Errenta unibertsalaren esperientzia pilotuak munduan

  • Oraindik ez dago munduan baldintzarik gabeko oinarrizko errenta indarrean jarri duen herrialderik, baina esperientzia pilotu asko egin dira munduko hainbat eskualdetan, eta aurreikusitakoak ere asko dira. Daniel Raventósek eta Julen Bollain irakasleek euren liburuetan azaldutako esperientzia pilotuen berri emango dugu ondoren, bietan berdintsuak dira eta. Bollainek dioenez, kontuan hartu behar da esperientzia mugatuak direla denboran, populazio kopuru zehatzak hartzen direla, eta zerga erreformen bidez baino, aurrekontuetatik edo dirulaguntzetatik finantzatu direla. Onura ugari ikusi dira OE horiek indarrean jarri diren lekuetan, baina denboran mugatuak direnez, ezin izan da behatu lan merkatuan luzaroan dituen ondorioak.

Indiako emakume errefuxiatuak dirulaguntza bat jasotzen ari dira. (Arg.: Europar Batasuna)
Indiako emakume errefuxiatuak dirulaguntza bat jasotzen ari dira. (Arg.: Europar Batasuna)

Namibia
Biztanleriaren bi herenak pobreziaren langaren azpitik bizi dira herrialdean. Oinarrizko Errenta Emateko Koalizioa partzuergoak erabaki zuen herritarrak pobreziatik ateratzeko eta herrialdean inbertsioak bideratzeko 2008-2009an esperientzia pilotua egingo zuela Otjivero-Omitara eskualdean. Azken urtean han bizitako herritar guztiei eman zieten ehun dolar namibiar (orduko per capita errentaren %2). Ondoren partzuergoak egindako azterketaren arabera, etxeetako pobrezia maila modu esanguratsuan jaitsi zen, haurren desnutrizioa asko gutxitu zen eta adingabeen eskolaratzea %90ean hazi zen. Delinkuentzia tasak %42 jaitsi ziren, eta jarduera ekonomikoa eta merkatuaren aktibazioa hobetu ziren.

India
2010ean Indiako Madhya Prades estatuko 6.000 pertsonari eman zitzaien 24 dolar hileko. UNICEFek, Sewa emakumeen sindikatuak eta Oinarrizko Errentaren Munduko Sareak abiarazi zuten proiektua. Zortzi herrixketako pertsona guztiei eman zitzaien errenta hori, eta ezer banatu ez zen beste hamabi herrixkekin konparatu ziren ondorioak. Etxebizitza inbertsioa %10 handitu zen. Ur hornidura eta argiztatzea hobetu ziren, eta elikagaien hobetzeak osasunari onura ekarri zion. Artatze medikuan egindako gastua %50 handitu zen, eta arazo psikologikoak %13,4 hobetu ziren. Ondorio nagusia honakoa da, Raventósen iritziz: "Oinarrizko errenta oso eraldatzailea izan daiteke".

Bartzelona
2016ko azarotik 2019ko urrira Bartzelonako hamar eremu xumetako mila etxera 17 milioi euro bideratu zituen Bartzelonako Udalak, Europar Batasuneko programa baten barruan. Lau moldetan eskaini ziren dirulaguntzak, eta horien %25 auzoetan gastatu beharreko moneta elektroniko bidez eman zen. Onurak esanguratsuak izan ziren bizitzako oinarrizko alorretan: ondasunen urritasun handia eta elikadura segurtasuna asko hobetu ziren, bizipozaren handitze agerikoa izan zen, auzotar izatearen sentimenduaren gorakada ere bai, eta baita gertuko merkatarien salmenten hobetzea ere. Espero ziren beste hainbat hobekuntza, dena den, ez ziren frogatu ahal izan, hala nola hauek: osasunaren eta ekintzailetzaren hobekuntza, kalitatezko enplegua eta lan merkatuan parte hartzeko aukerak gutxitu ziren, eta ez dirudi herritarrak ondorio ikusgarririk izan duenik bere aisialdia profitatzerakoan.

Finlandia
2017 eta 2018 artean egin zen saioa eta Europan gobernu batek antolatzen zuen lehen OE esperientzia zen. Finlandia osoko 25 eta 58 urte arteko auzaz hautatutako iraupen luzeko 2.000 langabeturi 560 euro eman zitzaien hileko. Laguntza hori jaso ez zuen beste talde baten egoerarekin erkatu ziren emaitzak. Pandemian zehar atera ziren azterketaren ondorioak eta ikusi zen, buru osasuna, bizitzeko segurtasuna eta bizipoza nabarmen hobetu zirela. Beste taldean baino buru-estres, depresio, tristezia eta bakardade gutxiago izan zuten onuradunek. Eta lagundutakoek lan merkatuan parte-hartze handiagoa izan zuten besteek baino.  

 Iran
2011tik 2016ra 72,5 milioi herritarri (populazioaren %96) urteko 500 dolar eman zitzaien eta urte batzuetan kopuruak iritsi ziren BPGaren %15era. Dena petrolioaren irabaziekin finantzatu zen. Pobrezia eta desberdintasunak nabarmen jaitsi ziren, eta ez zen inongo ondorio txarrik ikusi lan merkatuan. Hori bai, 20 eta 29 urte arteko gazteen artean lan orduak gutxitu ziren hezkuntza sisteman orduak gehitu zituztelako. Herritarren %20 aberatsenen erosahalmena %5 handitu zen, eta %20 txiroenena %50. Bollainek azaldu duenez, Iraneko herritar ia guztiei banatu zitzaien errenta, baina dirua etxeko familia buruaren –nagusiki gizonezkoak– bankuko kontura sartzen zen, eta hori guztiz ezinezkoa litzateke baldintzarik gabeko oinarrizko errentan, non ezinbestekoa den OE pertsona bakoitzari bideratzea. Horrek zaildu zuen antzematea beste kasu batzuetan argi ikusten den emakumezkoen ahalduntzea.

Alaska
Joan den mendeko 80ko hamarkadan petrolioaren prezioak gorakada handia izan zuen, eta horren ondorioz, 1982an Jay Hammond gobernadore errepublikanoak ekin zion petrolioaren urteko irabazietatik kopuru bat herritar guztien artean partitzeari. Kantitatea desberdina izan da urte horietan, 1984an 326 dolar esaterako eta 2008an 3.269 dolar. Alaska eta AEBetako beste estatu batzuen arteko konparaketak egin dira, eta ikusten da errentak ez duela eraginik lan merkatuan, Alaskako herritarrak berdin doazela lanera. Hori bai, lanaldi mugatuko langileen kopurua %17 hazi da Alaskan. Hezkuntzan hobekuntzak ere izan dira, batez ere asistentziaren handitzeagatik eta eskola porrotaren txikitzeagatik, eta kriminalitatearen jaitsiera ere antzeman dute. Errenta horri esker, Alaska AEBetako hirugarren estatu berdinzaleena da.

Katalunian datorren abenduan hasiko dira
CUP indar politikoak oinarrizko errentaren plan pilotua garatzea sartu zuen Kataluniako azken hauteskunde autonomikoetako programan, eta ERC eta Juntsen arteko negoziazioetan, plan hori ezinbesteko puntutzat jarri zuen CUPek inbestidura saioan Pere Aragonesi sostengua emateko. Kenian 10.000 pertsonekin egin zen oinarrizko errentaren esperientzi pilotu bat 2011n eta 2012an, orain arteko jendetsuena. Aipatu dugun Finlandiako saioa 2.000 herritarrekin egin zen, eta 2022ko abenduan Katalunian 5.000 bat pertsona hartuko dituen plan pilotuari ekingo diote, 2023an eta 2024an indarrean egongo dena, Sergi Raventós Plan Piloturako Bulegoko buruak adierazitakoaren arabera. Kalkulatzen da urte bakoitzean Generalitateak 50 milioi euro inbertituko dituela esperientzian. Oinarrizko errenta 700-800 eurokoa izango da helduentzat eta 300 eurokoa adingabeentzat. Munduan orain arte egindakoen artean esanguratsuenetakoa izango da proba hori.

(Artikulu hau Larrun 275. zenbakiko atal bat da)


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Oinarrizko errenta unibertsala
Baldintzarik gabeko oinarrizko errenta
Duin bizitzeko eskubidea

Bizkaian, Gipuzkoan edo Araban urtebetetik gora bizi bazara eta 18 urtetik gora badituzu, hilero 900 euro jasotzeko eskubidea izango duzu, beste inongo baldintza barik. 450 euro jasoko dute 4 eta 18 urte arteko herritarrek eta 4 urtetik beherakoek 270 euro. Ados egongo zinateke?... [+]


Eusko Legebiltzarrak atzera bota du herri ekimenez proposatutako oinarrizko errentari buruzko eztabaida

Iazko otsailean ekinda, Baldintzarik Gabeko Oinarrizko Errentaren aldeko herri ekinaldi legegileak 22.075 sinadura lortu zituen proposamena legebiltzarrera eramateko. Ostegun honetan eztabaidatu zuten proposamena legebiltzarrean eta EAJ, PSE, PP eta Vox-en botoekin atzera bota... [+]


2022-05-05 | Hala Bedi
Mobilizazio eta eztabaidak Gasteizen, Legebiltzarrean Oinarrizko Errenta Baldintzagabea bozkatu bezperan

Urtarrilaren 4an aurkeztu zituzten Legebiltzarrean Oinarrizko Errenta Baldintzagabearen alde jasotako 22.075 sinadurak, lege-proposamen gisa izapidetu ahal izateko. Maiatzaren 5ean eztabaidatuko dute legebiltzarkideek: "beren esku dute pertsonen bizitza aldatzea, batez ere... [+]


Sergi Raventós
“Pobreziak eragin zuzena du jendearen osasun mentalean”

Soziologian doktorea da Sergi Raventós Panyella (Bartzelona, 1968), eta oinarrizko errenta unibertsalak (OEU) osasun mentalean dituen eragin positiboak ikertu zituen doktoretzan. Hamarkadak daramatza Katalunian OEU bultzatzeko lanean, beste hainbat pertsonekin batera, eta... [+]


Baldintzarik gabeko oinarrizko errentaren lehen pausoak Katalunian

Oinarrizko errenta unibertsalaren inguruko eztabaida Kataluniatik Euskal Herrira ekarri dute Laura Vilagrá i Pons Generalitateko aholkulariak eta Sergi Raventósek. Otsailaren 25ean EHUk Bilbon duen Bizkaia aretoan izan ziren bi katalanak, Julen Bollain... [+]


Eguneraketa berriak daude