Zigorra zigorraren gainean

  • Datorren irailaren 18an Elkartasun Martxa egingo da Arrasaten, herriko preso eta erbesteratu politikoak gogoan hartuz, haien eskubideen alde urtero egiten den ekitaldia. Hogeitaka preso eta erbesteratu izan dituen herriak preso bakarra du gaur egun, Unai Parot, eta bi herritar herrira itzuli ezinik: Eugenio Barrutiabengoa Arbe Venezuelan eta Joxe Manuel Pagoaga, Peixoto, Ipar Euskal Herrian. Aurten aldarrikapen berezia dute egun honetarako: Espainiako salbuespen legedien amaiera.

Unai Parot, 2007an izan zuen epaiketan, orain betetzen ari den hamaika urteko espetxe zigorra jaso zuenekoa.
Unai Parot, 2007an izan zuen epaiketan, orain betetzen ari den hamaika urteko espetxe zigorra jaso zuenekoa.

Eskaera ez da txantxetakoa, ETAren aurkako gerran Espainiako Erresumak lege-sare berezia eraiki zuelako arazo politikoari erantzun errepresibo-juridikoa emateko: esate batera, 1980ko hamarkadako ZEN plana (Zona Especial Norte, Iparreko Eremu Berezia), 1995eko Zigor Kodearen erreforma, espetxe zigorrei buruzko 7/2003 Legea edota Espainiako Auzitegi Gorenaren 197/2006ko doktrina, Parot doktrina moduan ere ezagutu dena.

Lege hauek, edo legeen aplikazioak, modu zuzenean eragin izan diote jadanik 31 urte espetxean daraman Unai Paroti (Aljer, 1958): bai espetxealdian, bai zigorra betetzeko moduan eta bai auzi berrien bizkarreratzean ere. Seguruenik, preso zigortuenekoa izan da Parot, eta egoera hori salatzeaz gain, egoera normal batean 2005etik libre beharko lukeela ere argudiatzen dute Elkartasun Eguna antolatzen dutenek. Edozein kasutan, espetxe aldia ez zen 2021etik harago joango. Parot Aljerian jaio zen, baina familia gazte joan zen Ipar Euskal Herrira eta gazteria Altzürükün egin zuen. Arrasaten ere familia zuen eta horregatik bertako presotzat hartu izan dute han ere.

Mobilizazioaren deialdiaren berri Arrasaten eman zuten uztailaren 19an: irailaren 18an 31 kilometroko ibilaldia egingo dute –Parotek espetxean daraman denbora–, kilometroz-kilometro lekukoa eskuz aldatuz. Abuztuan zehar estatuko hedabide ugarik gogor jo zuten ekitaldiaren aurka eta, besteren artean, Guardia Zibilaren Jucil sindikatuak mobilizazioa debekatzea eskatu zien Eusko Jaurlaritzari eta Estatuko Fiskaltzari, Arrasaten “terrorismoa goraipa daitekeelako, biktimen duintasunari eraso eginez”. Sare elkartea ere ekitaldiaren antolatzaile da eta argitu duenez, “mobilizazioak Unai Parot presoari, beste hainbat euskal presori moduan, ezarritako 7/2003 legea salatzea du helburu”.

Arrasaten irailaren 18ko mobilizazioa iragarri zuten eguna. (Arg.: Jaizki Fontaneda / FOKU)

Preso bereziki zigortua
Unai Parot ez da edozein preso, ez biktimen elkarteentzat ezta estatuarentzat ere. ETAren Argala Komando-ko kidea izan zen eta komando hari egotzi zitzaizkion dozenaka hildako eta zauritu eragin izana. Parot 1990ean atxilotu zuten Sevillan eta, 26 epai tartean, 4.797 urteko espetxe-zigorra jaso zuen. 1978 eta 1990 artean 32 hilketetan parte hartzea leporatu zioten. 1987an Zaragozako Guardia Zibilaren kuartelaren aurka egindako atentatua zegoen horien artean, non hamaika pertsona hil zituzten: hiru guardia zibil, eta gainerakoak hauen senideak, tartean bost haur eta 17 urteko gazte bat. Beste atentatu ugari ere leporatzen dizkiote, batez ere, Espainiako Armadako goi karguen eta segurtasun indarretako kideen aurkakoak, horien artean aipagarrienetakoak Guillermo Quintana Lacaci generala edo Carmen Tagle fiskala. Poliziaren aurreko deklarazioa zazpi eguneko atxiloaldian torturapean egin zuela salatu zuen Parotek.

Hura Sevillan atxilotu eta bi egunera atzeman zituzten Lapurdin Jon Kepa Parot anaia, Frederic Haranburu eta Jakes Esnal komandokideak, eta 1997ko auzi oso berezian bizitza osorako zigortu zituzten. Ion Kepa Parot eta Esnal espetxean dira oraino, Lannemezanen, eta Haranburu baldintzapeko askatasunean utzi zuten iaz.

Horren guztiaren ondorioz, Parot modu berezian zigortu dute.  Bere abokatu Haizea Ziluagak jakinarazi digunez, beti izan dute espetxeko lehen graduan –gainerako ETAko preso gehienak bezala–, presorik arriskutsuenentzat aurreikusitako erregimenean. Bizimolde honek 20 ordu ziegan bakarrik egotea dakar eta lau orduko patioa. Bi fase ditu lehenengo graduak, bera beti mantendu dute lehen fasean, eta honetan, jatordu guztiak ziegan bakarrik egiten dira. Herrera de la Mancha, Puerto I, Alcalá-Meco, Valdemoro, Murcia, Almeria, Cordoba eta Puerto IIIko (Cadiz) espetxeetan izan dute, azken honetan hamaika urtez. Iragan apirilean Leongo Mansillako espetxera hurbildu zuten eta bigarren graduan jarri. Preso askoren testigantzetan irakurri edo entzun izan da espetxean bereziki tematu direla Parotekin, isolamendua, jipoiak edo beste hainbat moldez.

Estatua zigor berrien bila
Ia 5.000 urteko espetxe zigorra bizkarreratuta ere, Parotek 30 urte bete beharko zituen gehienez 1973ko Zigor Kodearen arabera, zigortu zutenean indarrean zegoena. 30 urte... ken espetxealdian zigor onurak medio lortutako hobariak. Hauen bidez, jarrera onagatik, ikasketak egin edo beste hamaika arrazoirengatik, presoak espetxe egunak murriztea lortzen zuen, eta batzuek erdiesten zuten 30 urteko zigorrari, bost, sei, zazpi edota hamar urte murriztea.

Urteak aurrera egin ahala estatuari jasanezina egin zitzaion zigorraren kontaketa molde hori eta 1995ean Zigor Kodea aldatu zuen, gehienezko espetxe urteak 30etik 40ra igoz, eta zigorra murrizteko onurak ezabatuz. 40 urteak osorik bete beharko zituzten hori baino zigor handiagoa zuten presoek, finean, ia bizitza osorako espetxe zigorra, Espainiako justiziak hura debekatzen duen arren. Hori 1995etik aurrera epaitutakoak, lehenago zigortutakoek 1973ko arauekin bete behar baitzuten zigorra. Bere legedia izanik ere, estatuak nekez onar zezakeen egoera, are gehiago 2000. hamarkadako lehen urteetan, Lizarra-Garaziko prozesuaren porrotaren ondoren, gatazka biziki gogortu zenean. Eta topatu zuen modua.

197/2006ko doktrina
Lehenik, 2003an legedian hainbat aldaketa egin ziren, besteak beste Espetxe Zaintza Auzitegi Nazionalean zentralizatzea. Denbora laburrean ETAko preso ezagun batzuk kalera atera behar ziren eta estatuko egitura juridikoetan hori saihesteko zirrikituak bilatzen ari ziren. 2006an Espainiako Auzitegi Nazionalak untxia atera zuen Unai Paroten kasuan eta, epai bidez, erabaki zuen ETAko kide gisa bere ibilbidea bi bloketan zatitu zitekeela, eta beraz, bere espetxe zigorra ere bai, 30 urteko bi bloketan bereiziz eta, hortaz, lehen 30 urteak bukatu ondoren, 30 urteko bigarren zigorra betetzen hasi beharko zela.

Paroten defentsak helegitea jarri zion eta Espainiako Auzitegi Gorenak, 197/2006 epaia medio, arrazoia eman zion, Auzitegi Nazionalaren ikuspegia zuzenduz, baina aldi berean, kapelutik beste untxi bat atereaz: aurrerantzean, luditze edo erredentzioen bidez lortutako espetxe egunen murrizketek lehen epaiari bakarrik eragingo zioten eta, orduan, lehen zigorra amaitu ondoren, bigarrena betetzen hasiko zen presoa. Horregatik epai hau Parot doktrina moduan ere ezagutzen da, berak jarritako helegite bati erantzun ziolako. Bere familiak hainbatetan adierazi duen gisan, dena den, presoak ez du batere gustuko horrela deitzea, eta izendapenak ekarri dio arazorik hainbat preso sozialekin, ez jakintasuna medio eta sarritan espetxe funtzionarioek xaxatuta, hauek berari leporatzen baitiote epaia.

Neurriak esan nahi zuen, aurrerantzean, luditzeek ez zutela inongo baliorik izango hainbat epai bidez urte askotako zigorra zuten presoentzat. 1994an ere aztertu zuen gaia Auzitegi Gorenak, eta erabaki zuen epai guztietako zigorrak 30 urteko espetxealdian batuko zirela, eta luditzeak horren gainean egingo zirela. Hau da, berdin zen 32 urteko zigorra izatea edo 3.000 urtekoa, luditzeak 30 urteko zigorrari aplikatuko zitzaizkion. Hamabi urte geroago auzitegi berak guztiz kontrako epaia eman zuen.

Ebazpena eskandalu juridikoa izan zen eta hala ulertu zuen baita ere Estrasburgoko Giza Eskubideen Auzitegiak 2012an emandako epaian. Espainiako Gobernuak helegitea jarri zion ebazpenari, baina 2013an, Estrasburgoko Auzitegiak behin betikoz berretsi zuen epaia, Giza Eskubideen Europako Hitzarmenaren 5. eta 7. artikuluak urratzen zituela ebatziz: askatasunerako eta segurtasun juridikorako eskubideak. Ondorioz, 70en bat preso atera ziren kalera, horietako asko jadanik 30 urteko zigorra osorik edo ia osorik beteta.

Parot, De Juana, Troitiño, Apeztegia...
Parotekin tematzearena ez zen hor amaitu eta bere abokatu Zuloagak dioenez, “etsaiaren zigor zuzenbidea bete-betean ezarri diote, argi eta garbi”. Zigorren irakurketa berrikustea, aurki kalera atera zitezkeen preso ezagunen aurkako tresnetako bat izan da, baina baziren gehiago ere. Iñaki de Juanaren kasua ere oso ospetsua izan zen bere garaian, kalera ateratzear zen 30 urteko zigorra beteta eta Auzitegi Nazionalak Egin egunkarira bidalitako bi gutunengatik hamabi urteko zigorra ezarri zion 2006an, hartan epaileak, espetxe-funtzionarioak eta politikariak mehatxatzen zituelakoan. Jarritako helegiteari erantzunez, 2007an Auzitegi Gorenak hamabi urtetik hirura murriztu zuen zigorra. 2008an atera zen kalera De Juana.

Anton Troitiño 2011n utzi zuten libre, eta ikusita bere aurka eratzen ari zen kanpainak ekar zezakeena, Londresera ihes egin zuen. Auzitegi Nazionalak berriz ere ETAn ekitea leporatu zion, “Errefuxiatuen Kolektiboaren azpi-aparatuan” sartu izana, hain zuzen. Berak beti ukatu zuen akusazioa. 2017an estraditatu zuten Londresetik eta 2018an sei urteko zigorra ezarri zioten. Aurtengo urtarrilean jarri dute baldintzapeko askatasunean, minbizi sendaezina duela diagnostikatu ondoren.

Parot, De Juana eta Troitiñoren gisako kasua da baita ere Karlos Apeztegia iruindarrarena. 2013an libre geratu zen 22 urteko espetxealdia bete ondoren eta 2018an atxilotu zuten ostera ere, espetxean zegoenean ETAko zuzendaritzari gutunak bidali zizkiolako, atentatuetarako balizko helburuak jakinaraziz. Lau urteko espetxe zigorra betetzen ari da egun.

30 + 11 : 41
Parot 2006ko otsailean inputatu zuen beste auzi batekin egun Barne ministro den Fernando Grande-Marlaskak. 2007an zigortu zuen Auzitegi Nazionalak, preso zegoela berriz ETAn sartu zela argudiatuta, epaiak zioenez, 2001ean bidalitako gutun batean ETAko zuzendaritzari atentatuak egiteko eskatzen zizkiolako, hauek nolakoak izan behar zuten irizpideak ere emanez. Defentsak argudiatu zuen, etakide gisa zigortutakoak etakide izaten jarraitzen duela Espainiako justiziarentzat eta kartzelan egonik ez dela posible bi aldiz delitu beragatik auzipetzea eta zigortzea. Aurreko lerroetako kasuek erakusten duten gisan, ez da izan behar sekulako jurista ohartzeko estatuak zein gogo zuen hainbat preso bereziki zigortzeko, aldi berean zigor bide gogorragoak irekiz; estatuko jurista askok ere hala interpretatu zituzten auzi hauek, bereziki 197/2006ko doktrina.

Leongo Mansillako espetxean dago une honetan Parot.

Okin ikasketak egiten Leonen
Hiru alaba ditu Parotek: 36 urteko Haizea, 31ko Oihana eta 22ko Izar. Familiatik Oihana, honen 11 urteko alaba eta Izar joaten zaizkio bisitan; hauez gain, hainbat lagun ere bai. Urtetan joan zaion arreba gaixorik da egun. Hazparnen bizi da Oihana eta orain lau ordu behar ditu Mansillara joateko. Berak oroitzen duenez, Almeriako espetxean zegoela joan zen lehenbiziz aita bisitatzera, “baina lehenago ere joaten nintzen”.

Aitak oso egoera gogorrak pasatu dituela dio Oihanak. “Gogoan dut duela hiru urte preso batek Puerto IIIn bere buruaz beste egin zuenean [Xabier Rey iruindarra]. Bost minutuko telefono deia zuen eta bera hortaz ari zitzaidan jario betean. Oso denbora gutxi genuen eta nik moztu behar izan nion esateko ama hil zitzaiola. Oso gogorra izan zen”. Aita askoz hobeto ikusten du orain, “eta nabari zaio berarekin hitz egiten dudanean. Mansillako 7. moduloan jarri dute, modulo mistoan; harrituta dago emakumezkoak-eta ikustearekin. Kirola ere egin dezake eta okin ikasketak egiten ari da. Eguraldia ere asko aldatu zaio, eta horrek ere on egin dio: Puerton beti bero eta Leonen euria ere sarriago ikusten du”. Covid egoerak, dena den, espetxeetako bisitaldiak okertu dituela dio alabak, eta urtebetez ezin izan dutela aita ikusi, “denbora horretan hiru bideo-dei izan ditugu, bakoitza 20 bat minutukoa”.

Ziluaga abokatuak azaldu digunez, 2008ko EBko erabaki markoan oinarrituta, Parotek zigorra Lannemezanen edo Euskal Herrian betetzea eskatu zuen 2016an, beste hainbat presorekin batera. Aratz Gomez eta Arkaitz Saezi, adibidez, onartu egin zieten eskaera, baina Paroti ez. ETA desegin ondoren, 2018an, berriz egin zuten eskaera, berriz ere ukatuz. Ziluagak azpimarratzen duenez, “2018ko egoera politikoak ez du zerikusirik 2003koarekin, horregatik eskatzen dugu 2003koa moduko salbuespen legeak bertan behera uztea. Justizia errestauratiboa indarrean jartzea aldarrikatzen dugu, erreparazioan, ez-errepikapenean eta guztien mina aitortzean oinarrituta”.

2007ko zigorrarekin, Unai Parotek 2031n atera behar zuen espetxetik, baina iragan uztailean onartu berri dizkiote 2006ko otsaila eta 2007 artean baldintzapean egondako espetxealdiaren murrizketa eta, irakurketa berriarekin, 2029ko uztailaren 10ean aterako da, ia 40 urteko zigorra beteta.


ASTEKARIA
2021eko irailaren 12a
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Euskal preso politikoak
2024-04-24 | Estitxu Eizagirre
'Zenbat lo' liburua aurkeztu dute Asteasun
Kartzelako hormak zeharkatzen dituen ama-alaben arteko harremana hitz eta iruditara eramana

Nekane Txapartegi Suitzako kartzela barrutik eta alaba kanpotik, elkarri hamaika modutara maitasun mezuak helarazten. Horra Txalaparta argitaletxeko Zenbat lo liburuak jaso duen historia, Iraitz Lizarragaren hitzetan eta Izaro Lizarragaren ilustrazioetan. Iragan hurbileko... [+]


Sortuko sei kide epaituko dituzte euskal presoei "ongi etorri" ekitaldiak antolatzeagatik

Espainiako Auzitegi Nazionaleko Manuel Carcía Castellón epaileak sei pertsona epaituko ditu Ongietorrien auzian: Antton López Ruiz Kubati, Kai Saez de Egilaz, Pipe San Epifanio, Haimar Altuna, Oihana Garmendia eta Oihana San Vicente. Guztiak Sortuko kideak... [+]


26 urteko espetxealdia atzean utzita aske da Iñaki Garces otxandiarra

Astelehenean jakinarazi du albistea Etxerat elkarteak. Otxandioko preso politikoa baldintzapeko askatasunean zegoen 2023ko martxoaz geroztik.


Euskal preso eta iheslari politikoen aldeko jaialdia egingo dute Ezpeletan larunbatean

Kontzertuen bidez euskal preso eta iheslariak laguntzea da xedea. Aurten, Rakatapunk, Xutik eta Esne Beltza dira egitarauan.


Eguneraketa berriak daude