Poliziak egindako erailketak ikertzean, Europak modu sistematikoan hausten ditu Nazio Batuen protokoloak

  • Txosten batek azaldu du herrialde askok ez dituztela behar bezala ikertzen heriotza edo tortura polizialak, eta ikertutako kasuetan ere agenteen %86,6ri ez zaiela inolako zigorrik ezarri. 

Artikulu hau CC BY-SA 2.0 lizentziari esker ekarri dugu.

2025eko urriaren 21ean - 07:00
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

Europar Batasuneko datu ofizialetan oinarritutako txosten bat argitaratu du CIVIO kazetari taldeak, eta horren arabera, 2020. eta 2022. urteen artean, gutxienez 488 pertsonak galdu zuten bizia Poliziaren menpe zeudela edo polizia-operazioetan, hamahiru estatu kideetako zifrak kontuan hartuta. Frantziako Estatua dago zerrendako buruan hildako kopuruari dagokionez, 107 heriotzarekin. Atzetik jarraitzen diote Irlandak (72), Espainiako Estatuak (66) eta Alemaniak (60).

Isiltasuna, gardentasun falta eta estandarizazio eza ohiko elementuak dira txostenak ikertutako herrialdeetan. Europar Batasuneko herrialde gehienek ez dute datu erregularrik argitaratzen erailketa polizialei buruz; eta horietatik bederatzik, gainera, ez dute horri buruzko informaziorik eman nahi izan, Batasuneko instituzioek eskatuta ere. Lau herrialdek, tartean Italiak eta Errumaniak, datuak emateari uko egin diote zuzenean. Europako Kontseiluaren esanetan, gardentasun falta areagotzen du heriotza polizial bat bat zer den zehazteko borondate faltak.

Pertsona migranteak eta osasun mentaleko arazoak dituztenak nagusi

Biktimen profilak joera kezkagarria erakusten du: etorkinak eta osasun mentaleko arazoak zituzten pertsonak dira nagusi proportzioan. Biktimen nazionalitateari buruzko datuak eman dituzten herrialdeetan, hildakoen erdia jatorri atzerritarrekoak zirela ikus daiteke, eta era berean, Herbehereetan egindako azterketa batek erakusten du nola hildakoen %70ek zeukaten buruko nahasmenduren bat. Txostenaren arabera, patroi hori beste herrialde gehiagotara ere zabaltzen da.

Suzko armak eta "naturaltzat" jotako heriotzak

Aipatu bezala, hilketa polizialen definizio zehatzik ez badago ere, ikus daiteke heriotza gehienak Poliziak erabilitako suzko armek eragindakoak direla, horixe izan baita kausa hilketen heren batean. Frantzian eta Alemanian, esaterako, aipatutako hiru urte horietan 68 pertsona erail zituen Poliziak tiroz.

Horrez gain, taser armak tarteko izan diren heriotzak ("ez-hilgarritzat" jotzen dira arma horiek) eta argipen handirik gabe "natural" gisa sailkatutakoak dira bigarren eta hirugarren postuetan dauden heriotza mota nagusiak. Espainiako Estatua da azken sailkapen hori gehien izendatzen duena, 66 kasuetatik 27 jo baitzituzten heriotza "naturaltzat"; maiz, testuinguruaren berri eman gabe.

Inpunitate poliziala

Gertaera horiek "ikertu" diren modua zuzenean doa Minnesota Protokoloa delakoaren aurka, eskatzen baitu halako heriotzak organismo independenteek egin ditzatela eta, gerora, argitara eman daitezela. Dena den, hori urratzen duten herrialdeek jasaten dituzten ondorioak ez dira bereziki esanguratsuak. Austriak, adibidez, zuzenean onartzen du, autopsiak egiteaz gain, ez duela aparteko ikerketarik egiten. Eta esanguratsua da, 2010az geroztik, Giza-Eskubideen Europako Auzitegiak 236 aldiz kondenatu izana Batasuneko hainbat herrialde, Poliziak egindako tortura edo tratu txar posibleak modu egokian ikertzeari uko egiteagatik.

Era berean, txostenak salatzen du biolentzia kasu horietan inplikatutako polizia-agenteek noizbehinka soilik jasaten dituztela ondorioak. 2020-2022 bitartean 97 kasu iritsi ziren prozesatzera, baina kasu bakar batean jarri zioten kartzela-zigorra poliziaren bati. Kontrara, 84 kasutan, seinalatutako agenteek ez zuten inolako zigorrik jaso (%86,6).

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Polizia gehiegikeriak
2025-06-18
Meloi saltzailea
Harro

2025-05-28
Meloi saltzailea
Ezin dut gaia aldatu

Eguneraketa berriak daude