Afrika arpilatuaren zati txiki-txiki bat

  • Frantziako Estatuak Dahomeyko erresumari ostutako 26 artelan itzuli dizkio Beningo errepublikari. Baina hainbat kalkuluren arabera, Frantziako museoetan Saharaz azpiko Afrikako 88.000 artelan daude oraindik.

Dahomeyko jauregiko ateak, frantziar ejertzitoak XIX. mende amaieran lapurtuak eta berriki Beningo gobernuari itzuli dizkiotenak. (argazkia: Thierry Olivier eta Michel Urtado)

Gineako golkoa, 1892. Frantziar ejertzitoak Dahomeyko erresuma mendean hartu eta Abomey hiriburuko errege jauregia arpilatu zuen. Dahomeyko erresumak XVIII. mendean izan zuen garairik oparoena, Europako estatuekin merkataritza harremanak estutu zituztenean. Besteak beste, emakumez osatutako erregimentu batengatik zen ezaguna –atal honetan bertan 2019ko otsailean azaldu bezala–, baina egungo Beninen zegoen erresumak ez zuen aukerarik izan XIX. mende amaieran Frantziak eskualdeko kontrol zuzena zabaltzea erabaki eta konkista gerrari ekin zionean.

Joan den azaroaren 10ean Beningo Cotonou aireportuan hegazkin bat lurreratu zen, barruan 26 artelanez betetako kutxa bat zeramana: hiru estatua, Dahomeyko azken erregearen tronua, hainbat aldare eramangarri, dantzarako hiru makil, Abomeyko jauregiko lau ate… Pieza horiek Frantziako bilduma nazionalaren parte izan dira azken 130 urtetan eta Parisko Quai Branly museoan egon dira Afrika, Asia eta Ozeaniako beste milaka artelanekin batera. Frantziak itzultzea erabaki duen 26 artelanei harrera ofiziala egin zien Patrice Talon presidenteak, eta herritarrek festa giroan ospatu zuten frantziarren keinua.

Bénédicte Savoy arte historialariaren hitzetan, “lehenengo aldia da garai bateko herrialde kolonial batek, kasu honetan Frantziak, herrialde afrikar bati bere ondarearen zati garrantzitsu bat itzultzen diona”. Baina ekimena ez zen Frantziarena izan. Beningo errepublikako presidenteak aspaldiko erreklamazioa 2016. urtean egin zion ofizialki Françoise Hollanderi. Frantziak ezezkoa eman zuen orduan, piezak frantziar bildumen parte zirela eta legez ondarea ezin zela zatitu argudiatuz. 2017an Macron estatuburu izendatu zutenean, ordea, Abameyko jauregiko altxorrak itzultzeko konpromisoa adierazi zuen. Bénédicte Savoy eta Felwine Sarr historialariei txosten bat eskatu zitzaien, eta soilik Frantziako museoetan Saharaz azpiko Afrikako 88.000 artelan daudela ondorioztatu zuten. Legeak aldatu eta artelan arpilatuak pixkanaka itzultzeko protokoloa ezarri zuten orduan.

Txostenak agerian utzi du Abomeyko jauregiko altxorra icebergaren punta ñimiñoa besterik ez dela. Kolonialismoaren garai gorenean Saharaz azpiko Afrikako ondare kultural eta artistiko material ia gehiena –% 90, zenbaiten ustez– kontinentetik atera zuten, amarruak erabiliz edo zuzenean lapurtuz. Agerian utzi du, halaber, oraindik badirela lapurtutakoa itzultzearen aurkako ahotsak, artelanak Mendebaldeko potentzien museoei esker gorde direla eta jatorrizko lekuetan arriskuan egon litezkeela argudiatzen dutenak. Frantziako estatuak egin berri duen keinua ez dadila ospakizun paternalistetara mugatu, pentsamolde zaharkitu supremazistak gainditzeko balio dezala, eta geratzen den bide luzea arindu dezala.


ASTEKARIA
2021eko azaroaren 28a
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Denboraren makina
Sabbatai Zevi mesiasaren irakaspenak

Esmirna (Turkia), 1647. Sabbatai Zevi rabinoak (1626-1676) bere burua mesias izendatu zuen. Autoizendatze horrek ez zuen une horretan oihartzunik izan. 1651n Esmirnatik egotzi zuten eta hainbat urtetan Grezian, Trazian, Palestinan eta Egipton ibili zen, noraezean. Baina 1665an... [+]


Ötziren tatuaje modernoak

1991n Alpeetan Ötziren gorpua aurkitu zutenetik, egoera oso onean kontserbatutako 5.000 urteko arrastoak ikerketa asko egiteko erabili dituzte. Hasieratik arreta eman zuten azalean zeuzkan 61 tatuajeek. Adituek uste zuten tatuaje horiek azalean ebaki txikiak eginda eta,... [+]


Neolitoko piragua sofistikatuak

1992. eta 2006. urteen artean, Erromako Bracciano lakuko uretan, Neolito goiztiarreko La Marmotta aztarnategia industu zuten. Berriki, Plos One aldizkarian han aurkitutako bost piraguen inguruko ikerlana argitaratu dute. Ontziak 7.000-7.500 urte inguru dituztela ondorioztatu... [+]


Yale: prestigioa esklaboen truke

Killingworth (Connecticut, AEB), 1701. Collegiate School goi mailako ikasketa zentroa fundatu zuten. 1716an eskola berria New Havenera aldatu zuten eta handik bi urtera, 1718an, Yale izena hartu zuen gaur egun AEBetako eta munduko unibertsitate prestigiodunetakoa denak.

Urte... [+]


Nabigazioaren historiaren argazkia

2019an, Greziako Kasos uharteko uretan, ikerlan bat abiatu zuten Ikerketa Helenikoen Fundazio Nazionalak eta Greziako Kultura Ministerioak. Lanaren emaitza berriki jakinarazi dute: guztira, hainbat garaitako hamar ontzi-hondar aurkitu dituzte. Zaharrenak 5.000 urte inguru ditu... [+]


Eguneraketa berriak daude