Komoretarren arteko giroa gaiztotuz doa Afrikako Mayotten, beste behin, etorkinak jomugan jarriz

  • Indiako ozeanoaren erdian dagoen Mayottera sartu nahian dabiltza milaka immigrante. Irla honek Frantziaren menpe izaten segitzen du, eta horrek esplikatzen du miseria eta duten guztia utzirik bertaratu nahia. Azken hogei urteetan 12.000 desagertu dira ozeanoaren zeharkaldian. Uhartera heldutakoek ordea, kanporaketa edota arrazakeria dute usu saritzat. Komoretarren arteko elkarbizitza ustelduz doa. Abenduaz geroztik eskuin-muturra dabil etorkinen laguntzen dabilen Cimade elkartearen egoitza blokeatzen –Pariseren partetik kezka izpirik eragin gabe–.

Le Penen bisita: Eskuin-muturrak badaki boto andana bildu dezakeela Mayotte irlan. Etorkinen kontrako joera gogortuz doa Frantziaren menpe segitzen duen Afrikako irla ttipi honetan. Argazkian, Cimade elkartea blokeatzen dabiltzanei Le Penek egin bisita, a

Parisetik 8.000 kilometrotara da Mayotte. Indiako ozeanoko irla ttipia, Frantziako itsasoz haraindiko departamendu eta eskualde estatutua duena, eta 1841ean kolonizatu zutenaz geroztik Frantziaren mende dagoena. 376 km2, Afrikako kontinentean kokaturikoak, Komoreetako artxipelagoaren barne. Miseria sozial handiko lurraldea, nahiz eta horri buruz ia sekulan ez den hitz egiten metropolian: %77 pobrezian bizi da –%14 direnean Frantzia metropolian–; langabezia tasa %30 da –%8 metropolian–; %29ak du ura etxean eskuragarri; erdibideko bizi maila 1.700 eurokoa delarik metropolian, 260 eurokoa da Mayotten; eta etxebizitzen %40 dira burdin xaflazko txabola prekarioak –63.100 zenbatzen dituzte, urtero %4,1 igotzen da kopurua–. Datu horiek INSEE Frantziako Estatistika Institutuarenak dira. Hau ere “Frantzia”, hegoalde globalean, Parisetik urrun dagoen “Frantzia”.

Miseria sozial eta ekonomikoa ez dute ordea denek berdin pairatzen. Zentzu horretan, txaboletako egoiliarren profila esanguratsua da. Hasteko, %65 dira etorkinak eta bertan bizi diren frantsesen artean ere soilik %10 da metropolian sorturikoa.

Ofizialki 290.000 biztanle dituen irlan %50 dira kanpotarrak, hauetarik %95 Komoreetakoak. Nola ez zaie erakargarria irudituko 67 kilometrotara duten “Frantzia” puska? Kwassa kwassa deitzen dituzte komoretarrez arrantza ontzi ttipiak –erran gabe doa hizkuntza hau ez dela ezagutua eta frantsesa dutela hizkuntza ofizial bakarra–, eta Kwassa kwassen drama berriz ontzi hauetan sartu eta Frantziara heldu nahian bizia galtzen dutenen errealitatea.

12.000 hildako hogei urtez

12.000 herritar ito dira azken hogei urteetan Mayotte eta artxipelagoko Anjuan irlaren arteko 67 kilometroetan. Ontzi ttipi hauek ez diote gaina hartzen ozeano horretako gorabeherei eta aspaldian da “etorkinen hilerri” gisa ezaguna gunea. Urek irentsitako gorpu hauen kontsiderazio eza deitoratzen du etorkinen laguntzen dabilen Cimade elkarteak: “Identifikatu gabeak dira gehienak. Alta, desagerturiko pertsona bakoitzaren gibelean daude ama bat, aita bat, bikote, ume, kusi edota lagunak, ziurgabetasunean eta dolua duintasunez bideratzeko ezintasunean daudenak”.

Bide seguruak garatzeko ordez, migrazioa oztopatzeari bideraturik ditu sos eta azpiegiturak Frantziak, maiz giza eskubideak urratuz gainera. Besteak beste, metropolian ez bezala, egonaldi baimenak ez die balio Frantziako Estatu osorako, ez eta Europan barrena bidaiatzeko; eta jus solis edo Frantzian sortutakoentzako frantses hiritartasunaren lorpena ere dute baldintzaturik, hau da, gogorturik. 136 lekuekin, erretentzio zentro handienetarikoa dute Mayotten, beste 90 leku gehitu behar zaizkiela epe laburreko atxiloketentzat. Frantziaren kanporaketen %60 bertatik bideraturikoak dira. Batezbesteko urtero 20.000 dira kanporatuak, usu asilo eskaera pausatzeko edo aztertzeko astirik ukan gabe. “Atxikipen denbora hain dute laburra non eta ez ditugun atxiloturiko guztiak ikusten; batezbesteko %20 ditugu laguntzen”, Solidarité Mayotte elkarteko zuzendariak dioenez.

Elkartasuna baino gehiago, zatiketa dute nagusi komoretarren artean, norberaren miseriaren erruduna bestean kausitzeko joeragatik: alde batetik, Mayotteko komoretarrak, frantsesak, pobreak, eta bestetik, inguruko irletako komoretarrak, frantses ez direnak eta oso pobreak. Giroa izugarri gaiztotuz doa, Pariserentzat interes gabekoa izaten segitzen badu ere.

Adibiderik esanguratsuenetarikoa abenduaren 13az geroztik Cimade elkartea blokeatzen dabiltzala eskuin-muturrekoak; hilabete bat baino gehiago dabiltzala elkarteko langile eta laguntzaileei bidea mozten, Frantziako Estatuaren inolako erreakziorik edota esku-hartzerik eragin gabe. Elkartea uhartetik kanporatua izatea galdetzen dute. Justiziaren aitzinera jo du Cimadek, egoera desblokeatu eta etorkinei laguntza duinki bideratzen berriz hasteko gisan.

Komoreetako artxipelagoaren balkanizazioa, Parisetik

Komoreetako artxipelagoaren baitan segitu beharrean, beste hiru irletatik (Komore Handia, Anjuan eta Moheli) bereizi zuen Mayotte Frantziak. Nazioarteko zuzenbideari segi, 1974ko abenduaren 22an lortu zuen independentzia artxipelagoak, burujabetzaren berreskuratzeak gehiengo handia eskuraturik. Mayotte izan zen independentziaren kontra egin zuen bakarra. Hori ikusiz, artxipelagoaren balkanizazioa burutu zuen Parisek, Indiako ozeanoan presente izaten segitu nahian. Hizkuntza, kultura eta erlijio berak eta historikoki harreman sakonak zituztenak zatitu zituen axolarik gabe. Alta, estatu independente gisa ezagutzen du Komoreetako Batasuna deitu artxipelagoa Nazio Batuen Erakundeak berak.

Haizeak eraman zuen garaiko itsasoz haraindiko departamendu eta lurraldeetako estatu-idazkari Olivier Stirnen printzipioa: “Galdeketa orokor bat egitearen alde agertu da Frantziako Gobernua, eta hori hiru arrazoiengatik. Lehenik, juridikoa, nazioarteko zuzenbideari segi koloniak zituen mugetan oinarritzen garelako; bigarrenik, ezin dugulako estatutu aniztasun bat ukan artxipelagoan; eta azkenik, komoretarren arteko zatiketarik ez duelako xede Frantziak”. Frantziaren menpe segitzeari buruzko bigarren erreferenduma antolatu zuten 1976an –aldi horretan soilik Mayotten– eta independentziaren kontra egin zuen gehiengo handiak.

Ustez Frantziaren baitan gelditzeak ekarriko zizkien onurak ez ziren agertu, eta egoerak okerrera ere egin zuen: “Ezin dugu gehiago Eldoradoz hitz egin; bolborategi bihurtu zaigu Mayotte, zartagailu orenduna, noraezean dagoen Titanic bat”, dio André Oraison juristak Zinfos 974 komunikabidean. Hori horrela, egunez-egun gaiztotuz doa komoretarren arteko elkarbizitza.
Mayotte izan zuen kanpaina-birako lehen geldiune Marine Le pen eskuin-muturreko hautagaiak abenduan. Cimade blokeatzen dabiltzanekin elkartu zen, entzun nahi zuten mezu arrazista helarazteko... botoen truk.


ASTEKARIA
2022ko urtarrilaren 30a
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Nazioartea
2024-04-28 | Axier Lopez
Droneen gerra
Ehizaren fantasia desegiten denean

Las Vegas hiri ezagunetik ordubetera Creech-eko aire-base militarra dago basamortuaren erdian. 1950eko hamarkadan, Gerra Hotzean, ia mila leherketa nuklear "esperimentalen" lekua izateagatik ospetsu egin zen. Creechen koordinatu dituzte azken 20 urteotan AEBek mundu... [+]


2024-04-28 | Axier Lopez
Turkiaren droneak, Kurdistanetik Tigray, Sahara eta Ukrainaraino

Droneen ekoizpena gorantza doan industria da, eta Turkia gerrarako droneen fabrikatzaile eta esportatzaile handienetakoa bihurtu da. Haien produktu izarra Bayraktar TB2 da. Modu autonomoan aireratu, lurreratu eta nabigatu dezakeen drone bat, baina giza operadore baten mende... [+]


2024-04-28 | Axier Lopez
Dronea, munduko botere harreman desorekatuen ikur eta eragile

Giza asmakizun oro lez, onena eta txarrena egiteko gai dira. Baina, tamalez, dronea, beste ezeren gainetik, Mendebaldeko potentzia kapitalistek munduaren gehiengoa menpean jartzen jarraitzeko tresna nagusietakoa da. Zirrikitu teknologikoetatik haratago, funtsezko pieza da bizi... [+]


Migrazio eta Asilo ituna: Europaren legatu kolonialista denon begien bistan

Europar Batasunean berriki onartu den Migrazio Itunak, asko zaildu dizkie gauzak euren herrialdetik ihesi doazen eta asiloa eskatzen duten pertsonei. Eskuin muturraren tesiak ogi tartean irentsita, migratzaileentzako kontrol neurri zorrotzagoak onartu dituzte Estrasburgon,... [+]


2024-04-28 | Axier Lopez
Droneen aita sionista

1950eko hamarkadan, AEBetako armada droneak erabiltzen hasi zen gatazka guneetan zaintza eta errekonozimendu misioetarako. 1994ko uztailaren 3an izan zen Predator dronearen lehen hegaldia, armatuta egon gabe. 1995eko uztailean, Predatorrek Balkanen gainetik egin zuen hegan... [+]


Eguneraketa berriak daude