Frantziako Estatuak GALen izandako inplikazioari buruzko egiak azaleratzeko ikerketa abiatuko dute

  • Ipar Euskal Herriko hiru diputatuek eman dute ikerketaren berri, prozesua "biktima guztien aitortzarako funtsezkoa" izanen dela zehaztuta. Urte batez iraunen du ikerketak eta ardura utzi diote Louis Joinet Institutuari, nahiz eta lotura-talde bat egon parlamentarien eta ikerlarien artean.

Urriaren 14an eman dute ikerketaren berri Frantziako Legebiltzarretik. Bertan egon dira Ipar Euskal Herriko hiru diputatuak eta Institut Louis Joinet Institutuko lehendakari Jean-Marie Massias. Colette Capdevielle

2025eko urriaren 16an - 07:50
Zure babesik gabe independetzia ezinezkoa zaigu

GALek Ipar Euskal Herrian eragindako bortizkerian Frantziako Estatuak izan zuen inplikazioa ikertuko dutela jakitera eman dute asteazken honetan Frantziako Legebiltzarretik Colette Capdevielle, Peio Dufau eta Iñaki Echaniz diputatuek. "Urteetan ezkutuan egon den egia argitara ateratzeko" asmoz hartu dute erabakia eta justizia eta demokraziaren aldeko Louis Joinet Institutuaren esku utzi dute ikerketa bideratzeko ardura.

"Frantziako Estatuaren inplikazioei buruzko egia ikertzea" izanen du helburu institutuak, eta urte baten buruan txostena helaraziko die parlamentariei. Ikerketa horren emaitzak esku artean, batzorde parlamentario bat eta "egiaren batzorde bat" sortu nahiko lituzkete, "egiaren, gardentasunaren eta erantzukizunaren prozesu bati" bidea irekitzeko. "Prozesu hau funtsezkoa izango da biktima guztien aitortzarako", Ipar Euskal Herriko hiru diputatuen hitzetan.

Egun berezia izan da urriaren 14koa Frantziako Legebiltzarrean, hain justu ere, Sylvie Garaten GAL, au nom de la raison d'état (GAL, Estatu arrazoiaren izenean) dokumentala zabaldu dutelako, GALi buruzko mahai inguru bat ere bideratuz. Ehun bat entzuleren aitzinean, bertan egon dira hizlari GALen garaian Baionan instrukzio epaile izandako Christophe Seys eta Jean Noel Etxeberri Txetx militantea –1985eko irailaren 25eko Monbarreko atentatuaren lekuko izan zena–.

"Irakaspena ateratzeko"

Diputatuek iragarri dutenari jarraikiz, urte osoan zehar lotura-talde bat sortuko dute Parlamentuan, ikerketaren jarraipena egiteko eta "demokraziarako eta zuzenbideko estaturako beharrezkoak diren irakaspenak ateratzeko".

1980. hamarkadako talde paramilitar bat izan zen GAL, hilketak, bahiketak, torturak eta beste hainbat ekintza burutu zituena, gehienbat Ipar Euskal Herrian ziren ETAko errefuxiatu eta iheslarien kontra.


Azkenak
Eguneraketa berriak daude