Euskara "bigarren mailako hizkuntza gisa" tratatzen dela salatu du Euskal Herrian Euskarazek eta euskarazko lehen liburua Frantziako Liburutegi Nazionalaren esku dagoela jarri du horren adibidetzat.
EHEko hainbat kidek eserialdia egin dute Baionako Euskal Museoan, Bernat Etxepareren Linguae Vasconum Primitiae liburuaren erakusketa paratu duten tokian. Euskarazko lehen liburuaren ale bakarra Parisko Frantziako Liburutegi Nazionaletik ekarri dute Euskal Herrira, baina behin behinekoz, eta egoera hori baliatu dute ekintzaileek salatzeko euskara "bigarren mailako hizkuntza gisa" tratatzen dela oraindik.
"Lan honek Euskal Herrian egon behar duela exijitzen dugu; Etxepareren jaioterrian, Garazin. Euskal Herriaren ondare kulturala delako eta gure historiaren parte delako", azaldu dute ohar batean. "Liburuarekin egiten duten horitxe da euskararentzat nahi dutena: museoan ondo gordetako altxorra izaten jarraitzea. Ez dute, ordea, euskara hortik haratago zabaltzerik nahi", gaineratu dute.
Asteazken honetan, Euskararen Egunean, ekintzaileak museoan sartu eta denbora luzez egon dira eserita liburuaren inguruan, erantzun bat jaso arte. Baionako auzapeza Jean Rene Etxegarai eta Yves Ugalde kulturako zinegotzia hurbildu zaie eta hitzeman die hamar egunen buruan bilkura bat gaia tratatzeko.