Aberatsenei egin opariekin oroituko dugu Macron

  • 2017an “aldaketa” hitz emanez boterera iritsitako Emmanuel Macron bigarren agintaldi batentzat aurkezten da. Azken bost urteei begiratzerakoan ez da aitzineko gobernuekilako hausturarik ageri; alderantziz, norabidea eta bidea are markatuagoak izan ditu: liberala da, oso liberala, eta zergen gutxitzearekin batera, zerbitzu publikoen ahultzea eta lan merkatuan flexibilitatea bideratzea izan dira Frantziako presidenteak harturiko orientazio politiko nagusiak. 

Berriro eskuina botoen %66 lorturik, Marine Le Pen garaitu zuen Macronek 2017an. Alderdi Sozialistako François Hollandei hartu zion lekukoa.

Ordura arteko sistema politikoarekiko “haustura” ekarri behar zuen Emmanuel Macronek. Kanpainan zehar behin eta berriz errepikaturiko promesa zuen hori eta alderdi klasikoetatik kanpo, La République en Marche hautagaitza sorturik, 39 urteko “gaztetxoari” konfiantza egin zion bozkatzaileen %24ak –%66ak bigarren itzulian, eskuin muturreko Marine Le Pen gailenduz–. Agintaldia bukatzera doala, ondorioztatu dezakegu horrelakorik ez dela gertatu. 2017-2022 agintaldian Macronek ez du bide berririk ireki, bere aitzinekoek abiaturikoan segitu du, gainera, usu erritmoa zein tonua areagotuz.

“Aberatsen presidentea”

Finantza publikoen arloko Solidaires sindikatuak ohitura du kargualdi bukaeran Frantziako presidentearen politika fiskalaren balorapena egiteko. “Zerga ez da soilik neurri teknikoa. Ez da neutroa, bere izaera eta kalkulatzeko modua direla eta, gizartean eragina dauka, gizarte-desberdintasunak murriztuz edo, alderantziz, larrituz”. Zergen eta kotizazioen ttipitzen aritu da Macron: urtero 60.000 milioi euro gutxiago, “enpresen lehiakortasuna” eta “herritarren erosahalmena” bermatzearen izenean. Zergen gutiatzeak zor publikoaren emendioa, eta hortik maiz zerbitzu publikoen gutxitzea dakar. Ekonomisten arteko eztabaidagaia da zerga-politikarena, liberalen eta interbentzionisten arteko ezberdintasun nagusia. Macron liberala da eta azken bost urteetako neurri fiskalak horren isla ditugu.

ISF aberastasunaren gaineko zerga kentzea izan zen Macronek harturiko lehen neurrietarikoa, nolazpait ofizializatuz bazeukan “aberatsen presidentea”-ren itxura. Herritarren kexua piztu zuen erabakiak. V. Errepublikako lehen presidente ezkertiar François Mitterrandek 1982an ezarritako neurria esanguratsua da eta eskuineko presidente oro saiatu izan da murrizten. Frantziako 350.000 aberatsenek zuten ISF pagatzen 2017an, 5.100 milioi euroko diru-sarrera ondorioztatuz. Ondoko urtean 3.320 milioi euro gutxiago sartu ziren, bakarrik aberatsenen ondasun higiezinak direlako orain kontuan hartzen. “Korapilatsua eta eraginkortasunik gabeko 35 urteko totem ideologikoa erori arazi dugu”, zioen Ekonomia ministroak erreforma gauzatzerakoan.

Enpresei bideratu zergak ere ttipitu ditu: 30.000 milioi euro gutxiago 2018-2021 tartean. Tendentzia hori ez da berria, baina areagotu da: enpresek pagaturiko zergen heina %50 zen 1985ean, %33,33 1993-2017 urteetan eta %25ra pasa da Macronekin.

Interneteko multinazional handienak zergapetzeko erabaki esanguratsua hartu zuen hala ere 2019an, 375 milioi euro bilduz 2020an: 750 milioi euroz goragoko negozioa daukatenei Frantzian deklaraturikoaren gaineko %3ko zerga bideratu die. Hasiera ona izan arren, Attac gisako egiturek diote zerga ihesa ez duela oztopatzen. Are gehiago, zerga ihesaren kontrako neurri bakarrenetarikoa kendu zuen Macronek: Exit Tax edo negozioa Frantzian deklaratzeari uzten dutenen irabazien gaineko zerga. “Inposak murrizten ditugula, guztia sinplifikatzen dugula, lan merkatuan flexibilitate gehiago bideratzen dugula eta Frantziako ekonomiaren eraldaketa bultzatzen dugula, horra inbestitzaile kanpotarrei erakutsi nahi dieguna”, zioen Macronek zerga hori kentzerako orduan. Flax Tag edo kapitalaren gaineko %30eko zerga finkoa ere dugu aberatsei eginiko oparien artean.
Hori guztia “isuriaren teoriaren” arabera justifikatzen du gobernuak: aberatsenei zergak murrizteak ondorio baikorrak ditu, poltsikoan atxikiriko diru horrekin kontsumiturikoak eragin gehiago daukalako ekonomian eta, beraz, jendartean. Baina teoria ez da baieztatu, gobernuak berak aitortu du hori.

ISF aberastasunaren gaineko zerga kentzea izan zen Macronek harturiko lehen neurrietarikoa
Zerbitzu publikoak murriztu, defizita ttipitzeko gisan

Zerbitzu publikoetan ere izan du eragina Macronen agintaldiak. Aitzineko gobernuek hasitako bide beretik segitu du: RGPP edo Politika Publikoen Berrikuspen Orokorra hasi zuen Nicolas Sarkozyk 2007an eta François Hollandek segitu zuen MAP Ekintza Publikoaren Modernizazioarekin. Bere aldian, 2017an batu zituen Macronek CAP 2022 Ekintza Publikorako Batzordean ekonomialari liberalak, sektore pribatuko koadroak, inbertsio-funtsen zuzendariak eta goi-funtzionarioak. Azpi-kontratatzearen eta pribatizazioaren bidea garatu izan dute, beti ere ekonomiak eginez zulo publikoa ttipitzeko. Hainbat pribatizazio burutu dituzte (Française des Jeux, Pariseko aireportua, trenbideen zati bat, eta abar), baita osasunean, segurtasunean zein bestelako zerbitzu publikoetan azpi-kontratazioak biderkatu ere.

Osasunaren sektorea izan da seguruenik kalitatezko zerbitzu publikoa bermatzearen alde gehien mobilizaturikoa. COVID-19 izurritea agertu aitzin zebiltzan greban ospitale, zahar etxe, zein larrialdietan. Bi zenbaki dimentsioaz ohartarazteko: 2019ko abuztuan 200 urgentzietan ziren greban eta 2020ko urtarrilean, haserre eta etsiturik, ospitaleetako 1.000 zerbitzu-buruk kargua uzten zutela jakinarazi zuten gutun kolektibo bat izenpetuz.

17.900 ohe kendu ditu ospitaleetatik Macronen gobernuak –horietarik 5.700 2020an, COVID-19 izurritearen hastapenean–. Koronabirusari aurre egiten zebiltzan osasun arloko langileen kexua baretzeko Segur Erreforma bozkatu zuten. Tamalez, ez ditu lan baldintzak hobetu eta lan karga handia eta langile eskasa duen sektoreak kinka larrian segitzen du. Hilabete saria 183 euroz emendatzea izan zen neurri nagusienetarikoa, baina lan baldintzek berdin segitzen dutenez, “trufa” eta “mespretxua” sentitzen dute anitzek.

34 osasun-etxe publiko dira desagertu azken bost urteetan. Landa eremuak du azkar pairatzen zerbitzu publikoen ixtea, osasun arloan bezala bestelako sektoreetan ere –posta bulegoak, garraioak, auzitegiak, eskolak, kultur guneak eta beste–. Testuinguru horretan ditu opari fiskalak bideratu aberatsenei. Hori horrela, ez da kasualitatea 2018ko udazkeneko Jaka Horien loraldia.

Parean, jaka horiak

Prekarioen kexua eta asperdura hauspotu zituen Macronen jarrerak, aspaldian ikusi gabeko herritar mugimendu bat abiaraziz. Iraganeko mobilizazioetatik ezberdin, gobernuak bideratu erantzunek ez zuten balio izan Jaka Horien protestak baretzeko. Mugimendu deszentralizatua, sindikatu eta alderdiez autonomoa, antolaketa eta tresna berriak garatu zituzten Frantziako Estatuko biribilguneetan batutakoek. Hastapenean karbonoaren gaineko zergaren kontrako mugimendua zena laster bihurtu zen sistema politikoaren kontrakoa. Macronek behin eta berriz hitz emandako “aldaketa” oinarritik bideratzea zuten amets. Macron démission! mezua omnipresente zen, 2019ko konfinamenduak isilarazi arte.

Artetan, herritarren askatasunen gainetik pasaz

Irudi ikusgarriak ageri ziren Jaka Horien manifestazioetan: bi aldeetatik indarkeria handia. 3.000 kondenaturik, 1.000 presondegiratuak. Izugarritzat jo zuen Amnesty Internationalek poliziaren indarkeria: “Manifestazioen kudeaketa eredu horrek Jaka Horien mugimendua gainditzen du, Maiatzaren 1eko protestetan eta suhiltzaileen manifestazioetan ere ikusi izan dugu. Gu geu gaseatuta izan gara klimaren aldeko martxan. Berehalako eta neurri handiko errepresioa bideratzean datza ordena mantentzearena gaur egun Frantzian, eta berdin dio oinarrizko askatasunak zangopilaturik badira”. Orotara, 2.500 Jaka Hori zauritu zituen poliziak.

Polizien jarduerak –tartean, indarkeria– babesteko hainbat neurri hartu ditu Macronek

Bortizkeria hau ez zuen deitoratu Macronek; are gehiago, polizien jarduerak –tartean, indarkeriak– babesteko hainbat neurri hartu zituen. Loi Anti-casseurs edo Hausleen Aurkako Legea pasa zuen 2019an, manifestazio eskubidea zangopilatuz –manifestazioak debekatzeko aukera prefetarentzat; aurpegia estalirik daukanarentzat kartzela eta isuna; pertsonak miatzeko eskubidearen zabalpena; eta abar.–. Iaz bozkaturiko Segurtasun Globalaren Legea ere dugu gogoangarria, ondokoak dakartzalako: poliziaren gehiegikerien irudiak “fede txarrez” zabaltzeko debekua; manifestazioak kubritzeko prentsa karta ukaitearen obligazioa; eta lekuak husteko manua emanik bertan gelditzea delitu bilakatzea kazetariarentzat.
“Mehatxu islamistari” aurre egiteko jarritako larrialdi-egoerak tarte baterako ondorioztatu hainbat askatasun eta eskubide murrizketa legedia arruntean sartu dira azken bost urteetan. Funtsean, giza eskubideen alde dabiltzanek alarma gorria piztu izan dute behin baino gehiagotan.

Langile eskubideak murriztuz

Lehendakaritza hartu eta hilabete batzuetara bideratu zuen Lan Kodearen erreforma, ordenantza bidez. “Enpresaburuek kontratatzeko daukaten beldur razional ala arrazionalak gainditzeko” asmoz, 117 neurri biltzen ditu erreformak. “Lan-kontratuaren arloan atzerapausoa dakar eta Lan Kodearen helburua zalantzan jartzen da”, SAF Frantziako Abokatuen Sindikatuen arabera. Kanporatzeak errazteko aldaketak dakartza –lan auzitegira jotzeko tartea laburturik; kalte-ordainak mugatuak; eta abar–, baita langileriaren eskubideen ahultzea ere –sektore-hitzarmenen gainetik jarri dira enpresen baitakoak; ordura arte ez bezala, behin eta berriz berritu daitezke kontratu mugatuak, langileria ezjakintasunean eta prekaritatean atxikiz; eta abar–.

“Eskuzabalegia” zela erranez, langabeziaren esparrua ere erreformatu du Macronen gobernuak. Langabezia kalkulatzeko modua aldaturik, batez beste %17 gutxiago jasotzen du langabetuak –horietariko 400.000k %40 gutxiago, Unedic egitura publikoaren arabera–. Nolaz? Sariaren zenbatekoak kontuan hartzen dituelako lan egindako eta lanik gabe egondako epeak. Horren eraginez, egunkako sari erreferentziala apaltzen da, lanik gabeko egunak ere kontabilizatzen baitira. Langabezia jasotzeko baldintzak ere gogortu dira –langabezia saria eskuratu ahal izateko lau hilabete lan egin behar ziren azken 28 hilabeteetan, baina erreformaz geroztik, 24 hilabeteetan sei hilabetekoa behar du lan epeak–.

Behin baino gehiagotan atera dira herritarrak kalera azken bost urteetan. Erretretaren erreforma salbuespen, sindikatuek ez dute lortu mobilizazio jendetsu eta iraunkorrik eta zer pentsatua ematen du ikusirik langileen eskubideak eta estatu soziala bortizki hunkiak izan direla.

Parekidetasuna, klima larrialdia... bigarren mailan

Ez du aldaketaren haizeak irauli parekidetasunaren arloa, nahiz eta Macronek berak zehaztu agintaldiko “auzi nagusia” izango zuela. Me too mugimenduak akuilatzen ahalko zuen gobernua, baina ez dio kasurik egin, eta nahiago izan ditu Barne ministro aukeratu bortxaketa bat leporatua zaion Gerard Darmanin eta Justizia ministro, berriz, adierazpen antifeminista bortitzak egiten aritutako Eric Dupont-Moretti. Lehentasunetan zuen klima larrialdiaren arloan ere gauza bera. Alta, nazioarteko adituen eta herritarren proposamenei lotuz bideratu zezakeen aldaketa. Oroit gara, Affaire du siècle edo “XXI. mendeko afera” ekimenaren baitan, klima larrialdiari aurre egiteko Frantziaren inplikazio eskasa salatzeko petizioa izenpetu zutela bi milioi herritarrek. Arrazoi beragatik, lau talde ekologistek salaketa jarri zuten estatuaren kontra eta justiziak arrazoi eman zien iazko urrian.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Frantziako Gobernua
Errendimendu akademikoaren arabera banatuko dituzte ikasleak Ipar Euskal Herrian

Ongi doazen ikasleak talde batean, zailtasunak dituztenak, bestean; maila akademikoaren arabera banatuko dituzte ikasleak datozen ikasturtean, Frantziako Estatuan. Ikasleak sozialki eta akademikoki sailkatu eta bereiztea, desoreka areagotzea eta egoera okerragoan daudenak... [+]


Urtebeteko eta bi urteko espetxe zigorrak eskatu ditu prokuradoreak Molle eta Etcheverry bakegileentzat

Espetxe zigor arinak eskatu ditu Frantziako fiskaltzak Parisen epaitzen ari diren Jean Noel Txetx Etcheverry eta Beatrice Mollerentzat, ETAren helburuen arabera jardutea egotzita. Hala, zigor horiekin bakegileek ez lukete espetxera joan beharko. Maiatzaren 16an emango dute... [+]


Epaiketa
Parisek armagabetze prozesuan "kooperatu" zuela argitu du Fekl Barne ministro ohiak

ETAren armagabetzea bideratzeko, bakegileekin lankidetzan aritu ziren Frantziako autoritateak. Hala adierazi du Matthias Fekl Barne ministro ohiak asteartean, Parisko Zigor Auzitegiko 16. ganberan, Beatrice Molle-Haran eta Jean-Noël Txetx Etcheverry-ren aurka egiten ari... [+]


Elkarretaratzera eginen dute Baionan, Frantziako Ekonomia eta Etxebizitza ministroen bisitaren kari

Guillaume Kasbarian Etxebizitza ministroa eta Bruno Le Maire Ekonomia eta Finantza ministroa Baionan egonen dira ostiral honetan. Etxebizitza eskubidearen aldeko elkarretaratzera deitu du Herrian Bizi plataformak.


Ikasle euskaldunek Frantziako Legebiltzarrean euskaraz ikasteko eskubidea aldarrikatu dute

Euskal Herriko 16 ikasle Parisen dira astearte honetan, euskaraz ikasteko eskubidea aldarrikatu eta horretarako neurriak har ditzatela eskatu diete diputatuei, Frantziako Legebiltzarrean. “Urduri gaude, baina badakigu zer erran nahi dugun”, adierazi diote goizean... [+]


Eguneraketa berriak daude