Lecornuren aurkako zentsura mozioa ez du onartu Frantziako Legebiltzarrak

  • 271 diputatuk bozkatu dute ostegun honetan LFI Frantzia Intsumisoaren zentsura mozioaren alde, baina 289 boto behar ziren Sébastien Lecornu lehen ministroa erorarazteko. Gobernua aitzina doala, 2026rako gobernuaren aurrekontuari buruzko eztabaidak abiatuko dituzte urriaren 24an.

Sébastien Lecornuk Frantziako Lehen ministroaren kargua atxikitzen du oraingoz. AFP

2025eko urriaren 16an - 15:13
Azken eguneraketa: 16:34
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

Doi-doietarik atxiki du Frantziako Lehen ministro postua Sébastien Lecornuk: 271 diputatuk bozkatu dute LFI Frantzia Intsumisoaren zentsura mozioaren alde, baina 289 boto behar ziren bere erorarazteko. Bigarren zentsura mozio bat bat ere izan da, eskuin muturreko RNk aurkezturikoa, eta 144 diputatuk egin dute horren alde –ezkerrak ez du babestu eskuin muturraren testua–.

Lasaituta agertu da Lecornu bera, luzatzen ari den krisi politiko potolo baten erdian dabilelako gobernua, aitzina egin ezinean: "Ikusten duzue zer nolako egoera larrian gauden. Ikusten duzue nekeza dugula egoera. Eztabaidak abiaraztea ezinbestekoa genuen, eta azkenean, abiatuko ditugu". Azken unera arte nagusitu zaio ezjakintasuna, hain zuzen, ez zelako argi zein heinetaraino segituko zuten alderdiaren manua sozialistek baita eskuineko LR Errepublikanoak alderdikoek ere.

Argi da PS Alderdi Sozialistaren babesari esker jarraituko duela Lecornuk Matignonen. Hain justu, Lehen ministroak asteartean jakitera eman zituen erretreten erreforma 2028 urtea arte indargabetzeko eta Konstituzioko 49,3 artikulua ez erabiltzeko bermeak eta horri esker du Alderdi Sozialistaren babesa irabazi Lecornuk. Hala ere, nahiz eta ostegun honetako bi zentsura mozioak ez babestu, sozialistek argitu nahi izan dute gerora ez dutela itsuki jarraituko gobernua: "Ez dugu konpromisoa hartzen zuen aurrekontu murriztailea eta bidegabea babesteko. Ez dugu ezertan amore emanen", Laurent Baumel diputatu sozialistaren hitzetan.

Ezker muturraren partetik kritika gogorrak jaso ditu Alderdi Sozialistak, finean, beri esker duelako zutik segitzen Lecornuren gobernuak.

Ikusita erretreten erreformaren indargabetzeko hautua, eskuineko diputatuen haserrea ere nabaria zen azken egunetan, eta zentsuraren aldeko ahotsak entzungai ziren beraien artean. Bozketa unearen aitzineko orduetan argitu du LR alderdiaren postura Jean-Didier Berger diputatuak: "Desadostasun handiak egonda ere, ez dute zentsura mozioa babestuko, eta hori "nazioaren interesaren izenean".

Ezker muturraren partetik kritika gogorrak jaso ditu Alderdi Sozialistak, finean, berari esker duelako zutik segitzen Lecornuren gobernuak. Erabat zatituta agertzen da Frantziako ezkerra eta LFI eta PS alderdien arteko batasunaren aukera urrun geratu da. Iazko udan izandako Legebiltzarrerako hauteskundeetan posible izan zen guztien arteko hautagaitza –Fronte Popular Berria–, baina geroztik erabat zatitu egin da. 

Peio Dufau, zentsuraren alde

Ipar Euskal Herriko diputatuei dagokionez, sozialisten taldean den Peio Dufau abertzaleak zentsuraren alde bozkatu du, eta beste biek, Iñaki Echaniz eta Colette Capdeviellek, haatik, alderdiaren agindua jarraitu eta ez dute zentsuraren alde egin. Ondokoa irakurri daiteke EH Baik komunikabideei bidalitako agirian: "Hautu erraza ez bada ere, oroitarazi nahi dugu egungo ezegonkortasunak eta krisiak azken urteetan hartu diren erabaki politikoetan dutela iturburua, ez dela besterik gabe sortu. EH Bai kontziente da eskuin muturra boterera iristeko den arriskuaz, baina Macronek eta krisian den erregimen zentralistak karrika itsu batera eraman dute egoera".

Hain justu, zentsura mozioa pasaz gero, Legebiltzarrarako hauteskunde berriak finkatuko zituela jakitera eman zuen Emannuel Macronek asteartean. Ezkerra zatiturik, Macron oso ahul eta eskuina ahul baina Macronei lotuta azkarrago, eskuin muturraren garaipenerako erabakia izanen zen hori. Ez da gertatuko; berehala ez, behintzat.

Dufauren gisara, orotara zazpi diputatu sozialistek dute zentsuraren alde egin, eta eskuinari dagokionez, LR Errepublikarrak-eko batek ere desobeditu dio alderdiari.

Aurrekontua eztabaidagai urriaren 24tik aitzina

Bi zentsura mozioek porrot egin ondoren, bere poza adierazi du Legebiltzarreko presidente Yaël Braun-Pivet macronistak: "Garrantzitsua da gure herrikide guztientzat gobernu-egonkortasun bat izatea". 2026rako gobernuaren aurrekontuari buruzko eztabaidak abiatuko dituzte urriaren 24an. Duda izpirik ez eztabaidatsua izanen dela prozesua, bozketa bidez adostu beharko dutelako finantza legea, bozketa saihesteko bidea –49,3 legearen erabilpena– ez hartzeko konpromisoa hartu duelako Lecornuk. 2022az geroztik 49,3 artikuluaren bidez bozkatu izan ditu bere aurrekontuak Frantziako Gobernuak.

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Frantziako Gobernua
2025eko irailaren 17
Larrazkena

Eguneraketa berriak daude