Izan zitekeen, baina ez da


2025eko irailaren 27an - 11:44
Zure babesik gabe independentzia ezinezkoa zaigu

Molt lluny klasiko bat da, barrura begirako klasiko bat. Gerard Oms zuzendariaren lehen obrak beste pelikula askotan ikusi den barne bilaketa proposatzen du: gizon heterosexual oso normatibo batek antsietate dezentekoa du, ez daki zer gertatzen zaion, baina ez dago gustura. Lagunekin eta anaiarekin egindako bidai baten aitzakia aprobetxatzen du bertan, Utrechten, geratzeko. Pelikulak kontraste bat proposatu nahi du, futbol partida baten aitzakian heltzen baitira Herbehereetara, eta gizonen munduko jokaera normatiboenak dituzte taldean; Sergio (Mario Casas), ordea, deseroso dago, eta gezur bat baliatuta, bertan geratzen da.

Ikusleak badaki pelikulan zer gertatuko den, denek dakite Sergio gay-a dela, baina bere hezkuntzak, gizarteratzeak eta inguru guztiak heterosexualtzat izan du bizi osoan, eta hortik ezin atera dabil. Jendeak badaki hori gertatuko dela; batetik, Gehituk emandako Sebastiane sariko hautagaietako bat delako, LGTBIQA+ kolektiboaren errealitatea hobeen islatzen duen pelikulari emandako saria; eta bestetik, lehen esan bezala, oso agerikoa delako hasieratik. Ez dauka misteriorik. Baina, hala ere, kostatu egiten zaio argumentua garatzea.

Sergio Utrechten geratzen da, anaiak eta lagunak Bartzelonara bidalita, eta segituan hasten da han bizi berri baten bila. Lan kaskarrak bilatzen ditu, alokairua ordaintzeko adina. Bertatik bertara bizi du Europako iparraldekoek hegoaldekoekiko daukaten arrazismoa. 2008ko krisi betean, Molt llunyk garaia erretratatu duten zenbait pelikula espainiarrek duten tonu gris berbera du, erakusten ditu aipatu arrazismoa, esperantza falta, Europako iparraren eta hegoaren arteko arrakala. Berez, pelikulak elementuak ditu drama on bat izateko, baina motz geratzen da. Oso gutxi lantzen da Sergiok barruan duen ezinegon hori, argumentua horren agerikoa ez balitz batek baino gehiagok ez luke jakingo pelikula nondik nora doan azken hamar minutuetara heldu arte.

Baina dena ez da txarra pelikulan, aktoreen aukeraketa bikaina da. Mario Casasek bere ohiko paper “makarra” horretan hasten du pelikula, txandal eta kirol arropak eta etengabeko betozkoa ditu aldean. Baina pelikulak aurrera egin ahala, argi txikiren bat erakusten hasten da, gizatasun moduko bat-edo; dena, noski, Casasek ohikoa duen tonu soil eta hitsean. Manelen (David Verdaguer) pertsonaiak egiten dio kontrapisua Sergiori. Katalan klasiko bat marraztu du Omsek: katalanez baino ez du hitz egiten, baita herbeheretarrei ere, zeinak gorroto dituen (bere neska-laguna bertakoa bada ere); umore beltz oso fina dauka, eta Sergiok ez bezala, begirada oso irekia du sexualitatearekiko. Bi horien arteko elkarrizketek eman diote puntu barregarria eta interesgarria pelikulari.

Esandakoa: berez, aukera ona zen barne borrokak, sexualitatearen bilaketa, heteroaraua, migrazioa, arrazismoa eta beste zenbait gai lantzeko. Izan zitekeen, eta landu lantzen ditu; baina falta zaio haria, joskera. Ikusi behar zein den Omsen hurrengo proposamena. 


Zinemaldia 2025 kanalean gehiago
2025eko irailaren 27
Jay Kelly
Aktore bakartia

2025eko irailaren 27
Winter of the Crow
Zikina

2025eko irailaren 27
La misteriosa mirada del flamenco
Zaintzaren eta biolentziaren artean

Eguneraketa berriak daude
Badator udako 'Gakoak' zenbaki berezia
Euskal drag mugimendua
Euskal drag mugimenduari buruzko argazki-erreportajea, espetxean 30 urte egin zituen preso politiko kurdu batekin elkarrizketa, Elena Uriz eta Itziar Aizpuru aktore beteranoak elkartuta solasaldia, Atxarteko harrobiaren aurkako borroka ekologistaz erreportajea, kultur gomendioak, izarrak ikusteko ibilaldiak...