Erdara txarra da, tira, bueno, ez dakit...

Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

Gurasoek ez zekitenez, nik ez nuen euskara etxean jaso. Baina gure familiaren historian euskarak beste katebegi bat gehiago galtzerik nahi ez zutelako, ikastolara eraman ninduten, eta grina biziz saiatu ziren hizkuntzaren hazia nire baitan sakon ereiten. Kontua da ez nuela euskararekin kontakturik izan hiru bat urterekin ikastolan hasi nintzen arte, baina hala ere, harrigarriki azkar, aise, eta ongi ikasi omen nuen, garaian maisu-maistra izandakoek kontatu didatenez. Nonbait, erraietan hezurmamitua neukan ordurako euskal identitatea, hainbeste non irudipena dudan euskara nigan lora zedin beharrezko ongarri gisa funtzionatu zuela, hitzei nire mihirainoko bidean berezko manera batez lagunduz.

Eskertuta nago, noski. Eta ez euskara eskaini izate hutsagatik, baizik eta horrekin batera eman zizkidatelako hizkuntzaren errealitatea interpretatzeko gako politikoak, eta horiei eskerrak eskuratu nuelako, neurri handi batean bederen, erdararen nagusitasun erabatekoan euskararen hautua egiteko ume batek behar duen motibazioa, espainolaren inertziak eraman ez zaitzan egin beharreko ahaleginari esanahia ematen dion kontzientzia politiko minimoaren zentzuan.

"Pairatu dugun inboluzio ideologikoa ikusita, pribilegioa da niretzat Euskal Herriko errealitateaz hain kontakizun gordin baina zorrotza jaso izana"

Bai, gurea herri menderatua dela haurrei ahoan bilorik gabe adierazten zitzaien garaietakoa naiz, Euskal Herriaren (eta hizkuntzaren) gatazka, herri zapaldu baten testuinguruan kokatzen zenekoa. Eta eskerrak, 50 urte berantago sortu izan banintz, oso bestelakoa zatekeelako euskararen testuinguru soziopolitikoaz helaraziko zitzaidan diskurtsoa, eta oso diferentea, seguruenik, ondorioa.

Ez zitzaidakeen esango, esaterako, gurea herri menderatua dela, baizik eta gizarte anitza. Eta egiturazko menderakuntza politikoa ukaturik, noski, ezin izango zitzaidan horren arabera azaldu hizkuntza espainola eta frantsesa hemen existitzearen arrazoia; ezta aitortu ere, hizkuntza horiek hemen inposatuak direla kontsideraturik, hizkuntza horien presentzia hutsa dela hemen euskararen biziraupenerako mehatxu. Egun, ekidin beharreko desoreka batzuengatik ez balitz, batzuentzat eleaniztasun zerutiar bilakatua litzateke bat-batean zapalkuntza linguistikoa, kolonizazioa eta asimilazioa sentsibilitate diferenteen arteko elkarbizitza bihurtu zaigun magia berarekin. Gizarte plural eta modernoen ezaugarri desiragarri, Yupiren munduetan bizi garela sinesteko bultzatu eta sustatu beharrekoa.

Bada, pairatu dugun inboluzio ideologikoa ikusita, pribilegioa da niretzat Euskal Herriko errealitateaz hain kontakizun gordin baina zorrotza jaso izana, ttipi-ttipitatik jaso ere. Nire kasuan bederen, lezio hauxe dagoelako euskarari hain irmoki heldu izanaren motibazioaren oinarrian: ez nintzela espainola, espainolek bakarrik egin behar zutela espainolez, eta espainola ez zela hemen ona, euskara desagertaraztearen helburuarekin ezarria baitzen.

Heziketa askeari buruz eskaintzen ditudan hitzaldietan ikusi ohi dudanagatik, nabarmena da epelkeria politiko horrek euskal helduongan sortu duen noraeza eta absurdua, gaztetxoen hizkuntza ohituretan eragiteko orduan.

Zeren, begira: nahi dugu euskaraz egin dezaten –eta ez erdaraz–, baina mugarik ezarri gabe nahi dugu erdaren erabilera murriztu; hizkuntzak ez direlako berez txarrak, baina min ematen digu haurrak espainolez edo frantsesez entzuteak; eta ez diegu hala ere min horren arrazoia azaltzen, hori politika litzatekeelako, eta haurrak politikatik at utzi behar baitira, badakizue; baina arrazoi politikorik gabe, zer argudio egon liteke espainolaren eta frantsesaren kontra? Baina ez, ez, gu ez gaude kontra, hizkuntza guziak dira aberasgarriak, baita hemengo erdarak ere, hori bai, euskara denen artean hobetsita....

Eta orduan, galdera: nola egin genezake?

Alo, barkatu?? Mirariak Lourdesen.


Euskara kanalean gehiago
2026ko martxoaren 11
Idurre Eskisabel (Euskalgintzaren Kontseilua)
"Bageneukan susmoa baieztatzeak kezka ikaragarria sortzen digu"

2026ko martxoaren 11
Bixente Claverie, AEK-ren Nazio Kontseiluko Ipar Euskal Herriko kidea
"Borondatea baldin badugu, lortuko dugu 2050ean hiztunen kopurua %30 izatea"

2026ko martxoaren 4
Berriketa gutxi
Premium

Eguneraketa berriak daude
ARGIAren Fototeka martxan da
100.000 argazki jarri ditugu publiko lizentzia librean
1960ko hamarkadatik gaur egunera arteko 100.000 argazki baino gehiago bildu ditugu.