Bertakoa eta nazioartekoa

  • Martxoaren 14tik 19ra bitarte ospatuko da Iruñeko Punto de Vista jaialdia, Baluarte Aretoan eta inguruetan. Jone Atenea iruindarraren Los caballos mueren al amanecer (2022) filmak irekiko du zinemaldia eta beste hainbat euskal zinemagile ere izango dira protagonista. Arantza Santestebanen, Irati Gorostidiren, Ainara Elgoibarren, Lur Olaizolaren eta Patxi Burilloren lanak ikusgai izango dira, besteak beste.

Zinema jaialdiaren datak iritsi ahala hasten da atzera begirakoa. Iazko edizioaren aldean badira aldaketa batzuk: azken hiru urteetan Garbiñe Ortegaren zuzendaritza artistikoaren pean egon den jaialdiak zuzendari berria du aurten. Aurretik, besteak beste, Oskar Alegriak, Carlos Muguirok edo Josetxo Cerdánek zuzendu dute jaialdiaren alde artistikoa. Aurten berriz, lema Manuel Asínek hartuko zuela iragarri zuten joan den ekainean.

Zuzendari berriak hainbat aldaketa proposatu ditu programazioari begira. Lan izeneko saila da egin duen ekarpenetako bat. Bertan, zinema dokumentaleko imajinazio eta lan prozesuen inguruan hausnartzeko tartea eskaini nahi dute, proiekzioez gainera, filmak egiteko prozesuari leku eginez. Landa-lanak filmen prozesuan duen garrantzia nabarmendu eta emanaldiaren atzean dagoen ibilbideari espazioa eskaini nahi diote. Hurbileko egileen testigantzak, hitzaldiak eta mahai-inguruak izango dira sail honetan.

Sekzio horren baitan dagoen Paisaia atalean Ainara Elgoibarren Rotor (2021), Patxi Burilloren Argileak (2022) eta Anna Guia-Erikssonen They Speak Too (2020) izango dira hausnarketagai beste hainbaten artean, egileek gidatutako tartean. Lehenak Zinebi jaialdiko azken edizioko Cineclub FAS saria jaso zuen, eta Tractora Koop-ek ekoitzitako lana da. Filmak mugimendurik ez duten objektu batzuk erakusten dizkigu: autoak eta Wankel motorrak, erlojuak eta esfera armilarrak, pianoak eta sagarrak. Bolex H16 kameraren bitartez mugimendua gauzatzen da, eta gordeta dauden istorioak askatzen dira. Patxi Burilloren lana Elias Querejeta Zine Eskolan hasi zen garatzen, eta ikusten denaren eta ikusten ez denaren sinesmenaren inguruko hausnarketa proposatzen du, gertakari batetik abiatuta: 1931ean bi anaiari amabirjina azaltzen zaie Ezkion, baita, gero, jende-talde zabalago bati ere. Saileko azken pelikulari dagokionez, Luis Francia estatubatuar-filipinarraren idatzi batzuetatik abiatuta, elkarrizketa jartzen du abian hizkuntzaren, erregistro formen eta historiaren agerpen fisikoen artean, filipinar gisa bere pertsona propioa barne hartzen duena.

Manuel Asínek hartu du jaialdiaren zuzendaritza artistikoa eta hainbat berrikuntza egin du

Inaugurazioa Sail Ofizialean lehiatzen den Los caballos mueren al amanecer lanak egingo du eta hori izango da filmaren mundu mailako lehen proiekzioa. Atenearen filma urte luzetako proiektua da, zuzendaria bizi izan den etxe bateko presentziari lotua. Antonio, Rosita eta Juanito anai-arreben istorioa da, zeinak beti elkarrekin bizi izan ziren, arauei ihes egiten zien bizimodua aukeratuta. Batek komikietako marrazkilari bezala lan egin zuen, besteak abeslari liriko gisa, eta azkena ez zen ezertan profesionalizatu. Haien afizio bihurtu zen Mendebaldeko filmen eszenak birsortzea Bartzelonako hainbat txokotan. Zaldian ibiltzen iaioa zen Rositak auzoko haurren harridura sortzen zuen zaldi gaineko mugimenduekin. Hil ostean, gordeta gelditu ziren inork ikusi gabeko haien filmak, beste zenbait argazki, gidoi eta ahots grabaketaren artean. Artxibo horren oinordeko izan ziren Ione Atenea eta bere lagunak gero, urte batzuen ostean etxea biziarazi baitzuten. Atenearen lanaz honakoa dio Bárbara Mingo Costalesek: "Zaldiak egunsentian hiltzen dira, eta film bat filmatu nahi denean beti aurkitzen da filmatzeko bidea". Hala erakusten du pelikulak. Sail berean ikusi ahal izango da nazioartean hainbat sari irabazi dituen Arantza Santestebanen 918 gau ere –aldizkari honetan zuzendariarekin izandako elkarrizketak ematen du obra horretan sakontzeko aukera–.

Punto de Vista Jaialdiak baditu beste hainbat saio ere, sail ugaritan programatuta. Batetik, Atzera begiradak deritzona: bi artista eta zinemagileren lana berreskuratzen da bertan. Sailaren helburua zinemaren historia birpentsatzea da, ikusgai izan ez diren lan batzuk berreskuratuz. Aurtengo kasuan, Amos Vogel eta Nancy Holten lanak eskainiko dira. Land Art mugimenduaren baitan izan ziren diziplina ugaritako artisten lanak bildu ditu Garbiñe Ortegak, zinema arloan ia ezezagunak izan direnak. Bestetik, Foku Garaikideak deituriko saila ere bada: bertan egingo zaio tokia artxibozko fikzioei, baita Manuela Serraren O Movimento das coisas lanari ere. Azkenik, Hezkuntza programa ere aurkeztu dute, haur eta gazteei aukera emango diena zinema gertuagotik ezagutu, bizi eta zinema programatzeko oinarriak jasotzeko.

Urtero espektatiba handiak sortzen dituen X filmak sailarekin itxi nahi nuke jaialdiaren inguruko aurkezpen hau. 2010. urteaz geroztik, jaialdiak hiru zinemagile gonbidatzen ditu Nafarroan errodatuko den proiektu bana aurkeztera, eta horietako bat aukeratzen dute epaileek finantzaketan laguntzeko mezenasgo gisa. Iazko proiektu aukeratua izan zen Irati Gorostidiren San Simón 62 egitasmoa eta urtebeteko epea izan du Mirari Echávarrirekin batera hura garatzeko. Filma Lizaso herrian gauzatu zen Arco Iris izeneko komunitatearekin lotuta dago –eta zuzendariaren biografiarekin, haren gurasoak kide izan baitziren–. 1978an gazte batzuek Lizaso herriko komentua alokatu zuten, eta bertan ahalegindu ziren "normalitatetik at" kokatzen ziren harremanak sortzen. Bi artistek orainaldian dagoenaren inguruan hausnartu nahi izan dute lan honetan, eta lehen aldiz ikusi ahalko da euren filma jaialdian.

Bestalde, aurten ere beste hiru zinemagile lehiatuko dira saileko saria lortzeko: Blanca Camell Galí, Hugo Amoedo eta Magdalena Orellana. Bakoitzak bere aurreko filmak aurkeztuko ditu, baita proposamen berriaren nondik norakoak ere. Aurretik egindako lanen bidez saiatuko dira proiektu berriarekiko hariak lotzen, eta oraindik existitzen ez den filma ahalik eta bisualen bihurtzen. Lehenak Tombent les heures (2018) filma aurkeztuko du, Montreuileko (Frantzia) kaleetan maitearen bila galtzen den neska baten ingurukoa. Amoedok Europa (2017) lana aurkeztuko du, bizipen pertsonalekin eta bere artxibotik abiatzen den Europarekiko miresmenaren galtzea ardatz dituena. Orellanak berriz, bost film labur erakutsiko ditu diseinua eta zinema nahasten dituztenak.

Aurtengoaren laburpen honekin gonbita luzatu nahi nuke, zinemazaleak Iruñeko kaleetara joan daitezen martxoaren erdialdean. Nazioartean esanguratsua den jaialdi honek badu lotura bertan egiten diren lanekin. Aspaldidanik dira zinemagile nafarren lanak inaugurazioan, Nafarroan gauzatuko diren proiektuak ekoizten dira, Euskal Herriko lanen erakusleiho eta hausnarketa-tokia da, bertako ekoizpenentzako industriaren topagune da... Hainbat zinemaldik nahiko lukete maila horretako inguruko lanek euren jaialdietan horrenbesteko presentzia izatea. Kasu honetan, behintzat, lorpen handia da.


ASTEKARIA
2022ko martxoaren 13a
Irakurrienak
Matomo erabiliz
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Zinema
2024-04-28 | Julen Azpitarte
Gangster maritxuen banda

“Gay azpitestuak beti hobetzen du film bat”
Quentin Tarantino

Juan Dos Ramos idazle eta Alex Tarazón ilustratzaile valentziarrek Gangsters Maricas: Extravagancia y Furia en el cine negro (Gangster maritxuak: nabarmenkeria eta indarkeria zine beltzean)... [+]


Laburbira hasiko da ostiralean: euskarazko zortzi film labur, 35 herritan

Apirilaren 12an egingo dute XXI. edizioaren estreinako emanaldia, Bergaran. Maiatzaren 12ra bitartean, 35 herri bisitatuko ditu euskarazko film laburren ekimenak. Berrikuntza gisara, ikusleek film labur onena hautatzeko aukera izango dute.


Ecozine jaialdiak ingurumenaren inguruko filmak ekarriko ditu datorren astean Iruñeko Golem zinemetara

Apirilaren 8tik 11ra bitartean laburmetrai eta dokumental sorta emanen da, tartean Oskar Alegriaren 'Zinzindurrunkarratz' eta Goya sariaren irabazle 'To bird or not to bird'.


Palestinari, osasun mentalari eta transexualitateari buruzko filmak ikusi ahalko dira Giza Eskubideen Zinemaldian, besteak beste

Hilaren 12tik 19ra egingo dute 21. Donostiako Giza Eskubideen Zinemaldia, eta askotariko filmak proiektatuko dituzte: osasun mentala, Palestinaren egoera, migrazioak, lanaren etorkizuna, Ukrainako haurrak eta transexualen eskubideak izango dira zinemaldiko film eta... [+]


2024-04-05 | Euskal Irratiak
Iparraldean ere, euskararen aukera ahalbidetu du Netflixek

Martxotik Frantziako Netflix plataforman euskarazko audio eta azpitituluetako filmak ikusgai dira.


Eguneraketa berriak daude