Grezian 13 orduko lanaldia onartu dute

  • Gobernua zuzentzen duen alderdi kontserbadoreak egin zuen lege-proposamena, eta legebiltzarrean duten gehiengoaz baliatuta atera zuen aurrera iragan astean. Gobernuaren esanetan hamairu orduko lanaldia "aukerakoa" izango da, baina oposizio eta sindikatuetatik defendatu dute hautatzeko ahalmen hori ez dela erreala.


2025eko urriaren 20an - 10:45
Azken eguneraketa: 12:17
Kyriakos Mitsotakis Greziako lehen ministroa
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

Ongizate estatuaren eraiste neurtuaren urrats berria Greziatik iritsi da: lanaldia hamairu ordura luzatzeko lege-proiektua onartu zuen parlamentuak iragan ostegunean. Gobernua zuzentzen duen Demokrazia Berria alderdi kontserbadorearen aldeko bozkekin onetsi dute, ganberan duen gehiengo osoa baliatuta (300 diputatutik 156). Oposizioko alderdi guztiek aurka bozkatu dute, Syriza alderdi ezkertiarrak izan ezik. Azken alderdi horretako ordezkariak bozketatik erretiratu dira, euren bozkak “legea onartzeko balio ez dezan”. Gaineratu dute lege berria “munstro” bat dela.

Gobernuak defendatu du neurri berria ez dela derrigorrezkoa, aukerakoa dela, sektore pribatuari bakarrik eragiten diola, eta urtean gehienez 37 egunetan aplika daitekeela. Bozken aurreko eztabaidan, Niki Kerameos Lan ministroak defendatu du "enpresa-garapena" erraztuko duela, "enpresarik gabe ez delako lanposturik sortzen eta enpresarik gabe herrialde honek ez duelako inoiz garapenik izango". Gaineratu du lanaldiaren luzapena onartu duten arren, asteko gehieneko muga 48 ordukoa eta urtean 150 ordu estrakoa dela oraindik, eta, hamairu ordu lan egiteak % 40ko hobaria izango duela ordu estra bakoitzeko. Oposizioko alderdi nagusiak, Pasok alderdi sozialdemokratak,  lan eskubideen arloan "herrialdea XIX. mendera atzeraraztea" leporatu dio gobernuari.

Greba orokorrak eta kritikak

Mitsotakisen gobernua herrialdeko langileak itotzen ari da, merkatua “malgutzearen” aitzakipean. Esaterako, 2024ko uztailaz geroztik, industriako, txikizkako merkataritzako, nekazaritzako eta zenbait zerbitzutako langileak astean sei egunez lan egitera behartuta daude, ugazabak hala eskatzen badu. Zentzu horretan, lege proiektu berriaren kontra urriaren 1ean eta 14an greba orokorrak egin zituzten Grezian, sektore publiko eta pribatuko sindikatu nagusiek deituta: ADEDY eta GSEE. Gobernuari proiektua erretiratzea eskatzen zioten. Sindikatuek defendatzen dute “gezurra” dela lanaldiaren luzatzea aukerakoa denik, Greziako lan-merkatuan langileak ez duelako negoziatzeko ahalmenik.  Hainbat sindikatu eta eragilek azpimarratu dute langileek behar handiak dituztela eta, ondorioz, ugazabekin menpekotasun harreman izugarriak dituztela. Hamairu orduko lanaldiak "prekarietatea" hauspotuko duela salatu dute.

Greziako langileek Europako beste edozein herrialdetakoak baina lan ordu gehiago egiten dute: urtean 1.886 ordu baino gehiago, Eurostat Europako estatistika agentziaren arabera. Hala eta guztiz ere, erosahalmen txikiena duen bigarren herrialde europarra da, Bulgariaren atzetik.


Eguneraketa berriak daude