"Gehiengoak ez du ideia izpirik laguntza soziala daukatenen errealitateaz"

  • Laguntza sozialaren banaketari begira jarri da Olivier Ducharme filosofoa. Ongizate estatua gertu zegoen garai hurbilean eskubide izatetik, baina indarraren truk jasotzen duzun ordaina bilakatu zaigula azaltzen du. Aldaketak ezinbesteko, lehen iraultza gure buruetan egin beharra kontseilatzen digu filosofoak: soldatapeko lanari bideratzen diogun garrantzia eta balio soziala txikitzea. 

"Meritokraziaren sustraiak tradizio oso zahar batean kausitzen ditugu"(Argazkia: Francis Vachon)

Pobreziari buruzko tolerantzia handia daukagu. Nolaz?

Soldatapeko lana pribilegiotzat duen jendarte batean gaude, zeinetan lanaren etika arau moral inportanteenetarikoen artean daukagun. Maiz entzuten dugu: "Aski du lan egitea pobreziatik atera nahi badu".

Pobreei begira ez hainbeste. Alferrak, baliatzaileak... Nondik dator irudi ezkor hori?

Nahi nuke jakin galdera horri erantzuten, baina ez dakit. 1969etik, hots, Quebeceko laguntza sozialaren hasieratik presente dugu eta lehenago ere hor zegoen. Belaunaldiz belaunaldi partekaturiko aurreiritziak ditugu. Sentsibilizazio lan handia dago oraindik egiteko, gehiengo zabalak oraindik ez duelako ideia izpirik lagundurikoen errealitateaz.

Zergatik mespretxu hau?

Uste dugulako alferkeriz eta hautuz direla laguntza sozialaz baliatzen. Uste dugulako ez dutela benetan lanik nahi eta jendartean integratzea ez dutela xede. Langileek diruztaturiko existentzia hautatzen dutela uste dugulako. Noski, aurreiritziak dira, belaunaldiz belaunaldi erroturikoak eta askoren izpirituetan zabaldurikoak.

Nola aldatu irudi hori?

Uste dut soldatapeko sistematik atera beharko genukeela, errespetua merezi duen lan bakarra soldatapekoa dela dioen ustearekin behin betikotz bukatzeko gisan. Argi da aterabide hau ez dugula bihar goizeko.

Nolakoa litzateke antolaketa berria?

Kontua ez da soldatapeko lan oro kentzea, baizik eta legitimitate sozialaren oinarrian soldatapeko lana jartzen duen ustea zalantzan jartzea. Nolakoa litzatekeen? Inork ez daki. Guztiok gara soldata sistema honen emaitza, lan merkatuan parte hartzeko heziak izan gara. Baina argi da ekoizpen eta kontsumo kapitalistatik atera beharko dugula, ekologia eta naturaren errespetuan oinarrituriko bizimodua garatzeko. Aldaketa hau erradikala zein beharrezkoa dugu.

Argazkia: Francis Vachon

Kontua da lagunduek ere usu barneraturik dutela ikuspegi ezkor hori.

Eguneroko pobrezian eta bizi baldintza txarretan aitzina doaz, egin ahala. Horrez gain, besteen begirada eta komunikabideek zabaldu irudien pisua pairatu behar izaten dute.  

Laguntza sozialaren sistema aldatuz doa.

Bigarren Mundu Gerraren biharamunean, ongizate estatuaren garapenarekin, pertsonen beharretan oinarrituriko laguntza eredua garatu zuten, welfare deiturikoa. Laguntza sozialaren eskubidea zekarren, kriterio bakar gisa herritarren ongizatea zuela. Neo-kontserbadurismoaren garapenarekin ordea, beste laguntza sistema bat agertu zen 70eko hamarkada bukaeran. Lagunduen lanetik eta formakuntzatik iragaiten da estatuaren dirulaguntza, ordaina exijitzen diete laguntzaren truk.

Meritokrazia dela erran dezakegu.

Meritokraziaren sustraiak tradizio oso zahar batean kausitzen ditugu. Testamendu berrian, Paulen ondoko esaldi ospetsuan: "Batek ez badu nahi lan egin, ez dezala jan ere egin!". Erran hau behin eta berriz hartua izan da mendeetan zehar, esanahi ezberdinekin baina arau moralaren balioa mantenduz. Soldatapeko lanari zor diogun errespetuaren oinarrian dago arau moral hau. Horrela itzuli dezakegu: batek lanaren bidez jendartearen aberastean ez badu parte hartzen, ez dadila diru publikoaz profitatu.

Laguntza sozialaren eskubidea dugu zalantzan. Nola saihestu?

Jakintzaz. Pobreziak biztanleriaren osotasunean dauzkan ondorioei buruz informatu behar dira etengabean herritar zein hautetsiak. Eguneroko lana dugu hau. Murrizketek argiratzen digute laguntza soziala jasotzen dutenei buruz ezjakintasuna eta aurreiritziak direla nagusi gobernuaren zein gehiengoaren baitan.

Elkartasun tresna horiek guztiak desagerraraztea du amets neoliberalismoak.

Badira jada hainbat hamarkada ongizate estatua atakaturik dagoela. Quebecen zein beste herri guztietan, biztanleriari eskaini zerbitzuak murriztuak edota pribatizatuak dira. Tamalez, gaur egun ez gabiltza eskubideen hobetzerako aldarrietan, eskubide horiek defendatzen gaude.

Zer diozu oinarrizko errenta unibertsalaz?

Gaur egungo testuinguruan, oinarrizko errenta unibertsala beharrezkoa dugu, guztiok oneski bizitzeko eskubidea bermatzeko. Laguntza sozialak ez digu hori bermatzen. Beharrezkoa izanik ere, ez lituzke arazo guztiak konponduko. Lanaren etikari lotu behar genuke, jendartearen partetik errespetua eta legitimitatea bermatzeko bide bakarra dugulako. Hori gabe, lanean ez dagoena berriro ere eriz seinalatua litzateke, komunitateari ezer ekartzen ez dion baliatzaile gisa ikusia litzatekeelako. Beraz bai, beharrezkoa da, baina ez da ezertan nahikoa.

INFORMATZEKO XEDEZ
“Filosofia doktoretza eta doktoratu ondokoa bukaturik, lana aurkitzeko zailtasunak ukan nituen. Aurrezturiko dirua xahuturik, laguntza soziala eskatu behar izan nuen. Kurios, programa horien historiaz, oinarriez eta funtzionamenduaz interesatzen hasi nintzen. Laster konturatu nintzen idatzi gutxi zegoela horretaz. Laguntza galdegileak lanbide birziklatzera behartzen dituen Objectif emploi programa ere panoraman zegoen Quebecen. Hortik atera zen liburu hau”.

 


ASTEKARIA
2019ko irailaren 29a
Irakurrienak
Matomo erabiliz
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Pobrezia
Etxebizitza bazterkeriak gora egin du Nafarroan

Pobreziaren eta gizarte-bazterketaren kontrako Nafarroako sarearen arabera, Nafarroan bizi diren pertsonen %17,2 bazterketa edo pobrezia egoeran dago.


2024-01-10 | Euskal Irratiak
%10 hazi da Iparraldean Hazkurri Bankuak jaso duen elikagai galdea

Ipar Euskal Herriko biztanleriaren %12 pobrezian bizi da. Hori dio INSEE Frantziako estatistika institutuak iragan urrian egindako ikerketa batek. Horrek erran nahi du gure lurraldeko 35.000 herritar 1.102 euro azpiko hilabete sariarekin bizi direla.


Lanbiden dirulaguntzak eskatzen dituztenak jomuga dituen kontrol unitatea sortu dute

Diru-Sarrerak Bermatzeko Errentaren legea martxoan onartu zuen Eusko Jaurlaritzak, eta bertan aurreikusitako neurrietako bat jarri dute orain martxan: 19 ikuskatzailek osatutako Kontrol Unitatea, Lanbideren baitan. Iruzurrik apenas dagoen prestazioaren bueltan pobreak... [+]


Nafarroako Erriberan pobrezia arriskua iparraldean baino %40 handiagoa da

Nafarroako Gobernuak pobreziari eta desberdinketa sozialari buruzko zazpigarren txostena kaleratu berri du. Datuak adierazgarriak dira: Erriberako herriek pobrezia arrisku handiagoa dute, %40 iparraldeko herriek %10. 2021ean urtean 12.000 euro jasotzen zituzten herritarrak... [+]


Eguneraketa berriak daude