Angela Merkelek azaldu berri du berak eta Emmanuel Macronek 2021eko ekainean Errusiarekin elkarrizketa sustatu nahi izan zutela, baina Baltikoko herrialdeek eta Poloniak aurka egin zutela eta saiakera bertan behera gelditu zela.
1990eko hamarkadan Mendebaldeko Alemaniak ekialdea anexionatu eta potentzia geopolitikoa bilakatzeko lehen pausuak eman zituen. Horren erakusle izan zen 1997an Alemaniak eta Errusiak adosturiko Nord Stream gasbidea. Behin Alemaniak anexioa digeritutakoan, autonomia eta boterea proiektatzen hasi zen. Washingtonen alarma guztiak 2003ko Irakeko inbasioan piztu ziren, Alemaniak (eta Frantziak) beraien interes nazionala babestu, eta Washingtonen interesen aurka agertu baitziren.
AEBek Ekialdeko Europan gatazkak pizteko aukeran ikusi zuten erantzuna: EB eta Errusia arteko talka bilatu eta alemaniar potentziaren proiektua oztopatu zezakeen horrela. Logika horretan, Washingtonek NATOren ekialderako zabalkundea bultzatu eta koloretako iraultzen estrategia martxan jarri zuen. EBk suhiltzaile lana egiten zuen batzuetan, adibidez, 2004-05eko Ukrainako Iraultza Laranja era baketsuan amaitu zen, EBk eta Errusiak irteera adosten zutelako.
2005ean Nord Stream I-eko obrak hasi ziren eta Washington haserretu zen. 2008an NATOko Bukaresteko goi bileran, AEBek Ukraina eta Georgia NATOko hautagai izendatu nahi zituzten, baina Alemania eta Frantzia aurka agertu ziren, esanez hori gerra motiboa izan zitekeela Errusiarentzat. Azkenean, erdibide baldar bat topatu zuten.
2013an Snowden-ek filtraturiko dokumentuei esker jakin genuen AEBetako zerbitzu sekretuek aspalditik espiatzen zituztela Merkel eta Europako beste lider batzuk
2011n Nord Stream I gasbidea martxan jarri zen. 2013an Edward Snowden-ek filtraturiko dokumentuei esker jakin genuen AEBetako zerbitzu sekretuek aspalditik espiatzen zituztela Angela Merkel eta Europako beste lider batzuk. Lehia horren agertoki garrantzitsua Ukraina izan zen 2013-14ko neguan. Herrialdea gerra zibilaren atarian zegoenean, EBk bitartekaritza lana egin eta gobernu eta oposizioaren arteko akordioa lortu zuen. Ordu gutxi batzuk iraun zuen: AEBek eskuin muturraren indarra aprobetxatu eta ukrainar estatuko zenbait botere aparaturen babesa lortu zuten estatu kolpea errazteko.
Ondoren etorri ziren Krimeako errusiar anexioa, Ukrainako hego eta ekialdeko altxamenduak, eta gerra. Gatazka baretu nahian, europarrek 2014an Minsk I eta 2015ean Minsk II akordioak adostu zituzten Errusia eta Ukrainarekin. Kanpoan Washington geratu zen suari egur gehiago botatzen eta EB presionatzen, Errusiaren kontrako santzioak indartzeko eta harremanak hausteko eskatzen. Presioak presio, 2015ean Alemaniak eta Errusiak Nord Stream II gasbidea egitea adostu, eta 2018an eraikitzen hasi ziren AEBen jazarpen esplizituarekin –adibidez, santzioak jarri zizkieten eraikuntzan inplikaturiko enpresei–.
Ordutik, gatazka indartuz joan den heinean, EB eta Alemania autonomia galtzen joan dira. 2021ean Nord Stream II bukatu zuten, baina Washingtonek ez zuen utzi martxan jartzen, eta behin Errusiak Ukraina inbadituta, EBko periferizazio eta subalternizazio prozesua asko azkartu zen. 2014an Victoria Nuland-ek Fuck EU esan zuenetik Bruselak hamaika umiliazio jasan ditu, baina Donald Trump boterera iritsi denetik umiliazioaren ikuskizuna bizi dugu. Europar eliteak AEBetako presidentearen esanetara daude, bere desirak betetzen dituzte, antzezlanean parte hartzen dute irain eta mespretxu publikoak sufrituz eta, halere, ugazabari, Trumpi, behar bada lausenguak botatzen dizkiote, Mark Rutte NATOko idazkari nagusiak ohituta gauzkan moduan. Hitza auzo-lotsa da.
Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora
ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.