Derrigorrezko soldaduska jarri nahi du martxan Alemaniak, 2026tik aurrera

  • 18 urtetik gorako gizon guztiei galdetuko zaie soldadutza egin nahi al duten. Beren borondatez soldaduska egin nahi dutenak nahikoa ez badira, zozketa bidez derrigorrez errekrutatuko dituzte.


2025eko urriaren 21ean - 12:06
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

Alemaniako koalizio gobernuko alderdi nagusiek (CDU/CSU eta SPD) iragarri dute aurreakordioa lortu dutela, borondatezko soldadutza abian jartzeko. Datorren urtetik aurrera, 18 urtetik gorako gazteek, gizon nahiz emakume, galdetegia jasoko dute, eta derrigorrez bete beharko dute, soldadutza egiteko prest al dauden erantzunez. Emakumeentzat, soilik borondatezko soldadutza jarriko da martxan, baina soldadutzarako nahikoa gizon-emakume lortzen ez badituzte, gizonen kasuan, zozketa egingo dute eta dagokionak derrigorrezko zerbitzua bete beharko du.

Gazteek soldadutza boluntarioki hauta dezaten, pizgarri fiskalak eskaini nahi ditu gobernuak.

2011n desagertu zen derrigorrezko soldaduska Alemanian eta ordutik, armada profesionala da eredua. Orain, Danimarkaren pausoak jarraituko ditu: Danimarkan, boluntario nahikorik ez dagoenean, 18 urteko gizon-emakumeak zozketaz aukeratzen dituzte eta 11 hilabeteko zerbitzu militarra egin behar dute.

Bundestagetik eman duten argudiaketa ezaguna zaigu: Europar Batasunean indarrean den berrarmatzeko politika, bizi dugun eskalada militarrak bultzatuta. Gobernuaren hitzetan, “Errusiaren mehatxu iraunkorra” da arrazoia. Boris Pistorius Defentsa ministroak emandako datua argigarria da: Alemaniak 80.000 soldadu gehiago eta gutxienez 100.000 erreserbista berri behar ditu, NATOk ezarritako helburuak betetzeko.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Militarismoa
Eguneraketa berriak daude