"Nire literaturan bada etengabeko borroka bat terroristaren figura desmuntatzeko"

  • Errenteriako (edo Oreretako) Pontika auzoan gaude. Mikel tabernan dugu hitzordua Lander Garrorekin, iaz Elkar argitaletxearen eskutik publikatu zuen Faith nobelaz hitz egiteko. Ingurua asko ezagutu ez arren, badago langile auzo honetan familiarra egiten den zerbait. Bai behintzat Garroren lehen nobela irakurri duenarentzat, kale hauetan baitzebilen Kontrarioa (Susa, 2010) eleberriko protagonista. Idazle izateaz gain zinemagilea eta argazkilaria, grabagailua martxan jarri aurretik Dani Blanco ARGIAko argazkilariarekin hizketan aritu da, idazleak prentsan erretratatzen dituzten moduaz. Intelektualen poseaz nekatuta dagoela dio, bera idazle sentitzen dela, ez dela gauza bera. REC.

Argazkia: Dani Blanco.
Argazkia: Dani Blanco.

Kontrarioa nobelako protagonistak buruan zeukan kontuetako bat zen idazle izan nahi hori.

Niretzako idazlea da tipo bat askatzen duena bere barrua modu nahiko oinarrizko batez. Azken finean, noiz ikasten dugu idazten? Sei-zazpi urterekin? Idazteko prozesua neurosiarekin lotutako zerbait da niretzat eta interesatzen zaidan literatura hori da gainera, idazketa pixka bat hautsia, psikologikoa... Idatziko ez banu burutik jota egongo nintzateke, pertsona oso desorekatua naizelako. Behar dut idatzi, nire buruari kontatu nor naizen; horregatik idazten dut alter ego batetik  beti. Ez dago tranparik, gutxi gorabehera ni naiz liburu horretan dagoena, baina aldi berean beti dago edertze bat. Hori da idazlearen tranpa, seduzitzeko. Eta horrek intelektualtasunarekin ez dauka hain lotura zuzenik. Alain Badiou edo Michel Foucault, adibidez, idazle mota hori, ideiak ordenatzeko kristoren gaitasuna daukatenak, munduaren obserbazio zientifikoa egiteko... Nik ez dakit hori egiten.

Hain zuzen Faith irakurtzen duena protagonistaren buru barruan sartzen da. Kontrarioa-ren eta Gerra txikia-ren (Susa, 2014) arteko sintesi moduko bat iruditu zait, ez dakit ados zauden.

Bai. Kontrarioa-n oso "idazle" nintzen, prosa aldetik askatasuna neukan, pertsonaien aldetik ere bai... Inteligentzia murriztua ez daukan jendea zegoen liburuan eta ez neukan horrelako eragozpenik. Gerra txikia-n tokatu zitzaidan haur baten ikuspegia kudeatzea eta sekulako mugak neuzkan, badagoelako literaturan ezinbesteko arau bat: sinesgarritasuna. Ezin duzu jarri ume bat gauza inteligenteegiak pentsatzen. Kristoren lanak eduki nituen horretan, eta Faith-en lortu nuen Gerra txikia-ko pertsonaiari ematea merezi zuen hegaldia.

Material autobiografikoarekin lan egiteak eramango zintuen kontatzen dituzun gertakariak gogoratzera.

Funtsean, nobelan dauden gertakariak beti dira gertakari mingarri eta traumatikoak, zeinak gero bilakatzen diren nobelaren ardatz. Horretarako memoria bada funtsezkoa. Baina gero, nobela batek eskatzen dizun sintesi ariketa hain da brutala, azkenean dena nobelizatu egin behar duzula. Eta entregatu egiten zara ariketa horretara, inolako konplexurik gabe, fikzioa denez nahi duzuna egin dezakezulako. Esango nuke nire hiru nobelek daukatela fikziotik ikaragarri pila, memoriatik baino askoz ere gehiago.

Gainera memoria oso lausoa da, pentsatzen dugu dena gogoratzen dugula, baina ez da hala. Adibidez, epailearen bulegoa. Pentsa, bada toki bat gogoratzeko modukoa. Edo komisariako sarrera. Baina ez duzu gogoratzen ezer. Ezer ez. Badago halako formateatze etengabeko bat, bizitzan gertatzen diren gauzak asimilatu ahal izateko, iraganekoak borratzen dituena. Gehiena asmatua da, salbu eta zure buruari esaten diozula: "Tortura kontatu behar dut, eta atxiloketa, eta...", zuri min handia egin dizuten gauza horiek. Eta salatu nahi dituzunak, bide batez.

Argazkia: Dani Blanco.

Deigarria iruditu zait nobelan horrelako gaiak landuta, nola une batzuetan umorera jo duzun. Ariketa kontzientea izan da?

Ez, ez oso. Politika bere gordinean zure bizitzan sartzen denean gestionatu behar duzu oso handi geratzen zaizun gauza bat, eta hasten zara asmatzen moduak hori kudeatzeko jakin gabe nola egin. Nik beti eduki dut joera hori, txiste bat enkajatzekoa. Badago liburu bat oso interesgarria kontu hau ulertzeko, Ion Arretxeren Intxaurrondo. La sombra del nogal [El Garaje, 2015]: atxilotzen zaituztenean zuk daukazuna, batez ere, beldurra da. Eta beldurrari aurre egiteko orduan erabiltzen duzun mekanismoetako bat da bestearekin lotura sortzea. Lotura hori zer da? Sinpatikoa izatea. Horretarako txiste batek baino hobeto ez du ezerk funtzionatzen. Orduan sartzen zara dialektika horretan, poliziak mina egin ez diezazun asmatzen duzun nolabaiteko hizkera da. Eta uste dut liburuak zehazki hori daukala. Etenik ez daukan dialogo baten emaitza da, ni eta poliziaren arteko elkarrizketa bat, ez dakidana nola amaituko den, hor dagoena beti.

Nobelako protagonistak, zure alter ego-ak, ez dauka zerikusirik leporatzen diotenarekin. Gatazkaren "albo-kalte" baten istorioa ere bada.

Lehendabiziko aldiz atxilotu nindutenean, kartzelatik atera eta segituan Euskal Herriko Itzulia hasi zen, eta Erlaitzetik pasatzen zen. Joan nintzen karrera ikustera, eta nire bizikleta konpontzen zuen tipoarekin topo egin nuen. Eta esan zidan: "Ostras, hemen zaude, askatu zaituzte". Eta gero: "Eta nolatan sartu zara zu horrelako mobida batean?". Eta nik: "Ez, ez, nik ez daukat zerikusirik horrekin". Eta esan zidan: "Bai zera, ez dizut sinesten". Nire mekanikaria zen, kristoren harremana neukan berarekin, eta ari zitzaidan aurpegira esaten ez zidala sinesten. Ez zidan txarrera esaten, besterik gabe, ez zidan sinesten. Eta hor konturatu nintzen ze zaila den estigma bat gainetik kentzea. Nire literaturan etengabeko borroka hori izan dela uste dut: nola desmuntatu Espainiako kuartelen batean pentsatu eta eraikitako terroristaren figura. Nola erakutsi zer dagoen horren azpian. Zeren terrorista gezur bat da, propaganda militarra, pertsonak deshumanizatzeko ahalegina. Eta niretzat horren kontrako antidotorik interesgarriena da detailea, singulartasuna. Erakustea pertsona bakoitza dela singularra, bera den modukoa dela.

Jazarpen-giroak presentzia handia dauka nobelan. Egunerokotasunarekin etengabe gurutzatzen da.

Hori bizi izan nuen Bartzelonan, pixka bat zientzia-fikziozkoa iruditzen zait. Elementu dramatiko oso interesgarria da, eta aldi berean niretzat inportantea da. Horregatik, hori kontatzeko orduan garrantzitsua zen niretzat fin kontatzea, saiatzea ulertarazten irakurleari nola filtratzen den horrelako gauza bat zure egunerokotasunean, nola bilakatzen den elementu bat hor dagoena, bat-batean desagertu egin daitekeena eta bizitza normal samar bat egiten uzten dizuna, baina gero gogoratzen duzuna...

... eta oreka minimo batekin bizitzen uzten ez dizuna.

"Badirudi errepresioaren atzaparretan eroritako jendeari dagokion bakarra sufrimendua dela. Baina hori jasanda ere, bizitzen jarraitzeko trikimailuak daude"

Hori da. Da modu bat esplikatzeko ze erraza den estatuarentzat edo boterearentzat. Noraino den jolas txiki bat haientzat. Zure atzetik hasten dira, gero desagertu egiten dira, gero berriro datoz... Eta zu kaka eginda zaude. Behin eraman zaituztenez, badakizu izugarri zaurgarria zarela. Eta zure eguneroko gauza txikiak bilakatzen dira izugarri inportanteak, dena bizitzen duzu azkeneko aldia balitz bezala.

Liberazio momentu batzuk ere sartu dituzu, nolanahi ere: Jean-Luc Godarden Bande à part (1964) filmeko korrikaldi ezagunaren antzeko eszena, adibidez, poliziarengandik ihesi. Iradoki didan mezua da: "Jazarpena eta kontrola hor dago, baina dena ez daukate irabazita". Ideia hori ere zabaldu nahi izan duzu?

Bai, batzuetan lortzen duzu izua menperatzea eta bizitzea. Eta liburua bere osotasunean bada hori ere, nola tipoa Bartzelonara doan eta, ahal dueneraino, bizitzari zuku guztia ateratzen dion: proiektu bat dauka, erakusketa bat egitera doa, dokumental bat egin nahi du... Nola edo hala saiatzen da bizitza gailendu dadin, eta hori oso inportantea da. Badirudi errepresioaren atzaparretan eroritako jendeari dagokion bakarra sufrimendua dela. Eta interesgarria da erakustea nor bere modura diferentea den jende horrek guztiak asmatzen dituela trikimailuak bizitzeko, maitatzeko, maitatua izateko... Logika horren guztiaren barruan kultura oso inportantea da, zinemara joatea, kontzertu batera, liburu bat irakurtzea... Gauza horiek funtsezkoak bihurtzen dira.

Iruditu zait eskuzabaltasun ariketa bat ere egin duzula protagonista jazartzen duten poliziekin. Xabik haien alde pertsonala imajinatzen du. Egiten dutena egiten duten arren, modu oso humanoan irudikatu dituzu.

Literaturan badago premisa bat oso inportantea niretzat: pertsonaiekiko errespetua eta maitasuna. Pertsonaia horiekiko zintzotasun minimo bat edukitzea eta ez erortzea deshumanizatzeko tentazio baldarrean. Idazle bezala zuri dagokizu fina izatea. Eta sakona. Baina ez sakona zuk maite dituzun pertsonaiekin bakarrik, liburuan dauden guztiekin baizik.
Badago liburu bat funtsezkoa niretzat: Jonathan Littellen Les Bienveillantes [Gallimard, 2006]. Pentsa zer egiten duen hor jatorri judua duen idazle batek: sartzen da nazi baten garunean, ez naziari buruz ondo hitz egiteko, baizik eta naziari ertz askotatik begiratzeko. Eta niretzat ariketa literario ikaragarria da, baina humanoa ere bai. Ez dakit nire liburuak horrainoko ariketa egiten duen; gainera uste dut nire kasuan ostia txar handixeagoa dagoela haiekiko, baina badago halako... "mundu guztia da pertsona" esate bat.

Literaturaren mundutik aparte sentitu izan zarela esan izan duzu. Faith-ek eta aurreko nobelek izan duten oihartzuna kontuan izanda, iruditzen zaizu zure posizioa aldatzen ari dela?

Nik hasiera oso engainagarria izan nuen literaturan: lehen ipuin-bilduma idatzi nuenean eskatu nuen Joseba Jaka beka eta eman egin zidaten. Epaimahaian zeuden Joxe Azurmendi, Koldo Izagirre... jende bat, niretzat zena, ez dakit nola esan, jainkoak bezala. Koldo orduantxe ezagutua nuen, eta niretzat zen Agirre zaharraren kartzelaldi berriak [Elkar, 1999] idatzi zuen tipoa, edo Non dago Basques’ Harbour? [Susa, 1997] poema liburua... Eta saria eman zidatenean esplikazio bat zegoen, zergatik ematen zidaten. Irakurri nituen beraien komentarioak eta pasa nituen hilabete batzuk lebitatzen. Orduan pentsatu nuen literaturaren munduan sartuko nintzela horrela. Zer gertatu zen? Publikatu nuela [Orain galdera berriak ditut; Txalaparta, 2004] eta liburuaren inguruan zabaldu zen isiltasun bat ikaragarria, ez zuen ia komentariorik jaso prentsan. Kritika bat egin zion Deia-n Josu Lartategik eta hortik aparte ezer ez. Eta nik ikasi nuen zein zen benetan nire tokia. Eta hortik aurrera ba... egia da Gerra txikia publikatu nuenean bi edizio saldu nituela, Faith-ekin ere bi edizio saldu ditut, eta uste dut irakurleekin harreman ona eduki dudala, baina literatur sistemak bazterrean utzi izan nau beti: sariak, ospakizunak, Literaktum, Gutun Zuria, Etxepare... Uste dut horrek guztiak zerikusia daukala politikarekin.

Uste duzu zure posizio politikoak eraginik izan duela?

Bai, uste dut nire posizio politikoak oso deserosoak direla. Eta hori gertatzen zaio Edorta Jimenezi ere; edo Joxe Austin Arrietari ere... badaude idazle batzuk geratu direnak ahanzturaren zoko sakon batean. Ez daukat tesi bat horri buruz, baina Euskal Herrian bizi gara eta hemen politika beti dago ekuazioaren barruan, zure jatorri politikoa ezin duzu kendu. Gero badago jendea oso ondo disimulatzen duena, eta saiatzen da iradokitzen ez daukala posizio politikorik.

Norbait konkretua daukazu buruan?

Ez, ez naiz ari pertsona zehatzei buruz. Uste dut Euskal Herrian mundu guztia saiatzen dela disimulatzen bere posizio politikoa. Eta fin agertzen, ez zaratarik ateratzen. Pertzepzio bat dago: boterearen atzaparrak luzeak direla eta kontuz ibili behar dela. Nik uste pertzepzio hori mundu guztiak daukala. Izu hori. Inork ez dugu esaten horrela, hain garbi, baina uste dut hor dagoela: "Ufa, hau esaten baldin badut edo hemen agertzen baldin banaiz, jarriko didate etiketa eta agur. Orduan, agertu nadin ahalik eta profil baxuenarekin. Adibidez, presoen aldeko zerbait sinatu, baina elkartasun humanista batetik". Alderdi berdinak boterean urte pila bat daramatzan leku batean bizi gara, normala da hori gertatzea. 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Euskal literatura
Iaz gehien mailegatu zen euskarazko liburua, Nerea Ibarzabalen 'Bar Gloria'

Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako liburutegietan 2,7 milioi mailegu egin ziren 2023an, 2018an baino 100.000 inguru gehiago.


Otsoa dator!

Gizakiak istorio kontatzaileak gara, hainbeste, ezen esan ere egin daitekeen narrazio gaitasuna dela gizaki egiten gaituen ezaugarrietako bat. Kontakizunak behar beharrezkoak zaizkigu geure burua eta errealitatea eraikitzeko, eta bereziki aipatzekoa da ipuin klasikoek horretan... [+]


Uxue Alberdi. Hamarkada bi idazten (I)
Aulkitik aulkira, euli-giro eta Jenisjoplin, kontrako eztarritik dendaostera

Uxue Alberdiren lanari begira jarriko gara oraingoan. Lehenengo artikulu honetan helduentzako idatzi dituen ipuinak, eleberriak, saiakera eta kronika hartuko ditugu kontuan. Bigarren artikulu batean ilustratutako anekdotez, istorioez, filosofia liburuez eta idatzizko bertsoez... [+]


Eguneraketa berriak daude