Aberria eta hil

Zure babesik gabe independetzia ezinezkoa zaigu

Eresia. Hil-kanta aitari
Goiatz Labandibar
Elkar, 2025

------------------------------------------------------------------

Goiatz Labandibarrek azken urteotan Amez (2022), Bekatua (2023) eta Zoo (2024) idatzi ondoren, Eresia. Hil-kanta aitari (2025) argitaratu berri du. Etxean, Beilatokian, Hil-kaperan, Biran, Ekitaldian, Mendi tontorrean eta Biharamunean kapituluak ditu ehun orri inguruko nobela labur honek.

Protagonista Tala da eta hasieran kontatzen digu gertakari nagusia: bere aitaren heriotza. Izan ere, “Aitzol Agirre, Euskal Errepublika independenteko lehenengo lehendakaria” minbizia dela eta 67 urterekin zendu da. Hori dela eta, Talaren bueltan ibiliko dira bere ama eta aitaren alderdi politikoko hiru kide, tartean komunikazio eta protokolo arduraduna, Aingeru, Beñat eta Ihintza:

Norbaitek erreskatatu ninduen ehiztarien zirkulu hartatik. ‘Ez da momentua’ zioen, ‘errespetatu dolua’. Ihintza Ekiza zen. Beti behar den momentuan eta behar den tokian. A zer-nolako super-boterea. Ni justu kontrakoa nintzen. Anti-heroia, beti momentu eta toki desegokian egoteko abilidadea nuena. Txoriaren zirinak beti ni zikintzen ninduen. Lehorte garaian bisitatzen nuen Nerbioiren iturburua. Urteko kontzertua izango zenaren azken sarrera saldu ondoren desblokeatzen zitzaidan sistema”.

Bi familiaren arteko elkarbizitza (eta horretarako zailtasunak) agertzen zaizkigu liburuan: odolekoa (aita, ama eta alaba) eta alderdi politikoarena. Hori dela eta ez dira nagusi dolua edo aita-alaba harremanak testu honetan, bi mundu horien arteko tentsioak baizik.

Bestalde, nolakoa izango litzateke Euskal Herria, erreferendumean Euskal Errepublikaren aldeko bozka gailenduko balitz? Umoretik heldu dio Labandibarrek euskal identitatearen eraikuntza marko horren barruan gauzatzeari, bere aukerak eta bere mugak argitan jarriz.

Mixel Etxekopar kantariak esan omen zuen noizbait, ni oso gaztetxoa nintzenean eta Euskal Errepublikarik oraindik ez zenean, xiberutarrek ez zutela bihotzik, kantua baitzuten bihotz. Zenbatetan aditu ote nion Aitari lelo hura: ‘Kantatzen duen herri bat ez da inoiz hilko’. Bada, Etxekoparrek eta Aitak zioten horiek hala baziren, herri bihozgabe bat ginen, erdi hila zegoena, tonoz kanpo, baxuegi eta gaizki kantatzen zuena”.

Narrazio hau utopia edo distopia den, irakurleak erabakiko du.


ASTEKARIA
2025eko irailaren 21
Irakurrienak
Matomo erabiliz
Azoka
Eguneraketa berriak daude