2006ko ekainaren 11n
Urtarrila amaieran, EAEko Legebiltzarrak onartu egin zuen Oinarrizko Errenta eredu desberdinei buruzko hausnarketa-taldea sortzea, Lan eta Gizarte Ekintza Batzordearen barruan. Horrek ez du esan nahi Eusko Jaurlaritzak inolako konpromisorik hartzen duenik: aztertzea eta hausnartzea, ez besterik. Bada zerbait hala ere, beste inongo erakundetan ez baita egin, ez behintzat Espainiako Estatuan. Baina, zer da Oinarrizko Errenta? Hitzok oso esanahi desberdina daukate bataren edo bestearen ahotan. Erraza da nahastea, eta horregatik, gauzak zertxobait argitzen saiatuko gara lehenik eta behin.

Manolo Saez gasteiztarra Baladreko -Estatu mailako pobrezia, langabezia eta bazterkeria sozialaren aurkako koordinakundea- kidea da. Urtarrileko ebazpenean, Eusko Legebiltzarrak eredu desberdinak aipatu zituen; bada, hauena da muturrekoena. «Bi multzo nagusi bereiz ditzakegu», azaldu digu Saezek. «Batetik, Txertaketako Gutxieneko Errentak daude. Horietako batzuei, azken urteotan, Oinarrizko Errenta esaten hasi zaie. Berbarako, EAEn eta Nafarroan». Errenta horien ardatza lana da Baladrekoaren esanetan, eta baldintza jakinak bete behar dira jaso ahal izateko. «Errenta horien logika ez dago pertsonen eskubideei lotuta, egoera bati baizik: lan faltari, alegia».

Hego Euskal Herrian, Oinarrizko Errenta horiek eskubide subjektiboak dira. Bestela esanda, ez zaizkio inori ukatzen, berau jasotzeko baldintzak betetzen direla frogatuz gero noski. Estatuko beste erkidegoetan -eta ez denetan, denek ez baitute laguntza mota hau eskaintzen-, ilaran jartzen diren lehenengoek baino ezin dute gozatu eskubideaz: aurrekontua agortutakoan, akabo errenta. Gauza bera gertatzen da -baita Euskal Herrian ere-, Gizarte-Larrialdietarako Laguntzekin (GLL). «Erkidego batzuetan, GLLei hasi zaizkie orain Oinarrizko Errenta deitzen», azaldu digu Manolo Saezek, «aurrez geneukan nahaspila ez zen nahikoa, antza denez; are gehiago korapilatu dute dena».


Oinarrizko Errenta denontzat... edo ia

Beste multzo nagusia Oinarrizko Errenta Unibertsala da. Hala esango diogu besteengandik bereizteko, baina haren defendatzaileek diotenez, bera da Oinarrizko Errenta, eta ez besteak. «Kasu honetan», jarraitu du Saezek, «gakoa pertsona da». Lana eduki ala ez eduki, eredu honen arabera denok eduki behar dugu errenta bat jasotzeko eskubidea. «1998ra arte mugimendu honetan genbiltzan guztiok bat egiten genuen Errentaren lau ezaugarri nagusiak definitzerakoan: banakakoa, unibertsala, baldintzarik gabekoa eta dirutan nahikoa». Saezek salatzen duenez, azken urteotan batzuk aldendu egin dira eredu horretatik, hasierako eskakizunak zertxobait apalduz. Dena dela, erreportaje honetan Oinarrizko Errenta Unibertsalaz ari garenean, ontzat emango dugu lau ezaugarri horiek betetzen dituela, unibertsaltasunari dagokionez ñabardurak badaude ere.

Oinarrizko Errenta Sarea 2001ean sortu zen Espainiako Estatuan, eta mundu mailako beste sare zabalago baten kide da. Presidenteak, Daniel Raventos bartzelonarrak dioskunez, «guk hiritar guztientzat eskatzen dugu Oinarrizko Errenta, hau da, hiritartasuna behar bezala frogatuta daukaten guztientzat. Hiritartasun hori lortzeko baldintzak desberdinak izango dira leku bakoitzean, baina gu ez gara eztabaida horretan sartzen». Baladre ez dator horrekin bat, Manolo Saezek jakinarazi digunez: «Oinarrizko Errenta pertsona guztientzat izan behar da, hau da, benetan unibertsala izan behar da, inor kanpoan utzi gabe. Osasungintzan eta irakaskuntzan hala egiten da dagoeneko: paperak eduki ala ez, jendearen beharrei erantzuten zaie». Unibertsal hitzak ere baditu adierak eta adierak, beraz. Beste eztabaidagai bat, bidenabar aipatzearren, jaso behar dutenen gutxieneko adina da. Guztiei eman, edo 18 urtetik gorakoei baizik ez, edo diru-kopuru desberdinak eman adinaren arabera? Buru adina aburu dago edade kontuei dagokienez ere.


Mugarria, pobreziaren ataria

Oinarrizko Errenta Sareak eta Baladrek iritzi bera daukate Oinarrizko Errentaren zenbatekoaz: pobreziaren ataria edo atalasea. Hori, Raventosen ustez, nahikoa litzateke pobretasuna desagerrarazteko: «Pertsona guztiei ematen bazaie pobreziaren atalasearen pareko diru-kopuru bat hilero, pobrezia berez desagertzen da». Horrek ez du esan nahi, hala ere, gizarte-esklusioa desagertuko litzatekeenik. «Gizarte-langileek esaten dute, eta zuzen dabiltza, herritarren zati batek bestelako arazoak ere badituela -drogarekikoak, psikologikoak...-, eta horiek laguntza beharko luketela, jasotako dirua ondo ‘erabiltzeko’, nolabait esanda. Baina gaur egun dauden pobre portzentaje handi horiek zeharo murriztuko lirateke. Pobrezia desagertuz ez litzateke esklusioa desagertuko, baina bai haren jatorri nagusia».

Pobrezia eta gizarte-esklusio alorrean lan egiten duten elkarte ugarik ez dute uste hala denik. Diru emate hutsa ez da nahikoa, haien ustez, pobrezia desagertzeko. EAPN Euskadi pobretasunaren eta gizarte-esklusioaren aurka diharduen sareko kide Julene Eigurenen iritziz, «pobrezia ekonomia-irizpide hutsez neurtzea hanka sartzea den hein berean, hanka sartzea da gizarteratzea diru-laguntza hutsetan oinarritzea. Dirua baino gehiago behar da pobrezia amaitu dadin. Argi geratu behar da pobreziak dimentsio asko dauzkala. Ez dagokio diruari bakarrik, bizi-egoerei baizik».


Aberatsek aberats jarraitzen dute

Edonola ere, Oinarrizko Errenta Unibertsalak ez lituzke pobreak eta aberatsak berdinduko, haren alde ari diren guztiek argitzen dutenez. Zalantza egin daiteke pobreak desagertuko liratekeen ala ez, baina segurua da aberatsek aberats jarraituko luketela. Aldeak murriztuko lirateke, hori bai, eta batzuek galdu egingo lukete. «Guk ikerketa bat egin dugu hemen, Katalunian -diosku Daniel Raventosek-, eta horren ondorioa zera izan da: Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergan (PFEZ) aldaketa batzuk eginez, eta beste ezer ukitu gabe, urtero 5.500 euro inguruko errenta eman dakieke adin-nagusiei, eta horren erdia adingabekoei. Jakinmin handia geneukan, ea sistema horrekin nork irabazten duen eta nork galtzen, eta hona emaitzak: hamar herritarretatik zazpik irabazi eginen lukete oraingo egoerarekin konparatuta, %15ak lehen bezala jarraituko luke, eta beste %15ak galdu. Aberatsenak dira galtzaileak, noski».

Aberatsek, alabaina, ez dute Oinarrizko Errentarik behar, leporatzen diote askok proposamenari. «Hara -erantzuten du Raventosek-, Oinarrizko Errenta hiritar ororen eskubidea da. Nire ikuspegitik, bizitzeko baliabide materialak ziurtatuta ez dauzkanak ez dauka askatasunik. Biharamunean lanpostu bat lortzearen ala ez lortzearen menpe dagoenak, kontratua luzatuko ote dioten zalantzarekin bizi denak, ez dauka askatasunik. Hala ere, ‘aberatsek zertarako behar dute?’ galdetuko du askok. Lehenik eta behin: geuk behar ditugu aberatsak, Oinarrizko Errenta finantzatu dezaten». Gehiago dutenek gehiago ordaindu, batutakoa denon artean banatzeko. Horra ideia nagusia. Bestalde, ez da ahaztu behar gaur aberatsa dena bihar pobrea izan daitekeela, Raventosek gogorarazi nahi duenez.


Bideragarritasunari buruzko zalantzak

Raventosek aipatutako ikerketak erantzuna ematen dio Oinarrizko Errenta Unibertsalaz hitz egitean berehala sortzen den galderari. Egin liteke? Izan ere, hori da haren aurkakoek egiten duten kritikarik handienetakoa: ekonomiak ezin dio halako eredu bati eutsi. Ikusi dugunez, Oinarrizko Errenta Sareak baietz uste du. Hala ere, Oinarrizko Errenta atseginez hartuko luketen askok ere -Euskal Herriko erakunde publikoetan uste baino gehiago aurkitu dugu- gehiago ikertu behar dela diote, ez dagoelako argi zer nolako ondorioak izango lituzkeen hainbat esparrutan: lan-mundua, merkatu-legeak, kontsumoa, zergak...

Manolo Saezek ere ez dauka zalantzarik: diruari dagokionez, behinik behin, Oinarrizko Errenta asmo bideragarria da. «Dirua nondik atera? Bada, dirua sortzen den lekuetatik. AHTak, autobideak, aireportuak eta abar egiteko erabiltzen den diru guztia nondik dator bada? Soldatari lotutako errentetatik, batez ere. Eta dirua hor dago. Guk ikerketa bi dauzkagu eginda, eta horien arabera gakoa, hemen, borondate politikoa baino ez da, dirua egon baitago. Dagoen lekutik hartu besterik ez da egin behar».


Zelan eragingo lioke lan munduari?

Askoren kezka, beldurra ez bada, Oinarrizko Errentak lan-merkatuan edukiko lituzkeen ondorioei buruzkoa da. Modurik bakunenean esanda: Jendeak ez badu lanik egin behar bizitzeko, nork egingo du lan? Errenta Unibertsalaren aldekoei ez zaie argudiorik falta galdera horren aurrean.

Martxoan, Gorka Moreno Euskal Herriko Unibertsitateko irakasle ohiak honela esan zuen ARGIAn argitaratutako artikuluan: «(...) lana bere osotasunean ulertzeko aukera ezin hobea aurkezten digu [Oinarrizko Errenta Unibertsalak]; izan ere, ezin dugu ahaztu enplegua lan mota bat dela, baina honetaz aparte beste batzuk ere existitzen dira, lan domestikoa edota bolondres lana, esaterako».

Herritar askori galdetu zaie zer egingo luketen Oinarrizko Errenta jasoz gero, eta ezusteko erantzunak jaso dira. Gutxik utziko lukete lana, soldatapeko lana esan nahi baita, baina baldintzak aldatuko lirateke. Ordu gutxiago lan egin, GKE batean laguntzen hasi, denboraren zati bat ingurukoekiko harremanak sendotzeko erabili...

Daniel Raventosek dioskunez, «gure elkarteak, ez hemen baina bai Belgikan, ikerketa bat egin zuen, sariketa batean bizitza osorako soldata irabazi zuten zenbait dozena laguni jarraituz. Sari hori handiagoa da Oinarrizko Errenta baino, bide batez esateko. Behatu zutenez, gehienek ez zuten lanpostua utzi, eta utzi zutenek lan hobea bilatzeko egin zuten». Halaber, gazte askok aldarrikatu dute lan egingo luketela, baina ez lituzketela onartuko gaur egun onartzen dituzten zenbait kontratu mota. Horregatik dio Raventosek, beharbada, Oinarrizko Errentaren etsairik handienak eskuma eta enpresa-ugazaba handiak direla.

Manolo Saezek beste aurkari bat aipatu digu: lanzaleak, hala esatea zilegi bada. «Pertsonen nortasuna enpleguaren bitartez definitzen dela uste dutenak, hain zuzen. Entziklika batzuek kalte handia egin dute, eta zer esanik ez kalbinismoak. Horrelako jarrerak sindikatuetan ere zeharo hedatuta daude». Dirudienez, gutako askok oso sakon sartuta daukagu gogoan Jainkoak Adami eman omen zion lehenengo agindu hura.

Zer ote da pobrezia?
EAPN Euskadi pobretasunaren eta gizarte-esklusioaren aurka diharduen sarea da, eta Europako beste sare handiago batean txertatuta dago. Bertan dabilen Julene Eigurenek azaldu digunez, "pobrezia tradizio handiko kontzeptua da, kultura guztietan agertu izan zaiguna baina denboran aldatu egin dena". Gaur egun, pobreziaren definizio hau ematen da ontzat: gizarte batek duintasunari eusteko gutxienekotzat daukan mailatik beherako egoera.

Alfonso Dubois adituaren ustez, jarrera bi suma ditzakegu pobreziaren zergatiak aztertzeko garaian. Hala, batzuen ustez, pobretasuna giza-taldeen berezko ezaugarria da, ezin da desagertu. Beste batzuek, berriz, unean uneko gizarte-egituren ondoriotzat daukate. Eta beraz konpongarria da, egitura horiek aldatuta noski.

Ez dakigu pobrezia neurtu daitekeen, baina bai neurtu egiten dela, baita dirutan neurtu ere. XX. mendean jaio zen pobreziaren atalasea edo ataria kontzeptua. Horren arabera, pobrea litzateke lekuan lekuko batez besteko per capita errentaren erdia baino gutxiagoko diru-sarrerak dauzkana. Duboisek dioenez, hala neurtuta erraz jakin daiteke -errazegi, esan nahi du Duboiek- nortzuk diren pobreak, lehenik, eta zenbat diren, bigarrenik. Huts handia Julene Eigurenentzat, pobrezia ezin baitaiteke, beraren ustez, diru-sarreren arabera soilik neurtu. "Hori baino askoz gehiago da". Adibide xume bat: neurtzeko modu horrek ez ditu gastuak kontuan hartzen.

Pobreziaren atalasea bestelako analisi batzuei gailendu zaie, eta haren arabera egiten dira gero estatistikak. Pobreak, gainera, sailkatu egin daitezke, euren diru-sarrerak biztanleko batez besteko errentatik urrunago edo hurbilago egon. Era horretan, koadroan agertzen diren lau taldeak ditugu.

Nazioarteko zenbait erakundek, halaber, erabateko pobrezia kontzeptua darabilte: eguneko dolar bat baino gutxiago irabaztea. Hala bizi dira munduan 1.100 milioi lagun. Eta bizi dira, harrigarria bada ere.

Bilbo, esklusioaren hiriburua
Bizkaian, ia 48.000 lagunek jasotzen dute gizarte-laguntza motaren bat, eta horien heren bi Bilbon eta inguruetan daude. Hiriburuan, hain zuzen, 22.000 lagunek (biztanleriaren %6 inguru) hartzen du laguntzaren bat, 2004ko Pobreziari eta Desberdintasun Sozialei Buruzko Inkestaren arabera. Barakaldon, 5.000 pertsonei ematen zaie laguntza (%5) eta Getxo aberatsean ere ia 3.500eri (%4).

Bilbo barruan, begibistakoak dira auzotik auzora dauden aldeak. Horrek ez du esan gura auzo "aberatsetan" -nolabait esatearren- arazorik ez dagoenik: "ezkutuko" esklusiorik ere bada, adituek diotenez. Baina zenbait lekutan -Bilbo Zahar eta San Frantzisko inguruan batez ere- oso agerikoa da esklusio hori. Euskal Herrian parekorik ez duen ghettoa sortu da bertan, eta orain agintariak buru-belarri dabiltza horren ondorioak konpondu nahian.

Caritaseko Carmelo Coradaren ustez, halako prozesuak auzo zaharretan gertatu ohi dira, edo hiriaren bazterretan. "San Frantzisko, esaterako, erdi-erdian dago, baina zaharra da. Beste hiri batzuetan kanpo aldean gertatzen da. Etxeak merkeak dira, eta esklusioa jasaten dutenek hara jo ohi dute. Betidanik han bizi izan direnek, nazkatuta, alde egiten dute ahal bezain laster, haiek utzitako lekua esklusioan dagoen beste batek hartzen du…". Gurpil horri prostituzioa gehitu behar zaio San Frantzisko inguruan. Han aspaldidanik da ezaguna prostituzioa, baina 80ko hamarkadara arte-edo glamourrez jantzita zegoen. "Prostituta asko drogarekiko arazoak edukitzen hasi ziren", dio Coradak. "Orduan saltzaileak etorri ziren, eta haien atzetik erosleak. Jende asko kalean geratu zen, dirua droga ordaintzeko besterik ez zitzaiolako iristen, eta abar".

Alaskako eredua
Daniel Raventosek azaldu digunez, munduan errenta unibertsal eredu bakarra dugu gaur egun: Alaskakoa. "Baina ez dakit zenbateraino den eredu erabilgarria, kopuruz ez baita inola ere hurbiltzen guk eskatzen dugunera. Azaltzeak luzeegi joko lukeen kasualitate batzuei esker, hogei urte dira Alaskako hiritar guztiek urtero oinarrizko errenta bat jasotzen dutela. Kopurua merkatuaren gorabeheren araberakoa izaten da, eta uste dut diru gehien jaso zuten urtean 2.000 dolar jaso zituztela". Zeharo urrun, beraz, Oinarrizko Errenta Sarea taldeak mugarritzat aldarrikatzen duen pobreziaren atalasetik.

Diru-kopuruaren txikiak konparazioa ahuldu badezake ere, Raventosek Errenta Unibertsalaren aldeko argudioak aurkitzen ditu Alaskako adibidean. Dioenez, azken hogei urteotan ondasunak izugarri birbanatu dira AEBetan: pobreenengandik aberatsengana, alegia. Baina Alaskan bestelako norantzan jo du haizeak, eta errenta-banaketa askoz berdintasunezkoagoa izan omen da gainerako 49 estatuetan baino. "Aberatsek, zer esanik ez, aberats izaten jarraitzen badute ere".

Biktimaren soslaia: andrazkoa, etorkina, gaztea...
Eusko Jaurlaritzak 2004an egin zuen azkenekoz Pobreziari eta Desberdintasun Sozialei Buruzko Inkesta. Horren arabera, pobrezia motarik larrienek behera egin dute EAEn, eta erkidegoko biztanleen %94,8k ez du inongo pobreziarik jasaten. Eskualde batzutan gauzak ez dira hain gozoak baina: Bilbo eta inguruan, pobrezia EAEko batez bestekoaren bi halako da. Oro har, pertsona pobreen %86 hiru hiriburuetan dago. Bestalde, kontuan izan behar da EAEn "ia milioi erdi pertsona bizi dela gizarte-esklusioan sartzeko arriskuan", EAPN Euskadik, pobretasunaren eta gizarte-esklusioaren aurka diharduen sareak azpimarratzen duenez. 11.000 lagun gabeziarik gorrienean bizi dira, eta 50.000 familiak lanak dituzte hilabetea berdintzeko.

Nafarroan, berriz, ez da azterketarik egin 1997tik, Pobreziaren eta Gizarte Esklusioaren Aurkako Sareak, Maite Armendariz idazkari teknikoaren ahotik, salatzen duenez. Orduantxe abiatu zen 2005era arteko plana, "oso plan ona, aitzindaria" Armendarizen hitzetan, baina arlo askotan bete ez dena. Gobernuaren erantzuna Juan Miguel Izquieta Gizarteratze Saileko buruak eman digu: "Kritika batzuk onargarriak dira, baina Sareak ez ditu aintzat hartu egindako aurrerapausoak. Plana indarrean egon den epean, muturreko pobrezia %10 gutxitu da Nafarroan, eta pobrezia moderatua hein berean handitu. Egia da, bestetik, Oinarrizko Errentak ez duela lortu guk nahiko genukeen maila, 383 eurokoa baita pertsonako. Eta hori nahiko urrun dago, egia esan, bizirauteko behar den kopuruetatik. Hala ere, gure Oinarrizko Errenta estatuko eskuzabalena da EAEren atzetik". EAEn, hain zuzen, Oinarrizko Errenta deritzona 549 eurokoa da biztanleko. Oinarrizko Errenta Unibertsalaren aldekoek aldarrikatzen dutena baino dezente eskasagoa, edonola ere.

Erakunde publikoak zein pobrezia eta esklusioaren kontra lan egiten duten elkarteak bat datoz gauza batean: azken urteotan, egoera horietan daudenen soslaia aldatu egin da, eta nabarmen. Orain, guraso bakarreko familietan aurkitzen da pobrezia -"ama bakarreko, esango nuke nik", azpimarratzen du EAPN Euskadiko Julene Eigurenek-, Europar Batasunetik kanpoko etorkinengan, gazteengan... Datu adierazgarria: pobrezia jasaten duten hamar lagunetik lau 25 urtetik beherakoak dira. Portzentajea are handiagoa da (hamarretik sei) muturreko pobreetan. Pobreziak eta esklusioak gehiago eragiten diete emakumeei, eta EAEn hirietan kokatzen da batik bat, baina Nafarroan, besterik pentsa litekeen arren, alderantziz gertatzen da. Juan Miguel Izquieta Nafarroako Gobernuko Gizarteratze Saileko buruak azaldu duenez, "etxebizitzaren prezioak izugarri puztu dira Iruñean eta haren inguruetan, ezin da etxea erosi hor. Horregatik landara jo dute pobreek". Datu berriagoen faltan, esan dezagun 1997an Nafarroako 6.000 familia zeudela esklusio larrian, Pobreziaren eta Gizarte Esklusioaren Aurkako Sareak adierazi digunez.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Oinarrizko errenta unibertsala
Baldintzarik gabeko oinarrizko errenta
Duin bizitzeko eskubidea

Bizkaian, Gipuzkoan edo Araban urtebetetik gora bizi bazara eta 18 urtetik gora badituzu, hilero 900 euro jasotzeko eskubidea izango duzu, beste inongo baldintza barik. 450 euro jasoko dute 4 eta 18 urte arteko herritarrek eta 4 urtetik beherakoek 270 euro. Ados egongo zinateke?... [+]


Errenta unibertsalaren esperientzia pilotuak munduan

Oraindik ez dago munduan baldintzarik gabeko oinarrizko errenta indarrean jarri duen herrialderik, baina esperientzia pilotu asko egin dira munduko hainbat eskualdetan, eta aurreikusitakoak ere asko dira. Daniel Raventósek eta Julen Bollain irakasleek euren liburuetan... [+]


Eusko Legebiltzarrak atzera bota du herri ekimenez proposatutako oinarrizko errentari buruzko eztabaida

Iazko otsailean ekinda, Baldintzarik Gabeko Oinarrizko Errentaren aldeko herri ekinaldi legegileak 22.075 sinadura lortu zituen proposamena legebiltzarrera eramateko. Ostegun honetan eztabaidatu zuten proposamena legebiltzarrean eta EAJ, PSE, PP eta Vox-en botoekin atzera bota... [+]


2022-05-05 | Hala Bedi
Mobilizazio eta eztabaidak Gasteizen, Legebiltzarrean Oinarrizko Errenta Baldintzagabea bozkatu bezperan

Urtarrilaren 4an aurkeztu zituzten Legebiltzarrean Oinarrizko Errenta Baldintzagabearen alde jasotako 22.075 sinadurak, lege-proposamen gisa izapidetu ahal izateko. Maiatzaren 5ean eztabaidatuko dute legebiltzarkideek: "beren esku dute pertsonen bizitza aldatzea, batez ere... [+]


Sergi Raventós
“Pobreziak eragin zuzena du jendearen osasun mentalean”

Soziologian doktorea da Sergi Raventós Panyella (Bartzelona, 1968), eta oinarrizko errenta unibertsalak (OEU) osasun mentalean dituen eragin positiboak ikertu zituen doktoretzan. Hamarkadak daramatza Katalunian OEU bultzatzeko lanean, beste hainbat pertsonekin batera, eta... [+]


Eguneraketa berriak daude