Oinarrizko errenta unibertsala: Europan eztabaida puri-purian

  • Hainbat estatutatik ekimen herritarra bultzatu dute oinarrizko errenta unibertsal eta baldintzarik gabekoaren proposamena Europar Batasuneko erakundeetara eramateko. Bitartean, hainbat kolektibotako kideek diru-sarrera bermatuta izateak euren bizimoduan izango lukeen eragina azaldu dute.


2020ko irailaren 14an - 10:24
Argazkia: Isabel Salvador

Hainbat herrialde europarretako aktibistek oinarrizko errenta unibertsalaren proposamena Europar Batasuneko instituzioetan aurkezteko sinadura bilketari heldu diote, El Salto hedabideak jakinarazi duenez. Milioi bat sinadurarekin oinarrizko errenta unibertsal eta baldintzarik gabekoa, indibiduala eta behar besteko zenbatekokoa behar dela eztabaidatzeko bermeak jarri nahi dituzte. Irailaren 25ean, kanpaina bat egingo da Europar Batasuneko mailan, hedabideetan, akademian, kaleetan zein gizarte-mugimenduetan dagoen eztabaidak instituzioetan lur hartu dezan.

"Ekimen hau Europako hainbat herrialdetako Oinarrizko Errentaren aldeko Europako Herritarren Batzordea osatzen duten aktibistetatik abiatu da", azaldu du Mayte Quintanilla Oinarrizko Errentaren aldeko Humanisten kideak. Alemania, Austria, Hungaria, Bulgaria, Espainia, Frantzia, Italia, Finlandia eta Portugalen aritzen direla aitortu dute, eta oinarrizko errentaren esparruan “oso aktiboa” dela. Quintanilla eztabaida hori Bruselara igotzeko unea delakoan dago: "Kontzeptua gehiago ezagutzen da. Izan ere, azken urteotan gehiago hitz egin da Baldintzarik Gabeko Oinarrizko Errentaz”.

Oinarrizko Errenta Sareak ibilbide luzea du Espainiako Estatuan tresna birbanatzaile horren aldeko ahalegina egiten. Julen Bollain ekonomialari eta sareko kidearen ustez, Europa mailan oinarrizko errenta bat sartzea “ona izango litzateke herritarrentzat, ona estatuentzat eta ona europar erakundearentzat”. Bere hipotesien arabera, aberastasuna erkidego mailan birbanatzea ekarriko luke, "herritarren existentzia materiala bermatzeaz gain, hemen bizi garen pertsona guztiok Europako integrazioari esker sortutako aberastasunaren onura berdina izatea ahalbidetuko lukeena".

Zilegitasunerako

Bollainen ustez, desberdintasunari “ikuspegi zabaletik” heltzeko beta litzateke, eta horri esker, "Europar Batasuneko migraziorako faktore batzuk nabarmen murriztuko lirateke, herrialde jakin batzuetan", hala nola, “garunen ihesa” delako fenomenoa bezalako eragin negatiboak saihestuz. Gainera, "zilegitasuna eman diezaioke bere jarrera austeritarioak zalantzan jartzen duen erakunde bati".

Eskakizunaren historia

Ez da eztabaida Europa osora zabaltzeko lehen saiakera. 2013an, adibidez, antzeko beste ekimen bat izan zen. Carlos Arias, inongo talderi atxikita ez dagoen baina neurria bultzatzen duen edonorekin aritzeko prest dagoen oinarrizko errentaren defendatzailea, han zegoen orduan. Orduko hartan 300.000 sinadura lortu zirela dio. Ondoren, olatuari jarraituz, Espainian ILP aurkeztu zen, eta 185.000 laguntza erregistratu ziren, milioi erdi behar ziren ordea.

Bi saiakerek ez zuten euren helburu kuantitatiboa lortu, baina Ariasek ez ditu aurrekari horiek porrota izango bailiran ikusten: oinarrizko errenta ez zen oso ezaguna orduan, eta gainera, egun eskaera bateratua egin duen sare europarrari ekitea lortu zuten horrekin. Urte luzeetako hedapen fasearen ostean, eta bestelako jarduerak bigarren mailan eginda, Europa mailara eramatea lortu nahi dute.

Duela pare bat urte, eztabaida areagotu zenean eta agenda publikora jauzi egiten ari ziren esperimentu berriei buruzko berrien aurrean, gogoa piztu zen berriro. Orduan hasi zen bigarren kanpaina egiteko aukera, eta Ariasen ustez, une aproposean iritsi zen: prekarietate orokorrari beste faktore batzuk gehitu zitzaizkion, hala nola, Bizitzeko Gutxieneko Errentaren kudeaketan izandako arazoak. Horrek baldintzazkotasunaren mugak mahai gainean jarri ditu askorentzat, osasun-larrialdian areagotu  direnak. Gainontzean, sinadurak biltzea, orohar, askoz errazagoa ere badela aitortu du.

Entzunaldirako baldintzak

"Balio materiala pertsonen gainetik jartzen duen eta guztionak diren ondasunez bidegabe jabetzea ahalbidetzen duen sistema anker baten inkoherentzia indarrez katalizatu du COVIDak", esan du Quintanillak. Egiaztapen horren ondoren milioi bat sinadura mobilizatu behar dituzte, gutxienez Europako zazpi herrialdetatik, herrialde bakoitzeko gutxieneko bat gaindituz. Hori hala izanez gero, Europako Batzordeak eta Parlamentuak entzunaldia eman beharko diete neurria sustatzen duten ordezkariei, eta ondoren, proposamenari buruzko iritzia eman beharko dute. Positiboa izatekotan, zehaztu egin beharko dute zer neurri hartuko dituzten. Hori bai, ezerk ez du izaera loteslerik ordea prozesu horretan.

Babesgabetasunaren zifrak

Eurostaten arabera, Europako biztanleen ia %17 bazterkeria eta pobrezia arriskuan dago. Espainiako Estatuan, azken AROPE txostenak dioenez, koronabirusaren ondoriozko larrialdi ekonomikoaren aurretik, kopuru hori biztanleriaren %26ra iristen zen. Zabala da biztanleria babesgabearen kopurua: ia bost pertsonatik bat Europan, eta lautik bat baino gehiago Espainiako Estatuan.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Oinarrizko errenta unibertsala
Baldintzarik gabeko oinarrizko errenta
Duin bizitzeko eskubidea

Bizkaian, Gipuzkoan edo Araban urtebetetik gora bizi bazara eta 18 urtetik gora badituzu, hilero 900 euro jasotzeko eskubidea izango duzu, beste inongo baldintza barik. 450 euro jasoko dute 4 eta 18 urte arteko herritarrek eta 4 urtetik beherakoek 270 euro. Ados egongo zinateke?... [+]


Errenta unibertsalaren esperientzia pilotuak munduan

Oraindik ez dago munduan baldintzarik gabeko oinarrizko errenta indarrean jarri duen herrialderik, baina esperientzia pilotu asko egin dira munduko hainbat eskualdetan, eta aurreikusitakoak ere asko dira. Daniel Raventósek eta Julen Bollain irakasleek euren liburuetan... [+]


Eusko Legebiltzarrak atzera bota du herri ekimenez proposatutako oinarrizko errentari buruzko eztabaida

Iazko otsailean ekinda, Baldintzarik Gabeko Oinarrizko Errentaren aldeko herri ekinaldi legegileak 22.075 sinadura lortu zituen proposamena legebiltzarrera eramateko. Ostegun honetan eztabaidatu zuten proposamena legebiltzarrean eta EAJ, PSE, PP eta Vox-en botoekin atzera bota... [+]


2022-05-05 | Hala Bedi
Mobilizazio eta eztabaidak Gasteizen, Legebiltzarrean Oinarrizko Errenta Baldintzagabea bozkatu bezperan

Urtarrilaren 4an aurkeztu zituzten Legebiltzarrean Oinarrizko Errenta Baldintzagabearen alde jasotako 22.075 sinadurak, lege-proposamen gisa izapidetu ahal izateko. Maiatzaren 5ean eztabaidatuko dute legebiltzarkideek: "beren esku dute pertsonen bizitza aldatzea, batez ere... [+]


Sergi Raventós
“Pobreziak eragin zuzena du jendearen osasun mentalean”

Soziologian doktorea da Sergi Raventós Panyella (Bartzelona, 1968), eta oinarrizko errenta unibertsalak (OEU) osasun mentalean dituen eragin positiboak ikertu zituen doktoretzan. Hamarkadak daramatza Katalunian OEU bultzatzeko lanean, beste hainbat pertsonekin batera, eta... [+]


Eguneraketa berriak daude