Altzoko Handiaren itzulera

  • Azaroaren 20an dira 160 Altzoko Handiak agur esan ziola munduari, bere hezur handi eta guzti. Europako oholtza dirdiratsuetan itzulia egin zuen gizonkoteak sortetxean amaitu zuen umil, Altzo Azpiko Ipintza Haundi baserrian. Gero, bere oroimena ahozko istorio eta idatzizko aipamen laburretan galdu zen. Baina azken urteetan altzotarraren irudia lau haizetara zabaldu da berriz, zeluloidearen magiak, ikerketa berriek eta herritarren ekimenak hauspotuta. Migel Joakin Eleizegi diosala eginez itzuli zaigu, iaz aurkitu zituzten bere hezur handi eta guzti.

Altzoko herrian Migel Joakin Eleizegi Altzoko Handiaren bizitza kontatzeko eraiki berri duten interpretazio zentroan dagoen tamaina errealeko maketa. (Argazkia: Altzoko Udala)

Elizaren ondoko harmailak igota dagoen hilerrian lurperatu ninduten ni”, halaxe leitu dezake Altzora hurbildutako turistak, herrian barrena paratutako paneletako batean. 1861eko azaroaren 20an hil zen Migel Joakin Eleizegi Ateaga, Altzoko Handia, Euskal Herrian –eta seguruenik Europako beste lur askotan– inoiz ikusi den pertsonarik handiena. Akromegaliaren ondorioz 2,42 cm luze neurtu zuen, Altzo Azpiko San Salbador eliz atarian grabaturiko azken marrak adierazten duenez, eta bere hezurrek 17 arroako (203 kilo) pisua jasan behar izan zuten, handien zen unean.

Gure Haundie –hala deitzen diote Altzon– erraldoitasunak sorturiko gaitzek jota hil zen, seguruenik haren bihotz koskorrak edo birikek amore eman zutelako; baina aurretik testamentua egin eta 500 meza utzi zituen ordainduta. Heriotzaren hurrengo egunean, hiletak egin eta bere gorputza Ipintza Haundi baserritik kanposantuko senideen hilobira eraman zuten.   

“Orain ez nago. Galdu nituen handikeriak, galdu nituen mamiak eta galdu nituen eskuak eta nire puska denak”. Urte askoan pentsatu izan da Altzoko Handiaren hezurrak lapurtu egin zituztela, salduak izan zirela, atzerriko museoren batean edukiko zutela gizajoa ezkutaturik. Haren memoria profanatu duen kondaira bat baino ez zen. 2020ko abuztuaren 14an San Salbadorreko hezurtegian aurkitu zuten Aranzadiko arkeologoek Migel Joakin, edo bere puskak.

Altzoko Handiaren ibilbiderako paratutako karteletako bat, Koldo Izagirreren testuekin, Juanito Lopek 1968an egin erliebearen ondoan (argazkia: Luis ángel Sánchez / Altzoko Handia)

Altzoko Handiaren inguruan azken urteetan sortu den ikusmina gehiago harrotu du aurkikuntza horrek, bere bizimodu tragikoarekin bat egiten zuen amaiera misteriotsua, nolabait argitu delako. Bizirik zela, mundu osoan sona izan zuen Eleizegi euskal jiganteak, baina hezurrekin batera desagertu zen interesa, modernitateak behar zituelako beste erronka batzuk ontzeko, beste munstro batzuk harritzeko. Mende eta erdian apenas aipamen batzuk liburu zaharretan, edo harrizko erlieberen bat haurrek euren oin txikiak handiaren abarketan galtzeko, sortetxe ondoan dagoena bezalakoa, Juanito Lopek 1968an egina. Baina orain, berriz sortu da grina.

Oholtzetatik, plazara eta pantaila handira

2010eko hamarkadarekin heldu zitzaion herritarren artera itzultzeko unea Ipintzakoari. Urte hartan Topic Tolosako Nazioarteko Txotxongilo Zentroak ekoitzitako Altzoko Handia, txikien opera estreinatu zuten Altzoko Udaletxean. David Azurza altzotar musikagileak zuzendua eta Koldo Izagirre idazlearekin batera egina, Euskal Herrian ez ezik, Mexiko eta beste hainbat tokitan ere eskaini dute obra geroztik. “Nolakoa da mundua?” galdetzen diote haurrentzako operan itsasoz bestalde ibilitako auzotar kankailuari, “ederra da bere itsusian”.

Gero, Altzoko Handiaren bizitza oinarri hartuta, filma egiteko asmoari ekin zioten Jon Garañok eta Aitor Arregik, eta 2017an pantailaratutako Handia fikziozko luzemetraiak beste dimentsio bat eman dio pertsonaiari, ez bakarrik kanpoan, baita etxean ere. Altzon, adibidez, pelikulak akuilatuta herrira iritsitako turistentzako harrera gune bat eta interpretazio zentro bat egin dute. Eta horren aurretik, ibilbide bat ere atondu dute hainbat panelen bidez, pertsonaia gehientsuen ikertu duen Izagirreren testuekin eta Juanba Berasategiren artelanarekin: “Eserita norainokoa, elizako atarian daukazu seinalea”, dio paneletako batean. Ibilbideak Imazen pagoraino darama ibiltaria; Manuel Antonio Imaz bertsolari ezagunak landatu eta mimoz zaindutako pago motzak 200 urte, 22 metro garai eta 30 metroko adaburua du: “Hi luzea haiz, baina hau luzea eta zabala izango duk!”, esan omen zion Migel Joakini.

Altzoko Handiaren marrazkia, Juanba Berasategi zinema-zuzendari eta irudigileak hil aurretik moldatua, Altzon zabaldutako ibilbidea ilustratzeko (irudia: Altzo.eus)

Imazek ez zion bertsorik jarri Altzoko Handiari. Egia esan, ez bertsotan, ez kantuetan, ez literaturan, ezta folklorean ere ageri zaigu kasik ezer berari buruz. Oraingo loraldian berriz, sorkuntzarako inspirazio iturri bilakatu zaigu, eta egin dira herri-antzerkiak, bertso-kontakizunak, ipuin-ilustratuak, bisita gidatuak… Liburu historiko bat ere publikatu du Gipuzkoako Aldundiak 2019an: Altzoko Handia. Euskaldun mitiko bat (nahiz guztiz erreala) XIX. mendeko Europan. Luis Ángel Sánchez Gómez Madrilgo Complutense Unibertsitateko Historia doktoreak egina, Altzoko Handiaz zabaldu ziren hainbat topiko desmuntatu nahi izan ditu ikerlanean, eta datu berriak eman. Izan ere, gezurra badirudi ere, 160 urte geroago oraindik ezezaguna zitzaigun Migel Joakin Eleizegiren historia.

Altzotik Tolosara, Tolosatik mundura

1818ko uztailaren 10ean jaioa, Altzoko baserritar familia zabal bateko hamar anai-arrebatan seigarrena zen Migel Joakin. Hamar urte baino ez zituela, ama Maria Antonia Ateaga hil egin zen, hamargarrena erditu eta bost egunera. Erlijioak menperatutako herri txiki batean eman zituen nerabezaroko urte haiek gure protagonistak, 1813an Wellington eta enparauek eragindako triskantzen oihartzuna oraindik iristen zela hirietatik.

Dirudienez 18-20 urte egin arte Migel Joakinen tamainak ez zuen arretarik sortu, baina akromegalia ekarri zion gaixotasunen bat izan zuen, antza, eta hortik aurrera etenik gabe hasi zen hazten eta hazten. Herrian natural ikusten zuten auzotarraren handitasuna, titiko-umea zenetik ezagutzen baitzuten; baina saskiak edo tipulak saltzera Tolosako feriara jaisten zenean, kalean harridura pizten zuen bere garaieragatik. Gorputza, gainera, ongi “proportzionatua” zuen mutil bizargabe hark, gigantismoa jasaten zuten beste pertsona askok ez bezala, eta horrek harridura handiagoa sorrarazten zuen. Sánchez Gómezek dioenez, prentsan lehen aipamena Madrilgo El Corresponsal egunkariak egin zion 1843an, 25 urte zituela, eta ordurako 2,09 metro neurtzen omen zuen.

Ipintza Haundi baserria, Migel Joakin Eleizegiren sortetxea eta hil zen lekua (argazkia: Mauro Saravia)

Garai hartan bi metrotik gorako gizasemea kalean aurkitzea ez zen batere normala, urteko egun gehienetan arto-irinez eta babarrunaz elikatutako jendartean. “Hiruk bezala jan eta lauk bezala edan, egiten omen nuen nik. Hala izango zen noski”, mintzo zaigu Migel Joakin, Ipintza Haundi ondoko paneletik.

Urte hartan kontratua sinatu zuen Lekunberriko Jose Antonio Arzadunek eta Tolosako nahiz Donostiako hainbat dirudunek osaturiko elkartearekin, bere gorputza Euskal Herrian eta hemendik kanpora erakusteko. Jende harrigarrien exhibizionismoa bogan zegoen negozioa zen XIX. mendeko espektakuluaren munduan; Phileas Taylor Barnum enpresariak, esaterako, arrakasta itzela izan zuen New Yorken showak egiteko museoarekin. Baldintzen artean, besteak beste Eleizegik eskatzen zuen igandetan mezetara joan ahal izatea, erretzeko tabakoa ordaintzea eta itsasora inoiz ez egin behar izatea.

Hilabete gutxiren buruan, baina, kontratua desegin eta bere kabuz hasi zen erakustaldiekin, aitak eta anaia nagusiak, Juan Martinek lagunduta. Hala, Madrilen ikusiko dugu lehenik, alokatutako koartoetan erreal baten truke bere burua agertaraziz –turkiar turbantea jantzita duela egingo diote lehen marrazkia aldizkari madrildar batentzat–, baita geroago Lisboa, Londres eta Pariseko hotel eta kafe sonatuetan ere; sekula ez zirkoan.

Argien hirian adibidez, Café Mulhousen sabaitik zintzilik zeuden gas lanparekin pizten zuen zigarroa. Batzuetan jeneralez jantziko da, bestetan erpurutxoen ondoan jarriko dute antzezten, Kolibri printze-printzesa ttipiak eskuetan dituela ere bai, edo ikusleak bere hankapetatik pasako ditu, berdin Le géant espagnol Eleiceigui, berdin Basque giant Mr. Eleicegui deiturapean. Bidaia horietan errege-erreginen aurrera ere eramango dute Altzo Azpiko mutila, hango elizako plaka zaharrak gogoratzen duen gisan: “Espainia ta Portugaleko erreginari eta Inglaterra eta Frantzia’ko erregeari ikusi erazia”.

Migel Joakin Eleizegi irudikatuz ezagutzen den lehen ilustrazioa, Madrilgo 'El Laberinto' hamaboskarian argitaratua.

Azkeneko bira handia Frantzian barrena egingo dute Migel Joakinek eta anaia Juan Martinek. 1855ean Flandriako mugaraino iritsiko dira, Saint Omer hirira. Etxetik mila kilometrora daude. Gero Ipintza Haundira itzuliko dira, dirutxo bat eginda, eta hor emango ditu Altzoko Handiak bere azken urteak, ikuskizunen mundutik aldenduta, prentsak jadanik géant euskaldunaren berririk ematen ez duela. Ordurako egina dauka testamentua, ordurako bere hezur handiek hitz egiten diote denboraren ihesaz. Hil ondoren historiara pasako da gure handia, baina zer dio historiak berari buruz?

Gizon jatun, elizkoi, umil, pobre…

“Alzo-azpiko herriak ere badu seme bat hemen ezarriko ditudanen aldetik ez bada ere txit oroigarria berez dituen dohainengatik; seme hau da Joakin de Eleizegi”. Hala idatzi zuen Juan Ignazio Iztueta historialari zaldibiarrak Altzoko Handiaz Gipuzkoako probintziaren kondaira-n, 1847an argitaraturiko lana, altzotarra oraindik oso ezagun ez zenean. Testu hori da liburu batean Eleizegiren inguruan idatzitako lehen erreferentzia, euskaraz. “Ez du aurkitu bat bakarrik alderatzekorik ez ezik galtzarbeaz gora igarotzen zaionik ere; hargatik legez eta bidez ipini diote Erraldoi Euskaldunaren izengaina”.

Ondoren Serapio Mujikak 1896an artikulu sakonago bat idatzi zuen Euskal-Erria aldizkarian, ahozko testigantzetan oinarritua. Eta geroztik han-hemenka aipatuko dute ikerlariek –1970eko hamarkadan Jesus Elosegik eta Aita Gandariasek lan bana kaleratuko dute esaterako–, baina Sánchez Gómezen esanetan, XIX. mendeko usteak errepikatu baino ez dituzte egingo: gizon jatun, elizkoi, umil eta pobrearen irudia gailenduko da.

Zer otu zitzaion Londresko museo hartan erakutsi ziotenean “hezur hutsean hantxe luze, handi” James Toller erraldoi ospetsua? Gauza bera egingo ote zuten berarekin? Baina ez. Ez zuten saldu beira artean hilezkortzeko, eta agian horregatik itzuli zen sorterrira, txiki jaio zen tokira eta normala zen garaira, behintzat heriotza duin bat izateko

Bere bizitzako azken urteetan pobre hil zela dioen opinioak, seguruenik badu zerikusirik hil baino lehenago, 1859an, Gipuzkoako Batzar Nagusietara bidalitako eskaerarekin: txakalaldiak jota, pentsio batekin laguntzeko eskatu zuen, “miseria egoeran eta lanari ekiteko ezintasunean” zegoela esanez. Ezezkoa jaso zuen. Sánchez Gómezek bere lanean hori gezurtatzen du ordea, eta dio Altzoko Handiaren egoera ekonomikoa ez zela inondik ere kaskarra. Batetik, aitak bi baserri jaso zituelako oinordetzan –XIX. mendeko Gipuzkoako familia gehienak maiztertzan bizi ziren bitartean–, bestetik artxiboetako dokumentuetan ikusten delako diru mordoxka irabazia zuela ikuskizunekin, senide eta ingurukoei maileguan emateraino, eta gurdi bat ere erosi ahal izan zuela bere bidaietarako, luxu bat garai haietan.     

Eta zer dakigu bere izaerari buruz? Umila eta lotsatia zela errepikatu izan digute, "fenomeno guztiak bezala, gazta gordetzeko kristalezko kanpaian esplotaturik" zutela, Pariseko Musée des Familles literatur aldizkariak esan moduan. Baina hemen ere, historialariak argi du ez zela erabilia izan: “Bizitza ibiltari horretan ez balu jarraitu nahi izan (...) seguru gaude amaiera puntua jarriko ziola. Baina ez zuen egin. Eta ez zuen egin dirua dezente irabazten zuelako, ahalegin berezirik egin gabe”.  Bere kabuz erabaki garrantzitsuak ere hartu zituela dio, hala nola hil baino egun batzuk lehenago testamentua aitaren mesederako aldatzea.

Ez dakiguna da nola sentitzen zen bere gorputz handi horren barruan, bere burua benetan “naturaren abortutzat” ote zuen, Isabel II.a Espainiako erreginari idatzi zion bezala. Zer pentsatu zuen bere eskuen molde brontzezkoak salgai ikusi zituenean Parisko Burtsako auzoko erakusleiho batean? Zer otu zitzaion Londresko museo hartan erakutsi ziotenean “hezur hutsean hantxe luze, handi” James Toller erraldoi ospetsua? Gauza bera egingo ote zuten berarekin? Baina ez. Ez zuten saldu beira artean hilezkortzeko, eta agian horregatik itzuli zen sorterrira, txiki jaio zen tokira eta normala zen garaira, behintzat heriotza duin bat izateko.

Hezurrak argitara

Migel Joakin Eleizegiren hezurren aurkikuntza ez zen izan ikerketa historiko edo txosten zientifiko baten emaitza, kafe baten bueltan izandako elkarrizketetatik Karlos Almorzak ateratako ondorioa baizik. Hala kontatu du Aranzadiko arkeologoak Ataria-n. Altzoko Handiaren hezurrak ostu egin zituztela zioen zurrumurru aski zabalduaz udaleko langileei galdetuta, “inork, inon eta inoiz ez zuela datu txikiena hori baieztatzeko”.

Eleizegiri buruz idatzi duten historialariek ere lapurretaren edo salmentaren teoria arbuiatu dute. Areago, Luis Ángel Sánchezek Gipuzkoako Aldundiarentzat idatzitako liburuan garbi esaten du: “Nire iritziz hondakinak lurpetik atera zituzten leinu etxearekin loturiko zendu berriei lekua uztearren (...)”.

Almorza Altzo Azpiko hilerrira gerturatu zenean, jabetu zen “erdi abandonatua” zegoela. Eleizegitarren hilobia eta hezurtegia lokalizatu zituen, eta horrela ekin zien 2020ko abuztuan indusketei. Hilobian bilatu ostean, hezurtegian aurkitu zuten Altzoko Handiaren hezurduraren zati handi bat, sorpresa handiz. “Hornoetan artrosi seinale mordo bat aurkitu dugu –azaldu zuen Lourdes Errasti Aranzadiko kideak– horrek esan nahi du gaitza oso aurreratua zuela eta min izugarria izango zuela bizitzan, horregatik kexatzen zen, horregatik bueltatu nahi zuen etxera”.

DNA probak egiteko laginak atera eta berriz hilobiratu zuten beti egon den tokian. Orduan, nondik nora datorkigu lapurretaren kontu hori? Almorzaren ustez  ziurrenik Altzoko Handiaren aita, Migel Antonio Eleizegi, izan zen hamaika urte geroago bera hiltzean, semearen hezurrak kaxatik atera eta hezurtegian uzteko agindu zuena, “gorpua lapurrengatik babesteko lekualdatu zuten, Altzo Azpiko hilerrian gera zedin, berak nahi izan zuen bezala”.

Goian Mauro Saravia argazkilariak hezurrak ateratzeko unean ateratako irudiak. Aranzadiko kideak lanean; Pako Etxeberria auzitegi-medikua, Migel Joakin Eleizegirena izan daitekeen besahezurra konparatzen, Jon Garaño eta Aitor Arregi Handia filmaren zuzendariak ondoan dituela; Altzoko Handiaren hezurduratik aurkituriko zatiak Altzo Azpiko hilerrian, bere irudia atzean dela.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Historia
Otziren tatuaje modernoak

1991n Alpeetan Ötziren gorpua aurkitu zutenetik, egoera oso onean kontserbatutako 5.000 urteko arrastoak ikerketa asko egiteko erabili dituzte. Hasieratik arreta eman zuten azalean zeuzkan 61 tatuajeek. Adituek uste zuten tatuaje horiek azalean ebaki txikiak eginda eta,... [+]


Sabbatai Zevi mesiasaren irakaspenak

Esmirna (Turkia), 1647. Sabbatai Zevi rabinoak (1626-1676) bere burua mesias izendatu zuen. Autoizendatze horrek ez zuen une horretan oihartzunik izan. 1651n Esmirnatik egotzi zuten eta hainbat urtetan Grezian, Trazian, Palestinan eta Egipton ibili zen, noraezean. Baina 1665an... [+]


Baskoien beste herrixka baten aztarnak aurkitu dituzte Nafarroan eta AHTren lanek suntsitu ditzaketela salatu dute

Muru Artederreta herrian, Murugain izeneko muinoan, Burdin Aroko herrixka baten horma agerian geratu da, AHTren lanentzako laginak hartzen ari zirela.  Bizilagunen hango elkarteak salatu du trenarentzako tunel baten ahoa eraikitzeak harresiaren zati bat suntsituko lukeela.


2024-04-17 | dantzan.eus
Dantzan babestu ziren Garaziko errefuxiatuen kolonian

Gerratik ihesi 1937ko ekainean Donibane Garazin Bilbo eta inguruetako 600 haur jaso zituzten. Hiriburuko Ziudadelan Eusko Jaurlaritzaren menpeko eskola kolonia bihurtu zuten, eta bi urtean 8-14 urteko 800 bat haur igaro ziren bertatik. Haurrekin 80 bat heldu ere iritsi ziren:... [+]


Eguneraketa berriak daude