Ez ezazue bilaketarik egin, arkiwashing nik asmatutako hitza da, arkitektura zuritze eta soluzio huts gisa erabiltzen den uneetarako ahoratzekoa. Izan ere, eraikin publiko bat eraikitzea politika egiteko modu gisa ulertu izan da, eraikin batek bere horretan eraldaketarako pilula magikoa izango balu bezala. Proiektu batzuek espazio bat halabeharrez behar dute, batzuetan proiektua bera hazteko, besteetan behin proiektuak forma duenean. Proiektu sozial, kultural eta politikoez ari naiz. Eraikin eta arkitekturaren botere eraldatzailean sinistu arren, arkitektura eta proiektuaren elkar-lanketa egon ezean, promozio hutsa izan daiteke, eta arkitektura egitea diru-inbestitze handiegia da marketin-tresna gisa erabiltzeko.
Donostian gehien irakurtzen den komunikabidearen eskutik jakin dugu Donostiako Gros auzoan BCC Basque Culinary Center eraikin berri bat egingo dela. Hainbat render argitaratu dira –pornografia arkitektonikoa deitzen diogu arkitektura jargoian–. Asmatuko zenutenez, berria asteburuko vermoutherako ele-mele arkitektonikoa izan da. Miramonen dagoen BCC berriaren bikia izan nahi du, Miramonekoa plater metaforarekin egina, Grosekoa olatuena erabiliz. Ohitura galdua genuen arkitekturak foku mediatikoa bereganatzea, sona handiko arkitekto bulego baten oihartzunarekin hiri erdiguneko ikono bat sortzearen errezeta zabaltzea. Iraungita dagoen elikagai baten antzera begiratu diogu eraikinaren formari eta marrazkiari, polita baina eraikigarriak ez diren xehetasunei, aurrekontu eskasarekin egingarria ez den emaitza bati.
Baina eraikin berriaren mehatxua ez da broma bat eta Manteoko bizilagunen artean sinadura bilketan hasiak ziren berria atera baino lehen, espazio libre gutxiko auzoan arnas-espazio lapurreta gauza serioa delako. Donostiako Plan Orokorraren berrikuste prozesua parte-hartze fasean da une honetan eta beraz, aldrebeskeriak zer-nolako neurria hartuko duen, oraindik airean dela pentsatu nahiko nuke.
Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora
ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.
Hilaren hasieran, Directa-n argitara eman dugu Espainiako Poliziako kide bat bi urtez infiltratu dela etxebizitza eskubidearen aldeko mugimenduan eta Kataluniako ezker independentistan. Ikerketa erreportajeak eragin handia izan du iritzi publikoan eta agenda... [+]