Gidabaimena 17 urterekin eskuratzeko bidea ireki du Europako Parlamentuak

  • Hego Euskal Herrian ere 17 urterekin gidatzeko baimena ahalbidetuko du neurriak; Ipar Euskal Herrian 2024ko urtarrilaz geroztik baimenduta dago. Hala ere, zenbait baldintza eta salbuespen ditu, hala nola adin nagusiko batek lagunduta gidatu beharko da.


2025eko urriaren 22an - 10:37
Azken eguneraketa: 13:38
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

Europako Parlamentuak onartu ditu astearte honetan bide-segurtasunari buruzkoa neurri berriak. Akordio berri horren bitartez, 17 urte dituztenek aukera izango dute gidatzeko, betiere adin nagusikoa den beste pertsona batekin badoaz.

Europarlamentarien argi berdea du, eta Europar Batasuneko Aldizkari Ofizialean argitaratzea geratuko litzateke. Ondoren, gobernu bakoitzak hiru urteko epea edukiko du erreforma estatuko legedira egokitzeko. Ipar Euskal Herrian 2024 geroztik jadanik indarrean dago.

Adin nagusiko baten laguntzaz gidatu behar izateaz gain, 17 urteko gidariek bi urteko probaldia edukiko dute. Epe horretan, era zurrunagoan bete beharko dituzte bide-segurtasuneko arauak, eta arau hausteren bat eginez gero, isunak larriagoak izango dira. Besteak beste, alkoholaren eraginpean gidatzeagatik, segurtasun uhala ez erabiltzeagatik edo haurrei eusteko sistemak ez erabiltzeagatik. Erreformaren beste berritasun bat da 18 urterekin kamioiak gidatzeko baimena eskuratu ahalko dela. Bi baldintza bete beharko dira: jatorrizko herrialdean soilik ibiltzea, eta gaitasun profesionalaren ziurtagiria edukitzea gidabaimena atera aurretik. Autobus gidarien kasuan 21 urtetik aurrera atera ahalko dute gidabaimena.

Aldaketa guztiek helburu ekonomikoak dituztela azaldu du EBk: gidarien sektore profesionala “berraktibatu” nahi du, horien egungo eskasiari aurre egiteko, eta era berean, errepideetako “segurtasuna hobetzea” nahi du.

Era berean, arau berriztatze honek 2030. urtera begira Europako gida-baimen digitalari atea ireki dio, gobernuen eta EBren arteko akordio baten bidez.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Errepideak
Eguneraketa berriak daude