz non den pobrezia politiken debatea gaur egun eta nola doazen murrizten dirulaguntza horiek. Ondorio zorrotzera iritsi da: "Eusko Jaurlaritza ez dago prest EAEko pobreziarekin bukatzeko (...), dagokion aurrekontuarekin ahal dena egitera mugatuko da, eta muga hori 500 milioi eurotan dagoela uste dut". Laguntzak eskuratzeko baldintzez ere gogor dihardu: "Dirulaguntzak jasotzen dituzten pertsonekiko Lanbideren kontrola ikaragarri inbasiboa gertatuko da, baita burokratikoagoa ere, administrazioarentzat garestiagoa, eta gero eta legez kanpokoagoa eta babesgabetasun handiagokoa".

Horregatik guztiagatik, Uribarrik argi du egungo pobrezia politiken eredua gainditzeko neurri egokia litzatekeela baldintzarik gabeko oinarrizko errenta ezartzea. Erromoko Kultur Etxean (Erandio) emandako hitzaldian garatu zuen proposamenaren bizkarrezurra eta interes handiagoa duenak sarean aurki dezake (RBI, una política muy actual / BGOI, gaurkotasun handiko politika).

Neoliberalismoaren oinarrizko errenta
Gaur egun ezagutzen dugun moduan, hamarkadetako kontua da oinarrizko errenta, baina azken bizpahiru mendeetan ideologia ia guztietatik eman zaie begiratua antzeko kontzeptuei, liberalismotik, sozialismotik, marxismotik, anarkismotik edo baita egungo neoliberalismotik ere. Eremu horietatik guztietatik ere badira OEren aurkako posizio sendoak. Azken urteetan, adibidez, deigarri egin da munduko gizon aberatsenetakoa den Bill Gates OEren alde agertzea, eta berarekin bat egin izana Mark Zuckerberg-ek (Facebook), Jeff Bezos Amazoneko buruak edota Elon Musk-ek, PayPal, SpaceX edo Teslako nagusia. Horiekin bat egiten du, halaber, munduko aberatsenak biltzen dituen Davoseko Foroko sortzaile Klaus Schwab-ek. Eta makinatxo bat gehiago ere badira.

Baina ez da harrigarria korronte hori, beste ukitu batekin bada ere, Chicagoko Eskolako Milton Friedman berak 1962an baldintzatutako errenta bat ematea proposatzeen baitzuen Capitalism and Freedom (Kapitalismoa eta askatasuna) lan ezagunean. Eta geroaxeagokoa da Lionel Stoléru-k Frantzian garatutako Vaincre la pauvreté dans les pays riches, 1974 (Pobrezia gainditzea herrialde aberatsetan).

Orduan, izan dezake onurarik munduko txiroenentzat, tamainako tropel neoliberaletik defendatzen den proposamenak? Ez da samurra sinestea, eta OE beste muturretik defendatzen dutenen aburuz, aberatsenen ikusmolde horren azpian ongizate gizartearen desegite nahia dago. Iñaki Uribarrik Erromoko Kultur Etxean egindako hitzaldian zioenez, neoliberalismoa ongizate gizartea suntsitzeko asmoz jaio zen duela lau hamarkada. Asko suntsitu du, baina ez guztiz, eta orain erabat desegiteko aukera du, neoliberalismoarentzat ongizate estatua ekonomikoki bideraezina izateaz gain, hazkunde ekonomikoa eta aurrerapen soziala oztopatzen baititu.

Uribarriren esanetan, neoliberalek plazaratu dituzten proposamenetan, oinarrizko errentan herritar guztiei emango litzaieke diru kopuru bat, eta horrekin erosi beharko lituzkete gaur egun ongizate gizarteak eskaintzen dituen zerbitzuak, hala nola osasunari, hezkuntzari edota pentsioei dagozkienak. Ongizate sistemaren desagerpenak sekulako lurraldea irekitzen dio inbertsio kapitalistari, eta bide horretatik haren desagerpenak zergak jaistea ahalbidetuko luke. Neoliberalismoak garrantzi handia ematen dio robotizazioa dela eta emango den enplegu galerari, baina ez zentzu txarrean: "Enplegu gutxiago eta, beraz, plusvalia txikiagoa –dio Uribarrik–, baina horrek ez dio axolarik kapitalari. Langabezia handiagoarekin, erraztasun handiagoak ditu langileriari nahi dituen baldintzak inposatzeko, hori da egiazki interesatzen zaiona". Norabide horretakoak ziren Charles Murray ekonomistak bere azken liburuetako batean egiten zituen proposamenak, eta titulua ere aski adierazgarria da: In Our Hands: A Plan to Replace Welfare state (Gure Eskuetan. Ongizate Estatua ordezkatzeko plana).

Orduan, zein izango da neoliberalek proposatuko duten oinarrizko errenta? Uribarrik argi du: "Ez herritarrari bizitza duina emateko adinakoa, baizik haiek lehen aipatutako zerbitzuak ordaintzeko kalkulutik aurreikusten dutena. Gure OE eredua horren guztiz aurkakoa da". 1986an sortu zen Oinarrizko Errentaren Munduko Sareak ere OEren beste muturrean kokatu du bere burua, OE eta gaur egun eskaintzen diren beste zerbitzu publikoak batera ikusten ditu pobrezia desagerrarazteko estrategian.

Orduan, zein izango da neoliberalek proposatuko duten oinarrizko errenta? Uribarrik argi du: "Ez herritarrari bizitza duina emateko adinakoa, baizik haiek lehen aipatutako zerbitzuak ordaintzeko kalkulutik aurreikusten dutena. Gure OE eredua horren guztiz aurkakoa da"

"Eta horrek zer balio du dirutan?"
Oinarrizko errentari buruz aritzean galdera giltzarrietakoa da honakoa: "Eta horrek zer balio du dirutan?". Hau da, gure egungo Mendebaldeko gizartearen ikuspegitik posible da horrelako errentaren finantzazioa? Egoki erantzuteko, garrantzitsuenetakoa litzateke zenbateko OEri buruz ari garen, ez baita berdin 650 eurokoa edo 980 eurokoa izatea. Ikerketa asko egin da, eta sosei so eginda, finantzazioa posible da. Egindako azterketa gehienetan zerga bidez estaliko litzateke kostua –"edo inbertsioa", diote OE zaleek–, eta horretarako hainbat proposamen daude.

2017an Jordi Arcarons, Daniel Raventós eta Lluís Torrens ekonomialari katalanek azterketa estatistiko zorrotza plazaratu zuten OEri buruzko proposamen zehatza eginez. Espainiako Zerga Ikerketaren Institutuak utzitako datuak erabili zituzten, Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren (PFEZ) alorrean 2010ean aitortutako ia bi milioi aitorpeneko lagin bat hain zuzen, non ez ziren kontuan hartzen EAE eta Nafarroa, lurraldeok beren zerga sistema propioa dutelako. Raventósek berak azaltzen du proposamena bere azken liburuan. 2021era arte ere osatuz joan dira datuok Espainiako Zerga Administrazioaren Estatu Agentziak emandako datuen gainean egindako ikerketekin. Horiei gehitu zaizkie, esate batera, Julen Bollain Mondragon Unibertsitateko irakasleak egindako lanak. Azken honek idatzitako liburua –Renta Básica: una herramienta de futuro– erabili dugu aipatutako finantzazio proposamena hemen azaltzeko.

Zein da ondorioa aberastasunaren banaketari dagokionez? Egoera berrian, herritarren %75ak lehen zuena baino diru gehiago jasoko du, eta %25ak gutxiago, hau da, azken hauek finantzatuko dute aurrekoen OE

Ikerketan zehazten denez, 43,7 milioi pertsonak jaso beharko lukete OE Espainian eta horietatik 34,3 milioi pertsonen errenta aitorpenak aztertu ziren lan honetan. Hau da, 9,4 milioi herritar azterketatik kanpo geratu ziren, zerga aitorpenik egin ez zutelako. Nola kalkulatu dute oinarrizko errentarako diru kopurua? Europar Batasunean biztanleriaren errenten batez bestekoaren %60an dago pobreziaren langa, eta hori 2010eko garaira eramanda –PFEZ lagina sasoi hartakoa da–, OE 7.471 eurokoa litzateke urteko pertsona helduentzat –hileko 622,5 euro– eta 1.494 eurokoa urteko adingabeentzat.

Hiru ezaugarri nagusi ditu OEk. Lehenik, beste edozein arrazoirengatik jasotzen den dirulaguntza ordezkatuko du errenta horrek, beti ere lehendik jasotakoa baino handiagoa bada; txikiagoa izanez gero, dagokion dirulaguntzarainoko diru diferentzia eskuratuko du, hau da, lehen jasotzen zuena. OErekin, gaur egun estatuak banatzen dituen dirulaguntza guztiak bertan behera geratuko dira, eta horren ondorioz, 92.222 milioi euro aurreztu. Bigarrenik, OEtik jasotako dirua zergetatik libre dago. Eta hirugarrenik, OE autofinantzatzen da, hau da, ez die estatuaren egungo aurrekontuei eragingo. Azken puntu honetan indar handia jartzen dute OE zaleek, aurkarien aldetik argudiatzen baita estatuaren beste alor batzuetatik diru kopuru handiak desbideratuko liratekeela OE finantzatzera.

Beraz, azterketatik kanpo geratu ziren 9,4 milioi pertsonen oinarrizko errenta finantzatzeko 62.954 milioi euro behar dira, eta gainerako dirulaguntzak ezabatzetik aurreztutako 92.222 milioi euro daudenez, oraindik 29.367 milioi euroko soberakina dago. Horrez gain, beste 34,3 milioi pertsonen errenta finantzatzeko 288.044 milioi euro behar dira. Hori lortzeko zerga erreforma egin eta PFEZ tipo bakarra aplikatuko zaie errenta guztiei (txikiei eta handiei), %49koa. Zein da ondorioa aberastasunaren banaketari dagokionez? Egoera berrian, herritarren %75ak lehen zuena baino diru gehiago jasoko du, eta %25ak gutxiago, hau da, azken hauek finantzatuko dute aurrekoen OE. Proposamenean sartzen baditugu laginean sartu ez diren 9,4 milioi pertsona horiek, emaitza antzerakoa da, eta herritarren %20 aberatsenak finantzatuko du gainerako %80a. Proposamen horrekin pobrezia ezabatu egingo da eta Espainiako Estatua munduko herrialde berdinzaleenen artean kokatuko da.

Neurri zuzentzaileekin
Azaldutako oinarri horren gainean, aipatutako ekonomilariek beste proposamen batzuk ere egin dituzte 2017tik aurrera, oraingoan datu eguneratuekin eta, batez ere, oinarrizko proposamen orokorrean sortzen diren hainbat albo-kalte zuzentzeko mekanismoekin. Hiru proposamen egiten dituzte. Lehena da gutxien duten %80ko familietan inork ez dezan galdu, 8.815 euroko errentarekin –pobreziaren langa– eta %46,83ko PFEZ tipo bakarrarekin: 50.656 milio euro behar dira eredu hori finantzatzeko (BPGaren %4,3). Familien %80,8 irabazle edo lehen bezala geratzen da eta %19,2k errenta galtzen du, OEn indarrean jarri baino lehenagoko egoerarekin konparatuta.

Bigarren proposamena 8.400 eurokoa da urteko helduentzat eta 1.680 euro urteko adingabeentzat. Zuzenketaren helburua da %80ko langatik behera diren herritarretatik bakarrak ere ez dezala ezer galdu. PFEZ tipoa %49,05ekoa da, eta galtzaile eta irabazleen proportzioa aurreko ereduaren antzekoa. 76.739 milioi euro eskatzen ditu, hots, BPGaren %6,5. Eta hirugarren proposamena bizitzeko gutxieneko diru-sarrerarekin lotu dute: 491 euro inguru helduentzat eta %29,19ko PFEZ tipo bakarrarekin. Guztira 26.671 milio euro (BPGaren %2,2) behar ditu eta, bistan da, ondorio apalagoak ditu berdintze helburuetan. Etxeen %12,3 bakarrik aterazen da galtzaile. Bollainek dioenez, azpimarratzekoa da hiru eredu horietan gizonezkoengandik emakumezkoengana dagoen errenta transferentzia, bereziki bigarrenean (18.745 milioi euro) eta lehenean (13.483 milioi euro).

Gipuzkoako 450.000 errenta aitorpen aztertuta, Arcarons katedradunak  ondorioztatu zuen herrialdean adineko herritar orok hilabetean 658,5 euro –eta adingabeek 131,7 euro– jasotzea bideragarria zela. Kalkuluak PFEZ zergan %40,52ko tasa bakarra ezarrita daude eginak

EH Bilduk Gipuzkoako Diputazioa kudeatu zuen garaian (2011-2015), oinarrizko errentaz egindako sinposiumean Jordi Arcarons katedradunak foru erakundearen enkarguz egindako ikerketaren berri eman zuen. Desberdintasun ekonomikoak orduko PFEZ progresiboarenak baino 2,5 bider gutxiago lirateke eta gipuzkoarren %75aren egoera ekonomikoa hobetuko litzateke. OE hori finantzatzeko 4.857 milioi euro behar ziren: 1.518 milioi euro egun herritarrek jasotzen dituzten prestazioetatik etorriko lirateke eta gainerakoa zerga erreformatik.

Edozein kasutan, OE zaleen artean argudiatzen dute diru kopuru horiek ez liratekeela gastu moduan ikusi beharko, inbertsio gisa baino; eta azkenean, gainera, dirutza horiek agertzen ari direnak baino txikiagoak liratekeela. Scott Santtens ikerlari estatubatuarrak egindako ikerketaren arabera, berak aztertutako ereduan kostua guztira 3 bilioi dolarrekoa zen, baina azken kostua 900.000 milioi dolarrekoa. Azken buruan, Santtensen esanetan, herritarrek osasun hobea lukete, delinkuentzia gutxiago legoke, kartzeletan herritar gutxiago... eta horien ondorioz, estatuaren gastuak murriztuko lirateke hamaika alorretan. Hau da, hark dioen moduan, "pobrezia ez da doan ateratzen".

Argazkia: Dani Blanco

OE-ren aurka
OEren aldeko argudio guztiak ez ditugu aipatu eta aurkakoekin ere beste hainbeste egingo dugu, asko eta era askotakoak dira eta. Kapitalismoan badira OEren aldeko ahotsak eta, ikusi dugun moduan, ez nolanahikoak. Hala ere, eskuarki, liberalentzat OE kaltegarria litzateke gizartearentzat. Nagikeria eta parasitismoa sustatuko lituzke, gizarte guztia kaltetuz (ezkerrean ere badira horrekin bat egiten duten posizioak). Oro har, eskuman uste dute ez dela egiazkoa pentsatzea OEk herritar gehienen errenta handituko lukeela eta ekonomian denak berdin jarraitu. The Economist aldizkari liberalak dioenez, gisa honetako proiektu batek ondorio handiak izango lituzke prezioetan, soldatetan, lanaren antolaketan, ekoizpenean, lehiakortasunean eta hazkunde ekonomikoan. OE bakarrik ordaindu ahalko litzateke zerga igoera handi batekin, eta horrek distortsio handiak sortuko lituzke ekonomian.

Hala ere, eskuarki, liberalentzat OE kaltegarria litzateke gizartearentzat. Nagikeria eta parasitismoa sustatuko lituzke, gizarte guztia kaltetuz (ezkerrean ere badira horrekin bat egiten duten posizioak)

Justizia errepublikarra oinarri, Daniel Raventósek indar handia jartzen du OE sistema justutzat defendatzerakoan. Beste muturrean dagoen Juan Ramón Rallo ekonomialari neoliberalaren iritziz, OE "erabat injustua da". Rallok 2015ean idatzi zuen Contra la Renta Básica (Oinarrizko errentaren aurka) liburua, eta bertan azaltzen du zergatik den injustua OE: "Herritar bakoitzari ahalbideratzen diolako indarrez bereganatzea beste herritar batzuek ekoitzi dutenaren zati bat". Haren ustez, herritarrak bere bizimodua bilatu behar du, eta izatekotan, azken neurri gisa, estatuak izan beharko luke azken babes bat gutxieneko diru-sarrera moduan.

Eta migratzaileak? Eta dei-efektua? Nola ez, OEren aurkako jarreretan ezin ziren falta izaera xenofoboko argudioak, gutxieneko errenta eta dirulaguntzen debateetan ere behin eta berriro agertzen direnak: "Oinarrizko soldata bat ematen badiegu, garapenean diren herrialdetako herritar denak etorriko dira". Espainiako Estatuari so eginda, adibidez, ez da halakorik gertatu EAEn, erkidego horren Diru Sarrerak Bermatzeko Errenta estatuko onena izanda ere. Haien ustez eurentzat enplegua duten lekuetara doaz migratzaileak, han lana egingo dutelakoan.

Hortaz, aurrekari horiek ikusita, pentsa liteke OErekin ere ez dela zergatik gertatu behar dei-efektu hori. Edozein kasuan, Mendebaldeko gizarteen aberastasunak nahiko dei-efektu egiten du munduan barrena, eta inor gutxik esaten du dei-efektu hori saihesteko aberastasun hori desegin behar denik. Alabaina, Europar Batasunean neurria bultzatzen dutenen ustez, hobe litzateke oinarrizko errenta EB osoan indarrean jartzea, estatu bakarrean baino.

Ezkerrean, oro har, kritikak zerikusi handiagoa du enplegua/diru-sarrerak binomioaren kulturaren hausturarekin. Hau da, gizarte modernoan lortutako eskubideak lanaren kulturan eta langileen borrokatik lortu dira, eta ezinezkoa da pentsatzea pertsonaren askatasuna eta autonomia lanaren mundutik deslotuta lortuko direnik. Sindikatuen munduan oso sustraituta dago ikusmolde hori eta, Iñaki Uribarrik dioenez, euskal sindikatuen artean ESK izan da OE modu tinkoan defendatu duen sindikatu bakarra. Bere ustez, ezinbestekoa da euskal sindikatuekin gaiaz berba egitea eta posizioak bateratzea. Eta akaso, lana esan den lekuan enplegua aipatzea litzateke justuena, munduko lan asko edo gehienak ez baitira ordaintzen, hala nola lan erreproduktiboak.

Mundu sindikalaren eragozpenak

Raventósen erranetan, sindikatuen mesfidantzak edo aurkako jarrerak ondoko zazpi arrazoietan laburbiltzen dira, nahiz ez dauden inon horrela idatzita. Bakoitzaren ondoren Raventósen erreplika erantsiko dugu, eztabaida nondik nora doan erakusteko. Bat, OErekin langileak indarra irabaz dezake, lana hautatzeko posizio hobean dagoelako, baina horretxek berak norbanakoaren posizioak indartzen ditu eta kolektiboa ahuldu, sindikatuek indar kolektiboa gal dezakete; hau da, OEk elkartasun eza bultza dezake eta irtenbide indibidualak sustatu. Raventós: kapitalaren aurrean langilearen posizioa indartzeaz gain, greba luzeen kasuan OE erresistentzia kutxa izan daiteke.

Bi, sindikatuetako afiliatu gehienek lan hitzarmen finkoa dutenez eta egungo behin-behineko langileek baino soldata hobeagoak, OEk eskatzen duen zerga erreforman galtzaile atera daitezke. Raventós: Dagoeneko, garai bateko kontratu egonkorra ez da existitzen, eta sindikatuetako afiliatu gehien-gehienak irabazle aterako lirateke gure OE proposamenean [lehenago azaldu dugu]. Hiru, OE erabili daiteke ongizate gizartea desegiteko. Raventós: Bai, hori da OEren eskuineko defendatzaileek nahi dutena, horregatik bereizi behar ditugu haien eta gure OE proposamenak, eta ez pentsatu OE guztiak berdinak direnik.

Laugarren puntua. Enpresariek erabiliko dute OE soldatak gutxitzeko, soldaten zati bat estalita dagoen aitzakiarekin. Raventós: Bai, enpresariak saiatuko dira horretan, baina argudio horrek hutsune handiak ditu. Argudio berarekin, Italian sindikatuek ez zuten lanbide arteko gutxieneko soldatarik nahi, baina halakorik dagoen herrialdeetan gutxieneko lansari horrek eragozten du enpresariek OE erabili ahal izatea soldatak urritzeko. Bost, OE orain arte hegemonikoa izan den enpleguaren kulturari kontrajartzen zaio. Raventós: Bai, OEk deslotu egiten ditu enplegua eta eskubideak, ez da ez enpleguaren aurkakoa, ez harekin bateraezina. Lan orduak gutxitzeko aukera eskaintzen du, lan orduak aisialdira edo beste zereginetara bideratzeko.

Seigarren argudioa. Garrantzitsuena herritar guztiek enplegua izatea da, horrek ematen du duintasuna, gainerakoak aringarriak dira. Raventós: Dudarik ez, mundu guztiak lana izatea eta hartatik duin bizitzea bikaina da, baina hori ez da gertatzen; beraz, OE irtenbide bat izan liteke egoera hori erdietsi arte? Duintasunarena... bizimodua bermatua izatea, horrexek duintzen du pertsona. Zazpi, gutxieneko bizimodua bermatua izanik, OEk lokarraraz dezake langileen borroka gogoa, eta enpresariei egin nahi dutena erraztu. Raventós: Egiazki, beldurra da borrokarako gogoa kentzen duena, eta beldurra areagotu egin da 2007ko krisiaren eta pandemiaren ondoren. Enplegu osotik zenbat eta urrutiago, lan indarraren egoera gero eta ahulagoa da. OErekin, ahuldade eta beldur horiek ia guztiz ezabatzen dira.

Argazkia: Dani BlancoArgazki oina
"Sindikatu askorentzat, OE-rekin langileak indarra irabaz dezake, lana hautatzeko posizio hobean dagoelako, baina horrexek berak norbanakoaren posizioak indartzen ditu eta kolektiboa ahuldu, sindikatuek indar kolektiboa gal dezakete"

 

Azaldu dugun lana/eskubideak pentsamolde horren defendatzaile sutsua zen Robert Castel frantses soziologoa: "Historia sozialak erakusten digu norbanakoen autonomia eskubideen gainean eraiki zela, eta lehenik gainera, lanari lotutako eskubideen gainean". Bere ustez, gaur egun, arazo sozialaren ardatzean lan harremanen eta lan baldintzen degradazioa dago, zeinak borrokatu egin behar diren, eta ez estali: "Gutxieneko errenta horren sustatzaileek uste dute pertsonaren autonomiaren defendatzaile direla, baina nire ustez errenta hori nagusiki izango da menpekotasuna instituzionalizatzeko tresna. Haren onuradunak etsita biziko lirateke, nork erabiliko zain".

Adierazpen horiek Mouvements aldizkariko 2013ko elkarrizketa batean egin zituen, OEren aldeko bi soziologok egiten zizkioten galderei erantzunez. Viento Sur aldizkariak itzuli zuen gaztelerara eta elkarrizketak ezkerreko ikuspegian OEren aurka diren posizio nagusienetako batzuk laburbiltzen ditu. Hala amaitu zuen Castel zenak: "Hainbat eskubidek herritar guztiak babestu beharko lituzkete. Adibidez, osasun eskubidea, erretiroa, etxebizitza, formazio iraunkorra... Hau da, oinarrizko halako bost-sei eskubidek osatzen dute pertsonaren independentzia sozialaren oinarria. Uste dut 1.000 eurotan baino, hor dagoela koska, eskubide multzo horretan, lan munduan ematen diren egiazko borroken bidez erauzitakoak".

Ildo horretan dago Eduardo Garzón ekonomialari ezkertiar espainiarrak egiten duen proposamena. Bere ustez, OEk tentsio inflazionista sortuko luke ekonomian eta, gainera, ez litzateke justua lurraldeen arteko bizi-maila desberdina denean, diru berarekin, hainbat eskualdetan ondasun eta zerbitzu gutxiago eskuratuko liratekeelako. Horregatik, jarraitzen du, irtenbidea litzateke herritarrak onurak zerbitzutan jasotzea, dirutan baino: etxebizitza, oinarrizko energia, garraio, zaintza, jantziak edota elikagaiak bermatuz. Agian den dena ere ez litzateke zerbitzutan eman beharko eta zati txiki bat –200 euro, adibidez– elikagaiak eta jantziak erosteko izan litezke. Formulazioak hainbat izan daitezke, beti ere garrantzi handiagoa emanez zerbitzutan jaso beharrekoari. Azken buruan, amaitzen du, diruz emandako OE eta egungo sistema ekonomikoa izate berekoak dira; sistema monetarizatu horren funtzionamendua indartzen du OEk eta haren onuradunak merkatuaren atzaparretan uzten ditu, onurak zerbitzutan jasota ez bezala.

Philippe Van Parijs filosofo eta ekonomialari belgikarra izan da OE modernoaren bultzatzaile nagusietakoa 1980ko hamarkadatik aurrera. Honela titulatu zuen OEren gaineko bere artikulu bat, hainbaten ustez agian probokazio gisa; Komunismoranzko bide kapitalista bat. Gaur egun, OEren aldeko mugimenduak argi du eskubide honek ez duela kapitalismoa gaindituko, ez dela horretarako tresna, baina bai eraman gaitzakeela ongizate kapitalismoa gainditzera. Funtsean, OE eskubide-zoru bat dela diote, gaur egun ditugun –osasuna, etxebizitza, pentsioak...– baina desegiten ari diren beste eskubide batzuen osagarri. Eta azpimarratzen dutenez, zoruaz beste hitz egin beharko litzateke sabaiez, aberastasunaren sabaiak mugatzeko, aberastasun pilaketa handiek demokraziaren eta askatasunen oinarriei eraso egiten dietelako. Gogoratu behar da, Bigarren Mundu Gerraren ondorengo Europako edo AEBetako aberastasunaren aurkako zerga politikek –%80tik gorako tipoak aberatsenen errentei– hori bilatzen zutela, aberatsek estatuetan eragiteko zuten ahalmena ahultzea.

Baldintzarik gabeko oinarrizko errenta ameslarien eta utopikoen proposamena zen duela lau hamarkada. Ondo kostata, zailtasunen artean, bidea egin du gaurdaino, emantzipazioaren lurralderantz orain burua agertuz eta hurrengoan olatupean galduz. Irakurleak ikusi duen moduan, era guztietako iritziak biltzen ditu alde eta aurka, eta ezustean eta krisiek bultzatuta, apurka bide egiten ari da. Egia, oraindik esperientzia pilotu moduan, baina irakaspen ugari eskainiz. Horietako batzuk aipatu ditugu Larrun honetan, baina epe laburrean beste dozenaka saio egingo dira munduan barrena.

Ezin uka, oraindik asko falta zaio gizartean sinesgarri izateko, herritarrak ezer gutxi daki hartaz, baina saio pilotu horien bidez, ametsa dagoeneko gero eta meharragoa da eta errealitatea gero eta sendoagoa. Gorka Moreno Márquez unibertsitateko irakasleak bere liburuko oinarrizko errentari buruzko kapitulua ixteko erabiltzen zituen berbekin amaituko dugu erreportajea: "Sufragio unibertsala ere ez al zen eroen kontua... Nork pentsa zezakeen duela 200 urte oporrak edo erretiroa ekonomikoki babestuak leudekeela? Nork pentsatuko zuen osasuna edo hezkuntza doaneko eskubide sozial unibertsalak izango zirela? Eta etorkizun hurbilean, zergatik ez oinarrizko errenta unibertsala?".

(Artikulu honekin batera doa Larrun275 honetan argitaratutako beste hau: Errenta unibertsalaren esperientzia pilotuak munduan)


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Oinarrizko errenta unibertsala
Errenta unibertsalaren esperientzia pilotuak munduan

Oraindik ez dago munduan baldintzarik gabeko oinarrizko errenta indarrean jarri duen herrialderik, baina esperientzia pilotu asko egin dira munduko hainbat eskualdetan, eta aurreikusitakoak ere asko dira. Daniel Raventósek eta Julen Bollain irakasleek euren liburuetan... [+]


Eusko Legebiltzarrak atzera bota du herri ekimenez proposatutako oinarrizko errentari buruzko eztabaida

Iazko otsailean ekinda, Baldintzarik Gabeko Oinarrizko Errentaren aldeko herri ekinaldi legegileak 22.075 sinadura lortu zituen proposamena legebiltzarrera eramateko. Ostegun honetan eztabaidatu zuten proposamena legebiltzarrean eta EAJ, PSE, PP eta Vox-en botoekin atzera bota... [+]


2022-05-05 | Hala Bedi
Mobilizazio eta eztabaidak Gasteizen, Legebiltzarrean Oinarrizko Errenta Baldintzagabea bozkatu bezperan

Urtarrilaren 4an aurkeztu zituzten Legebiltzarrean Oinarrizko Errenta Baldintzagabearen alde jasotako 22.075 sinadurak, lege-proposamen gisa izapidetu ahal izateko. Maiatzaren 5ean eztabaidatuko dute legebiltzarkideek: "beren esku dute pertsonen bizitza aldatzea, batez ere... [+]


Sergi Raventós
“Pobreziak eragin zuzena du jendearen osasun mentalean”

Soziologian doktorea da Sergi Raventós Panyella (Bartzelona, 1968), eta oinarrizko errenta unibertsalak (OEU) osasun mentalean dituen eragin positiboak ikertu zituen doktoretzan. Hamarkadak daramatza Katalunian OEU bultzatzeko lanean, beste hainbat pertsonekin batera, eta... [+]


Baldintzarik gabeko oinarrizko errentaren lehen pausoak Katalunian

Oinarrizko errenta unibertsalaren inguruko eztabaida Kataluniatik Euskal Herrira ekarri dute Laura Vilagrá i Pons Generalitateko aholkulariak eta Sergi Raventósek. Otsailaren 25ean EHUk Bilbon duen Bizkaia aretoan izan ziren bi katalanak, Julen Bollain... [+]


Eguneraketa berriak daude