2018ko Jaka Horiak oraindik gogoan dituztela, "guzia blokeatzeko" protestari hasiera eman zioten irailaren 10ean Frantziako Estatuko hainbat herri eta hirietatik, baita Ipar Euskal Herritik ere. Aitzina doa mugimendua. Krisi politiko potolo baten erdian, ahal bezala aitzina doa gobernua ere, lehen ministroen dimisioz dimisio. Karrikak hartu nahian dabiltza herritar xumeak, Emmanuel Macronek prekarioenei inposatu murrizketez eta aberatsei egin opariez nazkatuta. Kexu horren bozeramaile izan nahi du Parlamentuan ezkerrak eta Zucman zerga du lehentasunetan: Frantziako 1.800 ultra-aberatsenen ondasuna %2 zergapetzea. Sutsuki kontra dira, Macron bera, eskuina eta Kapitala.
Ez dugu ezer onik jasoko gobernutik, ez dago ezer negoziatzeko: karrika mespretxatzen dute, herria mespretxatzen dute. Horregatik masiboa izan dadila erantzuna, urriaren 2an guzia geldi dadila, guzia blokeatu dadila. Guzia okupatu dezagun, greba egin dezagun, denetan eta masiboki". Horra zer irakurri zitekeen On bloque tout [Dena blokeatu] mugimenduaren komunikazio kanaletan.
Irailaren 10ean abiaturiko dinamikak 2018ko Jaka Horien mugimenduarekin antzekotasun handiak dituela ezin uka: jomugan daukatena –Frantziako Gobernuaren politika neoliberalak, gora doan prekaritatea, agintarien eta herritarren arteko arrakala...–, funtzionamendua –alderdi eta sindikatuetatik kanpo egituratua, oinarritik eta tokian toki modu autonomoan bideratua– eta borroka-bideak –blokeoak, espazio publikoaren okupazioa...–.
Baina, duela zazpi urtekoa oraindik izpirituetan izanik, bi osagai berri gehitu behar zaizkio. Batetik, herritar andana batzeko gaitasuna izanda, badirudi ezkerreko alderdiak eta sindikatuak gehitu zaizkiola hastapenetik dinamikari, eta hori bada zerbait Jaka Horietan ez zena eta agian askatasun haizea ahuldu dezakeena. Bestetik, estatuak ere badaki zer nolako gaitasuna izan dezakeen herritarren mobilizazio autonomo batek eta lehen egunetik die erantzun poliziala zuzendu, blokeo eta bide mozte oro berehala geldiarazita. Hasi aitzin moztu bidea, hori izan da Macronen jarrera.
Nola ez, izandako zerbaiten errepikapenean ez dira sistematikoki kausitzen lehen aldi hartako sorpresa, ilusioa eta ameslari kutsu itxaropentsua. Ikusteke dago beraz zein bilakaera hartuko duen herritarren kexuak. Argi dena da oinarrian den prekaritateak hor segitzen duela, eta gobernuak gauzatu politika neoliberalek egoera hori are bortitzagoa bihurtzen dutela. Are gehiago, ultra-aberatsak geroz eta aberatsago diren honetan: Frantziako Estatuko aberatsenen aberastasuna bikoiztu egin da azken hogei urteetan; eta 500 aberatsenen ondasuna, berriz, 400.000 milioi eurokoa izatetik 1.200.000 milioi euro izatera pasa da 2003 eta 2023 artean.
“Fortuna biziki handiek pribilegio fiskal erraldoia dute. Beste kategoria sozialek baino anitzez gutxiago ordaintzen dute zergetan”
Gabriel Zucman
Pobreenak, aldiz, geroz eta pobreagoak dira, Insee estatistika institutuak erakusten digun bezala: 1998 eta 2021 artean, %10 pobreenen ondarearen balioa %54 apaldu zaie eta aldiz, %10 aberatsenena %94 igo. Erran daiteke beraz pobreenak bi aldiz pobreagoak direla eta aberatsenak bi aldiz aberatsagoak. Zifra horiek gorputzetik bizi dituzte, ez dira estatistika egileen Excel tauletara mugatzen. Horregatik 2018ko matxinada eta 2025eko matxinada gosea.
Ultra-aberatsei opariak egiten dizkien lehendakari gisa ezaguna da Emmanuel Macron. Le président des ultra-riches. Chronique du mépris de classe dans la politique d'Emmanuel Macron (Ultra-aberatsen presidentea. Emmanuel Macronen klase mespretxuaren kronika) liburua bideratu diote fenomenoari Pinçon senar-emazte soziologoek. Zera diote Libération egunkariari eskainitako elkarrizketan: "Bere izateko eta gobernatzeko era osoki lotuta dago bere ingurunearekin, hots, boterearen eta diruaren inguruarekin. Iraganik gabeko ovni politiko bat balitza aurkeztu ziguten, baina gure ikerketek aurkakoa azaleratu digute. Bere politika sozial eta ekonomikoaren edukia, bere ibilbide soziobiografikoa eta sare oligarkikoak aztertu ditugu, baita horien arteko elkargurutzatzeak ere, eta argi geratzen da zirkulu horretako osagaia dela, boteretsuen babesa eta inbertitzaile eskuzabalen laguntza jasotakoa dela".
Frantziako ENA eliteen eskola ospetsutik atera berri, berehala integratu zuen oligarkiaren zirkulu hertsia, Rothschild Bankuan zuzendaritza postu bat jasota, eta hortik Ekonomia ministroaren kargura salto egin zuen 37 urterekin. Bere ibilbidean zehar laguntza luzatu dioten ultra-aberatsen zirkulu hertsiari opariak egiteko baliatzen du presidentetza. Fortunaren gaineko ISF zerga kendu zien 2017an, aberatsenen zerga ihesaldiak gutxitzeko zegoen exit-tax zerga ere kendu zien 2018an; eta itxura guziaren arabera, ultra-aberatsen zerga ihesaldia doi bat oztopatzeko bidean, beraien aberastasuna %2 zergapetzeko asmoz landutako Zucman zerga ere baztertzera doa.
Baina zertan datza azken asteetan aho guzietan dabilen Zucman zerga? Eta nor dugu proposamenaren oinarrian den Gabriel Zucman, 39 urteko ekonomialaria? Ekonomialaria, irakaslea eta Europar Batasuneko Zerga Behatokia laborategi independenteko ikerle den frantses hau ezagun egin zen iazko G20 gailurrerako Brasilgo presidente Luiz Inazio da Silva Lula-k eskatu zion txostenarekin. Ezberdintasun sozialak gutitu eta ultra-aberatsak zergapetzeko bideak lantzeko ardura zuen eta karia horretara plazaratu zuen munduko aberatsenen aberastasuna %2 zergapetzearen proposamena. Ondokoa zioen: "Fortuna biziki handiek pribilegio fiskal erraldoia dute, beste kategoria sozial guziek baino anitzez gutxiago ordaintzen dute zergetan". Zenbaki ofizialetan oinarrituriko bere kalkuluen arabera, munduko 3.000 aberatsenak %0,3 zergapetzen dira gaur egun. Nolaz? Beraien aberastasunaren zati handi-handi bat ez delako soldatan kontabilizatua, baizik eta dibidendu, akzio, higiezin, zerga ihesaldi ala bestelakoetan. Nahi izanez gero, bide anitz existitzen direlako estatu baten zergak saihesteko. 1.000 milioi dolarreko ondasuna baino gehiago duten horiei %2ko tasa jarriz gero, urtero 200.000 eta 250.000 milioi dolar gehiago irabaziko lirateke –eta gehitu 100.000 milioi eta 140.000 milioi dolar gehiago, 100 milioi eta 1.000 milioi arteko aberastasunei bideratzen bazaie–. G20tik Zucmanek estatu guziei galdetu zien neurri hori ezartzea.
Ideiak bere bidea egin zuen Frantziako Estatuan, eta ezkerreko ekologistek egin zuten lege proposamena. Diputatuek alde bozkatu zute otsailaren 20an, baina kontra, berriz, senatariek ekainaren 12an. Baina aktualitatean segitzen du lege proposamenak, ezkerrak esku artean sendoki harturik duelako. Eta gobernua krisi politiko potolo baten erdian galduta dela, marra gorri gisa ere erabiltzen du: Zucman zerga ezarriz gero gobernua zentsuratzeko mehatxua baztertuko lukete –baita erretreten erreforma deuseztatuz gero ere–.
Iazko udaz geroztik Parlamentuan gehiengo argirik ez du Macronek, eta oposizioaren parean ahulegia da, zentro eta eskuinaz gain, eskuin muturreko edota ezkerreko boto zenbait ere behar dituelako aitzina egiteko. Ezkerreko Fronte Herritar Berriaren garaipena dela eta ezkerreko lehen ministro bat izendatu beharko zuen, baina ez zuen horrelakorik egin eta geroztik ahal bezala dabil, gobernuak desegin eta berregin.
Konfiantza mozioaren bozketa galdurik, François Bayrou lehen ministroak dimisioa eman behar izan zuen irailaren 9an eta Sebastien Lecornu zen orduz geroztik lehen ministro berria, aitzinekoa bezala hari baten gainean aitzina egin beharrean zebilena. Azkenean bere kargua utzi du berak ere, urriaren 6an, gobernu berria osatu eta hamalau ordutara. Aste luzeetan aritu da alderdi zein sindikatuekin negoziatzen, hain justu ere, eskuin muturraren edota ezkerraren partetik zentsura moziorik ez aurkezteko bermea irabazteko. Baina horrelakorik ez du lortu, eta egoera hauskorregia dela ikusita nahiago izan du dimisioa berehala aurkeztu. Erabakia onartuta ere, 48 orduko ultimatuma eman zion Macronek, "azken saiakerako negoziaketak" burutzeko. Epea bukatu bezain laster France 2 telebistan elkarrizketa eskaini, baina ez zuen soluziorik plazaratu. Lehen ministro berriaren eta gobernuaren osaketa adosteko negoziaketen segida Macronen esku utzi zuen. Eta ezkerraren marra gorriei dagokionez, erretreten erreformari buruzko "eztabaida" berriz hartzea inportantetzat jo badu ere, Zucman zerga hastapenetik dute baztertuta.
1998 eta 2021 artean, Frantziako %10 pobreenen ondarearen balioa %54 apaldu zaie eta %10 aberatsena %94 igo. Bestela erranda, pobreenak bi aldiz pobreago dira eta aberatsenak bi aldi aberatsago.
Frantziako pertsona aberatsena eta munduko hirugarrena den Bernard Arnaultek "ezker muturreko militante" gisa aurkezten du Zucman. Ekonomialarien partetik aitortza eta errespetua irabazitako aditua izanda ere, irudi hori zabaltzen dabiltza Frantziako mainstream komunikabideak: "Komunista", "aberatsekiko herraduna", "proposamen kimerika", hiztegi sinplista, Frantziako patronalaren sindikatu Medef-ak ere sutsuki bere egin duena.
Hainbeste, non eta bi ekonomialari ospetsuk egon behar izan duten Legebiltzarrean, Kapitalak zabaldutako ideia faltsuak gezurtatzeko pedagogia lana egiten: sari andana irabazi izan dituen Indiako Jayati Ghosh eta Ekonomia Nobel sariduna izandako Joseph Stiglitz. Urriaren 1ean izan zen ezohiko ariketa interesgarri hori. Baina berdin dio: herritarren %0,001 horiek botere handiegia dute eta ez da lekurik justizia fiskalarentzat.