Euskal preso politikoei eginiko ongietorrien auzia pil-pilean egon da udan. Auziak irekita ditu Espainiako Auzitegi Nazionalak. Horietako bat da Ibai Aginagaren ongietorria, espetxean ia hogei urte igaro ostean 2022ko martxoan Berangon (Bizkaia) egin zioten harreragatik. Ongietorri horretan parte hartzeagatik hemezortzi herritarrek deklaratu zuten Espainiako Auzitegi Nazionalean. Azkenean, “terrorismoa goratzea” egotzita, fiskaltzak ondorengo zigorra eskatu du hamaseirentzat: 40 urteko kartzela zigorrak, 190 urteko inhabilitazioak eta 80.000 euro inguru isunetan. Kasua ezagutarazteko eta auzipetuei babesa adierazteko, Berangokoekin Elkartasun Komitea sortu dute. Komite horretako kide diren Gabi Basañezekin eta Irantzu Maguregirekin mintzatu da ARGIA.
Zergatik prozesatu ditu hamasei pertsona Espainiako Auzitegi Nazionalak?
Irantzu Maguregi: 2022ko martxoan Berangoko preso politiko ohi Ibai Aginaga kartzelatik irten zen 19 urteren ostean. Bera ongietorri bat jasotzeko prest zegoen, baita herria hori egiteko ere. Audientzia Nazionalak saiakera egin zuen ongietorri hori legez kanpo ezartzeko; azkenean, ordea, ez zuten lortu eta baimenduta zegoen. Ongietorria egin eta hiru egunera, Kandaru kultur elkarteko hiru kide deitu zituzten Auzitegi Nazionalera deklaratzera; bi aste geroago, berriz, hamabost pertsona gehiago. Azkenean horietatik hamasei prozesatu dituzte.
Nahiz eta ongietorria baimenduta egon, terrorismoaren goratzea egin zela leporatu diete auzipetuei. Pultsu bat dago Auzitegi Nazionalean ongietorriak oztopatzeko, guztira bost saiakera egon baitira hori lortzeko Espainiako Kongresuan.
Zein eragin du auzi honek ongietorrien zilegitasunean?
Gabi Basañez: Guk biok ongietorri ugaritan parte hartu izan dugu gure eskualdean, eta militante politikoek urte luzez eginiko esfortzuaren errekonozimendu edo opari gisa ulertzen ditugu. Auzitegi Nazionaletik eta Espainiako Estatutik horiek egitea galarazi nahi dute, euren asmoa euskal preso politikoak inongo babesik ez duten pertsona gisa irudikatzea baita, zorakeriak egin izan balituzte bezala. Hain zuzen, ongietorriek aurkakoa erakusteko balio dute. Preso politikoari kutsu politikoa kentzea da euren asmoa, hau da, preso arrunt gisa azaleratzea.
Ongietorrien inguruko epaiketa batean, Sortuko sei kidek fiskaltzarekin akordioa erdietsi zuten espetxe zigorrak saihesteko. Zein iritzi duzue horren inguruan?
Maguregi: Epaiketa horretan heldu zen akordioa ez da batere onuragarria Euskal Herriarentzat eta gizartearentzat. Gainera, aurrekaria ezar dezake ongietorriekin loturiko hurrengo auzietan, eurek aitortu baitute militante politiko gisa egindakoak gaizki daudela, ongietorrien aurka egiteaz eta gehiagotan ez dutela parte hartuko esateaz gain. Ez dugu esaten beharrezkoa denik ongietorriak egitea kartzelatik irteten diren militante politiko guztiei, baina bai hala eskatzen dutenei, ez daitezen kartzelatik burumakur irten.
“Berebiziko garrantzi politikoa du Euskal Herriaren alde egin duten militante politikoak goratzeak, eta horrekin jarraitzeko apustuarekin bat egiten dugu”
Gabi Basañez
Basañez: Ulertzen dugu auzi hori ezker abertzaleak azken urteetan hartu duen logika okerrarekin bat datorrela, ongietorriak berriro egin ez daitezen ahaleginduko direla adierazi baitute. Ongietorriak adierazpen askatasunerako gune gisa ulertzen ditugu, preso politikoak eta herriak hala egin nahi dutenean. Ibai Aginagari eginikoaren kasuan, hainbat preso irten eta ongietorriak egin ez zitzaizkien une batean izan zen, eta Berangoko frontoia bete egin zen: 700 pertsona inguru bildu ginen, eta horrek erakusten du, gogoa dagoenean, adierazpen askatasuna gailentzen diren guneak direla ongietorriak. Beraz, Sortuko auzipetuek eginiko adierazpenek kalte egiten diete Berangoko ongietorriaren harira auzipetutakoei.
Maguregi: Ibairen ongietorriaren antolaketan murgilduta genbiltzala, Sortu oraindik gertatu ez zen ongietorri baten aurka agertu zen lehenengo aldia izan zela. Ordura arte ez zirela egin behar adierazi zuten, baina Berangoko herritarrek Ibairi bat egin nahi ziotela jakin zutenean, horren aurka argi agertu ziren.
Sortuk aukeratu duen ibilbidea da. Horrek kalte egiten dio Euskal Herriaren alde borrokatu den eta oraindik borrokan dagoen mugimenduari.
PPk Espainiako Senatuan proposatu du ongietorriak debekatzea eta preso politikoek euren ekintzengatik barkamena eskatzea. Zer bilatu nahi dute horrekin?
Basañez: PP dagoeneko bost aldiz saiatu da hori lortzen, eta horrekin desaktibatu nahi du azken 50 urteetan independentziaren eta sozialismoaren alde militante politiko ugarik eta gure herriaren zati garrantzitsu batek eginiko borroka. Barkamena eskatuz gero, egindakoa gaizki dagoela aditzera ematen da eta ez da kokatzen borroka prozesu baten barruan. Ikusten da leku askotatik nahia dagoela ongietorri gehiago ez egiteko, gaur egun marko politiko eta juridikoan legezkoa izan arren.
Guk defendatzen dugu espazio hori oraindik ere erabili behar dela, desagertu ez dadin, legez kanpotzat jotzeko aukera handiak baitaude. Militante politikoek urte luzez eginiko esfortzua aitortzeko eta kartzelan bizitako atsekabea gainditzen laguntzeko balio dute ongietorriek. Horrez gain, borroka horretan eurak bakarrik egon ez direla erakusteko ere balio dute: eurekin batera herri oso bat egon dela, hain zuzen.
Zein helbururekin sortu duzue Berangokoekin Elkartasun Komitea?
Maguregi: Auzitegi Nazionalak hamasei auzipetuen aurkako prozesua abiatu zuenean, konturatu ginen gure inguruko jendea ez zela jakitun kasuaren larritasunaz: guztira 40 urteko kartzela zigorrak eskatzen dizkiete, 190 urteko inhabilitazioak eta 80.000 euro inguru isunetan. Halere, jendeak ez du ezagutzen kasua, ez baita agertu irrati, egunkari edo hedabide ugaritan.
Beraz, komiteak duen helburu nagusietako bat kasua ezagutaraztea da: finean, jendeak auzipetuei babes emozionala eta politikoa eman ahal izateko. Beste helburuetako bat ongietorriak egiteko eskubidearen aldarria egitea da, eta horregatik gabiltza komiteari kutsu nazionala ematen.
Basañez: Lehen fase batean kasua herrian ezagutarazi nahi genuen, eta uste dugu lortu dugula. Bigarren fase batean, berriz, Euskal Herrira zabaldu nahi dugu, gehienbat epaiketaren egunerako ahalik eta indar gehien batzeko: orokorrean, ongietorrien alde eta, zehazki, Berangoko auzipetuen alde.
Epaiketaren egunera begira, zein bide-orri izango du komiteak hurrengo asteetan?
Maguregi: Azken asteetan Euskal Herriko hainbat talderekin biltzen ari gara, gure proposamenak helarazteko eta bakoitzak bere herrian auziaren berri eman dezan proposatzeko. Hitzaldiak ere egin dira eta egingo dira. Uste dugu epaiketaren dataren berri hemendik gutxira izango dugula, eta une horretan prentsaurrekoa eta manifestazio nazionala antolatuko ditugu.
Basañez: Auzipetuen eta ekimenaren berri izan nahi duenak sare sozialetan ditugun kontuak miatu ditzake. Azpimarratu nahi dugu berebiziko garrantzi politikoa duela Euskal Herriaren alde egin duten militante politikoak goratzeak, eta horrekin jarraitzeko apustuarekin bat egiten dugula.