“Gasteiz Belarriprest hiria bihurtu behar genuke”

  • Ikasle garaian bere ibilbide profesionala ingeniaritzara bideratzeko asmoa zuen arren, beste aukera batzuk bidean agertu, eta euskarari lotutako ibilbide esanguratsua egin du ordutik Alex Vadillok. AEKn 15 bat urtez, lehenik, eta Gasteizko Udaleko Euskara Zerbitzuan beste 18 urtez, oraingoz, aritu ostean, esperientziatik mintzo da euskara teknikaria Arabako hiriburuaren bilakaeraz, administraziotik egiten den lanaz eta euskararen biziberritzeaz.

Argazkia: DosPorDos

Gasteizko Udalean urte dezente daramazu. Nola heldu zinen? Zein ziren zure egitekoak orduan? Eta nola aldatu dira?
Ingeniaritza ikasten ari nintzen bitartean hurbildu nintzen euskararen ingurura, unibertsitatean kultur ekintzak antolatzen zituzten zenbait talderen bidez. Karrera bukatzean, nire arloan lana bilatzen ari nintzen bitartean, AEKn zebilen lagun batek komentatu zidan zerbait atera arte klase batzuk emateko aukera nuela. Horrela hasi eta konturatu orduko hamabost urte eman nituen bertan. Horren ostean ingeniaritzara bueltatzea ezinezkoa zen. Euskara Zerbitzura pasatu nintzen. Bertan hasi nintzen orain dela hemezortzi urte. Bertigo pixka bat ematen dit orain, atzo goizean izan zela iruditzen baitzait.

Garai hartan udaletan plan estrategikoak martxan jartzen ari ziren, Euskara Biziberritzeko Plan Nagusiaren ildotik. Horretara sartu nintzen. Hiru belaunaldi egon dira euskara zerbitzuetan. Lehenengoari gauzak arautzea tokatu zitzaion: ordenantzak, zerbitzuak, itzulpengintza, euskara ikasteko ikastaroak, dirulaguntzak… Antolaketa mailako kontuak gehienak. Gu sartu ginenean topatu genuen Euskara Zerbitzuan langileak euskalduntzeari oso lotuta zeuden; euskara ikastaroak ematen zituzten (gurasoentzat batez ere), baina euskara kalean sustatzeko dirulaguntzak ere bazeuden.

Iritsi ginenean, enkargua izan zen: “euskalgintzako eragileekin bildu behar zarete eta 4-5 urterako plan estrategikoa egin behar duzue”. Garai horretan Kontseilua ere bere plan estrategikoa egiten ari zen. Orduan ikasi genuen zer zen AMIA bat eta ordutik AMIAk leku guztietan agertu zaizkigu.

Denborarekin konturatzen zara plan estrategiko batetik bestera helburuak errepikatzen direla, berrikuntzak behar direla eta berrikuntzak beste nonbaitetik helduko direla. Gakoa da gizartearen dinamizazioa nola egin, gizarte dinamika nola sortu… Alde horretatik gobernantzaren ideia oso indartsua da. Guk bizi izan duguna trantsito edo trantsizio bat izan da horrantz.

Urte hauetan aldaketa politikoak izan dira udalean. Alde handia al dago udal-gobernu batetik bestera? Nolakoak dira gobernu aldaketa une horiek?
Trantsizio guztietan geldialdi txiki bat gertatzen da. Gobernuan dagoen alderdia ere aldatzen denean, badauka eragina; ez dugu gezurrik esango. Alderdi bakoitzak lan egin behar duzun markoa jartzen dizu, baina desmitifikatu egin behar da. Gobernuko alderdiaren eragina hor da, baina baita ardura duen zinegotziarena: zein borondate duen, zein joko ematen duen teknikariek lan egiteko… Garrantzitsua da ere ea euskara zerbitzuak bultzatzen duen ildoak zenbateko babesa duen gizartearen aldetik eta ea zenbateraino izan den adostua oposizioarekin. Gauza horiek guztiak ondo zaintzen badira, aldaketak nabaritu arren, erlatibizatu behar dira. Beti dago lan egiteko tartea.

Zenbaterainoko aukera du euskara zerbitzuak udaleko eta administrazioko beste ataletan eragiteko? Nolakoa da harremana gaur egun?
Zehar-lerrotasuna neurri batean hitz totema bihurtzen da. Batetik, badirudi dena izan behar dela zehar-lerro, departamentu guztietan hizkuntza politika egitea lortu behar dela. Baina bestetik, egia da politika publiko batzuk ezin direla gauzatu departamentu bakar batetik. Aniztasunaren gaiarekin ere horrela gertatzen da. Ez da inorena, baina guztiona da. Kontua ez da hizkuntza politika departamentu guztietan egitea. Departamentu batzuk bildu egin behar dira politika integralak egiteko eta horren barruan egon behar da hizkuntza politika. Eta hori konplikatua da. Bizi izan duguna da aurrerapausoak eta atzerapausoak tartekatzen direla etengabe. Zerikusi handia dute udalaren barruan josten diren harremanek.

"Garrantzitsua da ea euskara zerbitzuak bultzatzen duen ildoak zenbateko babesa duen gizartearen aldetik eta ea zenbateraino izan den adostua oposizioarekin"

Kanpotik begiratuta, duela hamarkada batzuk ez genuke Gasteiz euskararekin lotuko. Baina azken urteetan euskararen inguruko ekimenen eta proiektuen berri iristen zaigu bertatik. Zerbait aldatzen ari da?
Euskararen presentziari dagokionez, hainbat urtetan oso lan polita egin da. Neurri handi batean hezkuntzaren bidetik etorri da lan hori. Eta euskaltegien lana ere oso inportantea izan da. Geunden lekutik gauden lekura horrenbeste jende euskaldundu izana bi faktore horien eskutik heldu da. Gaur egun euskaraz ulertzeko gai diren herritarrak %49 inguru dira. Aldaketa handia egon da. Gazteei begiratzen badiegu, 35 urtetik beherakoen lautik hiru dira euskaraz ulertzeko gai. Bestelako dinamikak sortzeko gaitasuna eta aukera ematen du.

Euskaraldiaren bueltan, saiatu ginen azpimarratzen Gasteizen belarriprest rola zabaltzeak ireki ditzakeen ateak. Leku bat baldin badago potentzial hori duena, Gasteiz da. “Belarriprest hiria” bihurtu behar genuke. Horrek aukera emango luke euskararen erabilera asko handitzeko.

Euskalgintzaren presentzia handia da. Hasiera batean eskolekin batera euskaltegiak izan ziren euskalgintzaren motorea. Horren ondoren euskara elkarteak, Kontseilua, Euskal Herrian Euskaraz eta bestelako erakundeak sortu ziren eta euskalgintza sendoa osatu zuten. Bidean krisiak eta gorabeherak izan dira, baina orokorrean dinamika indartsua eduki du.

Ikuspegi kuantitatibotik Gasteizek bere burua nola euskaldundu duen ikusgarria da eta oso zaila da horrelako beste kasu bat aurkitzea Europan eta munduan. Baina horrek badauka beste buelta bat. Gasteizko euskaldunak gazteak dira, askok eskolan ikasi dute euskara eta seguraski erraztasun handiagoa dute gaztelaniaz egiteko. Eta ikuspegi kualitatibotik antzematen dira ahultasun batzuk kontuan hartu beharrekoak. Gaur egungo errealitatea lehenagokoa baino hobea da, baina kontuz, ezin gara triunfalistak izan. Hemen zeregin handia dago.

"Hizkuntza aniztasuna islatzea ona da euskararentzat, hizkuntzekiko interesa, errespetua eta ardura zabaltzeko balio duelako"

Eskolan euskaldundutako gazte horiei dagokienez, gako berezirik ikusten duzu?
Espazioak eta harreman sareak dira gakoak. Euskaraz funtzionatzen dutenak eta gustagarriak. Gauza batzuk egin ditzakegu, baina haiek egin behar dituzte arrakastatsu izango badira. Era berean, kontzientzia sortzeko oinarri batzuk jarri behar ditugu. "Hemen gaude eta honek alde batera edo bestera jo dezake zuek hartzen dituzuen erabakien arabera. Jakizue nondik gatozen eta non gauden eta horren arabera erabaki".

Gaur egun gazteekin gauza batzuk euskara hutsez egin daitezke. Aipatu dugu, 35 urtetik behera lautik hiruk ulertzen dute eta adinean behera joanez gero, %90era ere iritsi gaitezke.

Osasuntsu ikusten duzu euskararen aldeko mugimendua hirian?
Hezkuntza askotan ez da euskalgintzaren parte gisa ikusi, baina hor mugimendu polita dago: ikasleen euskara batzordeak, Ulibarri programaz arduratzen diren teknikariak, guraso elkarteak… GEU elkartearekin batera, auzoetako euskara elkarteak sortzen hasi dira. Eta gero, nabarmendu behar da bete-betean euskalgintza bezala ulertzen ez dugun hori, bestelako helburuen artean euskararena ere lantzen duten elkarteak. Eta hori saretzeko orain eman behar ditugu urratsak. Era zabalean euskalgintza bezala ulertu daitekeena Gasteizen saretzeko. Topagunea ari da horretan eta Udala ere bai. Badago zeregina. Beti egon da saretzea eta konexioa, baina badago lana oraindik.

Alea aldizkaria da beste fenomeno interesgarri bat. Hamar urte inguru dira martxan dagoela. Geu aldizkariak utzitako hutsunea bete zuen eta gaur egun funtsezko papera betetzen du Araban eta Gasteizen.

Nola heldu behar genioke hizkuntza-aniztasunaren gaiari?
Jatorri eta hizkuntza aniztasuna asko handitu da Gasteizen azken urteetan eta gaiarekiko kezka agertu da. Carme Junyenten aipu bat atera izan dugu gai honetaz mintzatzean: “Elebitasun testuinguruan hizkuntza txikiak galtzeko aukera guztiak ditu; agian hizkuntza aniztasun egoera batean aurrera egiteko aukera gehiago du”. Ez digu kalte egiten. Kontrakoa, ona da euskararentzat aniztasun hori islatzea, hizkuntzekiko interesa, errespetua eta ardura zabaltzeko balio duelako.

"Hau aldatzeko modu bakarra bada jende aktibo kritiko multzo handi bat izatea, nola egiten duzu hori lortzeko?"

Hiriek paper berezitua dute euskararen biziberritzean?
Esan izan da hirietan jokatzen dela euskararen biziberritzea. Kopuru aldetik jendea bertan biltzen da eta gehiago biltzen ari da. Harreman sareak konplexuagoak dira eta zerbitzuak bertan pilatzen dira. Hirien konplexutasun hori ikusita, euskalgintzaren izaera handitzeko apustua egin behar genuke. Euskararen inguruan espreski lan egiten duten taldeez aparte, arlo guztietatik euskararen biziberritzea indartuko duten lidergo berriak bultzatu behar genituzke. Merkataritzaren eremuan, lantegietan, aisialdian edo beste edozeinetan euskararen aldeko paper aktiboa izatea sektoreko eragileek. Euskalgintzan periferikotzat joko genituzkeen talde horiek hirian zentrotik gertuago kokatu behar genituzke, lehen aipatutako harremanen konplexutasun hori kontuan hartuta.

Tokiko markotik harago, hizkuntza politikaren gobernantza modu partekatuan egiteko aukera zabaltzen ari da?
Neurri batean gertatzen ari da. Pauso batzuk ematen ari dira. Horrek ez du esan nahi tirabirarik eta gorabeherarik egongo ez denik. Ikuspegi desberdinak dituen jendea elkarrekin lanean jartzen denean tirabirak sortuko dira, kontraesanak sortuko dira eta desadostasunak sortuko dira. Kontua da hori nola kudeatzen den. Adostutako gutxieneko batzuen inguruan lan egin behar da, jakinda kritikak eta desadostasunak sortuko direla eta hori onartu behar dela. Egiten ari da, baina gehiago egin beharko da, zalantzarik gabe.

Hizkuntza politikari dagokionez, norantz ari da mugitzen gizartea: adostasunak handitzerantz ala desadostasunerantz?
Gizartean galdera batzuk ez dira egin. Nolako gizartea nahi dugun zehaztasunez definitzen hasten bagara, desadostasunak azaleratuko dira. Baina gaur egungo egoera diagnostikatzen eta norabide bat erabakitzen saiatzen bagara, seguruenik adostasunerako aukera gehiago izango dugu.

Soziolinguistika ikerketak eta garapen teorikoak jarraitzen dituzu. Nabarmenduko zenuke arreta jarri beharreko korronte edo ideiarik?
Jakin-minetik jarraitzen ditut horrelakoak. Euskara biziberritzearen inguruko teoria gizarte eraldaketarako teoria izango da ezinbestean. Hizkuntza biziberritzea eraldaketa soziala da. Gaur egun ateratzen diren ikerketek eta lanek lotura horri begiratzen diote. Soziologiarekin lotuta, berrikuntza sozialarekin eta baita administrazio publikoaren teoriarekin ere. Hori guztia kontuan eduki behar da, euskararen biziberritzean eragina duelako.

Duela urte batzuk uste genuen gaiaren inguruan argitaratzen zen guztia irakurri genezakeela. Gaur egun ezinezkoa da. Zorabiatzekoa da dagoen dinamika guztia jarraitzen saiatzea.

Aktibazioaren inguruan egiten ari diren lanak oso interesgarriak egiten zaizkit. Hau aldatzeko modu bakarra bada jende aktibo kritiko multzo handi bat izatea, nola egiten duzu hori lortzeko? Hor badago gako bat.

Politika publikoak eta gizarte aktibismoa modu arrakastatsuan konektatzeko eredurik ezagutzen duzu?
Ekologismoarekin adibidez badago paralelismo bat. Badago kezka bat administrazio publikoan, urte asko daraman aktibismo bat, gaia gero eta serioago hartzen duen arlo akademiko bat… Arazoak ere antzekoak dira: erritmoen inguruko desadostasunak, hartu beharreko neurrien ingurukoak… Eta zer egin beharko litzatekeen jakinda ere erabakiak hartzeko ezintasuna. Paralelismoa ikusten dut, baina ez dakit hortik asko ikasi dezakegun.

Feminismotik ere, aktibazioaren inguruan, asko dugu ikasteko. Topiko bat bihurtzen ari da hau esatea, baina azken urteetan errepaso bat eman dute eta badugu zer ikasia. Azken urteetan feminismoaren eta euskalgintzaren arteko loturaz hainbat saio eta hitzaldiren berri izan dugu, baina duela gutxi Gorbeialdean feminismoari eta euskalgintzari ekologiaren hirugarren hanka sartu zioten eta gauza interesgarriak atera ziren. Horri begiratu behar zaio, bai.

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Euskara
2024-10-02 | Leire Ibar
Baxoan ahozko proba euskaraz egiteko eskubidea bermatu zuten irakasleak, ikerketapean

Uda aurretik, irakasle talde batek ekimen bat jarri zuen martxan ikasleek proba euskaraz erantzun ahal izateko. Kazetak adierazi duenaren arabera, orain gertatutakoa ikertzeko prozesua zabalik dago.

 


2024-10-01 | Leire Ibar
Aldatu Gidoiak salatu du ETBk gaztelerari lehentasuna eman diola berriro ere

Mugimenduak mahai gainean jarri du euskarazko edukiak sustatzeko beharra, eta horren aurrean ETBk duen interes falta. Lehentasuna gaztelaniazko saioei ematea egotzi dio. ETB emozioen festa izan dadin, aldatu gidoia euskararen alde! lelopean, aldaketa eskatu dio telebista... [+]


Zaintza eta euskara: “Korapilo handia” askatzeko tresnak bilatzen

Euskalgintzaren Kontseiluak Zaintza eta euskara. Sareak eraikitzen jardunaldiak egin ditu irailaren 26an, Donostian. Idurre Eskisabelek, Kontseiluaren idazkari nagusiak, lehen hitzaldian adierazi du “urgentziazkoa” dela gaiari heltzea. Jardunaldien helburua ez da... [+]


Nafarroako Gobernuak administrazioan sartzeko euskara baloratzeko merezimenduen dekretua onartu du

Premiazko txostena eskatu dio Nafarroako Kontseiluari. Behin betiko onartzeko aurretiazko urratsa da, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak aurreko dekretuaren zati batzuk baliogabetu eta bost urtera.


Migratzaileei hizkuntza harrera egiteko jardunaldiak egingo dituzte Gasteizen

Urriaren 10 eta 11n Gasteizko Europa Jauregian egingo dira Euskalgintzaren Kontseiluak eta Eusko Jaurlaritzaren Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak lankidetzan urtero antolatzen dituzten jardunaldiak.


2024-09-26 | ARGIA
Realeko entrenatzaileak euskaraz jarraitu zuen, zenbait kazetari frantziar kexatu arren

Realeko futbol taldeko entrenatzaile Imanol Alguacilek, Nizan, Europako Ligako partiduaren aurretik eskainitako prentsaurrekoan euskarazko hedabideei euskaraz erantzuten ari zela, hainbat kazetariren kexa entzun behar izan du. Duela astebete antzeko egoera gertatu zen... [+]


Materialismo histerikoa
Ezin dute euskara ikasi

Ama da, Perukoa, eta ezingo luke euskara zerotik ikasten doan hasi, egunkarietan irakurri dugun moduan (gezurra zen): hemen agian bai, gurean udalak bermatzen duelako eskubide hori (Hernani). Etortzen bazait ikasturtea amaitutakoan (etorri zaizkidan moduan), alabarekin udan zer... [+]


Ekin eta jarrai

"Ekin eta jarrai" da Euskaltzaindiaren goiburua. Ez dakit Akademia zergatik ez zuten ilegalizatu, hiru berba horiek agertuta bere logotipoan. Gutxiagorekin egin dira salaketak-eta (adin batekook La orquesta Mondragón-en kasetearena gogoan dugu, Martxoaren 11ren... [+]


2024-09-25 | Bea Salaberri
Toponimoak ezabatzen

Euskal Herriko lekuen izenen frantsestearen arazoa ez da bakarrik seinale paneletan hizkuntza ez kontutan hartzearengatik izaten, duela zenbait urte hartu helbideratzeari buruzko erabaki baten gauzatzearen ondorioa ere bada.

Azal dezagun, administrazioko hainbat arlo... [+]


2024-09-25 | Aingeru Epaltza
Zenbatek?

"Zenbatek egingo du euskaraz 2075. urtean?”. Izenburu asaldagarria du Kike Amonarrizek prentsan berrikitan argitaratu duen artikuluak. Euskal Herrian baino lehenago, galdera halakotsua egin dute Katalunian. Joan M. Serraren L’ús parlat del català... [+]


2024-09-25 | ARGIA
Aiaraldea Komunikabideak Jaurlaritzari bitartekaritza eskatu dio, Amurrioko Udalarekiko gatazkan akordioa lortzeko

Amurrioko Udalak alde bakarrez dirulaguntza kendu zion eskualdeko euskarazko komunikabide bakarrari, eta ehunka herritarrek eta entitatek eskatu zioten dirulaguntza berrezartzeko. Aiaraldea Komunikabidea saiatu da udalarekin biltzen, baina udalak elkartzeari uko egin dionez,... [+]


2024-09-25 | ARGIA
Epaiketak euskaraz egin ahal izatea bermatu behar duela esan dio Europako Kontseiluak Espainiari

Justizian, osasungintzan eta gizarte zerbitzuetan euskara bermatu dadin, zerbitzu publikoak euskaraz jaso ahal izan daitezen, Nafarroako zonifikazioa amaitu dadin eta ETB3 Nafarroa osoan ikus dadin neurriak hartzeko eskatu dio Espainiako Gobernuari Europako Kontseiluko Adituen... [+]


Eguneraketa berriak daude