Bat, bi, hiru: Irati Jimenez literaturaz

Begiak zabalduko zaizkizue | Irati Jimenez | Elkar, 2021
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

Durangoko azken azokan plazaratu zuen lan hau Irati Jimenezek, eta berak egindakoa bakarrizketa izan ez dadin honatx gure aletxoa.

Batetik, euskal sistema literarioaren diagnosia egiten du: gure literatura gaixorik eta hoztuta dagoela dio. Zenbait adibide ematen ditu hori ilustratzeko, eta aholkuak sendatzeko bidean ipintzeko. Bestetik, literaturari buruz hitz egiteko gogoa duela dio eta berarentzat literatura ona eta txarra zer diren adierazten du, irakurle, idazle, editore eta kritikarientzako autolaguntza gidak partekatzearekin batera, bere ezagutzatik eta esperientziatik edanda.

Liburuan kritika literarioa egiten dugunoi eskatzen digun moduan, gehien eta gutxien gustatu zaidana adieraziko dut orain. Asko gustatu zait literaturaz zein gogotsu, konprometitu eta ahaldundu hitz egiten duen. Gainera, literaturaz, hots, testu eta ariketa literarioaz, berak dioen moduan, nola ari den irakurtzean ere gozatu dut. Hainbeste gustatu ez zaidana erreferente androzentriko eta kanonikoak erabiltzea izan da. Salbuespenak egon arren, eta feminismoa esplizituki bultzatu arren, idazlea eta gizona identifikatu ditu tarteka eta erreferente feminista askoren hutsunea sumatu dut han-hemenka.

Jarraian, hiru ideia edo debaterako gai azpimarratu nahi nituzke: saretzeko beharra, denetarik irakurtzea, gorputzetiko hurbilketa.

Bat: Zafrak, Harawayk eta Garcesek argi utzi dute berriki: hauskorrak gara eta egoera prekarioan gaude; elkarren beharra dugu bizitzeko, komunitatea elikatzea funtsezkoa da. Jimenezek euskal literatur sisteman kooperatibismoa, tratu ona eta laguntasuna sustatzen hasi behar garela defendatzen du.

Bi: literatur genero desberdinak, liburu onak eta txarrak, hizkuntza desberdinetan, eta klasikoak eta garaikideak irakurri behar ditugu, ez soilik modako nobedadeak. Tradizioa ezagutu behar dugula errepikatzen du eta hori eginez gero harribitxiak topatuko ditugula erakusten digu (Axular, Xaho, Aresti...).

Hiru: euskal literatura haragiz eta hunkiduraz zikindu eta blaitu behar dugula dio. Umorea, mina, kuriositatea, haserrea izan daitezela idazteko akuilu eta irakurtzean testuari lotuko gaituena. Arrazoiaren, errealismoaren eta ikusmenaren nagusitasuna gainditu eta aske sortzea eta imajinatzea opa digu.


Eguneraketa berriak daude
ARGIAren Fototeka martxan da
100.000 argazki jarri ditugu publiko lizentzia librean
1960ko hamarkadatik gaur egunera arteko 100.000 argazki baino gehiago bildu ditugu.