Benahoaretik La Palmara

  • Gomera (Kanariar uharteak), 1433. Guillen Peraza Sevillan jaiotako konkistatzaile gaztelarra, hiru ontzi eta 500 gizonekin, La Palmara abiatu zen, uhartea konkistatzeko asmoz. Gaztelerazko toponimoa mende bat lehenago azaldu zen lehengoz idatzita, 1341eko  Niccoloso da Reccoren espedizioari buruzko testu batean. Izenaren jatorria ez dago garbi

Kanariar uharteetako 1811ko mapa. Ordurako guantxera ia desagertuta zegoen eta La Palma uharteak ere (ezkerrean) galdua zuen bere jatorrizko izena: Benahoare. (Irudia: Bory de St. Vinv¡cent)
Kanariar uharteetako 1811ko mapa. Ordurako guantxera ia desagertuta zegoen eta La Palma uharteak ere (ezkerrean) galdua zuen bere jatorrizko izena: Benahoare. (Irudia: Bory de St. Vinv¡cent)

Batzuek diote uharteko kanariar palmondoengatik jarri ziotela. Baina landare espezie hori ez zen bereziki ugaria uhartean. Horregatik, beste batzuek uste dute nabigatzaile mallorcarrek jarri ziotela izena, Palma hiriaren omenez, eta “La” artikulua erantsi ziotela nahasmenduak saihesteko –eta, itxuraz, ez zen nahikoa izan, azken egunotan nabarmendu baita askok oraindik arazoak dituztela, La Palma uhartea, Las Palmas probintzia eta Palma Mallorcakoa nahiz Las Palmas Kanaria Handikoa hiriak bereizteko–.

Baina artxipelagoaren mendebaldeko uharteak bazeukan lehenago beste izen bat, guantxerazkoa, awara aborigenek erabiltzen zutena: Benahoare, “nire lurra” edo “arbasoen tokia” modura itzuli izan dena. Eta beste hamarkada batzuetan izen hura erabiltzen jarraituko zuten, Perazaren saiakerak porrot egin baitzuen. 4.000 awara inguru bizi ziren orduan irlan, eta soilik oinarrizko armak –egurrezko lantzak eta harriak– bazituzten ere, gaztelarrak egoztea lortu zuten. Peraza bera harri horietako batek buruan jota hil omen zen.

Artxipelagoaren mendebaldeko uharteak bazeukan lehenago beste izen bat, guantxerazkoa, awara aborigenek erabiltzen zutena: Benahoare, “nire lurra” edo “arbasoen tokia” modura itzuli izan dena

1492ko irailean, Alonso Fernandez de Lugo buru zuen espedizioaren ahaleginak helburua lortu zuen. Benahoare mendean hartu zuten, hitzarmenak –12 kantoietatik 9 horrela eskuratu zituen–, armak –Timibucarreko guduan beste bi kantoi errenditu ziren– eta amarruak erabiliz. Aceró zen eusten zion azken kantoia, eta Fernandez de Lugok bakea negoziatzeko eskaintza egin zion Tanausú buruzagiari, horrela bere herriaren sufrimendua saihestuko zuela argudiatuz. Tanausú hitzarmena sinatzeko prest zegoen, eta tranpan erori zen. Gaztelarrek atxilotu eta ontzi batean sartu zuten Iberiar penintsulara bidean. Itsasontzian hil omen zen, jateari eta edateri muzin egin eta “vacaguaré” (hil nahi dut) hitza etengabe errepikatu ondoren.

Awarak edo guantxeak –Kanarietako lehen biztanle guztiei hala esaten zaie, guantxeak berez Tenerifeko aborigenak izan arren– ez ziren desagertu. Nagusiki Gaztelatik eta Portugaldik iritsitako kolonoekin nahastuz joan ziren. Duela urte batzuk Tenerifeko La Laguna unibertsitateko ikerlan batek ondorioztatu zuen Kanarietako egungo populazioaren erdiak baino gehiagok gene guantxeak dituela. Francisco Garcia-Talavera paleontologoaren ustez, “hori garrantzitsua da, guantxeak ez zirelako desagertu. Alderantziz, konkistaren ondoren gehiengoa izaten jarraitu zuten”.

Baina genetikoki gailendu arren, La Palmako aborigenek beste guztia galdu zuten: instituzioak, sinesmenak, ohiturak… eta askatasuna. Kolonoen jarduera berriek eskulana behar zuten eta, García-Talaverak dioenez, “guantxeak esklabotzat hartu zituzten eta, gero, esklabo afrikarrengatik ordezkatuz joan ziren”. Hizkuntza ere galdu zuten. XVIII. mendean desagertu ziren guantxeraren dialektoak, XIX. mendean komunitate itxi batzuek eutsi zieten arren. Egun, soilik Kanarietako gaztelaniaren mailegu batzuetan eta zenbait toponimotan geratu da guantxera.

Gaur egun, La Palmako 340 toponimo nagusietatik 46k (%12) jatorri guantxea dute. Eta egunotan, sumendia esnatzearekin bat, guantxerazko hitz solte horietako batzuk berpiztu eta guztien ahotan dabiltza. Esaterako, La Palmako aurreko erupzioa, 1971koa, Teneguía sumendian izan zen; izenak “tiniguiga” hitzean du jatorria, eta esanahiak ur-lurrunarekin edo kearekin du zerikusia. Laba, bere bidean, besteak beste, Todoque auzora iritsi da; toponimoak “tedote” hitzean du jatorria eta sasitzak estalitako mendiak izendatzeko erabiltzen zuten awarek. Todoque Los Llanos de Aridane udalerriko auzune bat da. Hiriburua ez den arren, uharteko hiririk populatuena da, eta izen elebidun eta errepikakorra dauka; gaztelerazko “llanos” eta guantxerazko “aridane” hitzek “ordokiak” esan nahi baitute.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Kolonialismoa
Frantziako Estatuaren gobernantzaren mugak begi-bistan Mayotte uharteetan

Frantziako Estatuaren menpe segitzen duen Indiako Ozeanoko Mayotte irlan biderkatuz doaz kolera kasuak. Uraren kudeaketa kaskarra izan ohi da eritasun horren zabalpenaren arrazoietan eta, hain justu, uraren krisi gogorrari aurre egin nahian dabiltza bertako herritarrak. Bigarren... [+]


Migrazio eta Asilo ituna: Europaren legatu kolonialista denon begien bistan

Europar Batasunean berriki onartu den Migrazio Itunak, asko zaildu dizkie gauzak euren herrialdetik ihesi doazen eta asiloa eskatzen duten pertsonei. Eskuin muturraren tesiak ogi tartean irentsita, migratzaileentzako kontrol neurri zorrotzagoak onartu dituzte Estrasburgon,... [+]


2024-03-13 | Euskal Irratiak
Amaia Bessouet: «Afrikar gazteek ez dute gehiago Frantziaren mespretsua onartzen»

Malin, Burkina Fason eta Nigerren Frantzia haizatua da. Mendebaldeko potentziek haien eragina galtzen ari dira Afrikako kolonia zaharretan. Afrika frankofonoko populazioa bereziki gaztea da, eta ez du frantses kolonialismoa zuzenki ezagutu. 35 urtez peko gazteek populazioaren... [+]


Ogi-apurrak Afrika espoliatuarentzat

Ghana, 1823. Ashanti Inperioaren eta britainiarren arteko lehen gerra hasi zen. Guztira lau gerra izan ziren bien artean, eta gatazka 1901 arte luzatu zen. Lehenago, europarrek herrialdeko Urrezko Kosta kontrolatzen zuten. Baina 1807ko esklabotzaren abolizioaren ondorioz,... [+]


Gure “Mona Lisa” iraultzailea

Herri axolagabea! Zein ezberdina izango litzatekeen zuen patua, askatasunaren prezioa ezagutuko bazenute! Baina ez da berandu. Emakumea eta gaztea naizen arren, heriotzari aurre egiteko ausardia dut orain, eta mila aldiz gehiagotan ere izango nuke, ez ahaztu!".

Hitz... [+]


Eguneraketa berriak daude