"Txinak aurrera egin eta modernizatu nahi du, eta ez mundua menpean hartu"

Argazkia: Davide Cabaleiro
Artikulu hau egilearen baimenari esker ekarri dugu.

2022ko otsailaren 06an

Txina honezkero ez da soldata baxuak eta langile asko dituen herrialdea besterik. Lehen, Mendebaldeko multinazionalek han etekinak gizentzen zituzten, hemen eskubideak murrizteko. Orain, Txina da adimen artifiziala, telekomunikazioak, kriptografia edota gerra elektronikoa hobekien garatzen ari den herrialdea.
Txinaren helburua modernizazioa da. Eta badaki ez duela helburu hori lortuko munduko fabrika izanik, baizik eta munduko abangoardia teknologikoa izanda.

Dengismoak 1978tik 2012ra arte iraun zuen, eta herrialdearen garapen handia ahalbidetu zuen. 1978an, Txina munduko 38. potentzia ekonomikoa zen; 2011tik aurrera, bigarrena da. Hori garapen eredu jakin batetik abiatuta lortu zuten: eskulan merkea, atzerriko inbertsioa eta ekoizpena kanpora bideratuta.

Orain, Alderdi Komunistak uste du eredu horrek ez diola bermatzen herrialde moderno eta oparo bilakatzea. Zer esan nahi du garapen eredu berri horrek?
Politika aldatu dute. Lehen baztertu zituzten faktore batzuk –alderdi soziala, ingurumenarekin lotutakoa edo teknologikoa– lehen lerrora ekarri dituzte egun. Munduko 5G estazio guztien %70 baino gehiago daude Txinan. Oso aurreratuta daude industria iraultza berriaren esparru jakin batzuetan, eta Txinak prozesu hori gidatu nahi du. Horrek azaltzen du zergatik diren hain gogorrak Txinak AEBekin dituen tentsioak sektore teknologikoan, Huawei-rekin ikusi dugun bezala.

Txinak teknologia arloan posizio aurreratua lortu du denbora txikian eta pronostiko guztien aurka. Askok zioen politikoki zurruna den sistema batek sormena itotzen duela. Bada, inbertsio publikoari eta diskurtso nazionalari esker azkar antzean abangoardian jartzea lortu dute. Prozesu horren buru izan nahi du, badakielako herrialdearentzat nahi duen modernizazioa arlo horretan lehiatzen ari dela. Txinak badaki soldata txikiek ez dutela etorkizunik.

Barne kontsumoak garapen faktore bihurtu behar du. Horrek esan nahi du jendearen poltsikoak bete behar direla. Txinako soldatak batez beste %7 edo %8 igo dira azken urteotan, eta askoz gehiago hazi behar dute aurrerantzean, arlo sozialari begirako inbertsio publikoa bezalaxe. Txinan argi dute garapen eredua aldatu behar dela, eta horrek esan nahi du diru-sarrerak hobetu behar dituztela, baita arlo soziala, ingurumenekoa eta teknologikoa ere.

Xi Jinping presidentea pantaila erraldoi batean Txinako Alderdi Komunistaren 100. urteurreneko ekitaldietako batean. Argazkia: Reuters

Zenbat denbora aurreikusten dute aldaketa gauzatzeko?
30 urteko prozesua da. Plangintza horri esker, Txinak aldaketa handirik gabe lor ditzake helburu horiek. Plan bat dute 2035erako eta beste bat 2049-50erako, modernizazioaren helburu historikoa lortzeko. Esparru ekonomikoan ez ezik, sistema politikoan ere zenbait aldaketa ekarriko du.

Baina hemen funtsezko gaia garapen ereduaren aldaketa da. Horretarako kalitate handiagoa duen garapena lortu behar dute, eta horrek askotan hazkundea moteltzea eskatzen du. Askotan esan izan dugu: “Txina jada ez da %10 edo %9 hazten ari, orain %4 edo %6an ari da, eta horrek esan nahi du Txinako ekonomia krisian dagoela”. Ba, ez du zertan. Erreiz aldatu behar duzunean, abiadura murriztu behar duzu, bidetik ateratzeko arriskurik nahi ez baduzu. Txinan, askotan, hazkunde erritmoa moteltzea planteatzen da, segurtasun handiagorekin eredua aldatzeko.

Txinak munduan zehar hedatu nahi du, eta horretarako erabiltzen ditu merkataritza –Zetaren Bide berria–, atzerriko inbertsioak edota finantzak –herrialdeen zorra erostea–. Hala ere, ez du inolako base militarrik bere mugetatik kanpo.
Tira, bat badu, Djibutikoa. Baina nagusiki logistikoa da, ez base militarra.

Txinak badaki bere egonkortasuna eta garapena ezin direla egiaztatu munduko gainerako herrialdeetatik kanpo, baizik eta gainerako herrialdeekin komertzializatu, garatu eta trukatu behar duela. Gaur egun 120 ekonomia baino gehiagoren lehen bazkide komertziala da. Kanpo politikan gai funtsezkoena ekonomia da, horregatik Zetaren Bidearen garrantzia eta abar. Luzera begira Txinak badaki ordena globalean lekua ezarriko duena botere ekonomikoa izango dela, ez botere militarra. Ekonomia hondatuta baduzu, ezin duzu armada mantendu. Baina, bestalde, Txinak oraindik asko du egiteko.

Zer esan nahi duzu?
Txina munduko bigarren ekonomia da. Termino absolutuetan lehena izan daiteke bospasei urte barru, baina hala ere, Txinari ibilbide luzea egitea falta zaio. Per capita BPG 10.000 dolar pasatxo da; AEBetakoa 60.000 dolar. Gobernuaren helburua da hamabost urte barru per capita BPG 30.000ra igotzea, hau da, gaur egun AEBek dutenaren erdira. Txinan 600 milioi pertsonak baino gehiagok –AEBetako biztanleriaren bikoitza– 1.000 yuaneko diru-sarrera du hilean: 150 euro baino gutxiago.

Txinari asko falta zaio gizarte egonkor eta oparoa izateko, zeinean azken 30-40 urteetan sortutako aberastasun horrek, zirimiria bailitzan, herritar guztiak benetan bustiko dituen. Txinan desberdintasun handia dago. Duela 20 urte, biztanleriaren %1ak aberastasunaren %20 zuen; gaur egun, %1 hori aberastasunaren %30ren jabe da. 1978an, Giniren koefizientea 0,16koa zen; gaur egun, 0,46-0,47koa da. Gainera, oparotasun partekatuaren diskurtsoa gorabehera, gorantz egin du.

Hain dira handiak Txinak dituen erronkak, ezen kudeaketa publikoaren zati handi bat barnera bideratu behar duen, eta ez kanpora. “Txina potentzia hegemonikoa da, mundua menderatu eta konkistatuko duena", entzuten da sarri. Nire ustez, hori ez da Txinaren asmoa, ezta gutxiago ere. Ez dakigu etorkizunean hori horrela izango den, baina datozen 30 urteetan Txinaren barne agenda oso garrantzitsua izango da, eta bere arretaren zati handi bat barne-zeregin horietara bideratuko du, nahiz eta nazioartean duen pisua handituko den.

Eskalak aldatu egiten dira, baina Txinaren asmoa da 2035erako 800-1.000 milioi pertsonak osatzea klase ertaintzat joko genukeena. Klase ertainik ez badago, ez dago kontsumorik. AEBekin, Europarekin edo Japoniarekin merkataritza gerra batean murgilduta bazaude, kontsumoa erortzen bada eta alternatibarik ez baduzu, ba…

Barne merkatuaren zeregina oso garrantzitsua da, biztanleria oso handia baita Txinan. Hilean 1.000 yuan kobratzen dituzten 600 milioi pertsona horiek beren diru sarreren maila handituko balute, AEBetako biztanleriaren bikoitza bat-batean merkatura gehitzea bezalakoa izango litzateke.

Argazkia: Reuters

Nolakoa da langileen antolaketa Txinan? Zer eginkizun dute sindikatuek?
Funtsezko egitura bat dago: Txinako Sindikatuen Federazio Nazionala. 300 milioi langile inguru biltzen ditu, sektore publikokoak zein pribatukoak. Sindikatuen zeregina edozein gizarte sozialistatan dutenen antzekoa da: langile klasea kokatzea, politika ofizialak eta alderdiak esparru horretan dituen politikak bideragarri egiteko.

Lan gatazkak daudenean kasu gehienetan sindikatuen zeregina bigarren mailakoa da. Sindikatua langileei zerbitzuak ematen dizkien ministerio moduko bat da. Gatazkak daudenean langileek gehienetan bi modutara kudeatzen dituzte. Batetik, langileak sindikatu ofizialetatik kanpo antolatzen dira. Bestetik, Gobernuz Kanpoko Erakunde gisa diharduten zerbitzu plataformen edo langileei euren aldarrikapenak kudeatzen laguntzen dieten lan-aholkularitzen bidez antolatzen dira. Erakunde sindikal ofizialen zeregina nahiko mugatua da. Bere pisu politikoa ere txikitu egin da.

Gaur egun, gatazkak saihestea da sindikatuen zeregina. Horretarako lantegietan eta enpresetan prebentzio-lana egiten dute. Gatazka sortzen denean horiek leuntzen saiatzen dira, eta batzuetan enpresen alde egin dezakete. Horregatik sindikatuek errekonozimendua galdu dute langile-klasearen aurrean. Langileen auto-erakunde puntualek edo egitura ofizialetatik kanpoko lan-aholkularitzek protagonismoa irabazi dute. Auto-antolaketak eta aholkularitzek ekintza sindikal ofizialak utzitako hutsunea bete dute gatazketan.

Gaur egun Txinaren erronkarik handiena desberdintasunaren aurkako borroka al da?
Desberdintasunak arazo handienetako bat dira, eta, agian, arlo horretan gobernuaren jarduna apalagoa izan da. Herrialdeak ezarritako hiru erronka handietatik –teknologikoa, ingurumenekoa eta soziala–, lehen bi alorretan ekintza irmoa izan da, eta emaitzak nabariak eta oso azkarrak izan dira. Hala ere, gizarte arloan haren jarduera ez da hain sendoa izan, Hu Jintaoren garaitik erretorika handia eta konpromisoak hartu zituzten arren.

Horren guztiaren isla Giza Garapenaren Indizea (GGI) da. Txina munduko bigarren potentzia ekonomikoa da, baina GGIaren arabera, 189 herrialdetatik 85. postuan dago. 600 milioi pertsonak 150 euro baino gutxiagoko diru-sarrerak dituzte hilean. Horrek agerian uzten du oraindik asko dutela egiteko. 1.400 milioi biztanle dituen herrialdea da eta ezin da miraririk egin egun batetik bestera. Desberdintasunen eta arlo sozialaren auzia erronka garrantzitsuenetako bat da, eta egonkortasun politikoari ere eragin diezaioke.

Argazkia: Davide Cabaleiro

Nola egiten dio aurre Txinak klima aldaketaren erronkari?
Aldaketa nabarmena izan da. 1990eko hamarkadan ondorengoa zen politika: “Lehenik zikindu eta gero garbitu”. Txinan zioten bezala, “orain garrantzitsuena haztea eta garatzea da, eta alboko eta bigarren mailako kalteez aurrerago arduratuko gara”. Mende honetan jarrera nabarmen aldatu da. Lehenik eta behin, ingurumen erronkak eta horiek industria-, ingurumen- eta osasun-eremuan dituzten ondorioak kontuan hartuta kudeatzen dituzte barne politikak. Gaur egun arazo horri aurre egiteko konpromisoa dago, baita, jakina, nazioartean erantzukizun eta konpromiso handiagoak hartzeko beharra ere. Txinak klima aldaketari buruz duen ikuspegian bilakaera oso azkarra izan da, eta nahiko zorrotza.

Mendebaldean jende asko Txinako gorakadaren beldur da. Justifikatuta al dago?
Begi bistakoa da tentsioak egon badaudela, eta gainera azken urteotan areagotu egin direla. Arazoa ez da Txinaren garapena, arazoa da Txinak subiranotasun nazionalean duen enfasia. Mendebaldeari ez litzaioke axolako Txina herrialde garatua izatea, Japonia moduko bat, gaitasun ekonomiko eta industrial handikoa, baina politikoki nanoa dena eta AEBei edo Mendebalde liberalari nagusitasuna borrokatuko ez diena. Arazoa ez dago garapenean, subiranotasunean baizik. Txinak G-8arekin bat egingo balu edo Mendebaldeko ekonomia liberalek sustatzen dituzten ikuspegi berberak partekatuko balitu, ez litzateke tentsiorik izango. Arazoa da Txinak beste bide bati jarraitzen diola. Bide hori eremu politiko, ideologiko eta ekonomikoan ez da liberala, eta Mendebaldekoaz bestelako egitura eredu bat proposatzen du.

1945eko mundua ez da 2021ekoa. Txina oso aktore garrantzitsua da, baina horrek ez du islarik gobernantza globalean. Txinak Munduko Bankuan edo Nazioarteko Diru Funtsean bere dimentsioarekin bat datorren partaidetza kuota izatea eskatu duenean, Mendebaldeko herrialdeek oztopoak jarri dituzte beti.

Horrek ondorio garrantzitsuak izan ditzake datozen urteetan. Azken 500 urteetan munduko hegemonian izandako aldaketak nola gertatu diren aztertuz gero, kasu gehienetan indarkeriaren bitartez etorri dira. Auqus, Cuad eta Txinaren inguruan planteatzen ari diren egitura militar horiek guztiek –arazoak handitzen ari dira Taiwanen, hegoaldeko Txinako Itsasoan edo Japoniako ekialdeko itsasoan…– eragin dezaketen egoeraz ez genuke arinkeriaz jokatu beharko.

Arrazoi gehiago ala gutxiagorekin, ohikoa da Mendebaldeak Txinari aurpegiratzea giza eskubideen inguruan dituen gabeziak. Nola bizi du Txinak kritika hori?
Txinan, jakina, oso gabezia argiak daude giza eskubideen arloan. Herrialde barruan, ordea, gaia ez dago lehentasunen zerrendaren buruan: lehentasun nagusia bizi-maila hobetzea da oraindik, eta, beraz, Txinako gizartean sistema politikoaren egiturazko aldaketak planteatzen dituzten sektoreek eragin txikia dute politikaren egiazko bilakaeran.

Horrek ez du esan nahi X urte barru egoera hori aldatuko ez denik, eta behin arlo sozial eta ekonomikoan hobekuntzak gertatzen direnean, beste eskaera mota batzuk planteatuko ez direnik.


ASTEKARIA
2022ko otsailaren 06a
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Txina
Yuk Hui. Zenbat buru, hainbat teknologia
"Ez dut uste mundu bidezkoagorik lortuko dugunik datu gehiago bilduz"

Pasa den urtarrilean, Yuk Hui filosofoak hitzaldi bat eskaini zuen –solasaldi bat, hobeto esanda– Donostiako Tabakaleran. Azken urteotan oihartzun handia izan du haren lanak, eta goraino bete zen aretoa. Besteak beste, monoteknologismoaren pentsamendu-ildoa kritikatu... [+]


Eguneraketa berriak daude